2002ko azaroaren 5eko 58/2002 FORU DEKRETUA, gizartean baztertu edo marjinatu egoeran daudenak gizarteratzeko baliabideetara iristeko araudia ezartzen duena.

Iraupen bertsioak

   Imprimatu

2002ko azaroaren 5eko 58/2002 FORU DEKRETUA, gizartean baztertu edo marjinatu egoeran daudenak gizarteratzeko baliabideetara iristeko araudia ezartzen duena.

BOG 14 Azaroa 2002

Gizartean bazterturik edo marjinaturik daudenentzat, Gipuzkoako lurralde historikoan garatu diren gizarte zerbitzuek hazkunde handia izan dute azken urteotan. Izan ere, urte horietan, gero eta agerikoak diren eta gizartean gero eta babesgabeagoak diren eskaerei gizarteak erantzun geroz eta handiagoa eman die. Administrazioaren aldetik, zerbitzuak hitzarturik egotea izan da bazterturik eta marjinaturik dauden pertsonak gizarteratzera bideratutako baliabideen euskarria, eta horrek, zalantzarik gabe, prestazioaren bermea eta zerbitzuen kalitatea bultzatu ditu.

Hala eta guztiz ere, mota guztietako ekimenez osaturiko multzo horrek ez du lortu pertsonen beharrei arreta emateko benetako sare osatu gisa eratuta egotea, gizartean baztertuak edo marjinatuak diren pertsonen profil mota guztiei emandako erantzunak ikusteko aukera ematen duen eta dauden baliabideen antolakuntza daukan sare gisa, alegia. Era berean, ez da lortu laguntza emateko prestazio guztietara iristeko bide bakarra finkatzea, 5/1996 Legeak, gizarte zerbitzuak arautzen dituenak, behin eta berriro adierazten duen bezala.

Lege hori garatzen duen uztailaren 30eko 155/2001 Dekretuak, gizarte zerbitzu gaietako egitekoak zehazten dituenak, foru aldundiei dagozkien erantzukizunen barruan kokatzen ditu ahultasun egoeran dauden pertsonei zuzendutako zentro eta zerbitzuak, eta hori da Foru Dekretu honek, espreski, azpimarratu nahi duena. Hortaz, beharrezkoa da, erakundeen arteko lankidetzarako lehenago zeuden formulak gainditurik, sakabanaturik dauden baliabideak egiazko sare antolatu eta osatuaren barrura biltzea, helburu horiek kontuan hartzen dituen testu baten onarpenaren bitartez.

Foru Dekretu honek gizarte bazterketaren eta marjinazioaren esparruan dauden baliabide guztiak sailkatzen ditu, baliabide bakoitzak lortu nahi dituen helburuen arabera, eta zerbitzuak eskatzen dituzten pertsonen beharren tipologiak kontuan hartuta. Dekretuak, era berean, baliabideetara iristeko baldintzak eta prozedura zehazten ditu, eta barne hartzen ditu, halaber, oinarrizko gizarte zerbitzuen eginkizuna, baliabideetara iristeko konponbideak emateko orduan foru aldundiek daukaten ardura, eta zerbitzuak eskaintzen dituzten erakundeen egitekoa. Horrez gain, premiazko prozedura ere arautzen du, atzeraezinak diren beharrak dauden egoeretarako.

Horri jarraiki, Gizartekintza Departamentuko Foru Diputatuak proposatuta, eta, aldez aurretik, data berean burututako Diputatuen Kontseiluan hala erabakita,

XEDATZEN DUT

1. art. Xedea.

Foru Dekretu honen helburua da baztertu edo marjinatu egoeran dauden pertsonei zuzendutako gizarteratzeko baliabide guztietara iristeko prozedura arautzea.

2. art. Aplikazo eremua.

Dekretu honek baliabideetara iristeko arautzen duen prozedura egoitza zentroetan eta eguneko arreta eskaintzen duten zentroetan ezarriko da, baita Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartutako gizarte ikaskuntzako tailerretan.

3. art. Erabiltzaile tipologia.

Gizarteratzeko baliabideak, dekretu honen 4. artikuluan zehazturik daudenak, gizartean baztertuak edo marjinatuak diren familiei edota egoera horretan eta bakarrik dauden pertsonei zuzenduta daude.

