2003ko maiatzaren 27ko 25/2003 FORU DEKRETUA, Gipuzkoako udaletako kideen Interesen Erregistro Berezia sortzeari buruzkoa.

Iraupen bertsioak

Gorde / Erakutsi iruzkinak    Imprimatu

2003ko maiatzaren 27ko 25/2003 FORU DEKRETUA, Gipuzkoako udaletako kideen Interesen Erregistro Berezia sortzeari buruzkoa.

BOG 4 Ekaina 2003

Noiztik aurrera: 2012/04/13 Erregistroaren izena, 2012ko apirilaren 2ko 14/2012 Foru Dekretuaren [GIPUZKOA] Lehen xedapen gehigarriaren bar zenbakiak idatzia, Foru Administrazioko eta Funtzio Publikoko Departamentuaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzkoa («B.O.G.» apirilak 13). Gipuzkoako udaletako kideen Interesen Erregistro Berezia sortzeari buruzkoak, hemendik aurrera Gipuzkoako udaletako kideen Ondare Ondasunen Erregistro Berezia deituko da.

Udaletan demokrazia eta zinegotzien seguritatea bermatzeari buruzko 2003ko martxoaren 10eko 1/2003 Legearen bidez aldatua izan baino lehen, 1985eko apirilaren 2ko 7/1985 Legeak, Udal Erregimenari buruzko Oinarrienak, 75. artikuluaren 7. apartatuan udaletako kide guztiei eskatzen zien ezen bai kargua hartzerakoan, bai kargua uzterakoan edo egitatezko egoera aldatzean aitortu behar zituztela nola ustezko bateraezintasuneko kausak hala diru sarrerak ematen zizkien edo eman ziezazkiekeen edozein jarduera, eta baita beren ondarezko ondasunak ere.

Aitorpen horiek toki erakunde bakoitzean eratutako interesen erregistroan inskribatu behar ziren eta ustezko bateraezintasun kausen eta jardueren erregistroak izaera publikoa zuen.

Aipatu 75.7 artikuluaren aldaketak mantendu egiten du udal bakoitzean aitorpenak egin eta erregistroa irekitzeko eskakizuna, baina toki erakundeetako kideei aukera ematen zaie aitorpena Aldundiko idazkariaren aurrean edo, hala balegokio, autonomia erkidegoko organo eskudunaren aurrean egiteko, beren kargua dela eta, mehatxatuta ikusten badute beren seguritate pertsonala, edo beren ondasun edo negozioena nahiz beren senide, bazkide, langileena edo beraiekin harreman ekonomikoa edo profesionala izan dezakeen pertsonena.

Aukera hori erabili ahal izateko aitorpenak inskribatuko dira erakunde horietan horretarako berariaz sortu beharko den Interesen Erregistro Berezi batean.

Toki erakunde berrien eraketa laster egingo denez, ezinbestekotzat jotzen da Foru Aldundian Interesen Erregistro Berezia sortzea eta bertan inskribatu ahal izango dira aipatu aukera erabiliko duten Gipuzkoako udaletako kideen aitorpenak.

Hori da dekretuaren xedea, eta bere eremu subjektiboak, berriz, sortzen den Interesen Erregistro Berezian beraien aitorpenak egin nahi dituzten Gipuzkoako toki erakundeetako kide guztiak hartzen ditu.

Gainerakoan, dekretuaren edukia soilik antolakuntzakoa eta funtzionala da eta bertan jasotzen da erregistroaren sortzea, atxikipena, antolakuntza eta funtzionamendua eta erregistroa kudeatuko duten langileen betebeharrak.

Horren indarrez, Lehendakaritzako foru diputatuaren proposamenez, eta Diputatuen Kontseiluak 2003ko maiatzaren 27an egindako bileran eztabaidatu ondoren, honako hau,

XEDATU DUT

1. artikulua. Sortzea.

