Gipuzkoako udal barrutiak erregulatzeko martxoaren 17ko 2/2003 FORU ARAUA

Iraupen bertsioak

Gorde / Erakutsi iruzkinak    Imprimatu

Gipuzkoako udal barrutiak erregulatzeko martxoaren 17ko 2/2003 FORU ARAUA

BOG 21 Martxoa 2003

BOPV 26 Maiatza 2003

Ikusi 26/2010 Foru Dekretua [GIPUZKOA], urriaren 7koa, Hernaniko udalerrian Ereńotzuko toki entitate txikia eratzekoa («G.A.O.» urriak 18).

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «Gipuzkoako udal barrutiak erregulatzeko martxoaren 17ko 2/2003 Foru Araua», eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

HITZAURREA

Eusko Legebiltzarraren azaroaren 25eko 27/1983 Legeak, Autonomi Elkarte Osorako Erakundeen eta Herrialde Historikoetako Foru Erakundeen arteko Harremanei buruzkoak, ezarritakoaren arabera herrialde historikoetako foru erakundeek eskumen osoa dute udalbarrutien eta udalez gaineko barrutien gaian, beren herrialde historikoa gainditzen ez duten bitartean.

Eskumen hori erabiliz, Batzar Nagusiek zenbait udal barrutiren aldaketa onartu izan dituzte. Aldaketa horien ondorioz udalerri berri batzuk eratu dira, gehienetan zertu diren errealitate berriei erantzunez.

Errealitate horiek, udalerri ezberdinetakoak izan arren alderdi batzuek hirigintzako garapen bateratua izan dutelako sortu dira batzuetan; besteetan, berriz, auzotarren esku hartze eta partehartzerik gabe udalak batzeko izan diren prozesuetan, berariaz beste sistema politiko batekoak direnetan, herri izatearen kontzientzia gorde delako, lehen udalerriak izateagatik aurretik zeuden egoera historikoak berreskuratzea faboratuz horrela.

1995 urtean, Gipuzkoako udal barrutiak erregulatzeari buruzko martxoaren 24ko 4/1995 Foru Araua onartu zen, baina errekurritua izan zen Justiziako Auzitegietan eta indargabetua. Ondorioz, bidezkotzat jo da beste foru arau bat onartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Justiziako Auzitegi Nagusiak azaldu dituen irizpideekin bat datorrena.

Gaur egun ere beharrezkoa ikusten da gaiaren berariazko erregulazioa onartzea, eta legegileak bere eginkizuna betetzea, eginkizun zaila gainera, izan ere nortasun berezkoaren edo historikoaren sentiberatasuna eta nahia, Gipuzkoak gaur hirigintzaren, gizarte-ekonomiaren eta administrazioaren alorretan duen plangintzak behar duen arrazionaltasunarekin, eguneratzearekin eta eraginkortasunarekin uztartu beharko baitu.

Gaur egungo udal mapatik abiatuta eta arrazoizkoa izan dadin helburutzat hartuta, argi dago foru erakundeek udalerri ezberdinak bategitea eta udalerri batzuk besteei atxikitzea bultzatu behar dutela, beti udalen autonomia ahalik eta gehien errespetatuta eta gizarte, ekonomia eta administrazio bizitzaren alor guztietan dituzten baliabideen kudeaketa eraginkorrago izan dadin ahaleginduta, hartara zerbitzu hobeak kostu txikiagoarekin ematearren gaur egun gizarteak eskatzen duen bezala.

Foru arau honek bost idazpuru, bi xedapen gehigarri, bi iragankor, bat indargabetzailea eta amaierako hiru xedapen ditu.

I. idazpurua udal barrutien aldaketari buruzkoa da; izan ohi diren barruti aldaketak jasotzen ditu eta aldaketa horiek gauzatu ahal izateko beharkizun funtsezkoak eta formalak zehazten ditu.

Udalerri berriak eratzeko nahitaezko beharkizunak izango dira bertako herri zerbitzugintza hobetzeko behar beste ekonomia-finantza baliabideak edukitzea, gutxienez behar den biztanleria izatea eta egoki garatzeko adinako lurralde taxuera izatea. Beharkizun horietan, foru arau honek zehaztu egiten ditu ordezten duen legeriak dituen xedapen orokorragoak.

II. idazpuruak udalerrien mugaketa nola egin behar den arautzen du. Hala, herriaren mugak egiaztatzeko udalak eman beharreko urrats administratiboak zehazten dira eta adostasun ezak ebazteko erak jartzen dira.

III. idazpuruan udalez azpiko erakundeak arautzen dira, aurreko arautegian eta udal ogasunei buruzkoan aipatzen direnak, hain zuzen. Horrelako erakundeek udalerria eratzeko eginkortasunik ez duten auzotarren borondate edo nahikunde batzuk, udalarekin behar bezala koordinaturik herri zerbitzu jakin batzuk eraginkortasunez funtziona dezaten lagundu dezaketenak, bidera ditzakete eta auzotarren partaidetzarako bitarteko egokiak izan daitezke.

IV. idazpuruak udalerrien izenaren, armarriaren, banderaren, izendapen bereizgarrien eta herriburuaren funtsezko alderdiak arautzen ditu behar beste.

V. idazpuruak Gipuzkoako Udalen Foru Errolda sortzea xedatzen du, udalei buruzko informazioa bateratzeko, eta horren osagarri modura Gipuzkoako Udalerrien Mapa egitea jasotzen da.

I IDAZPURUA
UDAL BARRUTIAK

I ATALBURUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Udal barrutiak zer diren.

Udal barrutia udalak bere eskumenean duen lurraldea da. Lurraldea etenik gabea izango da baina, salbuespenez, foru arau hau indarrean sartzen denean dauden barrendegiak edo etendurazko egoerak mantendu ahal izango dira.

