Baserria zaharberritzean, baserria edo eraikin laguntzaile berriak
eraikitzean (ukuiluak, biltegiak, garajea, eta abar), ohizko itxura
eta egungo erosotasuna konbinatzea da erronka.

|
Baserria zaharberritzearekin batera, handitu nahi bada,
baserriaren ezaugarri nagusiak errespetatu behar dira, hala nola,
fatxada nagusiaren simetria. Teilatuari
dagokionez, zuraje nagusia mantenduko da, nahi bada lataren gainean
isolamendua jarriz. Teilatu hegala pixka bat luza daiteke, kapirioen
kanpoko muturrak landu gabe mantenduz. Egokia da egungo teilak erabiltzea,
banan-banan iltzez eransten diren zeramikazko horietakoak. Kanpoko
paretek eskualdeko ohituren araberako akaberak izango dituzte.
Leiho berriak irekitzekotan, existitzen direnen tamaina berekoak
izan daitezela, batez ere elkarren ondoan badaude, eta fatxadako simetria
mantenduz. Pertsianak erabiltzea ez da egokia, horien ordez, barruko
leihatilak mantenduko dira, edo kontraleihoak jar daitezke. Barruko
banaketak, baserrietako ohizko korridore eta gelen tamaina
zabalak errespetatuko ditu. Zurezko egitura duten eraikinek, gaizki
onartzen dituzte sukalde eta komunek behar dituzten tutuak.
Beraz, komun eta sukaldeak fatxaden kontra jartzea komeni da, tutuak
horman behera joan daitezen. |