28/2001 FORU DEKRETUA, martxoaren 20koa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren errepide sareko gasolindegiak eta zerbitzuguneak arautzekoa.

Iraupen bertsioak

   Imprimatu

28/2001 FORU DEKRETUA, martxoaren 20koa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren errepide sareko gasolindegiak eta zerbitzuguneak arautzekoa.

BOG 30 Martxoa 2001

Gipuzkoako Errepide eta Bideen 17/1994 Foru Araua, azaroaren 25ekoa, Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu zuten, lurralde historikoei errepide eta bideen arloan aitortutako eskumenak erabiliz (Euskal Herriko Autonomia Estatutuak 10.34 artikuluan eta Autonomia Erkidegoko Erakunde Komunen eta beren Lurralde Historikoetako Foru Organoen arteko Harremanei buruzko 1983ko azaroaren 25eko 27/1983 Legeak 7.a).8 artikuluan).

Foru Arau horrek, amaierako lehen xedapenean, ahalmena ematen dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, Araua betearazi, gauzatu eta garatzeko egoki iruditzen zaizkion Erregelamendu Orokorra edo berariazko arautegiak eman ditzan.

Ahalmen horretaz baliaturik, bada, aipatu 17/1994 Foru Arauko 58.1 artikuluak arautegietara bidaltzen duela-eta, egokitzat jo dugu hango zenbait artikulutan aipatutako gasolindegiak eta zerbitzuguneak definitzea eta arautzea, bide ondare osoari ahalik eta etekinik handiena ateraz, eta instalazioa bera ustiatzeko eta mugatzeko erak finkatuz, baita haien kokapenak eta ezaugarriak ere, hartara, erabiltzailearen erosotasuna areagotu eta bide zirkulazioa ondo joan dadin.

Esandakoa kontuan hartuz, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Gobernu eta Administrazioari buruzko 1984ko maiatzaren 30eko 3/1984 Foru Arauak 5.3 artikuluan dioenaren arabera, Garraio eta Errepide Departamentuko diputatuak hala proposaturik, Lege Aholkularitzako Batzordearekin bat etorriz, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bilkuran onartu ondoren,

XEDATZEN DUT

I KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

Lehen artikulua. Gasolindegiak eta zerbitzuguneak.

1. Zerbitzuguneak dira errepideen ondoko esparru batzuk, berariaz diseinatuta daudenak zirkulazioaren beharrak betetzeko diren instalazioak eta zerbitzuak eduki ditzaten, hala nola, erregaien hornitegiak, aparkalekuak, hotelak, jatetxeak, ibilgailuak konpontzeko tailerrak, eta antzeko beste zerbitzu batzuk, errepidearen erabiltzaileei segurtasuna eta erosotasuna emateko helburua dutenak, hain zuzen ere.

2. Zerbitzuguneak errepidearen elementu funtzionalak dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak erraztasunak jarriko ditu halakoak egon daitezen, erabiltzailearen erosotasuna areagotzearren eta zirkulazioa ondo joatearren.

3. Gasolindegiak dira errepideen ondoko esparru batzuk, berariaz diseinatuta daudenak jendeari gasolina, gasolioak eta labaingarriak saltzeko. Gainera, automozioko gasolina eta gasolioetan gutxienez hiru ekoizkin ezberdin hornitu behar dituzte, eta ur nahiz aire horniduran behar diren tresnak ere instalazioko esparruaren barruan ipinita eduki behar dituzte.

4. Erregaien hornidurako atalak, berriz, automozioko gasolina eta gasolioetan hiru ekoizkin ezberdin baino gutxiago hornitzen dituztenak dira.

Bigarren artikulua. Kokapena.

1. Autobide, autobia eta bide lasterretan zerbitzuguneak bakarrik jar daitezke, N-I autobiaren zatietan izan ezik, non gasolindegiak ere onartuko diren, 3.1. artikuluan sarbideen gainean jarritako baldintzekin, betiere.

