Apirilaren 22ko 13/1986 FORU DEKRETUA, Gipuzkoan ospatzen diren Ganadu Lehiaketen Arautegia onartzen duena.

Iraupen bertsioak

   Imprimatu

Apirilaren 22ko 13/1986 FORU DEKRETUA, Gipuzkoan ospatzen diren Ganadu Lehiaketen Arautegia onartzen duena.

BOG 8 Maiatza 1986

Gipuzkoako Foru Diputazio Txit Argiaren babesean eta mende honen hasieratik Eskualdeko Ganadu Lehiaketak bultzatu izan dira, probintzian artean hasia berria zen ganadutza sustatzeko asmoz. Zalantzarik gabe garai batean guztiz positiboa zen helburu hori bete zuen eta bere erresultaduak ere eman zituen.

Diputazio honetako Abelzantza Zerbitzuan mende hasierako dokumentazio grafikoa dago eta horrek egiaztatzen du garai hartan Lehiaketek zuten garrantzia eta gure haziendaren kalitatea arraza pirenaikoan batez ere, bertako egiazko arraza.

Azken urteotan hasieran markatutako helburua okertzen hasi da, Lehiaketa kopurua neurriz gainetik gehituz, normalean aurkeztutako ganadu kalitatearen kalterako eta zenbait kasutan folklore itxura nabarmenarekin.

Lehiaketak benetazko helbururako birbideratzeko asmoz Diputazio honek parte hartuko duen ganadu lehiaketak erregulatu nahi ditu, horretarako Udalen eta Nekazari Elkarteen laguntza izango duela espero du, markatutako helburua izanik nekazariei erakustea ganadua mota edo morfologiaren arabera aukeratzen beren abere taldeen akatsak zuzentzen joateko, behi produktiboagoa, sendoagoa, tamaina eta altuera haundiagokoa, hitz batean errentagarriagoa lortzearren.

Xede horrekin Lehiaketek ikastetxe gisa balioko dute kalitatea haunditzen benetan interesaturik dauden nekazari guztientzat, kalitate hori hain bait da beharrezkoa Europako Ekonomi Elkartean sartzeak sektoreari ekar diezaizkion zailtasunak arintzeko.

Hori dela eta, Nekazaritza eta Arrantzuko Foru Diputatuaren proposamenez, Diputatuen Kontseiluak data bereko bileran aldez aurretik hartutako erabakiaren arabera

ERABAKITZEN DUT:

Artikulu bakarra

Gipuzkoako Lurralde Historikoko ganadu lehiaketetarako erantsirik doan Erregelamendua onartu egiten da, zeinak Foru Diputazio honek parte hartuko duen lehiaketetarako indarra izango bait du.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu hau Gipuzkoako ALDIZKARI OFIZIALEAN argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.

GIPUZKOAKO LURRALDEKO GANADU LEHIAKETETARAKO ERREGELAMIENDUA

1 Artikulua

Gipuzkoako Foru Diputazio Txit Argiak baimendurik eta hala eskatzen duten Udalek antolaturik, Nekazari Elkarteen, Aurrezki Kutxa Probintzialaren eta Nekazal Ganbararen laguntzaz Eskualdeko Ganadu Lehiaketak egingo dira, eta urtero Gipuzkoako Lurralde Historikoko Lehiaketa, Foru Diputazio Txit Argiak antolaturik.

2 Artikulua

Lehiaketekin lortu nahi diren helburuak honako hauek dira:

  • a) Parte hartzen duten arrazen egoera orokorra agerian jartzea.
  • b) Nekazariarentzat pizgarri eta orientabidetzat balio izatea hautazko ganadua hazi dezan.

3 Artikulua

1. Eskualdeko Lehiaketetarako Segimendu Batzorde bat eratuko da, honela osaturik:

  • Gipuzkoako Foru Diputazioko 2 ordezkari.
  • Udaletako 2 ordezkari.
  • Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialeko ordezkari 1.
  • Legalki eratutako Behi Ganaduaren Elkarteetako ordezkari 1.
  • Nekazaritza eta Arrantzu Departamentuko Foru Diputatu titularrak Batzorde horretako Lehendakaria hautatuko du.
  • Karguen iraupena 3 urtetakoa izango da.

2. Batzorde horrek ondorengo eginkizunak beteko ditu:

  • a) Ganadu lehiaketak egiten direneko herrien zerrenda eskualdeka proposatzea eta interesaturiko berriak sartzeari baiezkoa edo azezkoa ematea.
  • b) Eskualdeko lehiaketak egiteko herrien txandak proposatzea haien artean bat etortzen ez badira.
  • c) Sarien eta dieten zenbatekoa ezartzea, Entitate laguntzaileen aurrekontuzko ahalbideen arabera.
  • d) Erregelamendua betetzen dela zaintzea eta bertan egoki erizten diren aldaketak proposatzea.

