Tokiko Agenda 21en egoera Gipuzkoan
Gaur egun, Gipuzkoako 88 udalerrietatik 87k abian dute Tokiko Agenda 21a. Horietako batzuek -geroz eta gehiago dira- jada egin dute Tokiko Ekintza Planaren lehen ikusketa, eta bigarren edo hirugarren ekintza plana gauzatzen ari dira.
Azken urteetan planen urteroko ebaluazioa egiten aritu gara berariaz horretarako prestatutako euskarri informatikoaren bidez eta horrela lortutako informazioa aztertzen: 40 ekintza plan inguru ebaluatu ditugu eta horietako 4.000 jarduera baino gehiago. Ondorioz, ekintza planen gauzatze egoeraren berri zehatza eta sakona jaso dugu. Informazio horren guztiaren interpretazio eta aurkezpena laburpen espezifiko batean egin dugu. Bestalde, udal bakoitzak bere emaitzei buruzko informeak dauzka, eta horiek erabiltzen ditu bere prozesuak baloratzeko eta bere planak etengabe hobetzeko.
Eskuratutako informazio horretan oinarrituz, azpimarratu beharrekotzat jotzen ditugu honako alderdiak:
Planen ezarpen eta mailari dagokionez:
- Ekintza planetan lantzen diren gaien aniztasun eta ugaritasuna, udal txikietan batez ere azpimarragarri gertatzen dena. Hona landutako gaiei buruzko datu aipagarri batzuk: lurraldetasunari lotutako ekintzak %24 izan dira, ingurumenaren arlokoak %42,5, eta ekonomia eta gizartekoak, azken urteetan areagotuz doazenak, %33,5.
- Planen ezarpen mailaren batez bestekoa areagotuz doa mailaz maila gauzatze urteak aurrera egin ahala, gauzatze erritmoa oraindik motela bada ere, nahiko litzatekeena baino apalagoa, alegia. Ezarpen horren diferentzia, ordea, progresiboki areagotzen da laugarren gauzatze urtetik aurrera.
- Plan berrienak ezarpen erritmo azkarragoa erakusten dute. Horren alde jokatzen du egungo planak hobeto asmatuta egoteak, udalez gaindiko administrazioek, hala nola Gipuzkoako Aldundiak eta Udalsarea 21ek, eskaintzen dituzten laguntza zerbitzuetara iristeko bideak egituratuagoak eta zabalagoak izateak eta, azkenik, prozesuak udalen antolakuntzan egokituagoak izateak. Bestalde, badirudi 4 edo 5 urtetik gorako gauzatze prozesuetan dauden plan askok agortu dutela jada beren indarraldia eta plan horien edukia geroz eta gehiago urrutiratzen dela udalen premietatik. Horrek adierazten duenez, plan horietako asko berraztertu beharra dago; eta horixe egin dute, hain zuzen ere, udal askotan.
- Honakoak dira ezarpen maila handiena duten eremuak: mugikortasuna eta garraioa %40, ura %38, etxebizitza %37, hondakinak %36 eta kultura %36. Gai horiek horren ezarpen maila handia izatearen arrazoia tokiko administrazioek gai horietan dituzten eskuduntzetan datza.
- Horiek baino ezarpen maila motelagoa izan dute honako beste gai hauek: lan merkatua, udalerriko ingurumenaren kudeaketa eta jarduera ekonomikoak, energia, bioaniztasuna eta ingurumena; horien atzetik datoz are ezarpen apalagoa izan duten beste gai hauek: elkarbizitza eta klima aldaketa eta ingurumen eragina.
Planen ezarpenaren batez besteko bilakaera helburuarekiko (2010)
Programan parte hartzen ari diren udalen eta eskualdeen urteko ebaluazioaren emaitzei buruzko azken txostenak:
Txosten berezia
Gipuzkoako Tokiko Agenda 21en ezarpen mailaren ebaluaketari buruzko emaitzen txostena 2010 >>