gipuzkoa.net
Hasiera
Loturak
hizkuntza aldatu


GIPUZKOAKO HIRI HONDAKINAK KUDEATZEKO 2002-2016KO PLAN OROKORRA

Datozen urteetan, berebiziko garrantzia duten erabakiak hartu beharko ditugu Gipuzkoan hiri hondakinak kudeatzeko moduari buruz. Hondakinen kudeaketa arazo bihurtu da dagoeneko herrialde garatu guztietan, baina gure kasuan arazoa are larriagoa da, gaur egun dugun kudeaketa sistema agortu egin baita. Orain arte, bereizita bildutako zabor eta hondakinen zatiki bat birziklatu eta konpostatu egiten genuen, eta gainerakoa zabortegietara bildu. Baina aurrerantzean ezin izango diogu eutsi sistema horri, batez ere bi arrazoi hauengatik:

  • Zabortegi batzuek bizialdi erabilgarri laburra dute: San Blasekoa ia ixtear dago; San Markosekoari 4 urteko bizia geratzen zaio; Sasietakoari 7 urtekoa.

  • Europako legeriak ez du uzten hondakinak zuzenean zabortegira botatzen jarraitzea, ingurumen, osasun eta segurtasunerako kaltegarria delako: usainak, gasak jaurtitzeak sortutako kutsadura atmosferikoa, negutegi efektua, lixibiatuek sortutako kutsadura eta abar eragiten baititu.


Arazoaren garrantzia

Arazoaren garrantziaz jabetuta, Gipuzkoan gaiari buruzko eskumena duten erakunde guztiek (mankomunitateek, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak) elkar hartuta hausnarketa bat egin dute eta Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorra prestatzea erabaki dute, zabor eta hondakinak kudeatzeko eredu eramangarri baterako aukerak eta soluzioak bilatzeko.

Helburuak

Plana bi helburu nagusi dituela abiatu da:

  • Ahalik eta hondakin gutxien sortzea, herritarrak arazoaz jabetzeko eta kezkatzeko prebentzio lana (murrizketa eta berrerabilpenaren aldekoa) eginez eta herritar guztien partaidetza aktiboa bultzatuz.

  • Zaborra baliabidetzat hartzea eta haren kudeaketa optimizatzea, material birziklagarriak errekuperatuz eta duen energia baliatuz (balorizazio energetikoa).

Planaren bitartez, hortaz, hiri hondakinak kudeatzeko sistema eramangarria finkatu nahi da, ikuspuntu tekniko eta ekonomikotik irtenbide bideragarriak, ingurumenaren ikuspegitik eraginkorrak eta gizarte osoaren aldetik onargarriak proposatuz. Abiapuntu horietatik aurrera, helburua da Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorra zehaztea, honako bitarteko hauek elkar uztartuz eta konbinatuz: hondakinen minimizazioa, birziklapena, konpostajea, tratamendu mekaniko-biologikoa, balorizazio energetikoa eta, azkenik, balorizagarri ez diren hondakinak botatzea.

 

Estrategiak

Planak hiru printzipio nagusi ezartzen ditu:

  • Hondakin sorrera minimizatzea eta berrerabilpena sustatzea, udalerri mailako jarduketak eta partaidetza prozesuak bultzatuz.

  • Bereizita bildutako hondakinen birziklatze eta konpostatze tasak handitzea

  • Lehen mailako hondakinetan isurketa ezaren printzipioa onartzea 2006. urterako.

Oinarri hauetatik abiatuta, Hondakinak Kudeatzeko Planak hiru estrategia zehatz jartzen ditu:

  • Gaur dugun erreziklatze tasa, halako bi bihurtzea 2016. urterako, hau da, %18,5etik %37raino handitzea.

  • Hondakin biodegradagarrien konpostajea nabarmen areagotzea eta handitzea, gaur egun hirietako lorategietatik eta kimaketetatik konpostetarako baliatzen ditugun urteko 1.500 tonatik 2006. urterako 22.000 tonara pasatuz eta hondakinen sortzaile handietan bildutako landareki-hondakinak ere horretara bideratuz, guztira diren hondakinetatik %4 baitira horrelakoak.

  • Lehen mailako hondakinen isurketa eza lortzea 2006. urterako, aurretrataera mekaniko-biologikoa edo balorizazio energetikoa, edo biak batera, aplikatuz.