2. artikulua. Xedea.

1. Gipuzkoan udalerriak sortzeko eta ezabatzeko, edota udal barrutiak aldatzeko, foru arau honetan eta hau garatzeko erregelamenduzko xedapenetan agindutakoa bete beharko da.

2. Aurreko zenbakian aipatu diren prozesuetan izan beharreko xedeak honako hauek dira:

  • a) Udal eskumeneko zerbitzugintza hobetzea.
  • b) Prozesuok eragiten dieten udalen kudeaketa ahalmena handitzea.
  • c) Udal barrutiak errealitate fisikoetara, demografikoetara eta hirigintzakoetara egokitzea, udalerriaren mapa arrazoizko lurralde antolaketa batean oinarritu eta taxu dadin.

3. Udalerriak sortzeko eta ezerezteko prozesuen nahiz udal barrutiak aldatzekoen ondorioz ezin izango da inoiz hirialde etengabe bat udal barruti batean baino gehiagotan zatitu.

3. artikulua. Udalerriak bategitea eta atxikitzea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, aurreko artikuluan ezarritako xedeak aintzat hartuta, udalerriak bategitea eta udalerri batzuk bestei atxikitzea bultzatuko du. Hori sustatzeko erabakiak hartu ahal izango dira.

Bategiteak edo atxikitzeak ezin izango die inolako kalterik ekarri urrats hori ematen duten udalerriei.

4. artikulua. Udalerriak sortzeko beharkizunak.

Udalerri berriak, lurraldez ezberdindutako biztanle guneetan oinarrituta bakarrik sortu ahal izango dira, beti ere sorreraren ondoriozko udalerriek udal eskumenak betetzeko behar diren baliabideak badituzte eta sorrera lehendik eskaintzen ari ziren zerbitzuen kalitatea hobetzeko bada.

II ATALBURUA
UDAL BARRUTIEN ALDAKETA

5. artikulua. Kasu eta beharkizun orokorrak.

1. Udal barrutiak honela alda daitezke:

  • a) Mugakide diren bi udalerrik edo gehiagok bateginez eta udalerri berria eratuz.
  • b) Udalerri bat edo gehiago beste bati edo batzuei atxikiz, udalerri berririk sortu gabe.
  • c) Udalerri bateko edo batzuetako lurralde zati bat hartatik edo haietatik bereiziz eta beste bati edo batzuei erantsiz.
  • d) Udalerri bateko edo batzuetako lurralde zati bat hartatik edo haietatik bereiziz eta udalerri berria eratuz.

2. Aurreko letretan aipatutako aldaketa horiek egin ahal izateko, udal barrutiek mugakide izan behar dute. Letra horietan aipatzen diren egoeretako bat baino gehiago bildu daitezke espediente bakarrera.

3. Ezin izango da udalerriaren zati bat hartatik bereizi, udalerriari aurreko artikuluan aipatutako ezaugarriak kentzen bazaizkio.

4. Udal barrutiaren zati bat hartatik bereizteak lurraldea banatzea ekarriko du berarekin, bai eta ondasunak, eskubideak eta egintzak eta, orobat, zorrak eta betebeharrak ere.

5. Udal barrutiak aldatzeak ezin izango du inoiz ekarri herrialde historikoaren mugen aldaketa.

6. artikulua. Udalerriak bategiteko, atxikitzeko eta bereizteko zergatiak

1. Udalerriek bategin ahal izango dute:

  • a) Bereizita daudela Legeak derrigortzen dituen gutxienezko zerbitzuak eskaintzeko adina baliabide ekonomikorik ez dutenean.
  • b) Hirigintzako garapenaren ondorioz beren hiriguneak nahasten direnean.
  • c) Ekonomia edo administrazioko arrazoi nabariengatik interesgarria edo komenigarria denean, herritarrei emandako zerbitzuen kudeaketa eta edukia hobetzearren.

2. Udalerri bat edo batzuk beste bati edo batzuei atxiki ahal izateko eta udalerri baten lurralde zati bat hartatik bereizi eta beste bati edo batzuei erantsi ahal izateko, aurreko zenbakiko b) eta c) letretan aipatutako zergatiak gertatu beharko dira.

7. artikulua. Udalerri zatiak bereizteko beharkizunak.

Udalerri berria eratzeko udalerri baten edo batzuen lurralde zatiak bereizi ahal izango dira herri intereseko zio iraunkorrak daudenean eta ondorengo baldintzak batera gertatzen direnean:

  • 1. Bereizketaren ondoren geratzen diren udalerriek eskubidezko bi mila eta bostehun biztanle baino gehiago izatea.
  • 2. Udalerri berriko eta jatorrizko udalerriko biztanle guneen artean gutxienez hiru mila metroko distantzia egotea, hirigintzako sailkapenean eremu hiritarrezina den lurrean.

    Distantzia hori egiaztatzeko, gertuen dauden bi etxeak hartuko dira -bi biztanle guneetako bana- eta batetik bestera lerro zuzenean dagoen distantzia neurtuko da. Bi biztanle guneek hiri mugaketa legearen arabera onartua badute, mugaketa horien bi lerroetan gertuen dauden puntuen arteko distantzia hartuko da. Hiri mugaketa legearen arabera onartua biotako batek bakarrik baldin badu, berorren hiri mugaketaren lerrotik beste biztanlegunean gertuen dagoen etxerainoko distantzia neurtuko da.

  • 3. Bai udalerri berriak bai jatorrizko udalerriak egoki garatu ahal izateko adinako lurraldea, eremu hiritarrezina duena, izatea.
  • 4. Bai udalerri berriak bai jatorrizkoak udal eskumenak betetzeko behar dituzten baliabideak eduki ahal izatea eta bereizte horrek ez ekartzea ematen ari diren zerbitzuen batez besteko kalitatea jaistea, bi udalerrientzako hobekuntza baizik.