4 Artikulua

1. Lehiaketa bakoitzeko egitekoak antolatzea eta Erregelamendua aplikatzea Ganadu Lehiaketa Batzordearen esku egongo da, honela osatuko delarik:

  • Udal antolatzeileko ordezkari bat.
  • Diputazioko Teknikari bat.
  • Espezie bakoitzeko Elkarteetako ordezkari bat.

2. Honako eginkizun hauek beteko ditu:

  • a) Lehiaketa egingo den alderdia egokitzea eta behar den pertsonal laguntzailea jartzea.
  • b) Abelburu guztien kopurua parte hartuko duten arrazen arabera banatzea.
  • c) Beharrezko guztia antolatzea ganaduaren izen emate, onarpen eta parte hartzerako.
  • d) Kalifikazio epaimahaikoen iharduketak programatzea.
  • e) Erakusleei beharrezko instrukzioen berri ematea.
  • f) Erregelamendu honetan agindutako guztia betetzen dela zaintzea eta aurkez litezkeen gora beherak konpontzea.

5 Artikulua

1. Ganadu Onarpenerako Batzordea honela osatuko da:

  • Dagokion Udaleko albaitari titularra.
  • Foru Diputazioko Teknikari bat.
  • Elkarte desberdinetako ordezkari bat.

2. Honako eginkizunak izango ditu:

  • a) Aurkeztutako abelburuen gaitasun fisikoa eta morfologikoa ikuskatzea.
  • b) Eskatutako dokumentazioa kontratatzea.
  • c) Zehazten den derrigorrezko osasun agiriak aztertu eta ikuskatzea.
  • d) Izen emandako animalien zerrenda egitea, sekzioka sailkatuz, erregelamenduak ezartzen duenarekin bat.

6 Artikulua

1. Kalifikazio epaimahaiburua bakarra izango da gaitasun bakoitzerako: Esnea eta Haragia, eta bere hautapena Ganadu Batzordearen esku egongo da, Foru Diputazioko Nekazaritza Departamentuak aldez aurretik onarturik.

2. Kalifikazio epaimahaiburuari Ganadu Batzordeak izendaturiko pertsonek lagunduko diote lehiaketan parte hartuko duen ganaduaren zerrendak emateko, une bakoitzean kalifikatu beharreko sekzioen eraketa prestatzeko eta epaimahaiburuari eskatzen duen informazio guztiaren berri emateko, ez besterako.

3. Epaimahaiburuaren erabakiak apelaezinak izango dira.

7 Artikulua

Abelburuen aldez aurreko hautaketan parte hartuko duten arrazen Ganadu Elkarte bakoitzeko bi ordezkarik burutuko dute.

Bost abelburutara mugatzen da orientabideko kopuru gisa nekazari bakoitzeko sekzio guztietarako. Kopuru hori zazpira gehitu daiteke Hautaketa Batzordeari hala baderitzo, gainerako eskatzaileetan eskatutako kalitate maila lortzen ez bada. Abelburuek arrazari dagokion errejistro genealogikoan izen emanda egon beharko dute eta Euskadiko Komunitate Autonomoan edo Nafarroan jaioak izan, Elkarte desberdinen kontrolpean dagoelarik abelburuaren jabetza gutxienez Lehiaketa egin aurretiko 6 hilabetez. Atzerritik nahiz Estatuko gainerakotik inportaturiko arrazak ere erakutsi daitezke Ganadu Batzordeari hala baderitzo.

8 Artikulua

Lehiaketetan honako hauek parte har dezakete:

  • a) Ezarrita dauden Arrazetarako Liburu Genealogikoan izen emandako ganadu ustiapenek.
  • b) Hibridazio programetako azken produktuek baldin eta Nekazaritza Ministraritzak eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Departamentuak ezarritako baldintzak betetzen dituztela frogatzen badute.
  • c) Arraza autoktonoetako animaliek eta efektibo testimonial hutsezko animaliek biltzeko aukera izango dute baldin eta arrazaren garbitasuna frogatzen-badute eta Onarpen Batzordearen eritziarekin bat badatoz.

Arraza garbiko abere guztiek Euskal Komunitateei dagozkien arraza eta espezietako Liburu Genealogiko edo Errejistro ofizialetan izen emanda daudela frogatu beharko dute.

9 Artikulua

Ferialekuan ganadua hartzea goizeko 8,30 baino lehen egingo da. Ganadua barrutian sartu aurretik gidariek beharrezko baimena eskatu beharko dute Hartze Zerbitzuan, zeinak sartzeko ordena eta barrutiko kokapena ezarriko bait ditu eta abeltzain direnekotzat egiaztatuko.

10 Artikulua

Erakusleak edo personal laguntzaileak deskargatu eta eramango ditu animaliak, haiei beharrezko baliabideak emango zaizkielarik.