2. Foru Dekretu hau indarrean sartzen denetik aurrera egiten diren lehentasuneko sareko errepide arruntetan -sare gorrikoak- eta oinarrizko sareko errepide arruntetan -laranja kolorekoak-, zerbitzuguneak bakarrik jar daitezke, non eta, zenbait beharrizan eta baldintzapenek hartaratuta, errepide berria egiteko proiektuak berariaz aurreikusten ez duen gasolindegiren bat egitea.

3. Egun eginda dauden lehentasuneko sareko errepide arruntetan -sare gorrikoak- eta oinarrizko sareko errepide arruntetan -laranja kolorekoak- zerbitzuguneak nahiz gasolindegiak jar daitezke.

4. Gainerako errepide arruntetan gasolindegiak bakarrik jar daitezke.

5. Gipuzkoako Foru Aldundiaren errepide sarean ezingo da erregaien hornidura atal gehiago jarri.

Hirugarren artikulua. Sarbideak.

1. Errepidetik zuzeneko sarbidea izango dute zerbitzuguneek, eta errepidearen alde bakar batean nahiz bietan egon daitezke. N-I autobiaren zatietan, ordea, gasolindegiak ere onartuko dira, baina zerbitzubideak erabiltzen badira autobiatik sartzeko; baita ere onartuko dira N-I autobiaren zati horietatik sarbidea edukita ekonomi jardueretako guneetan jarrita daudenak. Zerbitzuguneetarako sarbideek eta haien kokapen erlatiboak indarrean dagoen araudi teknikoak dioena bete behar dute.

2. Zerbitzuguneek errepidea izango dute kanpoarekin komunikatzeko bide bakarra. Horregatik, autopista, autobia eta bide lasterretan, itxita egongo dira herri jabariaren mugan.

3. Errepide arruntetatik gasolindegietarako sarbideak eta haien kokapen erlatiboak indarrean dagoen araudi teknikoak dioena bete behar dute. Ahal izanez gero, zerbitzubideak erabiliko dira, eta, behar izanez gero, berrantolatu egingo dira erasanda gertatzen diren sarbideak.

Laugarren artikulua. Zerbitzugune eta gasolindegien edukia.

1. Zerbitzugune eta gasolindegiek gutxienez hiru hornidura postu eduki behar dituzte eta indarrean dagoen araudi teknikoak eskatutako zerbitzuak eta instalazioak.

2. Instalazio guztietan bete behar da minusbaliatuek erabiltzeko moduko instalazioak izan beharraz indarrean dagoen araudiak dioena.

3. Zerbitzugune eta gasolindegietan ezin ezarriko da errepidearekin zuzeneko loturarik ez duen instalaziorik edo zerbitzurik, edota trafiko handiagoa ekar dezakeenik; horregatik, berariaz debekatuta daude ikuskizun edo dibertsio jardueretan aritzen diren lokalak.

4. Zerbitzuguneetako lokaletan edo instalazioetan ezingo da 20 gradutik gorako edari alkoholdunik eman edo saldu.

Bosgarren artikulua. Lehentasuneko eta oinarrizko sareetako errepideetan elementu funtzionalak sartzea.

1. Lehentasuneko sarean -sare gorria- eta oinarrizko sarean -laranja kolorekoa- errepideak egiteko proiektuetan eta aurreproiektuetan errepideen elementu funtzional gisa sar daitezke zerbitzuguneak eta sarbideak.

2. Aurreko paragrafoan aipatutako proiektuen ondoren, edo aipatutako sareetan sartuta dauden errepideetan, zerbitzugune baten beharra arrazoituko balitz, proiektua aldatu edo beste bat idatzi beharko litzateke, eta gero, jendaurreko informaziora atera eta Gipuzkoako Errepide eta Bideen 17/1994 Foru Arauak, azaroaren 25ekoak, 21. artikuluan dioenaren arabera tramitatu, zerbitzugunearen kokapena, sarbideak eta instalazioak barne.

3. Proiektu berria edo proiektuaren aldaketa onartzeak berarekin ekarriko du, Errepideen Foru Arauak 26. artikuluan dioenaren arabera, obrak herri onurakotzat eta lur-sailak hartu beharrekotzat jotzea, dagokion desjabetze espedientea zilegiztatua egon dadin.