    5.2 eta 3 zenbakietako beharkizunak salbuetsi ahal izango dira udalerria bereizteko espedientea auzotarren hiru laurdenek eskatuta hasi bada.

III ATALBURUA
UDAL BARRUTIAK ALDATZEKO PROZEDURA

8. artikulua. Ekimena eta tramitatzeko era

5. artikuluan jasotako kasuetan aipatzen diren udal barrutien aldaketak egiteko ondorengo prozedura segitu beharko da beti:

  • 1. Ekimena izan dezakete:
    • a) Auzotarrek, udalerriko edo udalerrietako, edota, bereizketa denean, horren edo horien zatiko azkenengo hautesle erroldan daudenen gehiengo absolutuak sinatutako eskariaz. Auzotarren sinadurak udal idazkariaren aurrean formalizatuko dira, edo bestela notarioaren protokoloaz.

      Kasu honetan, auzotarrek batzorde sustatzailea eratuko dute eta batzorde honek sartuko ditu espedientean 11. artikuluan aipatzen diren agiri guztiak.

      Behin batzordeak dokumentazio guztia osatu duenean dagokien udalei aurkeztuko zaie eta, halakorik bada, espedientean dauden adostasunik ezak zehazteko elkarrizketak jarri ahal izango dira martxan. Negoziazio prozesu hori irekitzen bada, 9. artikuluaren 1 zenbakian aipatzen den epea etenik geratuko da, baina gehienez bost hilabeterako.

      Udalek aipatu den dokumentazio hori emateari uko egiten badiote, osatutako espedientea, dagoen egoeran dagoela, Foru Aldundiari aurkeztuko zaio, prozedura ofizioz bultzatu ahal izan dezan.

    • b) Interesatutako udalak edo udalek. Erabakia Udal Batzarrak hartu beharko du, egitatezko kopuruaren bi herenen eta, beti ere, legezko kopuruaren gehiengo absolutuaren aldeko botoarekin.
    • c) Foru Aldundiak edo Batzar Nagusiek, Gipuzkoaren interes orokorrak hala eskatzen duenean.
  • 2. Ekimena martxan jarri ondoren, segitu beharreko prozeduran honako urrats hauek emango dira:
    • a) Aldaketak ukitutako udalaren edo udalen hasierako erabakia, egitatezko kopuruaren bi herenen eta, beti ere, legezko kopuruaren gehiengo absolutuaren aldeko botoarekin hartua. Erabaki hori ez da beharrezkoa izango ekimena udalena beraiena bada.
    • b) Formalizatutako espedientea jendaurrean erakutsiko da gutxienez hogeita hamar egunez, udaletxeko iragarki taulan iragarkiak jarrita, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta, gutxienez, udalerri horretan edo horietan zabalkunderik handienekoak diren egunkarietako batean argitaratuz.
    • c) Jendaurreko erakustaldia amaitu ondoren, aldaketak ukitutako udalak edo udalek ostera erabakia hartu beharko du/dute, hasierako erabakirako eskatutako gehiengo berarekin. Erabaki horretan, barruti aldaketa bidezkoa den ala ez eta aurkeztutako erreklamazioak ebatziko ditu/dituzte.
    • d) Aurreko erabakia hartutakoan, Udalak edo Udalek aldaketak ukitutako hautesleen iritzi ez-loteslea jasoko dute kontsulta zuzenaren edo beste motaren batekoaren bitartez. Bereizketa kasuetan, bereizi asmo den edo diren zatiko edo zatietako hautesleen iritzia jasoko da.
    • e) Foru Arau honetako 11. artikuluan zerrendatutako agiriez osatutako espedientea izapidetzen amaitutakoan, espediente hori Foru Aldundiari bidaliko zaio nahiz eta Udalaren erabakia aldekoa ez izan; Aldundiak, oinarrizko legeriak eskatutako izapideak betetakoan, honela jokatuko du: Espedientea udalaren edo auzotarren ekimenez hasia izan bada, eta espedientea Foru Aldundiak edo Batzar Nagusiek hasi badute bere tramitazioan horrek ukitutako udalik aurka azaldu gabe, Foru Aldundiak behin-betikoz ebatziko du espedientea Foru Dekretuz.

      Espedientea Aldundiak edo Batzar Nagusiek hasia bada eta bere tramitazioan zehar horrek ukitutako udalerriren batek edo batzuk aurkako jarrera azaltzen badu edo badute, Foru Aldundiak dagokion Erabaki proposamena egin eta Batzar Nagusietara bidaliko du, horiek behin-betiko ebazpena emango dutelarik Jarduerarako Arautegiko 112.a) artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera.

9. artikulua. Espedientea ofizioz bultzatzea.

1. Udal barrutiaren aldaketa espedientea auzotar interesatuen gehiengoaren, Foru Aldundiaren edo Batzar Nagusien ekimenez hasten denean, Udalak 8. artikuluaren 2.a) letran aipatzen den erabakia lau hilabeteko epean hartzen ez badu, espedientea hasitzat joko da epe hori amaitzean. Dena dela, 11. Artikuluan aipatzen diren zehaztasunei buruzko agiriak bidali egin beharko dizkio udalak Foru Aldundiari, honek prozedura ofizioz bultzatu ahal izan dezan.

2. Orobat, jendaurreko erakustaldia amaitu eta handik lau hilabeteko epean udalak espreski hartu ez badu aldaketa bidezkoa den ala ez ebazteko erabakia, 8. artikuluaren 2.c) letran aipatutakoa, aldeko erabakia dela ulertuko da.

10. artikulua. Prozedura burutzea.