11 Artikulua

Lehiaketa antolatzeko Udalek antolatzaileen eskutan zona, instalazioak eta beharrezko pertsonal laguntzailea utziko ditu, ganadua ahalik eta erosoen egon dadin saiatuz, zona okupatzeagatik edo inskripzioengatik parte hartzaileek ezer ordaindu beharrik ez dutelarik.

12 Artikulua

Ganadu Batzorde aholkulariak espezie eta arrazen arabera horretarako jartzen duen lekuan kokatuko da ganadua.

13 Artikulua

Ganadua barrutian egongo da erakusketak dirauen denbora guztian eta emandako sariak hartzeko egiten den desfilera joango da.

14 Artikulua

Eskualdeko Lehiaketetan animalien desplazamendu, zaintza eta begiraketa gastuak nekazari erakuslearen konturakoak izango dira. Lurralde Historikoko Lehiaketan desplazamendu gastuak Foru Diputazio Txit Argiaren konturakoak izango dira.

15 Artikulua

Lehiaketa hauek morfologikoak izango dira, bertan bereziki arraza bakoitzaren ezaugarri propioak eta erabiltzen direneko ekonomiaren zeinu bereziak baloratuko direlarik. Ganadu Batzordeari egoki baderitzo esne eta haragi produzitzaile haundien erakustaldi bat ere egin daiteke.

16 Artikulua

Hurrengo osasun baldintzak eskatuko dira:

  • 1. Orokorrak:
    • a) Jatorri eta osasun gida eramatea.
    • b) Karga aurretik desinfektaturiko ibilgailu batean garraiatua izatea.
    • c) Saneaturiko ikuiluetatik etortzea.
  • 2. Bereziak:
    • a) Sukar aftosoaren aurkako txertoa hartuta izandako ziurtagiria erakusketa egunaren aurretik indarrean dauden osasun arauekin bat.
    • b) Indarrean dagoen osasun txartelaren ziurtagiria edo horren ezean azken 30 egunen barruan indarrean dagoen ganadu saneamenduko proba diagnostikoei erresultadu negatiboa eman izandako ziurtagiria.
    • c) Bi urtez beherako emeetan sei hilabetetako adinaren aurretik bruzeiosisen aurka B-19 txertoa hartu izandako ziurtagiria edo hori ez hartzeko baimena izatea.
    • d) Ziurtagiriak Diputazioko Nekazaritza Departamentuko Abeltzantza Zerbitzuak zabaldu edo bisatuko ditu.

17 Artikulua

Lehiaketetako aurrekontu totalak honela finantziatuko dira:

  • 1. Gipuzkoako Lurralde Historikoko Lehiaketa Foru Diputazio Txit Agurgarriak eta Gipuzkoako Aurrezki Kutxak, erakunde biek aldez aurretik ezarritako proportziotan.
  • 2. Eskualdeko Lehiaketak, antolatzen duen Udalak, Foru Diputazio Txit Agurgarriak eta Gipuzkoako Aurrezki Kutxak parte berdinetan.

18 Artikulua

Lehiaketa guztietan aseguro poliza bat egingo da animaliek ferialekuan dauden bitartean izan ditzaketen istripu arriskuei aurre egiteko. Eskualdeko Lehiaketan, aseguruaren finantziaketa antolatzaileen kontura ordainduko da. Lurralde Historikoko Lehiaketan Foru Diputazioak ordainduko du oso osorik.

19 Artikulua

Lurralde Historikoko Lehiaketa ondoko sailetan banatuko da:

  • 1. Arraza Frisoia, emeak:
    • a) 12-18 hilabete. Bigai gazteak.
    • b) 18-30 hilabete. Bigai helduak.
    • c) 24-36 hilabete. Behi gazteak, esnedunak.
    • d) 3-5 urte. Behi esnedunak.
    • e) 5 urte baino gehiago. Behi esnedunak.
    • f) 3 urte baino gehiago. Behi idorrak.

    Sail bakoitzeko gutxienezko animalia kopurua bostekoa izango da, arrak ez dira ez azalduko ez lehiaketan sartuko.

  • 2. Arraza pirenaikoa, emeak:
    • a) 1-2,5 urte (erditu gabeko bigaiak).
    • b) 2-4,5 urte. Behi gazteak.
    • c) 4,5 urte baino gehiago. Behi helduak.

    Sail bakoitzeko gutxienezko animalia kopurua lautakoa izango da. Arrak ez dira lehiaketan sartuko baina erakutsi daitezke, ezarritako dieta kobratuz.

  • 3. Alpetako arraza nabarra (Suiza), emeak:
    • a) 1,5-2,5 urte. Erditu gabeko bigaiak.
    • b) 2-4,5 urte. Behi gazte esnedunak.
    • c) 4,5 urte baino gehiago. Behi heldu esnedunak.
    • d) 3 urte baino gehiago. Behi idorrak.

