Maiatzaren 9ko 29/1989 FORU DEKRETUA, Iharduera Nekagarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuen espedienteen gainean kalifikatu eta neurri zuzentzaileak ezartzeko eginkizunak Udalen esku uzteari buruzkoa.

Iraupen bertsioak

   Imprimatu

Maiatzaren 9ko 29/1989 FORU DEKRETUA, Iharduera Nekagarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuen espedienteen gainean kalifikatu eta neurri zuzentzaileak ezartzeko eginkizunak Udalen esku uzteari buruzkoa.

BOG 26 Maiatza 1989

Komunitate Autonomoko Erakunde Amankomunen eta bertako Lurralde Historikoetako Foru Organoen arteko Harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/83 Legeak bere 7.c).6 artikuluan adierazten duenez zoru urbanizagarri egoitzazkoan ezar daitezkeen Iharduera Nekagarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuei edota zoru horretan ezarri gabe, izatez, bertan koka litezkeen beste guztiei dagokienean kalifikatu, neurri zuzentzaileak ezarri, ikuskatu eta zigortzeko ahalmenen alorrean Foru Organoen esku dago bere lurraldearen barruan Erakunde Amankomunetako legeria beteraztea.

Martxoaren 5eko 29/1985 Foru Dekretuak Eusko Jaurlaritza-Gipuzkoako Lurralde Historikoaren arteko Transferentzietarako Bitariko Batzordearen erabakia onartu zuen, zeinaren bidez aipatutako eskumenei atxikiriko zerbitzuak eskualdatzen bait ziren, Gipuzkoako Foru Diputazioak alor horretan eskualdatutako eginkizunak bere gain hartuz.

Aintzinatik iharduera industrial, manufakturera eta aisiarenak ere arautzea udalen esku egon izan da. Horrela, bada, Kode Zibileko 590. artikuluak estatuaren ardurarik eza agertarazten zuen antzematen hasiak ziren arazo batzuen aurrean. Aipatutako Kode Zibileko artikulua idatzi zenetik gaur arte dauden aldeak, nola denborazkoak hala aurrerapen teknikozkoak, alor horri buruz egun indarrean dagoen arautegi orokorra 1961eko azaroaren 30eko Iharduera Nekagarri, osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuei buruzko Erregelamenduaz osaturik dago eta testu horrek berekin dakar udalaz gaindiko partehartze garrantzizko bat.

Hala eta guztiz ere, Udal askok bereganatu duen jestio ahalmenak bidea ematen die iharduera batzuetan, alegia, ez arrazoi ekonomiko, sozial eta/edo ingurugiroaren eraginatik udalerriaren esparrua gainditzen ez dutenetan, Iharduera Nekagarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuei buruzko Erregelamendua zuzen aplika dezaten.

Lurralde Historikoetako Legeak goian aipatutako 7.c).6 artikuluan Iharduera Nekagarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuen alorrean Komunitate Autonomoko Erakunde Amankomunetako legeria beterazteko eskumenak Lurralde Historikoetako Erakundeei ez besteri ematen dizkienez, pertsonal eta bitarteko tekniko egokiak dituzten Udalek zoru urbano egoitzazkoan kokatu beharreko ihardueren gainean kalifikatu eta neurri zuzentzaileak ezartzeko eginkizunak burutu ahal ditzaten, Errejimen Lokaleko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 27. artikuluak ikusitako delegazioaren figura erabili beste modurik ez dago hori lortzeko.

Hori dela eta, Hirigintza, Arkitektura eta Ingurune Departamentuko Foru Diputatuaren proposamenez, Diputatuen Kontseiluak datako eguneko bileran aldez aurretik deliberaturik, hurrengoa

XEDATZEN DUT

1. Artikulua.

Gipuzkoako Foru Diputazioak, aldez aurretik Eusko Jaurlaritzari aholkua eskaturik, Gipuzkoako udalen esku utz dezake, baldin eta Foru Dekretu honetan eskatutako baldintzak betetzen badituzte eta hala eskatzen badute, beti ere, zoru urbano-egoitzazkoan ezartzen diren edota zoru horretan ezarri gabe, izatez, bertan koka daitezkeen iharduera nekagarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuen gainean kalifikatu eta neurri zuzentzaileak ezartzeko eginkizunen erabilera.

2. Artikulua.

Esku uztea, hala gertatuz gero, Eusko Jaurlaritzaren ekainaren 11ko 171/85 Dekretuak ikusten dituen iharduera guzti-guztien gainean izango da, 6. Sekziokoen gainean ezik, alegia, erradiazio ionizatzaileak jaurtikitzen dituzten iharduerei buruzkoen gainean.

