-
Europako Arau Esparrua
IIEri buruzko Europako lehenengo araudi-aurrekaria hau da: D85/337/EC Arteztaraua, 2003ko ekainaren 27koa, plan eta programa publiko eta pribatu batzuen ingurumen ondorioak ebaluatzeari buruzkoa. (EEAO L 175. zk.., 85/07/05, EEAO L 73. zk.-n aldatutakoa, 97/03/14). Arteztarau horretan, ondorengo oinarrizko puntuak zehazten dira:
- Prebentzioa indartzen du eta ez a posterioriko ekintzak.
- Ondorengo helburuak finkatzen ditu: Giza osasuna babestu, ingurune hobearen bidez, bizi-kalitatea bultzatu, espezien dibertsitatea mantentzen dela zaindu, biziaren ezin besteko baliabide den aldetik, ekosistemaren ugalketa-gaitasunari eutsi.
- Estatu kideen legediak bateratzeko oinarriak jartzen ditu, elkarren arteko lehiak saiheste aldera.
- IIE prozesua, proiektuak baimentzeko prozesuan sartzen du.
- Definitzen ditu, batetik, ingurumenean oihartzun nabarmenak izateagatik nahitaez ebaluaketa pasa behar duten proiektuak (I. eranskina) eta, bestetik, ondorio ez hain nabarmenak ez izanda, nahitaezkoen zerrendan sartzea estatu kideen baitan uzten diren proiektuak
- Zehazten du ebaluaketarako behar informazioa obra-maisuak eman behar duela, eta agintariek eta herritarrek osatu.
- Proiektuari eta bere ondorioei buruz kontuan hartu beharreko gutxienezko edukia ezartzen du.
- Partaidetza Publikoa oro har zehazten du: informazioa eta kontsulta.
- Beste estatu kideei eragiten dieten proiektuen inguruan, mugaz gaindiko kontsultak ezartzen ditu.
Ondoren, Martxoaren 3ko 97/11/EC Arteztarauak, 85/337/EC Arteztaraua aldatzen duena, plan eta programa publiko eta pribatu batzuen ingurumen ondorioak ebaluatzeari buruzkoa (EEAO L 73. zk., 97/03/14) ondorengo aldaketa nagusiak sartu zituen:
- I. eranskina nabarmen zabaltzen du (nahitaezko inpaktu-ebaluaketa pasa beharreko proiektuak); izan ere, 21 proiektu-kategoria aipatzen dira bertan, 85/337/EC Arteztarauan zerrendatutako bederatzien ordez.
- II. eranskineko jardueretarako, aurretiazko hautaketa egiteko sistema definitzen du, ingurumen-inpaktuko ebaluaketa (screening) noiz pasa behar duten zehazte aldera. Sistema hori, kasuan kasuko azterketa baten bidez egingo da, edo estatu kideek finkatutako mugen bidez. Horretarako, III. eranskinean aipatutako hautaketa-irizpideak (proiektuen ezaugarriak, proiektuak eremu sentikorretan egotea eta inpaktu potentzialaren ezaugarriak) dira kontuan hartu beharrekoak.
- Scoping delakoa indartzen du: proiektuko sustatzaileak edo titularrak hala eskatzen badu, agintaritza eskumendunak hark eman beharreko informazioaren eduki eta irismenari buruzko iritzia adierazi behar du.
- Aurretiazko kontsulten tramiteari garrantzia ematen dio, eta adierazi eskaera guztiak eta dagokion informazioa pertsona interesatuen eskura jarri behar direla
- Konpentsazio-neurrien aukera sartzen du, babesekoez eta zuzentzaileez gain.
- Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko 96/61/EC Arteztarauarekin, 1996ko irailaren 24koarekin, koordinatzen da, eta ezartzen du bi arteztarauentzako prozedura bakarra komeni dela
- Mugaz gaindiko ondorioak areago kontuan hartzen ditu eta, horiek gertatzekotan, jardun prozedura arautzen du.