    Sail bakoitzeko gutxienezko animalia kopurua lautakoa izango da. Arrak ez dira lehiaketan sartuko, baina erakutsi ahal izanago dira ezarritako dieta kobratuz.

    Gaur egun eta Lurralde Historikoko zentsuan gero eta gehiago agertzen direlako, Akitaniako Blonda arrazak eta Limousin arrazak ere lehiaketan parte hartu ahal izango dute. Nolanahi ere Abelzantza Komiteak arraza hauetako sailak mugatuko ditu.

20 Artikulua

Eskualdeko Lehiaketak hurrengo sail hauek izango dituzte:

  • 1. Arraza Frisoia, emeak:
    • a) 18-30 hilabete (erditu gabe).
    • b) 24-36 hilabete (erditze bat edo gehiago), esnedunak.
    • c) 3-5 urte esnedunak.
    • d) 5 urte baino gehiago, esnedunak.

    Sail bakoitzeko gutxienezko animalia kopurua lautakoa izango da, arrak ez dira ez erakutsiko ez lehiaketan sartuko.

  • 2. Arraza pirenaikoa, emeak:
    • a) 1,5-2,5 urte (erditu gabeko bigaiak).
    • b) 2-4,5 urte behi gazteak.
    • c) 4,5 urte baino gehiago. Behi helduak. Sail bakoitzeko gutxienezko animalia kopurua lautakoa izango da. Arrak ez dira lehiaketan sartuko baina erakusketan aurkeztu ahal izango dira ezarritako dieta kobratuz.
  • 3. Piriniotako arraza nabarra, Suiza, emeak:
    • a) 1,5-2,5 (erditu gabeko bigaiak).
    • b) 2-4,5 urte (behi gazteak).
    • c) 4,5 urte baino gehiago, behi helduak.

    Sail bakoitzeko gutxienezko animalia kopurua lautakoa izango da. Arrak erakusketan bakarrik agertu ahal izango dira, ezarritako dieta kobratuz.

  • 4. Okelarako bestelako arrazak:

    Sailetako partipazioa eta banaketa, Onarpenerako Batzordearen txostenaren araberakoa izango da.

    Arrazen araberako animalia kopuruaren banaketa Abelzantza Batzordearen konpetentzia izango da eta banatzeko oinarrizko erizpide gisa erabiliko da arraza bakoitzak eskualdean duen garrantzi ekonomikoa.

21 Artikulua

Hurrengo sari hauek ezartzen dira lehiaketetarako:

  • 1. Lurralde Historikoko Lehiaketa:

    Parte hartzen duten arraza bakoitzaren sail bakoitzerako:

    • a) Lehenari, trofeoa eta saria dirutan.
    • b) Bigarrenari, trofeoa eta saria dirutan. Saria lortzen ez duten parte hartzaileek dieta bat hartuko dute dirutan eta garraio gastuak antolatzaileen kargura izango dira.
  • 2. Eskualdeko Lehiaketak: Parte hartzen duten arraza bakoitzaren sail bakoitzerako:
    • a) Lehenari, trofeoa eta saria dirutan.
    • b) Bigarrenari, saria dirutan. Saririk lortzen ez duten partehartzaileek dieta bat hartuko dute dirutan.

22 Artikulua

Lehiaketetan sari bereziak egon daitezke Abeltzantza Batzordeak egoki baderitzo: errape hoberenarentzako saria, txapeldun handia, esne emailerik hoberena, etab.

Esne emailerik hoberenentzat sari berezia ezarri ahal izango da ezarritako esne kontrolaren arabera urte horretan bukatutako probetan produkziorik handiena lortu duen behiarentzat. Baldintzak hurrengo hauek izango dira:

  • a) Ustiapenean jaiotakoa izatea.
  • b) Lehiaketan egotea.
  • c) Bere esne diagrama erakustea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa

Erreglamendu honen ondorioetarako, Gipuzkoako Lurralde Historikoa jarraiko sei eskualdetan banatuko da:

  • Deba Garaia.
  • Deba Behea.
  • Urola Garaia.
  • Urola Kostaldea.
  • Goierri.
  • Beterri-Tolosa

Horietako bakoitzean lehiaketa bakarra egingo da urte bakoitzean.

Arrantzu eta Nekazaritza Departamentuko Diputatu titularraren Foru Aginduaren bidez, eskualde bakoitzean sartzen diren udalak zehaztuko dira eta lehiaketak ospatuko diren udalerriak ere zehaztuko dira urtero.

Bigarrena

1986ko abenduaren 26ko osoko bilkuran onartu ziren Abeltzantza Lehiaketa lokalak antolatzeko Oinarriak derogaturik geratzen dira.