Foru Dekretu honen eraginetarako, eta erabiltzaile bakoitzaren beharretara egokitzen den baliabidea esleitzea helburu bakarra izanda, erabiltzaileak hurrengo bi motetan sailkatuko dira: «gizarte baztertua» eta «gizarte marjinatua».

Aparteko izaeraz, eta «Toxikomanien menpe dauden pertsonentzako baliabideak» izeneko 4. artikuluko 5. atalean deskribatzen diren zerbitzuetara iristearren soilik, erabiltzaile tipologiak barne hartu ahal izango du, baita ere, hurrengo egoera: «gizarte bazterketa pairatzeko arriskua».

4. art. Gizarteratzeko baliabideak definitzea eta sailkatzea.

Dekretu honen eraginetarako, ondoren adierazten den moduan sailkatuko dira gizarteratzeko baliabideak:

  • 1. Egonaldi luzeko egoitzak.

    Baliabide horien barruan pertsonak hartzeak duen helburua kroniko bihurtu diren gizarte arazoak dituzten pertsonei gizarte erantzuna eta laguntza ematea da.

    Bizilekurik gabeko pertsonentzako zentroak: «gizarte bazterketa» egoera pairatzen duten, bizilekurik ez daukaten, eta familia edo gizarte laguntzarik ez duten pertsonei arreta eskaintzera zuzendurik daude; egonaldi luzerako mantenu eta ostatu zerbitzuak eskaintzen dituzte. Zentro horien egitekoa bizileku egonkorra eta hainbaten artekoa izatea da, eta bertan segimendua eta ikuskapen arreta ematen da, esku hartze intentsiborik gabe, eta banan banako gizarteratze ibilbiderik gabe.

  • 2. Egonaldi ertaineko egoitzak.

    Baliabide horien barruan pertsonak hartzeak duen helburua da bertan hartutako pertsonek edo familiek berriro gizarteratzeko gaitasunak hobetzea; egoitza horietan egingo diren egonaldiek ez dute bi urte baino gehiago iraungo.

    • 2.1. Birgizarteratzea bultzatzeko zentro intentsiboak: «gizarte marjinatuak» edota «gizarte bazterruak» diren eta desegituratze pertsonala pairatzen duten pertsonei zuzenduak dira, eta ostatu eta mantenu zerbitzuak eskaintzen dituzte. Zentroen egitekoa normalizatuen dagoen bizimodura pixkanaka iristeko erraztasuna ematea da, birgizarteratzeko gaitasunak hobetzeko helburua daukan eskuartze intentsiboaren bitartez.
    • 2.2. Gizarteratze ez intentsiborako zentroak: Gizartean marjinatuak diren pertsonei zuzenduta daude, eta ostatu eta mantenu zerbitzuak eskaintzen dituzte. Zentroen egitekoa berregituratze pertsonalaren prozesuak erraztea da, eskuartze intentsiborik ez daukan segimendu eta ikuskatze arretaren bitartez.
    • 2.3. Etxe babestuak: Normalizatutako bizimodura igarotzeko etxeak dira, gizarteratzeko ibilbidean, etapa jakin batzuk gainditu dituzten familientzat eta bakarrik dauden pertsonentzat, oraindik nolabaiteko ikuskatzeko beharra badute ere.
  • 3. Egonaldi laburreko egoitzak.

    Gizartean, ezegonkortasun egoeran dauden eta gizarteratzeko prozesuari hel diezaioketen pertsonak edo familiak baloratzeko eta bideratzeko harrera egoitzak dira. Egoitza horietan ematen duten egonaldiak ezin izango du bi hilabete baino gehiago iraun.

  • 4. Gizarte ikaskuntzako tailerrak.

    Gizartean marjinaturik dauden eta minusbaliotasunik ez daukaten pertsonei zuzendutako tailerrak dira; ez dute ekoizteko helbururik, eta bertan gaitasun pertsonalak, sozialak eta lan mundukoak lantzen dira, gizarteratzea sustatzeko. Tailerrak eta egoitza baliabideak bateragarriak dira.

