Apirilaren 6ko 2/1994 FORU ARAUA Foru Aldundian eta Gipuzkoako Batzarre Nagusietan publizitatearen hedapena erregulatzekoa.

Iraupen bertsioak

   Imprimatu

Apirilaren 6ko 2/1994 FORU ARAUA Foru Aldundian eta Gipuzkoako Batzarre Nagusietan publizitatearen hedapena erregulatzekoa.

BOG 13 Apirila 1994

HITZAURREA

Demokraziaren oinarri diren askatasunen ikuspuntutik komunikazio-enpresek duten traszendentzia dela eta, erakundepublizitatea prentsa idatzian banatzeko moduak bere eragina du, ez bakarrik konpetentzia libreari buruzko Europako Elkarteko printzipioak mantentzeari dagokionean, baizik eta Konstituzioak eta Estatutuak babestutako funtsezko eskubideengan ere badu bere eragina, hala nola, egiazko informazioa jasotzeko eskubidearengan, hiritar guztiek legearen aurrean duten berdintasunarengan, eta euskal hiritarrek hizkuntza dela eta diskriminatuak ez izateko, eta beraz, Euskal Herriaren berezko hizkuntzan, hau da, euskaraz informazioa jasotzeko duten eskubidearengan.

Foru Arau honen asmoak honako hauek dira: Alde batetik, Legearen aurrean hiritar guztiak berdinak direneko printzipioa, egiazko informazioa jasotzeko eskubidea, Administrazio Publikoen iharduera arautu behar duten publizitate eta gardentasunprintzipioak eta konpetentzia libreari buruzko Europako Elkarteko printzipioak bermatzea, eta bestetik Estatutuko 6. artikulua eta Euskararen erabilpena Normaltzeko azaroaren 24eko 10/1982 Oinarrizko Legeko 22., 25. eta 27. artikuluak betetzea.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren publizitate instituzionalaren banaketa -horixe izanik Arau honetan arautu nahi den gaia-, lehenengo eta behin, publizitatearen beraren objetibotasun eta eraginkortasunari begiratuz egin behar da, honekin batera zabaldu nahi den informazioa Gipuzkoako biztanle guztiek izatea ziurtatzeko.

Aldi berean, erakundeen publizitatea diruiturri bihur daitekeenez, eta kopuru horrek lurraldearen informazio berezkoa bultzatzeko balio dezakeenez, arrazoizkoa da bere banaketa irizpide honen arabera egitea.

Beraz, beharrezkoa da erakundeen publizitatea banatzeko modua arautzea eta araubide horrek informaziorako eskubidea bermatzen duela eta informazio aniztasuna nahiz elkarren arteko lehiaren legea errespetatzen dituela gauzatzea.

Alde horretatik, herritar guztiek informazioa jasotzeko duten eskubidea bermatzeaz gainera, beharrezkoa da fondo publikoak lehia librean erabiltzerakoan informazio aniztasuna murriztu dadin eragoztea.

Horregatik, Foru Arau honek erregulatzen duen erakundeen publizitatea banatzeko honako irizpideok ezartzen dira: Berdintasuna, informazio aniztasuna ez murriztearren; Gipuzkoako gizarteari buruzko informazio espezifikoaren sustaketa, komunikabideek xede horren alde egiten duten ahalegina aintzat hartzearren; proportzionaltasuna, elkarren arteko lehia librea errespetatzearren; eraginkortasuna, administrazio guztien gastu politika osoan eduki beharreko irizpidea betetzearren.

Irizpide guzti hauek zuzen elkartzeko kontuan hartu behar diren bi gauza ageri dira: Diskrezionalitatea eta arbitraltasuna alde batera utzi behar direla eta malgutasunez jokatu behar dela, Arau honekin guzti horiek elkartzen ahaleginduz.

1. Artikulua.

Gipuzkoako Foru Sektore Publikoko entitateek Gipuzkoako egunkarietan -halakotzat hartuta bai Gipuzkoan argitaratzen direnak bai herrialde honi buruzko edizio berezia zabaltzen dutenak- kontratatzen duten publizitatea, Foru Arau honetan zehazten diren irizpideetan oinarrituko da.

2. Artikulua.

Euskararen Erabilera Normaltzeko azaroaren 24eko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera, eta zehazki Lege horretako 27. artikulua betez, erakundeen publizitatean euskara lehentasunez erabiltzea sustatuko da.

Foru Arau honetan aipatzen den publizitatea euskaraz eta gazteleraz argitaratu beharko da, euskara soilik erabil dezaten egunkarietan salbu, horietan hizkuntza horretan bakarrik egingo baita.

3. Artikulua.

Arau honek erregulatzen dituen komunikabideetan erakundeen publizitatea banatzerakoan, berdintasunaren, Lurraldearen beraren informazioaren sustaketaren, hedapenaren araberako proportzionaltasunaren eta eraginkortasunaren printzipioak izango dira oinarri, bai eta euskararekiko iharduera positiboarena ere, aurreko artikuluaren edukiaren arabera.

Azken irizpide horren ildotik, Lurralde honetan argitaratzen den euskarazko egunkarirako Arau honetan erregulatutako publizitatearen urteko zenbatekoaren %8a ziurtatuko da. Euskarazko egunkari bat baino gehiago argitaratuko zatekeen egunean, antzeko tratamendua edo tratamendu berdina eman beharko litzaioke, baina beti ere Foru Arau honetako 3. artikuluan xedatutakoaren arabera jokatuko litzateke.

Berdintasunaren eta Gipuzkoako Lurralde Historikoari buruzko informazioaren sustaketaren irizpideak betetzeko, publizitatearen urteko zenbatekoaren %37a berdintasunez banatuko da Foru Arau honen 1. artikuluan aipatutako komunikabideen artean.

Urteko zenbateko bera (%37) Foru Arau honetako 1. artikuluan aipatutako komunikabide guztien hedapen-zifretan oinarrituz banatuko da, zifra horiek prentsa idatziaren hedapenaren kontrolerako irabazte-xederik gabeko elkarteek emandako datuen arabera finkatuko direlarik. Zifra horiek aurreko ekitaldiko datuei jarraiki ezarriko dira.

Eraginkortasunari dagokionez, gastua benetan eraginkorra izan dadin ahalegina egingo da, kontuan hartuta, alde batetik, publizitateko gastua ezin dela areagotu eta, bestetik, publizitatearen lurralde eremua eta destinatariak zein diren, bai eta informazioaren xedea ere. Irizpide horiek aplikatzeko gainerako %18a banatuko da urtero.

AZKEN XEDAPENA

Foru Arau hau Gipuzkoako ALDIZKARI OFIZIALEAN argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.