Dena den, Alkateak zuritutako eskabidez Foru Diputazioak esku uztea lortu den iharduera jakin bat kalifikatu eta informatuko du.

3. Artikulua.

Kalifikatu eta neurri zuzentzaileak ezartzeko eginkizunak inoren esku utzi ahal izateko honako baldintza hauek bete beharko dira:

  • 1) Udal Batzarreak hala eskatu.
  • 2) 15.000 biztanle baino gehiago izan. Salbuespen gisa, Diputatuen Kontseiluak, delako Udalak agertzen duen interes bereziagatik eta Foru Dekretu honetan eskatutako gainerako baldintza guztiak betetzen dituela fede emanez egiaztatu behar izanik, biztanle gutxiago duten Udalen esku uztea erabaki lezake.
  • 3) Hauen jabe izan:
    • a) Gaitasun teknikoa giza baliabideei dagokienez, hau da, horretarako beharko da ihardueren izaeren arabera horiei buruz informatzeko gai diren udal teknikoak iraunkorki edukitzea.
    • b) Lizentzia mota honi loturiko industria edo ihardueren gainean ikuskapenak burutu ahal izateko frogaketa tresna zehatzak edukitzea.

4. Artikulua.

Establezimenduak zabaltzeko udal lizentziak emateko prozedura 1961eko azaroaren 30eko Iharduera Nekagarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuei buruzko Erregelamenduak eta horrekin bat datorren gainerako arautegiek ezarritakoa izango da.

Aurreko pasartean aipatutako prozedurari dagokionez, «zabaldu» hitzaren adiera zentzu zabalean ulertuko da, aldaketak eta haunditzeak ere barne sartuz, era berean «establezimendu» hitza ere iharduera orotan aritzea ulertu behar da, berez establezimendua behar duen edo ez.

Kalifikatu eta neurri zuzentzaileak ezartzeko eginkizunak esku uzten zaizkien iharduerak ezarri, zabaldu edo martxan jartzeko lizentziak ematen dituzten Udalen ebazpenen berri Foru Diputazioari eman beharko zaio haiek hartu eta sei egunetako epean.

5. Artikulua.

Foru Dekretu honek xedetzat dituen eskumenen erabilera bere esku uztea nahi duten udalek hala eskatu beharko diote Foru Diputazioari, hurrengoak adieraziz:

  • - Udaleko hiri antolaketarako plangintza.
  • - Esku utzitako ihardueren gainean behar diren txostenak, frogaketak edo ikuskapenak burutu ahal izateko jabe diren giza eta material baliapide iraunkorrak.
  • - Esku uztea eskatzeko Udal Batzarreak hartutako erabakiaren ziurtagiria.

6. Artikulua.

Gipuzkoako Foru Diputazioko Diputatuen Kontseiluak aurkeztutako esku uzte eskabideei buruzko erabakia hartuko du aldez aurretik Hirigintza, Arkitektura eta Ingurune Departamentuaren titularrak txostena eta proposamena eginik eta Foru Dekretu honetan eskatutako baldintzak egiaztaturik.

Erabaki horretan zehazki esango da esku uzte hori noraino iristen den, zer edukin, baldintza eta iraupen duen eta Foru Diputazioak beretzat gordetzen duen kontrola ere.

7. Artikulua.

Esku uzteak eragina izan dezan hala nahi duen udalak onartu egin beharko du eta ez du ekarriko, inoiz ez, baliapide pertsonal, material edo finantzieroak eskualdatzerik.

8. Artikulua.

Esku utzitako iharduera guztien gainean Gipuzkoako Foru Diputazioak indarrean dagoen legeriak ematen dizkion eskumen guztiak gordetzen ditu eta ahalmena du egokitzat jotzen dituen jarraibide eta aginduak emateko, jestioari buruzko informazioa eskatzeko eta haurtemandako okerrak zuzentzeko beharrezko errekerimenduak egiteko.

Baldin eta jarrai bideak bete ez, eskatutako informazioak ukatu edota egindako errekerimenduei jaramonik egiten ez bazaie, Foru Diputazioak esku uztea errebokatu egin dezake.

9. Artikulua.

Hirigintza, Arkitektura eta Inguruneko Foru Diputatuari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau garatu eta beterazteko beharrezkoak diren arau eta ekinbide guztiak Foru Agindu bitartez eman ditzan.