4. Elementu funtzional horiek komunikabideen sistema orokorrean sartuko dira eta inguruneari egokituta diseinatu behar dira.

5. Proiektua onartzeak ahalmena ematen die organo eskudunei eraikuntza obrei baimena eman diezaieten, nahiz eta lur-saila lur eremu hiritarrezin gisa edo lur eremu hiritargarri gisa sailkatuta egon, baina betiere legez ezarrita dagoen jardunbideari jarraiki, hau da, herri lanen eraiketa, zaintza eta zerbitzuarekin nolabaiteko lotura duten eraikin eta instalazioak ezartzeko baimena emateari buruzko jardunbidearen arabera.

Seigarren artikulua. Errepide arruntetan gasolindegiak sartzea.

Errepide arruntetako gasolindegiak ez dira mugagai izango, eta haien kokapena, instalazioa eta ezaugarriak Garraio eta Errepide Departamentuak emandako baimenaren menpe egongo dira, Errepideen Foru Arauari eta hura garatzen duten xedapenei jarraituz erabakiko baitu Departamentuak. Dena dela, bide segurtasuna eta haren edukiera bermatu behar dira, baita erabiltzaileen erosotasuna eta paisaiaren babesa ere.

II KAPITULUA
ZERBITZUGUNEAK

Zazpigarren artikulua. Zerbitzuguneak ustiatzea.

1. Herri Administrazioen Kontratu Legeak herri zerbitzuak kudeatzeko ezartzen dituen sistemetatik edozein erabiliz ustiatu ahal izango dira zerbitzuguneak.

2. Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki dezake zuzeneko kudeaketa zerbitzugune batena edo haien multzo batena izan dadin, denen intereserako egokitzat jotzen badu.

Zortzigarren artikulua. Zerbitzuguneen emakidak.

1. Zerbitzuguneen emakidak esleitzeko baldintzak, emakidaren xedea edozein izanik, hau da, edo zerbitzuguneen barruko instalazio eta zerbitzu guztiak eraikitzea eta ustiatzea, edo ustiatzea bakarrik, baldintza berezien orrian edo ustiapen baldintzen orrian ezarriko dira, hurrenez hurren.

Aipatutako orriak beste zerbitzugune batzuetako zerbitzu eta instalazioen ustiapenaz arduratu beharra ere ezar diezaioke esleipen hartzaileari, eta, orduan, ustiapenaren epea emakida nagusiarena bera izango da.

2. Emakida Diputatuen Kontseiluak esleituko du, zerbitzugunea eraikitzeko eta ustiatzeko behar diren baimenak eskuratzeko baldintzapean, betiere.

3. Eraikitzerakoan zorrotz bete beharra dago onartutako proiektuak dioena, baita emakida esleitzeko lehiaketa arautzen duten betebehar teknikoen orriak dioena ere.

4. Emakidaren epea ez da berrogei urtekoa baino luzeagoa izango.

Bederatzigarren artikulua. Emakidaren eskualdaketa.

Zerbitzuguneen emakidak ezingo dira inter vivos eskualdatu, esleitzen diren egunetik bost urteko epean. Epe hori amaituta, ordea, emakida eskualdatu egin daiteke, Garraio eta Errepide Departamentuak baimena emanez gero, betiere.

Hamargarren artikulua. Lehiaketak.

Emakida esleitu aurretik, eta lehiaketaren bidez egingo da esleipena beti, eginbide hauek egin behar dira:

Zerbitzugunea dagokion errepide proiektuan definitzea, foru dekretu honetako 2. eta 5. artikuluetan esandako moduan.

Ezarri beharrekoak diren instalazioak eta zerbitzuak zehaztea, baita haietako bakoitzak bete behar dituen betebeharrak eta baldintzak ere.

Obrak egiteko baldintza berezien orria onartzea, berariaz adierazita obrak hasteko eta amaitzeko egunak, baita epeak ez betetzearen ondorioak ere. Era berean, ustiapen baldintzen orria onartzea, eta horren barruan sartu behar dira emakidaren epea, ordaindu beharreko kanona, eta lehiatzaileek aurkeztu behar dituzten berme teknikoak eta ekonomikoak.