  • 5. Toxikomaniak jasaten dituzten pertsonentzako baliabideak.

    Baliabide horietan hartzen dira gizartean «marjinatuak» edo «baztertuak» diren pertsonak eta, ohiz kanpo, «baztertuak izateko arriskuan» dauden pertsonak; toxikomaniak pairatzen dituzten pertsonek drogamenpekotasunetik ateratzea da baliabide hauen helburua. Baliabide mota bakoitzean egin daitekeen egonaldiaren iraupena hartutako pertsonen eboluzioaren araberakoa izango da.

    • 5.1. Eguneko zentroak, toxikomaniak jasaten dituzten pertsonentzat: Eguneko arreta eskaintzeko zentroak dira; helburua drogamenpekotasuna daukaten eta drogak hartzeko ohitura kentzeko prozesuetarako tratamendua eskatzen duten pertsonei arreta eskaintzea da, harrera eta diagnosia eskaintzen diren aldez aurreko fasean.
    • 5.2. Gizarteratzeko zentroak, toxikomano ohiak diren pertsonentzat: Ostatu eta mantenu zerbitzua eskaintzen dituzten zentroak dira; helburua toxikomaniak pairatzen dituzten pertsonek birgizarteratzeko prozesua amaitzea da, haien menpekotasua kendu ondoren.
      • 5.2.1. Birgizarteratzeko zentroak, ohiko profilerako ibilbidea eskaintzen dutenak: Arlo pertsonalean, eta harreman eta gizarte arloetan, arazo larriak dituzten eta drogaren menpe daudenei zuzenduta.
      • 5.2.2. Ibilbide intentsiboa daukaten birgizarteratzeko zentroak: Drogak hartu arren, gizartean eta familian nolabaiteko integrazio maila mantentzen duten pertsonei zuzenduta daude.
    • 5.3. Toxikomania pairatzen duten pertsonak birgizarteratzeko eta horien sendikoei laguntza emateko programa: Ostatu zerbitzurik ez daukaten programak dira. Eskuartze psiko sozialaren metodologia erabilita, toxikomaniak pairatzen dituzten pertsonek birgizarteratze prozesua amaitzeko helburua lortu nahi da. Era berean, toxikomanoen senitartekoei eskuartze psiko sozial eta laguntzarako programak eskaintzen dizkie.

5. art. Baliabidearen egokitasuna.

Baliabidearen egokitasuna erabakitzeko, hurrengo elementuak kontuan hartuko dira:

  • 1. Erabiltzaile mota.
  • 2. Birgizarteratzeko borondatea.
  • 3. Lanbide balorazioa eta orientabidea.

Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak eskabiderako orri normalizatuan bideratuko dira; horietan, aipatutako hiru elementu horiek azalduko dira.

6. art. Baliabideetara iristeko eskubidea edukitzeko behar diren baldintza orokorrak.

Foru Dekretu honen xede diren baliabideak eskuratu nahi dituzten pertsonek, ondoko baldintzak bete behar dituzte:

  • a) Gipuzkoako edozein udalerritan erroldaturik egotea, eskaera egiten den data baino lehenagoko azken 12 hilabeteetan, gutxienez. Baldintza hori ez da beharrezkoa izango larritasun etxebizitzetara iristeko. Hala ere, Gipuzkoan jaio diren, edo eskaera egin eta aurreko 10 urteetan, 24 hilabetetan gutxienez, Lurralde Historikoan bizi izanda, familia berriro elkartzea argudiatzen duten edo gizarte izaerako arrazoiak ematen dituzten pertsonek ez dute baldintza hori bete behar izango.
  • b) Osasun erakundeetan arretaren beharrik ez daukan edo osasun publikoaren aldetik neurriak hartzeko beharrik ez daukan osasun egoera edukitzea.
  • c) Gizarteratzeko zentroak daukan barne erregimenari buruzko arautegian oinarrituta, azkeneko bi urteetan arau urratze larria egiteagatik, edo azken hiru urteetan urratze oso larria egiteagatik zigorrik jaso ez izana.
  • d) Egoitzan elkarbizitzarako arazo larriak sor ditzakeen jokabide nahasmendurik ez edukitzea.