1. Gipuzkoako toki erakundeetako kideen Interesen Erregistro Berezia sortzen da.

2. Interesen Erregistro Berezia Lehendakaritza Departamentuari atxikita geratzen da eta bere Idazkaritza Teknikoak kudeatuko du.

3. Bertan inskribatuko dira hala egitea nahi duten Gipuzkoako toki erakundeetako hautetsien aitorpenak, hain zuzen Udal Erregimenari buruzko Oinarrien Legeak 75. artikuluko 7. apartatuan jasotakoak.

2. artikulua. Antolakuntza eta funtzionamendua.

Erregistroaren funtzionario arduraduna Lehendakaritza Departamentuko idazkari teknikoa izango da eta toki erakundeetako kideei ziurtagiri soila eta laburra luzatuko die beraien aitorpenak bete dituztela eta erregistroan inskribatuta daudela egiaztatzeko.

Era berean, aitorpenak gordetzeko eta artxibatzeko ardura hark izango du eta baita dagozkien inskripzioak egin eta erregistroa zaintzeko ere.

2. Erregistroa bi ataletan banatuko da.

  • a) Lehenengo atalean inskribatuko dira ustezko bateraezintasunari buruzko aitorpenak eta jarduerei buruzkoak.
  • b) Bigarren atalean ondasunei buruzko aitorpenak inskribatuko dira.

3. Erregistroak eta aitorpenak gorde eta inskribatzeko kudeaketak sortzen dituen lanak egiten dituzten langileak edo erregistroan dauden datuak ezagutu edo maneiatzea suposatzen duen beste edozein jarduera egiten dituztenak behartuta daude haiek sekretupean gordetzera. Betebehar hau izaera iraunkorrez mantenduko da, eta lan eginkizun horiek utziz gero ere betebehar berbera edukiko da.

4. Erregistroa eramateko egiten diren tratamendu automatizatuko fitxategiak sortzerakoan eta ustiatzerakoan kontuan hartu beharreko mugak, 1992ko urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoan, izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua arautzen duenak, eta 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarena eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, ezarritakoak dira.

3. artikulua. Erregistroko lehen atalerako sarbidea.

1. Lehengo atalean jasotako datuek izaera publikoa izango dute.

2. Atal honetan gordetako aitorpenen edukia ezagutu nahi duten pertsonek aitorpenaren ziurtagiria eskatu ahal izango dute. Eskaeran beste nahirik adierazten ez bada, ulertuko da ziurtagiria dekretu honen aplikazio eremuan sartuta dauden pertsonen egungo egoerari buruzkoa izango dela.

3. Era berean, inskribatutako jatorrizko aitorpenen kopia legeztatuak eskatu ahal izango dira eta erregistroko arduradunak emango ditu.

4. artikulua. Erregistroko Bigarren Atalean jasotako informazioaren isilpekotasuna.

Erregistroko Bigarren Atalak izaera erreserbatua izango du eta bertarako sarbidea izango dute bakarrik legeak berariaz baimendutako pertsona eta organoek.

5. artikulua. Aitorpenak aurkezteko modua.

1. Aitorpenak toki erakundeek beren kideei emandako ereduen arabera egingo dira, edo, horiek horrela nahi izanez gero, dekretu honen eranskin gisa azaltzen diren ereduetan.

2. Ondasunei buruzko aitorpenak kartazal itxi eta zigilatu batean aurkeztuko dira eta aurrealdean adieraziko dira aitortzailearen izen-abizenak eta Nortasun Agiriaren zenbaki osoa. Era berean, kartazalaren atzealdean aitortzailearen sinadura azalduko da.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Amaierako lehen xedapena

Lehendakaritzako foru diputatuari baimena ematen zaio beharrezko diren erregelamenduzko arauak eman ditzan dekretu hau garatu eta aplikatzeko.

Amaierako bigarren xedapena

Dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

1. ERANSKINA

Erakutsi/Ezkutatu Erakutsi/Ezkutatu

2. ERANSKINA

Erakutsi/Ezkutatu Erakutsi/Ezkutatu