1. Udal barrutiak aldatzeko foru dekretuak edo Batzar Nagusien erabakiak honako hauek zehaztuko ditu bidezkoa bada:

  • a) Udalerriaren izena.
  • b) Herriburua kokatuko den hirigunea.
  • c) Aldaketak ukitutako udal barrutien muga berriak.
  • d) Ondasunak, eskubideak, egintzak, herri erabilerak eta ustiaketak eta, orobat, obligazioak, zorrak eta betebeharrak banatzeko proposamenaren onarpena.
  • e) Dokumentazio administratiboari, historikoari eta gaur egungoari, buruzko Xedapenen onarpena eta enplegatu laboralen eta funtzionarioen araudia.
  • f) Aldaketak eragiten dien erakunde eta organoen arteko laguntza eta lankidetzari buruzko erabakiak.

2. Gipuzkoako udal barrutiren bat aldatzeko espedientea ebazten duen Aldundiaren Foru Dekretua edo Batzar Nagusien Erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara emango da eta Gipuzkoako Udal Erakundeen Foru Erroldan jasoko da, Euskadiko Autonomi Elkarteko eta Estatuko administrazioetara ere idatzizko komunikazioa bidaliko delarik, ondorio egokiak izan ditzan.

3. Foru Dekretuaren edo Batzar Nagusien erabakiaren edukia gauzatzeko erantzukizuna Foru Aldundiarena izango da, aldaketak ukitutako udalen laguntza eta lankidetza eskatu ahal izatea eragotzi gabe.

IV ATALBURUA
UDAL BARRUTIAK ALDATZEKO ESPEDIENTEEN EDUKIA

11. artikulua. Espedientearen agiriak.

1. Udal barrutiak aldatzeko espedienteek ondoren aipatzen diren agiriak izango dituzte, bidezkotzat jotzen diren bestelako guztiak izatea eragotzi gabe:

  • a) Aldatzekoak diren udal barrutien planoa, udalerrien muga berriak marrazturik dituena.
  • b) Proposatzen den aldaketa egin ahal izateko behar diren zergatiak zuritzen dituen txostena.
  • c) Ez udalerri berriak ez jatorrizkoak hartzekodunen aurrean kaudimen ekonomikoa galtzen ez dutela, udal eskumenak betetzeko behar dituzten baliabideak falta ez dituztela eta aurrez ematen ziren zerbitzuen kalitatea hobetuko dela egiaztatzen duen txostena.

2. Era berean, proposatzen diren zuzenbide eta ekonomi baldintzak sartuko dira espedientean, besteak beste ondorengo hauek, bidezkoak direnean:

  • a) Udalerri bakoitzak hitzartutako zorrak edo kredituak likidatzeko era.
  • b) Aldaketak ukitutako udalerriei komeni zaien bestelako edozein, bakoitzaren obligazioak, eskubideak eta interesak direla eta.

3. Horietaz gainera, lurraldearen zati bat bereizi eta udalerri independentea eratzeko denean, espedienteak honako agiri hauek izango ditu:

  • a) Udalerri berriak, zerbitzuak betetzeko behar den zenbatekoa kendu ondoren, dirusarrera arrunten aurrekontuko %15 inbertsioetara xeda dezakeela eta jatorrizko udalerriak eragiketa arruntetan aurrezki maila berari eutsi diezaiokeela egiaztatzen duen txostena.
  • b) Ondasunak, ustiaketak, herri erabilerak, kredituak eta bestelako edozein eskubide, eta, halaber, zorrak eta obligazioak jatorrizko udalaren edo udalen eta udal berriaren artean banatzeko proiektua eta ebatzi ezin izandako edozein auzi geroago ebazteko onartzen diren oinarriak. Proiektu horretan jasoko da, baita ere, bereizten den biztanle guneari zerbitzuak ematen ari ziren enplegatu laboralen eta funtzionarioen zerrenda eta bereizketak ukitzen dituen kontratuak.
  • c) Halakorik bada, bereizketak ukitutako udalerriaren edo udalerrien auzo ondasun, eskubide eta ustiaketen ziurtapena, bai eta bereizten den/diren lurralde zatiko/zatietako auzotarrei bakarrik dagokienena ere, udal idazkariak egina.
  • d) Udalerri berriari emateko asmoa dagoen izenaren proposamena eta, kasua bada, herriburua kokatu behar den biztanle gunea.
  • e) Udalerrietako eta bereizi nahi den lurralde zatiko hautesle, biztanle eta auzotarren kopuruaren ziurtagiria, udal idazkariak egina.
  • f) Bereiztekoa den lurralde zatiko auzotar egoiliarren biztanle-errolda.
  • g) Onartua dagoen hirigintzako orotariko plangintzan bereiztekoa den lurralde zatiari aplikagarria zaion xedapena.
  • h) Udaletxeari buruzko txostena eta udal eskumenak egoki garatzeko behar diren langileen plantillari buruzkoa, lanpostuen ebaluaketa, lanpostuak betetzeko era, lotura araudia eta dedikazioa jasotzen dituena.

12. artikulua. Zuzenbide eta ekonomi baldintzak.

Zuzenbide eta ekonomi baldintzak bi aldeetako edozeinek aurkeztu ahal izango ditu eta besteari entzuna izateko aukera emango zaio; adostasunik ez badago Foru Aldundiak ebatziko du. Baldintzak aurkeztuko ez balira edo osorik ez baleude, foru departamentu eskudunak aurkeztuko lituzke; horrelakoetan, entzunak izateko aukera emango litzaieke bi aldeei eta Foru Aldundiak ebatziko lituzke.

V ATALBURUA
BATZORDE KUDEATZAILEEN IZENDAPENA

13. artikulua. Bereizketaren ondoriozko udalerri berriak.

