-
Definizioa
Planak eta programak prestatzerakoan eta onartzerakoan, ingurumen-alderdiak edo, orokorrago hartuta, iraunkortasun-irizpideak integratzera bideratutako prozedura da, zentzuz aztertutako alternatiben multzoa ikusita, egokiena hauta dezagun eta bertako erabakien aldi bereko zein baterako aplikazioak ingurumenean eragin ditzakeen ondorioak aurreikusi eta zuzen ditzagun; hartara, ingurumenaren maila altua lortuko dugu, baita lurraldearen eta bere baliabideen erabilera iraunkorra ere.
Subir
-
Prozedurari lotutako Planak eta Programak
Ondorengo plan eta programen lehenengo formulazioa eta berrikuspena (horiek 183/2003 Dekretuan, uztailaren 22koa, ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluaketaren prozedura arautzen duena, agertzen dira, bertako 3. artikuluan):
- Lurralde Antolamenduko Gida-lerroak.
- Lurraldearen Zatiko Planak.
- Lurraldearen Arloko Planak eta lurraldean eragina duten bestelako planak eta programak *.
- Hiri Antolamendurako Plan Nagusiak eta lurzoru urbanizaezinari eragiten dioten bere aldaketak.
- Plangintzako arau subsidiarioak eta lurzoru urbanizaezinari eragiten dioten bere aldaketak.
- Plan bereziak eta lurzoru urbanizaezinari eragiten dioten bere aldaketak.
* Lurralde eragineko planak eta programak:
- Nekazaritza, abeltzaintza, basogintza, arrantza, energia, industria, garraio, hondakinen kudeaketa, ur-baliabideen kudeaketa, telekomunikazioak, turismoa edo lurzoruaren zein natur baliabideen erabileraren inguruan prestatutako planak edo programak, ingurumen-inpaktuaren ebaluaketa-prozedura bati lotutako proiektuak etorkizunean baimentzeko markoa ezartzen dutenak.
- Tokian tokiko kudeaketarekin erlazio zuzena ez edukita ere, Natura 2000 Sareko lekuren bati eragin diezaioketen planak eta programak. Leku horiek Arteztarau hauen babespean proposatu eta izendatu dituzte: 79/409/EC eta 92/43/EC, basa-hegaztiak babesteari buruzkoa eta natur habitatari eta izadi zein basaberei buruzkoa, hurrenez hurren.
- Ramsar Hitzarmenaren Zerrendan agertzen diren nazioarteko garrantzizko hezeguneak eta Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko 3/1998 Lege Orokorreko 51. artikuluan zehaztutako Ingurumen Sentikorreko Inguruneak kaltetu ditzaketen planak edo programak.
Subir
-
Prozedurako faseak
Ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluaketa era askotako plan eta programak prestatu eta onartzeko prozeduretan aldi berean txertatutako prozedura baten bidez artikulatzen da. Planteamendu horren arabera, ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluaketa plana tramitatzeko hasierako uneetan jartzen da martxan, eta ondorengo faseak ditu aurreikusitako era askotako jardunak ebazteko:
» Ingurumen Inpaktuaren Baterako Ebaluaketako Prozeduraren eskema deskargatu
- Kontsultak: Planaren sortzaileak ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluaketaren azterketan agertu beharreko informazioaren hedadura eta zehaztasunari buruzko kontsulta egin ahal izango dio ingurumen-organoari, baita azterketa hori prestatzeko interesgarritzat jotzen duen beste edozeini ere. Ingurumen-organoak, bi hilabeteko epean, burututako kontsultari erantzungo dio eta, dagokionean, gaiari buruz kontsultatutako beste erakundeen erantzunak emango dizkio.
- Ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluaketaren azterketaren prestaketa: Planaren sortzaileak, aurreko fasean egindako oharpenekin eta legedian zehaztutako gutxienezko edukiekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluaketa-azterketa prestatuko du planaren lehenengo dokumentua edo Aurrerapena osatzearekin batera eta aldi berean.