Kontratazio espedientea ebaztea, orrian eta herri administrazioen kontratu legeetan ezarritako betebehar eta baldintzen arabera

Hamaikagarren artikulua. Emakida eskatzea.

Nornahik eska dezake emakida zerbitzugune bat edo haren edozein osagai ustiatzeko edota haiek eraiki eta ustiatzeko, foru dekretu honetan xedatutakoaren arabera. Horretarako, dagokion eskaera orria aurkeztu behar du Gipuzkoako Foru Aldundiko Garraio eta Errepide Departamentuan, eta eskaera orriari agiri hauek erantsi:

  • a) Eskatzailearen nortasuna egiaztatzen duen agiria, edota besteren ordez jardutekotan, daukan ordezkaritzaren egiaztapena, zuzenbidean baliozkotzat jotzen den edozein agerpide fidagarri erabilita, edota ordezkatua bera agertuz hala adierazita.
  • b) Emakida eskatutako zerbitzugune edo instalazioren kokalekua eta ezaugarriak azalduko dituen txostena, eta harekin batera, zerbitzugune baten beharra arrazoituko duen azterketa.

Garraio eta Errepide Departamentuak, eskaera aurkezten zaionetik hiru hilabeteko epean, gehienez ere, 5.2 eta 10. artikuluetan aipatutako eginbideak egin daitezela erabakiko du, non eta zerbitzuguneak ez dituen betetzen betearaztekoa den araudian ezarritako betebehar tekniko eta segurtasunekoak, orduan amaiera emango baitzaio jardunbideari ebazpen arrazoituaren bidez. Aipatutako hiru hilabeteko epean berariazko erantzunik ematen ez bada ere, goian aipatu artikuluetan adierazitako tramiteak egin beharra egongo da.

Hamabigarren artikulua. Zerbitzuguneak erabiltzea eta artatzea.

1. Zerbitzuguneetan nornahik erabil ditzake hango instalazioak nahiz komun eta aparkaleku zerbitzuak, beren erabileran, baita atsedenlekuak eta haurren jolastokiak ere, zirkulazioari eta segurtasunari buruz bete beharrekoak diren arauei jarraituz, hala ere.

2. Zerbitzuen emakida hartzaileak behartuta daude zerbitzuguneko elementu funtzional guztiak artatzera eta ondo edukitzera, baita haien antolamendu eta funtzionamendu ona zaintzera ere.

Hamahirugarren artikulua. Emakida iraungitzea.

Zerbitzugune baten emakida iraungitzeko arrazoiak, orrian aipatutakoez gainera, herri zerbitzuen kudeaketako kontratu administratiboak egiteko araudian ezarritakoak izango dira.

III KAPITULUA
GASOLINDEGIAK

Hamalaugarren artikulua. Gasolindegiak eraikitzeko baimenak.

1. Garraio eta Errepide Departamentuaren gain dago gasolindegiak eraikitzeko baimenak ematea.

2. Goiko paragrafoan aipatutako baimenak arautuak egongo dira, eta arauen bidez zehaztu behar dira haiek eskuratzeko bete behar diren betebehar objektiboak. Hala, eskatutako betebeharrak betetzen dituen eskatzaile orori emango zaizkio, 15. artikuluko 7. paragrafoan esandakoa kontuan hartuta, betiere.

Hamabosgarren artikulua. Baimenak emateko jardunbidea.

1. Gasolindegiak ipintzeko eskaera egiterakoan, hau da, osorik edo zati batean herri jabarian edo hortik errepiderako sarbidean, zerbitzugune batetik kanpo, gaslindegiak ipintzeko eskaeretan, eta horiei baimena ematerakoan, ondorengo paragrafoetan ezarriko diren betebeharrak eta jardunbideak bete behar dira.

Eskaerak ebazteko, sei hilabeteko epea egongo da, gehienez ere, eta epe horren barruan ebazpenik ez badago, eskaera ezetsita dagoela ulertu behar da.

