39/1988 FORU DEKRETUA, martxoaren 31koa, Eskola Kiroleko Lurralde Kontseiluaren sorkuntza, osaketa, eta funtzionamenduarauei buruzkoa.

Iraupen bertsioak

   Imprimatu

39/1988 FORU DEKRETUA, martxoaren 31koa, Eskola Kiroleko Lurralde Kontseiluaren sorkuntza, osaketa, eta funtzionamenduarauei buruzkoa.

BOG 8 Apirila 1998

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Gobernuari eta Administrazioari buruzko maiatzaren 30eko 3/1984 Foru Arauak 36.3 artikuluan dioenez, kidekotasunez osatutako organo aholkuemaileak sor daitezke Aldundiko departamentuen barruan, eta organo horiek Diputatuen Kontseiluak emandako eskumenak edukiko dituzte.

Bestalde, Euskadiko Kultura Fisikoari eta Kirolari buruzko otsailaren 19ko 5/1988 Legeak 55.4 artikuluan agintzen duenez, Kirolaren Euskal Kontseiluak lurralde batzordeekin, udal batzordeekin eta antzeko organoekin koordinatu beharra dauka bere jarduna, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoek eta udalek sor ditzaketen organoekin. Horrek esan nahi du 5/1988 Legeak berariaz aitortzen duela lurralde historikoek kirol arloko organo aholkuemaileak sortzeko duten aukera.

Era berean, Eskola Kirolari buruzko ekainaren 5eko 160/1990 Dekretuak 9. artikuluan ezartzen duenez, eskola kiroleko programak prestatzen direnean, honako hauek entzunak izateko eskubidea dute: Lurralde Historikoan kokatutako ikastetxeetako eskola kontseiluen ordezkariek; Euskal Autonomia Erkidegoko eta lurralde historikoetako federazioen ordezkariek; kirol kluben eta kirol taldeen ordezkariek; eta lurralde historikoetako udal erakundeen ordezkariek.

Araugintzako esparru horretan, 19951996 ikasturteaz geroztik ondo funtzionatzen ari da Gipuzkoako eskola kirolaren arloan batzorde bat, ikastetxeen, udal eta kirol federazioen, eta Gazteria eta Kirol Departamentuaren beraren ordezkariak biltzen dituena. Horregatik behar da batzorde horri babes ofiziala eman, eta xedapen bat argitaratu, haren egitura, eginkizunak, eta funtzionamenduarauak zehazteko.

Alabaina, batzorde hori organo aholkuemaile kide anitzekoa denez -hainbat lekutatik datozen kideez osatua-, egokiagoa dirudi kontseilu deitzeak, batzorde edo komite baino, hala deitzen baitira Foru Aldundiaren beraren beste organo aholkuemaile antzeko batzuk ere, hala nola, Gizarte Ongizateko Lurralde Kontseilua, Ehizako Lurralde Kontseilua, eta abar.

Hori delaeta, Gazteria eta Kirol Departamentuko diputatuaren proposamenez, eta Diputatuen Kontseiluak gaiari buruz hitz egin ondoren,

XEDATZEN DUT

1. artikulua.

1. Foru dekretu honen gaia da Eskola Kiroleko Lurralde Kontseiluaren sorkuntza, osaketa, eta funtzionamenduarauak zehaztea. Eskola Kiroleko Lurralde Kontseilua Gipuzkoako Foru Aldundiak eskola kirolaren arloan duen aholku eta eztabaida organoa da.

2. Eskola Kiroleko Lurralde Kontseiluak eginkizun hauek ditu:

  • a) Iritzia eman Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero onartu behar dituen eskola kiroleko programei buruz.
  • b) Iritzia eman Gipuzkoako Foru Aldundiak eskola kirolaren arloan onartuko dituen aparteko planei edo programei buruz.
  • c) Iritzia eman Gipuzkoako Foru Aldundiak eskola kirolaren arloan onartuko dituen xedapenei buruz.
  • d) Aholku eman Gipuzkoako Foru Aldundiak eta beste erakunde publiko eta pribatuek eskola kirolari buruz azaltzen dizkioten gaien gainean.
  • e) Elkarlanean aritu Kirolaren Euskal Kontseiluarekin, indarrean dagoen 5/1988 Legeak edo hura ordeztuko duen xedapenak agindu bezala.

3. Eskola Kiroleko Lurralde Kontseiluak ematen dituen iritziak eta gomendioak kontuan hartu beharrekoak dira aurreko artikuluko a), b) eta c) puntuetako kasuetan, baina ez nahitaez bete beharrekoak.