- Ingurumen-inpaktuaren atariko txostenaren eskaera eta igorpena eta Herritarrentzako Informazioa: Planaren Aurrerapena edo lehenengo dokumentua eta ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluaketa ingurumen-organoari aurkeztuko zaizkio, azken horrek, plana onartzeko lehenengo egintza edo hasierako onarpenaren aurretik ingurumen-inpaktuari buruzko atariko txostena igor dezan (2 hilabete). Planaren sortzaileak ingurumen-inpaktuari buruzko atariko txosteneko oharpenak kontuan hartuko ditu, eta ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluaketa-azterketa, plana osatzen duten gainontzeko dokumentuekin batera, herritarrentzako informazio-tramitera pasako du.
- Ingurumen-inpaktuaren behin betiko txostenaren eskaera eta igorpena: Plana behin betiko onartu aurretik, onarpenaz arduratutako funtsezko organoak espedientearen kopia bidaliko dio ingurumen-organoari (plana, ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluaketa-azterketa eta entzunaldiaren eta herritarrentzako informazioaren emaitza), eta eskatuko dio ingurumen-inpaktuari buruzko behin betiko txostena igor dezan. Bi hilabeteko epean (hilabete Plan Berezietan), ingurumen-organoak txosten hori igorriko du eta, bertan, zehaztuko dira berriro definitu edo ezabatu beharreko planeko jardunak, dagokionean, eta prebentzioko, zuzenketako edo konpentsazioko neurriak, baita plana burutu egiten dela segurtatzeko plana ere.
- Hartutako erabakiari buruzko adierazpena eta Herritarrentzako Informazioa: Ingurumen-inpaktuari buruzko behin betiko txostena, behin betiko onartu behar duen funtsezko organoari bidaltzen zaio azter dezan. Organo horrek, berariaz eta ulerterraz, adierazpen bat erredaktatuko du planean ingurumen-alderdiak nola integratu diren laburbilduz (IIBE azterketa, ingurumen-inpaktuari buruzko behin betiko txostena, herritarren oharpenak etab.). Adierazpena eta plana behin betiko onartzeko ebazpena edo lege-araua, dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratuko dira (EHAA edota GAO).
Subir
-
Ingurumen Inpaktuaren Baterako Ebaluaketaren Edukia
Bertako erabakiak integratze aldera, Ingurumen Inpaktuaren Baterako Ebaluaketa Azterketa plana edo programa prestatzearekin batera eta aldi berean egingo da. Era horretan, Azterketa horren erabaki garrantzitsuenak legediak premiaz eskatutako plangintza-dokumentuko dagozkion ataletara gehitu daitezke.
Beraz, 183/2003 Dekretuko I. eranskinean zehaztutakoaren arabera, Ingurumen Inpaktuaren Baterako Ebaluaketa Azterketaren edukia, ondorengo metodologiako faseen hurrenez hurreneko ordena betetzen ahaleginduz egingo dugu, planaren edukiak prestatzearen ordenarekin batera eta aldi berean. Plan edo programari premiaz eskatutako xehetasun-mailaren arabera, atal bakoitzean garatuko diren alderdiak aukeratuko ditugu:
» Ingurumen Inpaktuaren Baterako Ebaluaketaren azterketaren edukiak prestatzeko Metodologia eskema deskargatu
- Plan edo Programaren helburu estrategikoen deskribapen eta balorazioa: Plana edo programa aplikatuta lortu nahi ditugun helburu estrategikoak esplikatu behar dira (besteak beste, ingurumen-helburuak eta ingurumena babesteko eta hobetzeko irizpide orokorrak) eta uneko ingurumen- eta gizarte-helburuekin eta -lehentasunekin helburu horiek duten bateragarritasun estrategikoa aztertu (finean, iraunkortasun-helburuekin duten bateragarritasuna). Halaber, gehitu behar ditugu ingurune horretako lurralde-antolamenduaren eskema, eremu horretan eragina duten beste plan eta programekin duen koherentzia eta gizarte eragileek adierazitako iritziak.