2. Eskatzaileak baimen eskaera aurkeztu behar du Gipuzkoako Foru Aldundian, Garraio eta Errepide Departamentuari zuzenduta, eta honako hauek agertu beharra dauka:

  • a) Eskatzailearen nortasuna, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearen Legeak 70. artikuluan dioenaren arabera. Pertsona juridikoa bada, berriz, sozietatearen estatutuak ere aurkeztu behar ditu. Besteren izenean diharduenak horretarako aski ahalmen baduela agertu behar du.
  • b) Gasolindegia non jarri behar duen, hango lur-sailen jabetza edota haien edukitza dakarren beste edozein eskubide, Jabetza Erroldan behar bezala izen emandako agiri publikoaren bidez, edota lur-sailen jabe den estatu, erkidego, foru nahiz toki erakundearen baimen edo emakidaren bidez, kasuan kasu. Behar izanez gero, erroldan finka independentea osatzen delako eskritura publikoa eskatuko da.

    Lur-sailen erabilgarritasuna egiaztatzeko, berdin balioko du lur-sailak erosteko aukera eskubide baten jabetza aitortzen duen agiri publikoak, Jabetza Erroldan behar bezala izen emanda, baldin eta aukera hori erabiltzeko epea bi urtetik gorakoa eta gehienez lau urtekoa bada.

  • c) Egin nahi dituen obrak eta instalazioak.
  • d) Herri jabariguneen eta babesguneen muga lerroak berariaz seinalatzea, eraikinek eta instalazioek haiekiko duten kokalekua egiaztatu ahal izateko.

3. Baimen eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar ditu:

  • a) Eraikuntza proiektu bat, teknikari eskudunak izenpetua eta dagokion lanbide elkargoak ikus-onetsia, honako hauek azaldu behar dituena: Eraikin eta instalazioen kokapena, sarbideen trazatua, seinaleak, zoladura, drainadura, eta apaingarriak. Sarbidea egin nahi dion errepidearen ezaugarriak ere aztertuko ditu, hala nola, oin trazatua, altxatua eta sekzioa, ikuspen baliagarria, seinaleak, beste sarbide edo zerbitzubide batzuk dauden zerbitzuguneko sarbideen aurretik eta ondoren gutxienez 500 metro lehenago eta geroago, eta sarbide parean dagoen trafikoari buruzko azterketa bat.
  • b) Gasolindegia eraikitzeko eskatzen diren gainerako baldintza tekniko eta administratiboak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak, eta, era berean, eraikinak hirigintzako antolamenduarekin bat datozela frogatzen dutenak, edota bestela, eduki beharreko hirigintza baimenak.

4. Baimen eskaerak aurkezterakoan Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearen Legeak 38. artikuluan eta hura garatzen duten xedapenek emandako jarraibideak bete behar dira.

5. Aipatutako agiriak jasotakoan espedientea jendaurreko informaziora aterako du Garraio eta Errepide Departamentuak, hogei egunez, gutxienik, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta gasolindegia ipini nahi den udal barrutiko Udaletxeko iragarki taulan argitaratuta, edozein pertsona fisikok nahiz juridikok egoki iritzitako alegazioak eta iradokizunak egin ahal ditzan gasolindegiak errepidearekin eta sarbideekin dituen loturei buruz, edo bestela, sarbideetan gerta litekeen berrantolaketari buruz.

6. Baimen eskariei buruzko irizpena azalduko duen txostena Garraio eta Errepide Departamentuko zerbitzu eskudunek prestatuko dute. Egoki iritzitako kontu guztiak aipatuko dituzte txosten horretan, gai hauek oinarri hartuta:

  • a) Errepidearen ezaugarriak: Oin trazatua, altxatua eta sekzioa, eta ikuspen baliagarria.
  • b) Ustiapenari buruz eskuragarri dauden datuak: Zirkulazioaren trinkotasuna eta abiadura, eta istripuak.
  • c) Errepidea zabaltzeko edo aldatzeko hurrengo hamar urteetarako aurreikusita dauden planak edo proiektuak.
  • d) Indarrean dagoen araudia betetzea.
  • e) Proposatutako instalazioa eta sarbideak egitea bidezkoa den edo ez, eta hala izan dadin zein baldintza bete beharko liratekeen Departamentuaren iritziz.
  • f) Jendaurreko informazio aldian aurkeztu diren alegazioak eta iradokizunak.