2001ean, ingurumen-ebaluaketa plan eta programetara hedatzeko asmoz, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2001/41/EC Arteztaraua, ekainaren 27koa, plan eta programa batzuek ingurumenean duten eraginei buruzkoa. (EEAO L 197 zk.01/07/21), onartu zuen, eta hauek dira bertako oinarrizko alderdiak:
- 85/337/EC Arteztarauan ezarritako proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluaketa-sistema osatu egiten du, eta aurretiazko ebaluaketa-sistema bat ezartzen hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari buruzko plan eta programentzat ere, baita adierazitako bestelako plan-mota batzuk ere 85/337/EC Arteztarauko I. eta II. eranskinean zehaztutako proiektuen geroko baimenenen esparrua osatzen dutenean. Halaber, aplikatu daiteke 92/43/EC Arteztarauak babestutako espazioei eragin diezaieketen planak eta programak onartu behar direnean.
- Ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan eta programak prozeduraren pean jartzen ditu, Arteztarauaren III. eranskinean gaiari buruz ezartzen diren irizpideen arabera.
- Ingurumen-inpaktuaren azterketaren gutxienezko edukia biltzen du: plan edo programaren edukia eta helburuak; eraginpeko ingurunearen ingurumen-ezaugarriak; uneko ingurumen-arazoak; ingurumena babestera bideratutako erlazionatutako estatuko, Europako edo nazioarteko helburuak; plana edo programa burutzeak ekar ditzakeen ingurumenerako ondorioak; hautatutako alternatibak aukeratzeko arrazoiak eta ebaluaketa egiteko eraren deskribapena; ingurumenerako ondorio negatiboak aurreikusteko, murrizteko eta konpentsatzeko aurreikusitako neurriak; eta aurreikusitako jarraipen-neurriak.
- Zehazten du plan- edo programa-proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa, onartu baino lehen, ingurumeneko agintarien eta herritarren eskuetan jarri behar dela.
- Zehazten du kontuan hartu behar dela mugaz gaindiko planen edo programen eraginpeko beste estatuen iritzia.
- Ezartzen du ingurumen-inpaktuaren azterketa eta dagozkion agintariek eta herritarrek adierazitako iritziak, baita mugaz gaindiko kontsulten emaitzak ere, agintari eskumendunak kontuan hartu behar dituela plana edo programa prestatzeko orduan eta onartu aurretik.
- Finkatzen du adierazpen bat plazaratuko dela eta, bertan, laburbildu behar direla ingurumen-inpaktuaren azterketan jasotako alderdiak, adierazitako iritziak eta kontsulten emaitzak planean edo programan nola integratu diren, baita plana edo programa aukeratzeko arrazoiak eta aurreikusitako jarraipen-neurriak zein diren ere.
Igo
-
Estatuko Arau Esparrua
85/337 Arteztarauaren estatu barneko gauzapena hau da: 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua, ekainaren 28koa, Ingurumen Inpaktuaren Ebaluaketari buruzkoa. (BOE 155. zk., 86/06/30; BOE 24. zk-n aldatutakoa, 00/10/07). Bertan, proiektu batzuek ebaluaketa-inpaktuaren ebaluaketa nahitaez pasatu behar dutela ezartzen da (85/337 Arteztarauko I. eranskinaren proiektuak biltzen ditu, baita II. eranskineko lau ere). Horretarako, inpaktuaren azterketa egin behar da, adierazitako eduki hau duena: proiektuaren deskribapena, alternatiben azterketa, ingurumen-inbentarioa, inpaktuen balorazioa, neurri zuzentzaileen ezarpena, zainketa-programa eta laburpen-dokumentua. Gainera, nahitaez, herritarrentzako informazioa jarri eta ezarritako bestelako txostenak egingo dira.