- Zentzuzko Alternatibak eta helburu horiek lortzeko jardunak sortu eta deskribatzea. Beste plan eta programekin duen elkarreragina: Planaren edo programaren helburuak lortzeko zentzuzko alternatibak sortu behar ditugu (adibidez, kudeaketarako, kokapenerako, erabilerak eta baliabideak esleitzeko beste jardun- eta interbentzio-mota batzuk, edo horien bestelako ekarpen eta espazio-banaketa, helburu horien arabera), eta ingurumenean zein gizartean ondorioak dituzten alternatiba guztien era askotako jardun edo ekintza bereziak identifikatu eta deskribatu. Horrenbestez, alternatiba bakoitzerako jardunak zehaztu behar ditugu, baita bakoitzaren jardun-esparrua, denbora, exekuzio-faseak eta horien iraupena ere. Gainera, hierarkiako eta zeharkako harremana aztertu behar dugu, baita azterketako eremuan eragina duten maila altuagoko edo bestelako plan edo programekin gerta daitezkeen sinergiak eta ingurumenerako metaketa-ondorioak ere. Halaber, alternatibetan eta plan edo programa horietan ezarritako helburuak, irizpideak eta konponbideak integratzeko era zehaztuko dugu.
- Lurraldeko Ingurumenaren Azterketa: Eraginpeko eremua diagnostikatu eta baloratzea. Azterketa-eremuko ingurumen- eta gizarte-arloaren uneko ezaugarriak eta egoera identifikatu, aztertu eta baloratu behar dugu (biodibertsitatea, izadia, basabereak, geologia, lurzorua, ura, airea, beste natur baliabide batzuk, klima-faktoreak, unitate homogeneoak, bertako ingurumen-kalitatea eta karga-ahalmena, ingurumenerako arriskuak, osasun publikoa, paisaia, kultur ondarea, ongizate-maila eta biztanleen gizarte-kohesioa, gizarte-baliabideen eta -zerbitzuen banaketa, irisgarritasun eta mugikortasun iraunkorra etab.). Halaber, bakoitzaren berezitasunak deskribatu behar ditugu, baita lurzoruaren erabilerari eta natur baliabideen aprobetxamenduari lotutako giza jarduerak eta erabilerak aztertu ere. Datu horiekin guztiekin, inbentarioaren balorazioa egingo dugu, baita azterketa-eremuak duen egoerari buruzko diagnostiko arrazoitua ere (0 alternatiba, edo jardun eza): tratatu beharreko ingurumen- eta gizarte-gatazka nagusiak eta ingurumena babesteko eta zaintzeko edo, orokorrago hartuta, garapen iraunkorrerako jarri beharreko helburuak eta lehentasunak identifikatu; hartara, lehenengo azterketa batean, lurraldeak daukan ahalmena, eragindako erabilerak eta erabileraren intentsitatea zehaztu ahal izango ditugu.
- Alternatiba bakoitzaren inpaktuen azterketa eta ponderazio orokorra: Garatu beharreko alternatiba estrategikoa aukeratu eta justifikatzea: Helburuak lortzeko, proposatutako alternatiba bakoitzaren inpaktuen balorazio orokorra burutu behar dugu (ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-alderdien arteko erlazioa) eta, prozedura metodologiko ezagunen bidez, horien guztien arteko azterketa konparatibo eta ponderatua egingo dugu. Azkenik, aztertutako alternatibak hierarkizatu eta lehentasunak ezarriko ditugu, baita bukaeran hautatutako proposamena justifikatu ere, hala hasieran proposatutako bat bada nola horien arteko konbinazio bat bada; horretarako, lurraldeko ingurumen- eta gizarte-kalitateari buruzko (alegia, iraunkortasunari buruzko) eta lurralde-antolamendu zein bere harrera-ahalmenari buruzko erlazio- eta egokitasun-maila hartu behar ditugu kontuan. Aipatu behar dira, halaber, jarduneko lurraldean eragina duten beste plan eta programekin duen koherentzia eta herritarrek zein gaiaz kontsulta egin zaien erakundeek adierazitako iritziak.