7. Garraio eta Errepide Departamentuak, egindako jendaurreko informazioa eta goiko paragrafoak aipatutako txostena kontuan hartuta, behin behineko baimena emango du, arauetan ezarritako betebeharrak betetzen badira, behintzat.

Behin-behineko baimenari jarritako baldintzen berri emango dio eskatzaileari, baldintzak onartzen dituela adieraz dezan hamabost eguneko epean, gehienez ere. Aipatutako epearen barruan hala egiten ez badu, indargabetu egingo dio behin-behineko baimena.

Baldintzak onartzen baditu, ordea, behin betiko baimena emango dio.

Beraz, behin-behineko baimenak ez dakar berarekin behin betiko baimena ematea, eta ez du babesten instalazioak eraikitzen hastea.

8. Behin betiko baimena emanda, hemezortzi hilabeteko epea edukiko du eskatzaileak 16. artikuluko 7. paragrafoan aipatutako akta, obrekin ados egotekoa, Garraio eta Errepide Departamentuari aurkezteko; obrek, nolanahi ere, oso-osorik bete beharko dituzte baimenean jarritako baldintzak. Epe hura amaituta, akta aurkeztu ez badu, baimena iraungitzat joko da edozein ondoriotarako.

9. Baimena eskatu aurretik eskatzaileek badaukate Garraio eta Errepide Departamentuari galdetzea ea aurrera eraman nahi duten eraikuntza hori bideragarria den edo ez, baita ere informazioa eta orientabidea eskatzea lege edo teknikako betebeharrei buruz, hau da, egin nahi dituzten lanei indarrean dauden xedapenek ezartzen dizkieten betebeharrei buruz.

Garraio eta Errepide Departamentuak galderari emandako erantzunak eskatzailea lotuko du, eta erantzuna jasotzeko ez du proiektua aurkeztu beharrik izango, nahikoa izango baitu proposatutako lana zehatz samar azaltzea eta haren eskema grafiko bat egitea: Erasandako errepide zatia eta sarbideak, hurbileneko lotuneak, errepideko babesguneen kokalekua, eskatzailearen nortasuna egiaztatzea, baita lana kokatuko den lur-sailen jabetza edo erosteko aukera eskubideak ere, eta berariaz aitortzea geroago egingo lukeen eskaera baten aurretik galdera egitea dela.

Hamaseigarren artikulua. Baimenaren ondorioak.

1. Gasolindegia eraikitzeko eta ustiatzeko eskuratu behar diren gainerako lizentzia eta baimenen baldintzapean emango ditu baimenak Departamentuak, besteren kaltetan izan gabe, eta lur-sailen edo ondasunen gainean aurretik dauden eskubideak gordez. Ez dute inoiz herri jabariaren lagapenik ekarriko, ez eta Gipuzkoako Foru Aldundiak baimenaren titularrarekiko edota beste inorekiko inolako erantzukizunik bereganatzerik ere.

2. Gasolindegi bateko sarbideak egiteko obren ikuskatzaile Garraio eta Errepide Departamentua izango da.

3. Gasolindegi bateko sarbideak egiteko obrak ezin hasiko dira Garraio eta Errepide Departamentuak haien zuinketarekin ados dagoela adierazi ez badu. Horretarako, interesatuak Departamentuari abisatuko dio zuinketa hori noiz egiteko asmoa duen, hamar egun lehenago, gutxienez. Aipatutako organo administratiboak adostasun akta egingo du, edota egoki iritzitako eragozpenak agertuko ditu, haiek zuzentzeko behar den epea emanda.

Zuinketarekiko adostasun aktak berarekin ekarriko du behin betiko baimena gasolindegiko sarbideak egiteko obrak hasteko.

4. Aurkeztutako proiektuaren arabera eta baimenean jarritako baldintzen arabera egin beharko dira obrak, errepideko zirkulazioa etenarazi gabe edo eragotzi gabe.

