5/2005 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 25ekoa, albaitari pribatuei animalia txikientzat gaitutako albaitarien kalifikazioa emateko prozedura arautzen duena.

Iraupen bertsioak

   Imprimatu

5/2005 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 25ekoa, albaitari pribatuei animalia txikientzat gaitutako albaitarien kalifikazioa emateko prozedura arautzen duena.

BOG 3 Otsaila 2005

8/2003 Legeak, Abere Osasunarenak, 3.23 artikuluan, albaitari baimendunaren edo gaituaren figura ezartzen du.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren 101/2004 Dekretuak, ekainaren 1ekoak, Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzeari buruzko arauak ezartzen ditu, eta lege testu bakar batera biltzen ditu gaiarekin lotutako araudiak, horiek aplikatu behar dituenak ahalik eta argitasun eta ziurtasun handienarekin joka dezan.

Hala, dekretu horretako 2. artikuluak ezartzen duenez, txakurrak identifikatuta eta erroldatuta eduki behar dituzte jabeek, eta identifikazioa horretarako gaitutako albaitari pribatu batek egin beharko du, besteak beste. Artikulu bereko 3. puntuan xedatzen duenez, Foru Aldundiari eskatu beharko dio gaikuntza hori.

Beste alde batetik, 2004ko irailaren 27ko Aginduak, txakurrak, katuak eta hudoak Europako Erkidego barruan lekualdatzeko pasaportea onartu eta arau komunitariora egokitzen duenak, dioenez, txakur, katu eta hudoen pasaporte komunitarioa 2004ko ekainaren 1eko 101/2004 Dekretuan zehaztutakoaren arabera gaitutako albaitariek eman ahal izango dute.

Halaber, 2000ko irailaren 28ko Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoan animalia hozkariak zaindu eta behatzeko prozedura arautzen du.

Aldi berean, 2004ko apirilaren 27ko 38/2004 Foru Dekretuak, Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentuaren egitura organiko eta funtzionalari buruzkoak, bere eginkizunen barruan, Abeltzaintzari buruzkoak ezartzen ditu, besteak beste; beraz, Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentuari dagokio animalia txikiekin ofizialki jardun nahi duten albaitari pribatuei gaitutako albaitarien kalifikazioa emateko prozedura ezartzea.

Horregatik, Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentuko foru diputatuaren proposamenez, Diputatuen Kontseiluak gaur egindako bileran hitz egin eta onartu ondoren,

XEDATU DUT

1. artikulua. Hartzaileak.

Jardunean ari diren albaitariek animalia txikiak identifikatzeko albaitari gaituen kalifikazioa eskatzeko, ondorengo betebeharrak bete behar dituzte:

  • - Albaitaritzako lizentziatu titulua edukitzea.
  • - Albaitarien elkargo ofizialen batean kolegiatua egotea.
  • - Egunean edukitzea Zerga Administrazioarekin eta Gizarte Segurantzarekin bete beharreko obligazio guztiak eta Albaitarien Elkargo Ofizialeko kuotak.
  • - Identifikazioa egiteko tresneria egokia edukitzea; baliabide hauek gutxienez:
  • - Mikrotxipen irakurgailu bat.
  • - Ordenagailu pertsonal bat.
  • - Inprimagailu bat.
  • - Interneteko sarrera banda zabalarekin.

2. artikulua. Eskaerak aurkeztea.

Gaitzeko eskaerak egiteko foru dekretu honekin batera I. Eranskin gisa doan inprimaki eredua bete behar da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuan aurkeztu, agiri hauekin batera:

  • - Albaitaritzako lizentziatu titulua edukitzearen egiaztagiria.
  • - Albaitarien elkargo ofizialen batean kolegiatua dagoela egiaztatzen duen agiria.
  • - Zerga Administrazioarekin bete beharreko obligazio guztiak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiria.
  • - Gizarte Segurantzarekin bete beharreko obligazio guztiak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiria.
  • - Kolegiatua dagoen Albaitarien Elkargo Ofizialeko kuotak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiria.
  • - Identifikazio lana egiteko dauzkan tresnen zerrenda, eta haien ezaugarriak.
  • - Gaikuntzak berarekin dakartzan lanak -txakurren identifikazioa eta pasaporteak ematea- egiteko lekua edo lekuak.

3. artikulua. Gaikuntza.

3.1. Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentuak emango du, Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentuko diputatuaren Foru Aginduaren bitartez, animalia txikientzat gaitutako albaitarien kalifikazioa, behin egiaztatzen duenean lehen artikuluan eskatutako betebeharrak betetzen dituztela. Hori ebazteko epea hiru hilabetekoa izango da, eskaera aurkeztu eta hurrengo egunetik aurrera kontatuta. Epea amaituta berariazko ebazpenik eman ez badu, gaikuntza emanda dagoela ulertuko da.

3.2. Emandako gaikuntzak bostu urteko balioa izango du, hartzaileak hura eskuratzeko betebeharrak betetzen dituen bitartean, eta hari uko egiten ez dion edo desgaitua ez den bitartean.

3.3. Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako gaikuntzak Gipuzkoako Lurralde Historikoan jarduteko balioko du, eta gaitutako albaitariari eskumena ematen dio jarraian aipatutako zereginak egiteko, ezartzen diren protokoloei jarraituz, betiere:

  • - Txakurren identifikazio elektronikoa.
  • - Euskal Autonomia Erkidegoko Abereen Identifikazio Elektronikoaren Erregistro Orokorreko alta, baja eta datuen aldaketa agiriak ematea, txakurrei dagokienez.
  • - Txakurren Osasun Liburuxka eta Identifikazio agiria betetzea, baita ere Euskal Autonomia Erkidegoko Abereen Identifikazio Elektronikoaren Erregistro Orokorrean (aurrerantzean AIERO) izen emateko eskaera.
  • - Animalia txikientzako pasaportea betetzea, Europako Batzordeak 2003ko azaroaren 26ko 2003/803/EE Erabakiaren bidez ezarritakoa, alegia.
  • - Txakur oldarkorren, arriskugarriak izan daitezkeenen edo edukitzeko baldintza berezien mende daudenen behaketa eta jarraipena, baita egin beharreko txostenak eta ziurtagiriak egitea ere.
  • - Pertsonei edo beste animalia batzuei inoiz oldartu zaizkien edo ageriko izaera oldarkorra duten txakurren arriskugarritasunari buruzko txostenak egitea.
  • - Txakur bat arriskugarria izan daitekeen animaliatzat jotzeari buruzko txostenak egitea, oinarritzat hartuta haren arraza, gurutzaketa edo ezaugarriak.
  • - Txakurren osasun alderdiei buruzko bestelako ziurtagiriak eta txostenak egitea.
  • - Txertaketa eta tratamendu ofizialak egitea, baita geroan ezar daitezkeen osasun programak ere.
  • - Eusko Jaurlaritzaren 2004ko ekainaren 1eko 101/2004 Dekretuak albaitari gaituentzat ezartzen dituen eginkizun guztiak.

3.4. Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentuak eskumena dauka albaitariari gaikuntza kentzeko, baldin eta hura eskuratzeko betebeharrak betetzeari uzten badio edota 3.3. artikuluan azaldutako zereginak egiteko ezartzen diren protokoloek jarritako baldintzak betetzen ez baditu. Gaikuntza kentzeko administrazio espedientea ireki behar dio.

Amaierako Xedapenak

Lehena

Ahalmena ematen zaio Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentuko diputatu andreari foru dekretu honetan xedatutakoa aurrera eraman eta betetzeko behar diren xedapen guztiak emateko.

Bigarrena

Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.