2003ko urriaren 29ko FORU AGINDUA, Gipuzkoako Lurralde Historikoan mahastiak landatzeko eskubide-erreserba arautzen duena.

Iraupen bertsioak

   Imprimatu

2003ko urriaren 29ko FORU AGINDUA, Gipuzkoako Lurralde Historikoan mahastiak landatzeko eskubide-erreserba arautzen duena.

BOG 13 Azaroa 2003

Mahastiak landatzeko erreserba-eskubideen ezarpena arautzen duen otsailaren 15eko 196/2002 Errege Dekretuak, bere Lurraldearen eremuan, herrialde-eskubideen erreserbarako baimena ematen du, ekoiztu ahal den ardoaren kudeaketa errazteko eta horren galera ekiditeko.

Mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreak Gipuzkoan izan duen garapenak eta bilakaerak Gipuzkoako Lurralde Historikoan eskubide-erreserba bat eratzeko baldintzak arautu beharra eragin dute.

Ondorioz, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Gobernu eta Administrazioari buruzko maiatzaren 30eko 3/1984 Foru Arauaren 27 eta 56 artikuluetan esleitutako funtzioen arabera, Autonomi Erkidego osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foru Organoen arteko Harremanetarako 1983eko azaroaren 25eko Legeko 7b) 1. artikuluan xedatutakoari lotuta, Landa Ingurunearen Garapenerako Foru Diputatu honek,

XEDATU DU

1. artikulua. Xedea.

Foru Agindu honen xedea Gipuzkoako Lurralde Historikoan mahastiak landatzeko eskubide-erreserbari dagozkion arauak ezartzea da, erkidegoko arautegiarekin eta horretatik irtendako legediarekin bat etorriz, mahastiak landatzeko eskubideak esleitzeko eta berriro esleitzeko aukera emanez.

2. artikulua. Herrialde-erreserba.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko mahastiak landatzeko eskubide-erreserba eratzen da. Erreserba horri dagozkion eskubideak, hala badagokio, Euskadiko mahastiak landatzeko eskubideen Autonomi Erreserban sartuko dira, Gipuzkoako Lurralde Historikoari lotutzat bezala, segidan egingo diren hurrengo bi kanpainetan.

Lurralde Erreserbari honako landaketa eskubideak gehituko zaizkio:

  • a) Gipuzkoako Lurralde Historikoari esleitzen zaizkion kupoetatik eratorritako landaketa berriko eskubideak.
  • b) Landaketa berriko eskubideak eman diren kanpainatik hasita, bigarrena amaitu baino lehenago erabili ez direnak.
  • c) Mahatsondoak errotik atera diren kanpainatik hasita, zortzigarrena amaitu baino lehenago erabili ez diren birlandaketa eskubideak.
  • d) Eskualdaketa bidez lortu eta onartu eta hurrengo bi kanpainetan erabili ez diren birlandaketa eskubideak.
  • e) Titularrari egotzi ezin dakizkiokeen arrazoiak direla medio, bere indarraldian erabili ez diren landaketa eskubideak.
  • f) Autonomia Erreserbak edo Nazionalak ematen dituenak edo bestelako eskubideak, indarrean dagoen arautegiaren arabera sar litezkeenak.
  • g) Gipuzkoako erreserbak edozein titulu juridikorako eskuratutako eskubideak.
  • h) Legearen arabera ezarritako prozedurarekin bat etorriz, azaleren erregulaziotik eratorritako eskubideak.

3. artikulua. Eskubideen kudeaketa.

1. Erreserbaren eskubideen kudeaketa bat egiteari begira, dagozkion izen-emateak eta erregistroak gauzatu beharko dira, haien identifikazioa eta zenbatekotzea ahalbidetzeko. Horretarako honen inguruko datuak eskatuko dira: Lur-zatiak, titularrak, datak, kanpainak, e.a. eta beharrezkoak diren guztiak.

Eskubide hauen izen-ematea erreserban ofizioz egingo da, behin, edozein titulugatik, erreserban sartu ondoren.

2. Titularrari egotzi ezin dakizkiokeen arrazoiak direla medio, indarraldian gauzatu ez diren landaketa eskubideak Gipuzkoako erreserbara igaroko dira. Hala ere, landaketa eskubidea gauzatzea eragotzi zuen arrazoia desagertu ondoren, dagozkion eskubideak titularrari esleituko zaizkio, kontraprestazio ekonomikorik gabe.

3. Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentuak esleituko ditu Gipuzkoako Erreserbatik eratorritako landaketa eskubideak, besteak beste, honako lehentasun irizpideen arabera:

  • a) Eskabidea aurkezterakoan Gizarte Segurantzako nekazaritza erregimen berezian dauden nekazari gazteak.
  • b) Lehentasunezko nekazaritzako ustiategien titular diren nekazariak.
  • c) Jarduera nagusi nekazaritza dutenak.
  • d) Gipuzkoako mahaszaintza eta ardogintzarako estrategikoak diren ekimen sozioekonomikoak.

4. Eskubideen eskatzaileek, kanpaina horretan edota aurreko bostetan, ez dute birlandaketako eskubiderik eskualdatu izan behar.

5. Erreserba batetik datozen mahastizainei esleitutako landaketa eskubideak ezin izango dira eskualdatu.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu hau, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren hurrengoan jarriko da indarrean.