5. Baldin eta Garraio eta Errepide Departamentuak ikusiko balu ezberdintasunak daudela aurkeztutako proiektuaren aldean edota baimenean jarritako baldintzen aldean, obra haiek geldiarazi egin litzake ezberdintasunak zuzendu arte, eta horrek ez luke galaraziko dagokion zigor espedientea irekitzea.

6. Gasolindegiaren jabeak lehen bezala jarri behar ditu, bere kontura, obren eraginez kalteak izan dituzten errepideko osagaiak, hau da, lehengo segurtasuna, funtzionalitatea eta itxura itzuli behar dizkie.

7. Gasolindegi bat ezingo da ustiatzen hasi Garraio eta Errepide Departamentuak obren amaierari adostasuna aitortu ez badio, ustiatzen hasteko legez behar diren gainerako baimenen menpe, betiere. Horretarako, ustiaketari noiz ekiteko asmoa duen, gutxienez hamar egun lehenago abisatuko dio interesatuak Departamentuari. Aipatu organoak adostasun akta egingo du, edo bestela, egoki iritzitako eragozpenak agertuko ditu, eta beharrezko epea emango du haiek zuzentzeko. Obrekiko adostasun aktak berarekin ekarriko du behin betiko baimena, errepidearen osagarri den instalazioko sarbideak erabiltzen has dadin jendea.

8. Gasolindegi bateko sarbidea egiteko behar den zerbitzubide zatia nahiz galtzada nagusiarekin dituen lotuneak eta abiadura aldatzeko erreiak, lehenagotik ez badaude, eskatzailearen kontura joango dira.

9. Zerbitzubide horien artapena haiek egiteko baimena eskuratu dutenek bereganatuko dute.

Hamazazpigarren artikulua. Baimena aldatzea edo etetea.

1. Garraio eta Errepide Departamentuak aldi baterako edo behin betiko aldatu edo eten lezake baimena, baldin eta geroago onartutako arauekin bateraezina balitz, herri jabariari kalterik eragingo balio, edota denen intereseko jardueretarako erabiltzea eragotziko balu.

2. Baimena aldatzeko edo eteteko jardunbidea ofizioz edota alde baten eskabidez hasiko da, eta Garraio eta Errepide Departamentuko zerbitzu eskudunek bideratuko dute. Jardunbideari hasiera eman aurretik bertatik eman behar dio horren berri Eusko Jaurlaritzan Industria arloko eskumena duen Sailari. Nolanahi ere, eta ebazpen proposamena egin aurretik, entzunaldia emango die erasandakoei, beren eskubideen alde komeni zaizkien alegazioak aurkez ditzaten.

3. Espedientea ebaztea Garraio eta Errepide Departamentuaren gain egongo da.

4. Baldin eta jardunbide horren ondorioz baimenaren edozein aldaketa gertatu bada, eta horrek berarekin ekar badezake Eusko Jaurlaritzan Industria arloko eskumena duen Sailak kudeatutako Industria Erroldako izen ematea baliogabetzea, bai behin betiko etenaren kasuan, bai aldi baterakoan, urtebetetik gorakoa baldin bada, aldaketa horren berri eman behar dio aipatutako sailari.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria

Foru Dekretu hau indarrean sartzen denean, jarrita dauden baina Dekretuak xedatutakoa betetzen ez duten zerbitzugune, gasolindegi eta erregaien hornidurako ataletan, honelako baimenak bakarrik eman daitezke: Haien konponketa, mantenimendu eta birgaikuntza jarduerak, lanak edo obrak egitekoak, baldin eta eraikitako bolumenak edota irabazizko gehikuntza duten zerbitzuak gehitzen ez badituzte. Baimena emango da ezarritako segurtasun eskakizunak betetzeko egin behar diren hobekuntzak edo birkokapenak egiteko.

Bigarren xedapen gehigarria

Gasolindegi batera sartzeko ezkerretara biratzeko aukera kendu beharko da, bideko segurtasun arrazoiengatik edota eguneroko batez besteko trinkotasuna 5.000 ibilgailukoa baino handiagoa baldin bada.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Amaierako lehen xedapena

Garraio eta Errepideetako diputatuari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau betearazteko eta garatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak eman ditzan.

Amaierako bigarren xedapena

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean foru dekretu hau.