7. art. Prozedurari hasiera ematea.

1. Zerbitzuetara iristea, interesatuak edo haren ordezko legalak, normalizatutako inprimakian eskaera egin ondoren hasiko da.

2. Eskabide orriak eskaera egiten duenaren bizilekuari dagozkion udal gizarte zerbitzuetan aurkeztuko dira.

3. Interesatuak, zuzenbidezko balizkotasun baldintzetan, haren baietza emateko ezintasuna badauka, haren ordezko legalaren eskabidearekin batera, bere kasuan, baimen judiziala aurkeztuko du.

8. art. Agiriak.

Eskabide orriarekin batera hurrengo agiriak aurkeztuko dira:

  • a) Nortasun Agiriaren fotokopia.
  • b) Diru sarrerei buruzko aitorpena, bere kasuan.
  • c) Inprimaki normalizatua. Bertan, 5. Artikuluan aipatzen diren edukiak zehaztuko dira.
  • d) Sendagilearen txostena. Bertan, eskaera egiten duenak 6. Artikuluan, b) eta d) ataletan adierazitako baldintzak betetzen dituela ziurtatuko da.

9. art. Ebazpena.

1. Aurkeztutako dokumentuak ikusita, eskaera aztertuta, eta kontsulta txostena aldez aurretik eginda, Gizartekintza Departamentuko organo eskudunak ebazpen arrazoitua emango du, eskaera baimentzeko edo ukatzeko, sei hilabeteko epean gehienez ere, 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 42.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz, aurkeztutako eskaerak organo eskudunak berariaz erabakitzeko duen betebeharra galarazi gabe, eta lege horrek 71.1 artikuluan aurreikusitakoa gertatzen ez bada.

Ebazteko epea amaitu eta organo eskudunak ebazpen adierazirik ematen ez badu, ezetsitzat joko da eskaera, aipatutako legeak 44. artikuluan dioenaren arabera.

Halaber, eskatutakoa ez den beste gizarte baliabide batean sartzeko baimena eman ahal izango du, baldin eta eskatzailearen beharretarako egokiagotzat hartzen bada, eta haren aldetik adostasuna badago.

2. Eskaeraren onarpena lortu ez duten eskatzaileek, behar den helegitea jarri ahal izateaz gain, beren espedientea berrikustea eskatzea izango dute, eta behar bezala egiaztatu beharko dute. Espedientea berrikusi egingo da egoera pertsonalaren aldaketak egindako balorapena ere aldatzen baldin badu. Jadanik egoitzan edo eguneko zentroan dauden pertsonak izanez gero, zentroak berak eskatu ahal izango du berrikuspen horiek egin daitezen.

10. art. Erabiltzaileen ekarpen printzipioa.

Foru Dekretu honetan deskribatutako baliabideen pertsona erabiltzaileek erabiltzen duten baliabidearen finantzaketan parte hartuko dute. Parte hartzea zehazteko, kontuan hartuko dira hurrengo irizpideak:

  • 1. Zerbitzuaren kostea.
  • 2. Erabiltzaileak baliabidea zein mailataraino erabiliko duen.
  • 3. Erabiltzaileak dituen diru sarrerak edo ondarea.

Erabiltzailea den inor ez da zerbitzuaren prestaziotik kanpo geratuko, baliabide ekonomikorik ez baldin badu ere.

11. art. Baliabideak eskatzen dituztenen zerrendak.

Baliabide bakoitzean onartuak direnen artean lehentasuna zehaztearren, itxaron zerrenda jarriko da interesatuen eskura, eta era kodifikatuan egingo da, pertsonen intimitate eskubidea manten dadin.

Era berean, baliabidea eskatzen dutenen zerrendan egongo dira zentroren batean sartzeko baimena daukaten, baina ebazpena eman zen egunean plaza hutsik ez zegoelako plazarik esleitu ez zaien eskatzaileak.

12. art. Onarpena.

1. Zerbitzu jakin batean plazaren bat hutsik geratzen denean, zerbitzua ematen duen erakundea izango da interesatuari sartzeko data jakinaraziko diona, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizartekintza Departamentuak osatuko duen itxaron zerrendan jarritako lehentasun ordenaren arabera.