1. Udalerri bateko edo batzuetako barrutiaren zati bat bereizi eta udalerri berria sortzen denean, hurrengo udal hauteskundeetan hautatzen diren udal berriak eratu arte, jatorrizko udalerriek lehendik zuten zinegotzi kopuruarekin segituko dute.

2. Udalerri berria legez dagokion zinegotzi kopuruaren kide kopuru bera izango duen batzorde kudeatzaileak zuzendu eta administratuko du. Batzordea Foru Aldundiak izendatuko du, bereizitako lurralde zatian zeuden mahaietan azkenengo udal hauteskundeetan izandako emaitzen arabera eta alderdi politikoek, federazioek, koalizioek edo hautesle-elkarteek proposatuta.

3. Batzorde kudeatzaileak bere kideetako bat batzordeburu izendatuko du, alkatea hautatzeko ezarrita dagoen prozedura segituta.

14. artikulua. Udalerriak atxikitzea eta bategitea.

1. Udalerri bat edo batzuk mugakide den beste udalerri bati atxikitzen bazaio/bazaizkio edo udalerri batek baino gehiagok bategiten badute, udalerriotako alkate eta zinegotzi guztiek kargua utziko dute eta beren artetik batzorde kudeatzailea izendatuko du Foru Aldundiak. Udalerriak atxiki edo bategin ondorengo biztanleria osoaren arabera udalak izango lukeen zinegotzi kopuruaren kide kudeatzaile kopuru bera izango du batzordeak.

2. Batzorde kudeatzaileren kideak azkenengo udal hauteskundeetan zatidurarik handienak izandako alderdi politiko eta federazio, koalizio eta hautesle-elkarteei esleituko zaizkie. Zatidurak kalkulatzeko, hauteskundeetarako arautegiaren arabera, aipatu hauteskundeetan aurkeztutako hautagai-zerrenda guztiek lortutako botoen baturak 1, 2, 3 zatitzaileez zatituko dira, udalerri berriari legozkiokeen zinegotzi postuak adina bider.

3. Alderdi politiko, federazio edo koalizio berak atxikitzeak edo bategiteak ukitutako udalerrietan aurkeztutako zerrendetan dauden hautagaien artean, azkenengo udal hauteskundeetan zatidurarik handienak lortu zituztenak izendatuko ditu Foru Aldundiak, hauteskundeetako arautegiaren arabera.

4. Batzorde kudeatzaileak bere kideetako bat batzordeburu izendatuko du, alkatea hautatzeko ezarrita dagoen prozedura segituta.

15. artikulua. Udalerriaren zati bat bereiztea.

1. Udalerri baten lurralde zatia bereizi eta mugakidea den beste bati eransten bazaio, jatorrizko udalerriak lehen zuen zinegotzi kopuru bera izaten segituko du.

2. Bereizketaren ondorioz lurralde zatia erantsi zaion udalerriari zinegotzi kopuru handiagoa izatea badagokio, aldea osatzeko kide kudeatzaileak Foru Aldundiak izendatuko ditu, bereizitako lurralde zatian zeuden mahaietan azkenengo udal hauteskundeetan izandako emaitzen arabera eta alderdi politikoek eta hauteskundeetarako federazioek, koalizioek edo elkarteek proposatuta.

16. artikulua. Batzorde kudeatzaileen araudia.

Aurreko artikuluotan aipatu diren batzorde kudeatzaileetako buruek eta kideek, udal araudiari buruzko legeriak alkateei eta zinegotziei, hurrenez hurren, ezartzen dizkien eskubideak eta eginbeharrak izango dituzte.

II IDAZPURUA
UDAL BARRUTIEN MUGAKETA

17. artikulua. Udal barrutien mugaketa egiteko ahalmena.

Udalek dute beren barrutien mugaketa eta mugarriztatzea sustatzeko ahalmena.

18. artikulua. Espedientearen hasiera.

1. Udal barrutiaren mugaketarako espedientea Udalak batzarrean hartutako erabakiaz hasiko da. Erabaki horretan mugaketaren zergatia eta xedea adierazi behar dira eta alkateak, bi zinegotzik, idazkariak eta teknikari batek eratuko duten batzordea izendatu behar da.

2. Erabaki honen berri mugaketak eragiten dien udalei eman behar zaie eta horiek ere aurreko zenbakian aipatutako batzordearen berdina izendatu behar dute, udal batzarrean hartutako erabakiz eta jakinarazpena hartutako egunetik bi hilabeteko epean.

19. artikulua. Jakinarazpenak eta mugaketa hasteko eguna.

1. Aurreko zenbakietan aipatutako udal erabakiak gutxienez Foru Aldundiari eta mugaketak ukitzen dituen funtsen jabeei jakinarazi behar zaizkie.

2. Foru Aldundiak, erabaki guztien jakinarazpena hartutako egunetik edo aurreko artikuluaren 2, zenbakian aipatzen den epea amaitzen denetik gehienez bi hilabeteko epean, mugaketa hasiko den eguna jarriko du eta mugaketak ukitzen dituen udal guztiei jakinaraziko die, foru administrazioaren izenean parte hartuko duen/duten teknikariaren/teknikarien izena/izenak adierazita.

3. Espedientea hasi duen udalak egun horren berri emango die mugaketak ukitzen dituen funtsen jabeei.

20. artikulua. Mugaketa egitea.

1. Mugaketa bera udal bakoitzak izendatutako batzordeek egingo dute, Foru Aldundiak izendatutako ordezkariak partaide direla.

2. Udal bakoitzak izendatutako batzordeko kideez eta Foru Aldundiaren ordezkariez gainera, udalerri bakoitzeko bakarrik bi auzotar egongo dira, mugarrien eta gainerako muga bereizgarrien kokalekua ezagutzen dutenak, bai eta mugek zeharkatzen dituzten lurren jabeak ere.