- Hautatutako alternatiba estrategikoko jardun espezifikoen inpaktuak identifikatu eta baloratzea: Aukeratutako plan-proposamenaren eta bertako ekintzen edo jardun espezifikoen eta zehaztuen deskribapen zehatza abiapuntu hartuta, aurreikus daitezkeen ingurumen- eta gizarte-ondorioen identifikazioa eta balorazioa egingo dugu, hauen arabera: horiek gertatzeko aukerak, zeinua (positiboa edo negatiboa), gertatzeko unea (denbora garatzearekin batera edo geroago), iraupena, itzulgarritasuna, berreskuratzeko modua, espazio-aldeko tamaina eta irismena, garrantzia, zuzeneko eta zeharkako ondorioak. Xehetasunez aztertuko ditugu planaren era askotako proposamenen metaketa- eta sinergia-ondorioak, baita horiek beste plan batzuek proposatutako ekintza batzuekin dituztenak ere. Gero, inpaktuen ebaluaketa eta balorazioa burutuko ditugu eta honela kalifikatu ditugu: ingurumen-inpaktu bateragarriak, ertainak, larriak eta kritikoak, dela era sinplean, era askotako ekintzen arabera, dela era agregatuan
- Aukeratutako alternatibari buruzko babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak ezartzea: Honelakoak plantea ditzakegu: ingurumen-edukiko neurri positiboak plan edo programaren eraginak konpentsatzeko, prebentzio-neurriak arrisku nabarmenenak txikitzeko, erabileren kokapen edota gunez gune banatzeari buruzko zehazpenak, lurraldearen harrera-ahalmenarekin bateragarrienak diren plan- edo programa jarduera eta -jardun zehatzak, ingurumenerako eragin nabarmenagoa duten erabilera eta jardunei buruzko araudien ezarpena (jardun kopurua, tamaina, ahalmena, antolamendua), neurri teknologikoak (sistema teknikoak ondorengoak txikitzeko: zarata, atmosferara botatako kutsadura, likido-isurketak, paisaiaren kaltea, hondakinen sorrera, elementu baliotsu edo kalteberen gaineko arriskua, habitataren zatikatzea etab.), bizi-kalitateari buruzko neurriak (mugikortasun eta irisgarritasun iraunkorrak, gizarte-ongizatea, erabilera publikoko espazioak eta espazio libreak, paisaiaren barneko integrazioa, kultur ondarearen babesa, zaratari buruzko maila egokiak, usainak, dardarak, atmosferako kutsadura eta isurketa likidoak, hondakinak eta ura kudeatzeko ingurumen-sistemak eta -azpiegiturak etab.),… Gainera, erabakiak hartzeko prozesuko ingurumen-inpaktuaren baterako eta banakako geroko ebaluaketetarako irizpideak eta arteztarau orokorrak zehaztu behar ditugu.
- Plan edo programaren jarraipena egin eta kontrolatzeko programa: Proposatutako alternatibari buruz, ingurumen-kontrol eta -jarraipeneko programak sistema bat ezarriko du babeserako eta zuzenketako jarraibideak eta neurriak betetzen direla bermatzeko, eta egiaztatuko du plana burutu ahala ez dela eragiten aurreikusitakoez bestelako inpakturik. Horretarako, kontroleko helburuak definituko ditugu eta eraginpeko sistemak, inpaktu-motak, aukeratutako jarraipen-adierazleak eta jarraipenerako behar datuak identifikatu (datuen eskuragarritasuna, datuak hartzeko estrategiak, erreferentziako balioak, maiztasuna, horretarako langileak, aurrekontua, maiztasuneko txostenen prestaketa etab.).
- Laburpen dokumentua: Laburpen-dokumentuan aurreko puntuetan bildutako informazioaren laburpen ez teknikoa agertu behar da: plan edo programako helburuen deskribapena eta justifikazioa (ingurumen-helburuak barne), aztertutako alternatiben azterketari buruzko ondorioak eta aukeratutakoaren justifikazioa, babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurrien proposamena eta aukeratutako alternatibaren jarraipena egin eta kontrolatzeko programa.
Subir