1302/86 Legegintzako Errege Dekretuaren erregelamendua honen bidez garatu zen: 1131/1998 Errege Dekretua, irailaren 30ekoa, Ingurumen Inpakturen Ebaluaketari buruzko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua, ekainaren 28koa, burutzeko Erregelamendua onartzen duena. (BOE 239. zk., 88/10/05). Dekretu horretan, ondorengo alderdiak garatzen dira:
- Prozeduraren peko proiektuak zehaztu eta argitzen ditu.
- Proiektua baimentzen duen Administrazioaren barruan eskumenak dituen ingurumen organoa izendatzen du.
- IIEren edukia eta irismena definitzera bideratutako aurretiazko fasea gehitzen du, pertsona edo erakunde interesatuen iritzia sartuz.
- Proiektua burutzeko modua ematen duen administrazio-baimenaren edo -ebazpenaren aurretik egiten da prozedura. IIE hori egiteko ardura ingurumen-organoari egozten dio. Horren emaitzak Ingurumen Inpaktuaren Adierazpen bidez adierazten dira, eta hori publikoa izan behar da.
- Ingurumen Inpaktuaren Azterketak eduki behar duen edukia zehazten du.
- Informazio eta partaidetza publikoko sistema arautzen du. Ingurumen-inpaktuaren azterketa herritarren eskura egon behar da.
- Administrazio-prozedura ezartzen du eta bere epeak zein zereginak definitzen ditu.
- IIEn erabilitako kontzeptu teknikoen esanahia zehazten du.
Erregelamendu hori EAEn eta Gipuzkoako Lurralde Historikoan aplikatzen da, neurri batean, 27ko otsaileko 3/1998 Lege Orokorrak, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa, aldatutakoa.
97/11/EC Arteztarauan xedatutakoa betetzeko asmoz, hauek onartu dira: 6/2001 Legea, maiatzaren 8koa, 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua, Ingurumen Inpaktuaren Ebaluaketari buruzkoa, aldatzen duena. (BOE 111. zk., 01/05/09). Era horretan:
- Nahitaezko ingurumen-inpaktuaren ebaluaketara proiektu-kopuru handiagoa gehitzearekin batera (I. eranskinera), II. eranskinean dauden beste proiektuak ere hartzen ditu kontuan, eta ingurumen-inpaktuaren ebaluaketa pasa ala ez, kasuz kasu egin beharreko azterketa baten ondoren erabakiko da, testuan zehazten diren irizpide zehatzen arabera.
- Espresuki arautzen du ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismenaren inguruan, prestatu aurretik, ingurumen-organoaren iritzia eskatzeko aukera, eta betekizun berriak gehitzen ditu proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluaketarako mugaz gaindiko testuinguruan.
- Behar diren aldaketak gehitzen ditu estatuko legedia Konstituzio Auzitegiaren 1998ko urtarrilaren 22ko epaian bildutako irizpideekin bat etor dadin. Epai horretan, era askotako Administrazio Publikoen arteko lankidetza premiaz eskatzen da dagozkien eskumenak baliatzen dituztenean. Halaber, aurreikusten denez, Autonomia Erkidegoek, ingurumenari buruzko araudi-eskumenek babestuta, II. eranskineko proiektuei ingurumen-inpaktuaren ebaluaketa pasatzeko obligazioa ezar diezaiekete edo eurentzat III. eranskineko irizpide zehatzekin bat etortzeko mugak finkatu; hartara, kasuz kasuko azterketa saihets daiteke.
Estatuko legedian 2001/42/EC Arteztaraua, 2001eko ekainaren 27koa, hainbat plan eta programak ingurumenean duten eraginen ebaluaketari buruzkoa, jasotze aldera, honako hau onartzen da: 9/2006 Legea, apirilaren 28koa, hainbat plan eta programak ingurumenean duten eraginen ebaluaketari buruzkoa (BOE 102. zk., 06/04/29).