3. Mugaketa egiterakoan, lehen egin izandako eta ukitutako udalek espreski onartutako mugaketen agiriak erabiliko dira, eta halakorik ez bada gaiari buruz dauden agiriak eta aurkez daitezkeen frogak.

21. artikulua. Mugaketaren akta.

1. Mugaketaren akta egingo da. Aktan, hartutako erabakia jasoko da halakorik bada, bai eta izan diren adostasun ezak eta gorabeherak ere.

2. Mugaketaren akta udalerrietako idazkari batek egingo du.

3. Aktaren eta aktari erantsitako agiri kartografiko guztien ale bana egingo da mugaketan parte hartu duten udalentzako eta beste bi Foru Aldundiarentzako. Ale bakoitza mugaketan parte hartu duten guztiek sinatu behar dute eta ordezkari guztiei egintza berean eman behar zaie.

22. artikulua. Mugaketa onartzea.

1. Mugaketaren akta, agiri osagarri guztiak berarekin dituela, mugaketak ukitutako udalen batzarrera eramango da hilabeteko epean, batzarrak onar dezan.

2. Udal guztietan aktan proposatzen den mugaketaren aldeko erabakia hartzen bada, Foru Aldundiak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko du.

3. Udalen batek proposatu den mugaketa onartzen ez badu, hartzen duen erabakian auzia eta adostasun eza zein puntutan den adieraziko du. Gipuzkoako Foru Aldundiak, erabakia hartzen duenetik bi hilabeteko epean, mugaketa ebatziko du, eta ondoren Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta dagokien udalerrien mapetan jasoko du.

4. Hartutako erabakiaren jakinarazpena Euskadiko Autonomi Elkarteko eta Estatuko administrazioei bidaliko zaie.

23. artikulua. Mugarriztatzea.

1. Behin mugaketa finkatua egotean, foru arau honen 18. artikuluan aipatzen diren batzordeek mugarriak jarriko dituzte, udalerrietako mugen adierazgarri.

2. Udalei dagokie jartzen diren mugarriak artatzea eta zaintzea, bai eta desagertzen direnean berehala berriz jartzea ere.

III IDAZPURUA
UDALERRIA BAINO LURRALDE EREMU TXIKIAGOKO ERAKUNDEAK

I ATALBURUA
ZER DIREN ETA BEHARKIZUNAK

24. artikulua. Zer diren.

Bananduta dauden biztanle guneak era deszentralizatuan administratzeko udalerria baino lurralde eremu txikiagoko erakundeak eratu ahal izango dira, duten usadiozko izenarekin edo, bestela, udalezpeko erakunde izena emanda.

25. artikulua. Beharkizunak

1. Aurreko artikuluan aipatutako biztanle gune bananduek, udalerriaren barruan ezaugarri bereziak dituztenek, udalez peko erakundeak eratu ahal izango dituzte:

  • a) Udal barrutiaren aldaketaren ondorioz, biztanle gune hori beste udalerri batekoa izatera pasatzen denean.
  • b) Beharrezkoa egiten duten geografia, historia, gizarte, ekonomia edo administrazioko arrazoiak gertatzen direnean.

2. Udalez peko erakundea eratu ahal izateko, horietaz gainera honako beharkizun hauek bete beharko dira:

  • a) Eskubidezko bostehun biztanle baino gehiago izatea.
  • b) Erakundea eratzeak bertako auzotarrei ematen zaizkien zerbitzuen kalitatea ez eragoztea.
  • c) Erakundeak berezkoak dituen xedeak betetzeko behar dituen baliabideak edukitzea.

3. Aurreko beharkizun horiek bete ahal izateko, udalerri bereko biztanle guneek elkartu ahal izango dute baina beren artean lurralde etengabetasuna baldin bada.

II ATALBURUA
PROZEDURA

26. artikulua. Ekimena.

Udalez peko erakundeak eratzeko ekimena martxan jarri dezakete:

  • a) Erakundearen oinarria izan behar duen lurraldeko auzotar egoiliarrek, lurraldeari zegokion azkenengo hautesle erroldan zeuden guztien ehuneko berrogeita hamar, gutxienez, baldin badira. Ekimena martxan jartzeko batzorde sustatzailea eratuko dute auzotarrek.
  • b) Udalak, egitatezko udalkide kopuruaren bi herenen eta, beti ere, legezko udalkide kopuruaren gehiengo absolutuak aldeko botoa ematen badu.

27. artikulua. Auzotarren ekimena

1. Ekimena auzotarrena denean eskaera aurkeztu behar dute udal erregistroan. Eskaerarekin batera azalpen memoria bat aurkeztu behar dute, 25.1. artikuluan aipatzen diren arrazoietatik bat gutxienez zuritzen duena.

2. Eskaerari erantsiko zaizkio auzotarren sinadurak, udal idazkariaren aurrean formalizatuak edota notarioak protokolizatuak, aurreko artikuluan aipatutako batzorde sustatzailea nork osatzen duen adierazita.

28. artikulua. Agiriak.

Behin ekimena hartuta, udalak edo auzotarrek horretarako izendatutako batzorde sustatzaileak erakunde berria eratzea komeni den zehazteko azterketa egingo du. Azterketan honako hauek zuritu behar dira:

  • a) Biztanle gune banandua dagoela eta lurraldea mugaturik duela.
  • b) Interes bereziak edo ezberdinak dituela.
  • c) Interes horien kudeaketa deszentralizatuak auzotarrei ekarriko dizkien onurak.
  • d) Udalez peko erakundeak izango dituen eskumenak.
  • e) Hala jasotzen bada, erakundearen aurrekontua hornituko duen zuzkidura ekonomikoa, udalak bere aurrekontuan xedatu beharko duena, zehazteko formula.
  • f) Ondare banaketa.
  • g) Bere gain hartuko dituen zerbitzuak emateko bideragarritasun ekonomikoa.
  • h) Udalerriaren interes orokorrentzako kalterik eza.