2. artikulua.

Eskola Kiroleko Lurralde Kontseilua Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria eta Kirol Departamentuari atxikita dago, baina ez dago haren egitura hierarkikoaren barruan.

3. artikulua.

1. Eskola Kiroleko Lurralde Kontseilua kide hauek osatzen dute:

  • Lehendakaria:

    • - Gazteria eta Kirol Departamentuko diputatua.
  • Lehendakariordea:

    • - Gazteria eta Kiroletako zuzendari nagusia.
  • Bokalak:

    • - Kirol Zerbitzuko burua
    • - Gipuzkoako kirol federazioen bost ordezkari
    • - Gipuzkoako ikastetxeen bost ordezkari
    • - Gazteria eta Kirol Zuzendaritza Nagusiko teknikari bat, Gazteria eta Kirol Departamentuko diputatuak izendatua
    • - Gipuzkoako udalen bost ordezkari.

2. Udalen eta ikastetxeen ordezkari bakoitzak Gipuzkoa-ko eskualde batekoa izan behar du, hau da, eskola kirolaren arloan Gipuzkoako lurraldea banatuta dagoen bost eskualdeetako batekoa.

Federazioen ordezkariek ere Gipuzkoako federazio sistemaren aniztasuna islatu behar dute.

3. Eskola Kiroleko Lurralde Kontseiluak idazkari bat dauka, Departamentuko diputatuak izendatua Gazteria eta Kirol Zuzendaritza Nagusiko enplegatuen artetik. Idazkari horrek, hizpidea bai, baina ez du botorik, eta eginkizun hauek dauzka:

  • a) Bileretarako deiak egitea Kontseiluko buruak hala agintzen dionean.
  • b) Kontseiluko kideen komunikazio egintzak jasotzea.
  • c) Kontseiluko lehendakariak aztertu behar dituen gaiak prestatzea.
  • d) Kontseiluko bilerak behar bezala egiteko behar den dokumentazioa prestatzea.
  • e) Ziurtagiriak ematea.
  • f) Idazkari izateari lotuta dauden bestelako eginkizunak.

4. artikulua.

Eskola Kiroleko Lurralde Kontseiluak badauka eskatzea bileretan aztertu behar diren gaietan espezializatutako pertsonek parte har dezaten. Pertsona horiek hizpidearekin bai, baina botorik gabe jardun behar dute.

5. artikulua.

Udalen, ikastetxeen eta kirol federazioen ordezkariek lau urteko aldirako izango dira kide, eta aldi hori amaitzen denean, berriro hautatuak izan daitezke. Gipuzkoako Foru Aldundiaren kideek, berriz, hala izaten jarraituko dute, kide izateko arrazoia den karguan dauden bitartean, hain zuzen ere.

6. artikulua.

1. Aurreko artikuluan esandakoa eragotzi gabe, Eskola Kiroleko Lurralde Kontseiluko kideek arrazoi hauengatik galduko dute beren kide izaera:

  • a) Dimisio, heriotza eta ezintasunagatik.
  • b) Kirol federazioaren, ikastetxearen edo udalaren aginduagatik, Kontseiluari behar bezala jakinarazita.
  • c) Gazteria eta Kirol Departamentuko diputatuak erabakitako kargugabetzeagatik, Gazteria eta Kirol Zuzendaritza Nagusiko teknikariaren kasuan.

2. Hutsik gelditzen diren tokiak lau hilabeteko epean bete behar dira, luze jota.

7. artikulua.

1. Eskola Kiroleko Lurralde Kontseiluak bilera arruntak eta apartekoak egin ditzake.

2. Kontseiluaren bilera arruntak sei hilean behin egingo dira, urteko gutxienez bi.

3. Kontseiluaren aparteko bilerak, berriz, Kontseiluko lehendakariak, edo lehendakariordeak bestela, bere ekimenez edo Kontseiluko kideen ekimenez, hala agintzen duenean egin behar dira.

8. artikulua.

Kontseiluko kideek bidai sariak eta bestelako kalteordainak jasotzeko eskubidea dute, indarrean dauden xedapenek diotenaren arabera.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Amaierako lehen xedapena

Gazteria eta Kirol Departamentuko diputatuaren esku dago foru dekretu hau aurrera eta burura eramateko behar beste xedapen ematea. Bereziki, haren gain dago Kontseiluaren Funtzionamendu Araudia onartzea, Kontseiluak proposatuta.

Amaierako bigarren xedapena

Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.