[Ostirala, 2009.eko Azaroak 27]
Segurako Jose Humberto Arostegik irabazi du etxeko konpost onenaren saria, berak irabazi baitu Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko Departamentuak Gipuzkoako Konpostatzaileen Sarearekin Elkarlanean antolatu duen Etxeko Konpostajearen I. Lehiaketa. Bigarren saria Oñatiko Francisco Martinez Guiraok irabazi du eta, hirugarrena, Donostiako Olatz Mitxelenak. Sariak 1.000 euro, 750 euro eta 500 euro izan dira, hurrenez hurren, eta baratzerako edo lorezaintzarako tresnak eskuratzeko, nekazalturismoetan egonaldiak egiteko, edo lorezaintza azoketara bisitak egiteko erabili ahal izango dute. Carlos Ormazabal Garapen Iraunkorreko diputatuak eta epaimahaiko kideek banatu dizkiete sariak irabazleei.
Lehenengo ekitaldi honetan Gipuzkoako Konpostatzaileen Sarea osatzen duten 4.500 familietatik 102 familia aurkeztu dira. Foru Aldundiko ingurumen teknikariak parte hartzaileen etxeetan izan ziren, konposta egiteko prozesuari buruzko datuak jaso eta argazkiak ateratzen, eta konpostaren eta konposta botatzen den lurren laginak hartu zituzten. Fraisoroko laborategiak egindako analisien emaitzak aztertu ondoren, aholkulari batzordeak hamar familia aukeratu zituen deialdiko oinarrietan ezarritako irizpideei jarraituz, eta handik atera dira hiru irabazleak.
Epaimahaia osatu dute Montserrat Soliva Bartzelonako Nekazaritza Goi Eskolako katedradunak, Alfonso Amorena Iruñeko Mankomunitateko Ingurumen zuzendariak, eta Domingo Merino Fraisoroko laborategiko zuzendariak. Erabakiaren berri eman dutenean parte hartzaileek lortutako konpostaren kalitate maila bikaina nabarmendu dute. Horrez gain, “hiri hondakinak murrizteko oinarrizko tresna gisa” etxeko konpostatzea sustatzeko lehiaketa hau bezain ekimen originalen garrantzia azpimarratu dute, orain arte ez baita inon halakorik egin.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko Departamentuak antolatutako lehenengo lehiaketa honen helburua da etxeko konpostatze sarea sendotzea eta konpostatze prozesuaren eta bertan lortzen den konpostaren kalitatea hobetzea. Lehiaketa joan den martxoan aurkeztu zen Jean Jacques Dohogne Flandriako konpostatzailearekin izandako topaketan. Jean Jacques Dohogne Flandriako esperientziaren berri ematera etorri zen gurera, han herritarren % 40k konposta egitea lortu baitute 15 urtean, eta emaitza bikain horri esker erreferente bihurtu dira Europa guztian.
Gipuzkoan etxean konposta egiteko programak arrakasta nabarmena izan du, abian jarri zirenetik hiru urte igaro dira eta etxean baratza edo lorategia duten 4.500 familiak parte hartzea lortu dute. Kontuan hartzeko beste datu garrantzitsu bat: familia bakarreko eta biko etxebizitzen % 13tan autokonpostagailua jarri dute. Urte bukaerarako espero da 8.000 familiak baino gehiagok izatea autokonpostagailua, hau da, dentsitate txikiko eremuetan dauden Gipuzkoako etxebizitzen % 25ek.
Garapen Iraunkorreko Departamentuak ondo asko daki esperientzia hori sendotu eta zabaldu nahi bada, familiei konposta egiteari buruzko informazioa eta laguntza guztia eman behar zaiela, eta plataformak eskaini behar zaizkiela beren esperientziak trukatu eta elkarren berri izateko. Helburu horrekin sortu da, hain zuzen ere, Gipuzkoako konpostatzaileen sarea.
GNet | gipuzkoa.net