Estrategia sail hori Gipuzkoan dauden mankomunitateen egoera bakoitzera egokitu behar da eta, hala, balizko zazpi eszenatoki eskaintzen ditu. Horietako bakoitza zehatz-mehatz aztertu da, bai alderdi tekniko nahiz ekonomikotik begiratuta, bai ingurumeneko eraginen ikuspegitik begiratuta, eta azken hori lortzeko alternatiba bakoitzaren Bizitza Zikloaren Analisia egin da.

Planean, gainera, egun dauden hiri hondakinen zabortegietako garraio kostuen eta bizialdi erabilgarriaren azterketa osagarriak jaso dira, oraindik orain egin baitira prozesuan parte hartzen ari diren mankomunitateek eskatuta. Gainera, Europako Batasuneko udaletako zabor tasei buruzko konparaziozko azterketa bat eskaintzen da.

Plana eta ingurumena

Planak xehe-xehe garatzen ditu egon litezkeen alternatibak: bakoitzaren ingurumen-eragina ebaluatzen du Bizitza Zikloaren Azterketa eginez, bakoitzerako dauden soluzio teknikoak aztertzen ditu eta, halaber, aukera bakoitzaren eragin ekonomikoa plazaratzen du.

Zabor-poltsaren zuzeneko isurketa ezabatu beharra onartzea da, isurketari buruzko arteztarauak xedatu bezala. Era berean, Planak bere egiten ditu Europako Batzordeak hondakin biodegradagarrien trataerari buruz onartutako lan-agiriaren 2. zirriborroaren ondorioak, etorkizunean izango den konpostatzeari buruzko arteztarautzat jotzen baita lan agiri hori. Hona hemen agiri horren ondorio azpimarragarrienak:

  • Hiri mota jakin batzuetako etxeetako eta hondakin sortzaile handiak diren toki batzuetako (azoka, hipermerkatu, jatetxe, ospitale eta horrelakoetako) materia organiko biodegradagarriaren sailkako bilketa ezartzea, kalitate oneko konposta egin ahal izateko eta, hartara, ondoren laborantzarako substratu edo lur-medeagarri gisa merkaturatu ahal izateko.

  • Trataera mekaniko-biologikoa eta trataera termikoa hartzea isurketaren aurreko tratamendu sistematzat, arteztarau egokia bete ahal izateko.

Plana eta gizartea

Gizartearen faktorea erabakigarria da hondakinen kudeaketarako estrategia abian jartzeko garaian. Ez dugu ahaztu behar zaborren kudeaketa sistemaren helburu nagusia bertako komunitateari zerbitzua ematea dela eta, hortaz, Gipuzkoako gizartearen baloreak eta lehentasunak islatu behar dituela.

Horregatik, ikuspegi tekniko, ekonomiko edo ingurumenezkoaz harantzago, Planak ezinbestekotzat jotzen du gizartearekiko konpromiso bat hartzea, ondoko puntu hauetan oinarrituta:

  • Hondakinak kudeatzeko eredu berriaren funtsezko helburua zera da: belaunaldi berriei ingurumen-zorrik gabeko errealitatea uztea.

  • Planak herritarrak jabearazteko eta kezkatzeko jardunak aurreikusten ditu, gizartearen portaera orokorrak hobetzeko eta ingurumena errespetatuko duen eta eramangarritasunaren helburua bere egingo duen jarrera soziala sustatzeko biderik egokiena delakoan.

  • Aurrekoaren ildotik, hondakinak kudeatzeko sistemak abian jartzeko prozesuetan, gardentasuna, informazioaren eskuragarritasuna eta herritarren partaidetza bermatu behar dira.

  • Planaren diseinua eta kudeaketa elkarrekin landutako gizarte estrategiaren emaitza izan behar dira, non hiri hondakinen kudeaketaz arduratzen diren udal erakundeek, herritarrengandik gertuen daudenez, arazo zehatzen gaineko jarraibideak eta helburuak ezarriko dituzten eta eskualdez gaineko erakundeek, berriz, arazoen irtenbideak planifikatzeko bitartekoak, baliabideak eta lanabesak jarriko dituzten.

Hortaz, hitzartze, gardentasun eta partaidetza asmo horiek gure eginez, Gipuzkoako gizarte osoari gaur egun arte gaiari buruz dugun informazio osoa eskaini nahi diogu, "Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2002-2016 Plana" agiri digital batean denen eskura jarriz.