29. artikulua. Tramitazioa.

Behin ekimena martxan jarrita, gauzatu beharreko prozeduran ondorengo urratsak eman behar dira:

  • a) Udalaren hasierako erabakia, egitatezko kopuruaren bi herenen eta, beti ere, legezko kopuruaren gehiengo absolutuaren aldeko botoarekin hartua. Erabaki hori ez da beharrezkoa izango ekimena udalena beraiena bada.
  • b) Formalizatutako espedientea jendaurrean erakutsiko da gutxienez hogeita hamar egunez, udaletxeko iragarki taulan iragarkiak jarrita, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta, gutxienez, udalerri horretan edo horietan zabalkunderik handienekoak diren egunkarietako batean argitaratuz.
  • c) Jendaurreko erakustaldia amaitu ondoren, udalak ostera erabakia hartu beharko du, hasierako erabakirako eskatutako gehiengo berarekin. Erabaki horretan, erakunde berria eratzea bidezkoa den ala ez eta aurkeztutako erreklamazioak ebatziko ditu. Erabaki hori jendaurreko erakustaldia amaitzen denetik hiru hilabeteko epean hartu behar du. Epe hori amaitzerako al batzarrak erabakirik hartu ez badu, erakundea eratzearen aldekoa dela ulertuko da.
  • d) Aurreko erabakia hartutakoan, Udalez peko Erakundearen oinarri izan behar duen lurraldeko hautesleen iritzi ezloteslea jasoko du Udalak kontsulta zuzenaren edo beste motaren batekoaren bitartez.
  • e) Espedientea, foru arau honen 28. artikuluan aipatzen diren agiriek osatua, tramitatzea burutu ondoren Foru Aldundira bidaliko da Foru Dekretuz ebatzia izan dadin.

30. artikulua. Udalez azpiko erakundea sortzeko foru dekretua.

Udalez azpiko erakundea sortzeko foru dekretuak espreski ebatzi beharko ditu erakundearen lurraldea, ondare banaketa, Auzo Batzarreko kide kopurua, hartutako berezko eskumenak eta, kasua bada, aurrekontu zuzkidurak.

31. artikulua. Jakinaraztea, erroldaratzea eta batzorde kudeatzailea.

1. Foru dekretua argitaratu ondoren, Gipuzkoako Udal Erakundeen Foru Erroldan jasoko da eta udalerri interesatuari jakinaraziko zaio, bai eta Autonomi Elkarteko eta Estatuko administrazioei ere.

2. Udalez peko erakundea eratzen denetik hurrengo udal hauteskundeetara bitartean, batzorde kudeatzaile batek zuzenduko du erakunde berria. Batzordekideak Foru Aldundiak izendatuko ditu hauteskundeetako arautegi erabilgarrian xedatutakoaren arabera.

32. artikulua. Udalez azpiko erakundeak aldatzea eta ezabatzea.

Udalez azpiko erakundeak, foru arau honen 26. Artikuluan aipatzen diren pertsonen edo erakundeen ekimenez aldatu edo ezabatu ahal izango dira.

Udalez azpiko erakundeak aldatzeko nahiz ezabatzeko, eraketarako ezarritako prozedura bera segituko da.

33. artikulua. Debekuak.

1. Udaletxea dagoen lurralde gunea ezin izango da udalez peko erakunde bihurtu.

2. Udalez peko erakunde batek ezin izango du bi udalerri edo gehiagokoa izan.

IV IDAZPURUA
UDALEN ETA UDALEZ PEKO ERAKUNDEEN IZENA, ARMARRIA, BANDERA, IZENDAPEN BEREIZGARRIAK HERRIBURUA

I ATALBURUA
IZENA

34. artikulua. Izena.

Gipuzkoako udalen izen ofiziala, foru arau hau indarrean sartzen denean halakotzat aitortua dutena da, eta aurrerantzean halaxe jasoko da aldiro-aldiro Foru Aldundiak onartu eta argitaratuko duen zerrendan.

Eratzen diren udalez peko erakundeen izena, erakundea sortzeko kasuan kasu onartuko den foru arauan jasotakoa izango da.

35. artikulua. Izena aldatzea.

Udal baten edo udalez peko erakunde baten izena foru arau honetan ezarritako prozedura segituz bakarrik aldatu ahal izango da, beti ere euskararen erabilera eta normalkuntzari buruzko legeriak gaiaren gainean xedatzen duena betez.

36. artikulua. Prozedura.

Udal baten edo udalez peko erakunde baten izena aldatzeko honako urrats hauek eman behar dira:

  • a) Aldatzeko prozedura udal batzarrak, egitatezko udalkideen kopuruaren bi herenen eta, beti ere, legezko kopuruaren gehiengo absolutuaren aldeko botoarekin, edota Auzo Batzarrak hartutako erabakiz hasiko da.
  • b) Espedientea jendaurrean erakutsiko da gutxienez hogeita hamar laneguneko epean, iragarkiak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta herri horretan zabalkunderik handienetakoa duten egunkarietako batean gutxienez argitaratuz. Udalez peko erakundeak direnean, horiek dauden barrutiko udalari entzuna izateko aukera emango zaio aldi berean.
  • c) Euskaltzaindiaren txostena. Gehienez hirurogei laneguneko epean eman beharko du. Bestela, aldeko irizpena eman duela ulertuko da.
  • d) Udal batzarraren erabakia, a) letran aipatutako gehiengoak hartua, edo, kasua bada, Auzo Batzarrarena, proposamena onartzen edo ezesten duena.
  • e) Espedientea Foru Aldundira bidaltzea onar dezan. Aldundiaren erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta gaiak ukitzen dituen herri erakundeei jakinaraziko zaie.
  • f) Gipuzkoako Udal Erakundeen Foru Erroldan jasotzea eta jakinarazpena Autonomi Elkarteko eta Estatuko administrazioetara bidaltzea.