2. Interesatua, 5 lanegun igaro ondoren, justifikatutako arrazoirik eman gabe esleitutako zentrora joan ez balitz, plazari uko egiten diola ulertuko litzateke, eta plaza prest geratuko litzateke zerrendako hurrengoari esleitzeko.

3. Erabiltzaileak, zentroan sartzearekin batera, foru dekretu honetan adierazitako arauak onartu beharko ditu, bai eta zentroak berak daukan barne erregimenari buruzko arautegia.

13. art. Egokitzeko aldia.

Sartu ondorengo lehenengo bi hilabeteak moldatzeko fasetzat hartuko dira; hilabeteak igaro ondoren, eta ebaluazioa eginda, egonaldia, kasua bada, behin betiko izaeratzat hartuko da.

14. art. Egonaldia zentroan.

1. Zentroan egon bitartean, erabiltzaileak bete egingo du zentroko barne erregimenari buruzko arautegia, bertan adierazita egongo baitira dituen eskubideak eta egin beharrekoak, eta baita bete beharko dituen arauak eta betebeharrak ere. Interesatuak Arautegiaren kopia bat jasoko du, egoitzan sartzen denean.

2. Zentro guztiek eduki beharko dute barne erregimenari buruzko arautegia; bertan erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak adieraziko dira, baita zentroko elkarbizitzarako arauak eta betebeharrak ere. Zentroko barne erregimenari buruzko arautegiak, era berean, arau urratzeak eta horiei dagozkien zigorrak zehaztuko ditu. Aipatutako arautegi horiek Gizartekintza Departamentuak gainbegiratuko ditu, zentro bakoitzean onartuak izan baino lehen.

3. Erabiltzaileren batek, arauren bat urratzearen ondorioz, kanporatua izateko zigorra jasoko balu, zentroko Zuzendaritzak Gizartekintza Departamentuari jakinarazi beharko lioke, eta Departamentuak egoera aztertuko luke eta txostena igorriko luke, zerbitzua eskaintzen duen erakundeak erabakia hartu baino lehenago.

15. art. Egonaldia finantzatzeko modua.

Zentroan egin beharreko egonaldia bete ondoren, edo erabiltzaileak birgizarteratzea lortzen duenean, zentroak berak erabakiko du, Gizartekintza Departamentura jakinarazpena bidali ondoren, zerbitzua erabiltzeari amaiera ematea.

16. art. Bat-batean sortutako adimen ezgaitasuna.

Zentroan sartu ondoren, adimen ezgaitasunik gertatuz gero, zentroko Zuzendaritzak jakinaren gainean jarriko du interesatuaren sendia, beste baliabide bat esleitzeko beharrezkoak diren izapideak egin daitezen. Interesatuak senitartekorik edukiko ez balu, edo sendiak erantzunik emango ez balu, zentroko Zuzendaritzak jakinarazpena bidali beharko luke Gizartekintza Departamentura.

17. art. Beste egoitza ekipamendu batera lekualdatzea.

1. Beste zentro edo ekipamendu batera aldatzeko arrazoiak hurrengoak izango dira:

  • a) Sendia zentroan berriz elkartea.
  • b) Jatorrizko bizilekura hurbiltzea.
  • c) Eskatutako ekipamendua egokiagoa izatea, eskaintzen dituen zerbitzua eta pertsonaren beharrak kontuan hartuta.

2. Erabiltzaileek beraiek edo haien ordezko legalek lekualdatzeko eskabideak beteko dituzte erabiltzailea dagoen zentroan bertan, edo Gizartekintza Departamentuan.

3. Gizartekintza Departamentuko organo eskudunak hartuko ditu eskaera horiei buruzko erabakiak.

Xedapen indargabetzailea

Indargabeturik geratzen dira Foru Dekretu honetan erabakitakoaren aurka dauden arau guztiak.

Amaierako xedapenak

Lehenengoa Dekretuaren garapena.

Gizartekintza Departamentuko titularra den foru diputatua ahaldundurik geratzen da foru dekretu hau behar bezala betetzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzan.

Bigarrena Indarrean sartzea.

Foru Dekretu hau indarrean hasiko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hilabetean.