1302/1986 LED, 6/2001 Legea, maiatzaren 8koa, eta 9/2006 Legea, apirilaren 28koa, oinarrizko legedi diren aldetik, EAEn eta Gipuzkoako Lurralde Historikoan osorik aplikatzen dira.
Igo
-
EAEko eta Gipuzkoako Arau Esparrua
1998ko otsailean, Eusko Legebiltzarrak honako hau argitaratu zuen: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, EAEko Ingurugiroa Babestekoa. (EHAA 59. zk., 1998ko martxoaren 27koa), eta Hirugarren Tituluko II Kapituluan IIEri buruzko alderdiak garatzen dira. Kapitulu horrek EAEko prozedura aplikatzeko berrikuntza sartzen ditu:
- Ingurumen-inpaktuaren ebaluaketarako, 3 prozedura ezartzen ditu: Ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluaketa: Lurralde-eragina duten plan batzuentzat. Ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluaketa: Ingurunean eragin nabarmena duten proiektuentzat. Ebaluaketa sinplifikatua: Ingurunean eragin txikiagoa duten proiektuentzat.
- Beraz, plangintza-bitarteko batzuen ingurumen-azterketa egiteko prozedura berezi baten araudia sartzen du.
- EAEko ezaugarri berezien arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluaketa pasa behar duten plan- eta proiektu-kopurua zein -mota zehazten dira eta era askotako modalitateak I. eranskinean biltzen dira, tramitatu beharreko prozeduraren arabera (A, B eta C).
- Proiektu-mota batzuetan, ingurumen sentikorreko ingurune direlakoetan egotea erabakigarria da prozedura horietako baten mende izateko.
- Ingurumen-organoa zein den zehazten du (erkidegokoa edo Aldundikoa), prozeduraren pean dagoen plana edo proiektua baimendu edo onartu behar duen administrazioaren arabera.
- I. eranskinean bildutako planen edo proiektuen aldaketak edo zabalpenak, IIE prozeduraren pean daude ingurunean ondorio nabarmenak eragiten badituzte.
- Ingurumen-inpaktuaren adierazpena, jarduera sailkatuen tramitazioko neurri zuzentzaileen sailkapen eta ezarpeneko txostenaren ordezkoa da.
- Ingurumen-inpaktuaren adierazpena eta txostena igortzeko gehienezko epea ezartzen du, baita administrazioaren isiltasunaren zentzua argitu ere (behar diren tramiteak jarraitzeko modua ematen du).
- Ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren indarraldia ezartzen du.
- Prozedura horietako batean izanda ere aurreikusitako xedapenekin bat ez datozen proiektuak publikoki finantzatzea debekatzen du.
Aipatutako 3/1998 Legean dagoen berariazko manuari men eginez (ingurumen-inpaktuaren ebaluaketa-prozedura benetan aplikatzeko erregelamenduaren garapena eskatzen duena), Gobernu Kontseiluak hau onartu du: 183/2003 Dekretua, uztailaren 22koa, ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluzio-prozedura arautzen duena (EHAA 172. zk., 2003ko irailaren 4a). Bertako erabaki garrantzitsuenak ondorengoak dira:
- Prozeduraren pean jartzen ditu lurralde-antolamenduko bitartekoen formulazioa eta berrikuspena (LAG, LZP, LAP), hiri-plangintza (Plan Orokorrak, Arau Subsidiarioak, Plan Bereziak) eta lurraldean eragina duten beste plan eta programak. Plan horietan aldaketak egiterakoan, ebaluaketa pasa behar dute baldin eta, irizpide adierazi batzuen arabera, txarrerako ondorio nabarmenak eragin baditzakete.
- Ebaluaketa-prozedura, planak prestatu eta onartzeko prozedurarekin batera egiten da, baita aldi berean gertatu ere. Era horretan, planaren egileak ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluaketaren -IIBEren- azterketa egin eta ingurumen-organoak bi txosten igortzen ditu: ingurumen-inpaktuaren atariko txostena, planaren aurrerapen edo lehenengo dokumentuari buruzkoa, eta ingurumen-inpaktuaren behin betiko txostena, behin betiko onartu behar den azken plan-bertsioari buruzkoa.