II ATALBURUA
ARMARRIA, BANDERA ETA IZENDAPEN BEREIZGARRIAK

37. artikulua. Armarria eta bandera.

Udalen eta udalez peko erakundeen armarriak eta banderak erabakitzeko, eta Foru Arau hau indarrean jartzen denean erabakiak daudenak aldatzeko, udal batzarraren erabakia behar aldatzeko, udal batzarraren erabakia behar da, edo hala dagokionean Auzo Batzarrarena, aldaketaren aldeko arrazoi historiko edo heraldikoak espedientean argi eta garbi frogatu behar direlarik. Nolanahi ere, hala behar denetan udalez peko erakundea den udalerriari entzuna izateko aukera bermatuko zaio.

Behin-betiko ebazpena Foru Aldundiari dagokio. Ebazpen horrek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharra eta Gipuzkoako Udal Erakundeen Foru Erroldan jaso beharra adieraziko ditu.

38. artikulua. Izendapen bereizgarriak.

Gipuzkoako udalek eta udalez peko erakundeek Foru Arau hau indarrean jartzen den unean dituzten izendapen eta ohoreak gordeko dituzte.

Hiribildu edo hiri izendapen ohorezkoak egiteko aurrez administrazio espedientea tramitatu beharra dago, bertan jasoko direlarik gai horren gaineko txosten historikoa, jendaurreko erakustaldia, udal batzarraren aldeko erabakia eta Gipuzkoako Batzar Nagusien onarpena, Foru Aldundiaren proposamenez emana.

III ATALBURUA
HERRIBURUA

39. artikulua. Zer den.

Herriburua udaletxearen egoitza kokatua dagoen hiriguneari esaten zaio.

40. artikulua. Herriburua aldatzea.

Herriburua aldatu egin daiteke interes orokorreko arrazoiez, egoera hauetan guztietan:

  • a) Herriburu den hiriguneak nagusitasuna galdu edo desagertu egiten denean.
  • b) Biztanle gehiago direnean.
  • c) Aukeratutako hiriguneak izaera historikoa duenean.
  • d) Komunikabide errazagoak direnean.
  • e) Udalerrian bizi direnei aldaketak hobekuntza nabarmenak ekartzen dizkienean.

41. artikulua. Prozedura.

Herriburua aldatzeko prozedura jarraibide honi lotuko zaio:

  • a) Espedienteari ekiteko udalak hartutako erabakia, egitatezko udalkide kopuruaren bi herenen eta, beti ere, legezko kopuruaren gehiengo absolutuaren aldeko botoarekin hartua.
  • b) Jendaurreko erakusketa hilabeteko epean, erreklamazio edo oharpenak jasotzeko, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta iragarki taulan argitaratutako iragarkien bidez.
  • c) U dal Batzarraren erabakia, hala egokituko balitz, a) letran adierazitako gehiengoaz.

Horrela tramitatutako espediente arrazoitua Foru Aldundiari bidaliko zaio hark behin-betiko ebazpena eman dezan.

V IDAZPURUA
GIPUZKOAKO UDAL ERAKUNDEEN FORU ERROLDA

42. artikulua. Errolda sortzea.

Gipuzkoako Udal Erakundeen Foru Errolda sortzen da, izaera publikoduna, non erroldatuko baitira Herrialde Historikoko udal erakunde guztiak. Udal barrutietan eskumena duen Foru Aldundiko organoak zuzendu, kudeatu eta gordeko du errolda hori.

43. artikulua. Gipuzkoako Udalerrien Mapa.

Foru arau honetan xedatutakoa betez, udal barrutietan eskumena duen Foru Aldundiko organoak Gipuzkoako Udalerrien Mapa izenekoa egin, berrikusi eta aldatuko du.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

Foru arau hau indarrean jartzen denean badauden izaera historikoko udalez peko erakundeek beren ohiko izena gordeko dute.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Aldaketaren ondorioz sortutako udal korporazioek dagozkien ordenantza fiskalak eta prezio publikoak onartu artean, aldaketa horrek eragiten dieten lurraldeetan lehen indarrean zeudenak aplikatuko dira.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

LEHEN XEDAPEN IRAGANKORRA

Foru arau hau indarrean sartzen denean tramitatzen ari diren mugaketako espedienteak arau honen arabera izapidetuko dira.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Herritarren iritzia kontuan izan gabe hirurogeiko hamarkadan elkartu ziren udalerriek berriro banatu nahi badute, eta elkartu baino lehen zituzten ezaugarri historikoak berreskuratu, aurreko araudia erabiliko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indar gabe gelditzen dira foru arau honen aurkako diren arau eta xedapen guztiak, edo bertan xedatutakoarekin kontraesana dutenak.

AMAIERAKO XEDAPENAK

AMAIERAKO LEHEN XEDAPENA

Baimena ematen zaio Gipuzkoako Foru Aldundiari foru arau hau garatzeko eta betetzeko behar diren Xedapenak eman ditzan.

AMAIERAKO BIGARREN XEDAPENA

Foru arau hau argitaratu eta hamabost hilabeteko epean, Gipuzkoako Foru Aldundiak herrialde honetako udalez gaineko erakundeak arautzeko foru arau proiektu bat aurkeztuko die Gipuzkoako Batzar Nagusiei.

AMAIERAKO HIRUGARREN XEDAPENA

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean foru arau hau.