- Plana behin betiko onartu behar duen organoak berariazko adierazpena igorriko du eta, bertan, ingurumen-alderdia planean integratzeko era laburbilduko dute (IIBE azterketa, ingurumen-inpaktuaren behin betiko txostena, herritarren oharrak etab.). Adierazpen hori plazaratu egin behar da eta, planari buruz hartutako behin betiko erabakia eta ingurumen-inpaktuaren behin betiko txostena bat ez etortzekotan, arrazoituta egon behar da.
Azkenik, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorraren 44. artikuluan zehazten denez, baldin eta plana onartzeko edo proiektua baimentzeko funtsezko eskumena lurralde historikoetako foru-organoek badute, ingurumen-inpaktuaren adierazpena eta txostena igortzeko eskumena organo horiek hartuko dute bere gain, salbu eta lurralde historiko bat baino gehiagori eragin edo gainditzen dituzten plan eta proiektuak direnean.
Ondorio horietarako, Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko Departamentua Ingurumen Organo jardule eratzen da Lurralde Historiko horretan.
Igo
-
Legedi intzidental edo sektoriala
IIEren prozedura pasa behar duten jarduerez gain (lehen aipatutako izaera orokorreko araudiak biltzen duen bezala), sektore bakoitzeko legedi ugari daude eta, horietan, arautzen dituzten jarduerek, ingurumen-inpaktuaren ebaluaketa pasa behar dutela zehazten da. Araudi horiek estatukoak edo erkidegokoak izan daitezke, eta horien artean ondorengoak ditugu:
- 25/1988 Legea, uztailaren 29koa, Errepideena (9. art.). (BOE 182, 1988ko uztailaren 30a).
- 25/1994 Foru Araua, azaroaren 25ekoa, Gipuzkoako Errepide eta Bideena (II. Titulua). (GAO 229. zk., 1994ko abenduaren 2a).
- 1211/1990 Errege Dekretua, irailaren 28koa, Lurreko Garraioarena (227 eta 228. art.). (BOE 241. zk., 1990eko urriaren 8a).
- 27/1992 Legea, azaroaren 24koa, Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzkoa (20 eta 21. art.). (BOE 283. zk.; 1992ko azaroaren 25a).
- 1/2001 Legegintzako Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Uren Legeko testu bateratua onartzen duena. (98 eta 129. art.). (BOE 176. zk., 2001eko uztailaren 24a).
- 4/1989 Legea, martxoaren 27koa, Natur Guneak eta Izadia eta Basabereak Zaintzeari buruzkoa (4. art.). (BOE 74. zk.; 1989ko martxoaren 28a).
- 16/94 Legea, ekainaren 30ekoa, Euskal Herriko Natura babestekoa. (4. art.). (EHAA 142. zk., 1994ko uztailaren 27a)
- 169/1994 Dekretua, apirilaren 26koa, Aralar aldeko Natur Baliabideen Antolamendurako Plana onesten duena. (31. art.). Ingurumen Inpaktuaren Ebaluaketari lotutako jarduerak. (EHAA 126. zk., 1994ko uztailaren 4a).
- 240/1995 Dekretua, ekainaren 11koa, Aiako Harria aldeko Natur Baliabideen Antolamendurako Plana onartzen duena (36. art.). Ingurumen Inpaktuaren Ebaluaketari lotutako jarduerak. (EHAA 105. zk.; 1995eko ekainaren 5a).
- 253/1998 Dekretua, irailaren 29koa, Pagoeta aldeko Natur Baliabideen Antolamendurako Planari Behin Betiko Onarpena ematen diona. (7. idatz zatia). Ingurumen Inpaktuaren Ebaluaketari lotutako jarduerak. (EHAA 205. zk.; 1998ko urriaren 28a).
Igo