1998ko irailaren 17ko FORU AGINDUA, Eskola Kiroleko Lurralde Kontseiluaren sorkuntza, osaketa eta funtzionamendu arauak onartzen dituena.

Iraupen bertsioak

   Imprimatu

1998ko irailaren 17ko FORU AGINDUA, Eskola Kiroleko Lurralde Kontseiluaren sorkuntza, osaketa eta funtzionamendu arauak onartzen dituena.

BOG 24 Iraila 1998

«Martxoaren 31ko 39/1998 Foru Dekretuaren bidez Eskola Kiroleko Lurralde Kontseiluaren sorkuntza, osaketa eta funtzionamendu arauak onartu ziren. Kontseilu hori organo aholku-emailea da eta bertan biltzen dira ikastetxe, udal, kirol federazio eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria eta Kirol Departamentuko ordezkariak.

Kontseiluaren osaketari eta funtzionamenduari zegozkion arazo guztien berri zehatz-mehatz Foru Dekretuak ezin zuenez eman, dekretu horretako amaierako lehen xedapenak ezartzen zuen eta foru diputatu honi baimena ematen zion xedapenak eman behar zirela Dekretua garatzeko, zehazki, Funtzionamendu Araudi bat eman behar zela, organo aholku-emaileak berak proposatua izan behar zuena.

Gauzak honela, Kontseiluak bere lehenengo bileran, -maiatzaren 27an egin zena-, Foru Agindu honek onartzen duen araudiaren zirriborroa onartu zuen.

Horren indarrean, Gazteria eta Kirol Departamentuko foru diputatuak,

XEDATZEN DU

Bakarra: Onartzen da honako Foru Aginduaren eranskin gisa doan Eskola Kiroleko Lurralde Kontseiluaren Funtzionamendu Araudia.

Xedapen iragankorra

Kontseiluak lehenengo bileran onartuko du Gipuzkoako udalen, kirol federazioen eta ikastetxeen ordezkarien zerrenda. Gero zerrenda hori Gazteria eta Kirol Departamentuko foru diputatuari emango zaio Kontseiluko kide izenda ditzan.

Izendapenaren ondoren Araudiaren 4. artikuluak azaltzen duen berritze sistemarekin jarraituko da.

Amaierako xedapena

Honako Foru Agindu hau eta berak onartzen duen Araudia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean agertzen diren egun berean sartuko dira indarrean».

Denek jakin dezaten argitaratzen dena.

I. ERANSKINA
ESKOLA KIROLEKO LURRALDE KONTSEILUAREN FUNTZIONAMENDU ARAUDIA

I kapitulua
Xedea

1. artikulua.

Araudi honen helburua aurtengo martxoaren 31ko 39/1998 Foru Dekretuak, Eskola Kiroleko Lurralde Kontseiluaren sorkuntza, osaketa eta funtzionamendu arauei buruzkoak, ezarritako prozedurako gai batzuk arau bidez garatzea da. Bereziki, kirol federazio, udal eta ikastetxeen ordezko kontseilukideak hautatzeari dagozkion gaiak eta organo aholku-emailearen bilerei dagozkienak arautu behar ditu.

II kapitulua
Ordezkariak hautatzea

2. artikulua.

1. Hautesle eta hautagai Gipuzkoako Lurralde Historikoko udal, kirol federazio eta ikastetxe guztiak izan daitezke, eskola kiroleko programaren garapenean parte hartu nahiz ez hartu.

2. Hautesle eta hautagai, aurreko puntuan aipatutako pertsona juridiko publiko nahiz pribatuak dira, eta ez haien ordez diharduten pertsona fisikoak. Hala, bada, bileretara ez du nahitaez Kontseiluko kide hautatuaren ordezkari den pertsona berak beti joan beharrik, nahiz eta beharrezkoa den kideak bere ordezkariaren nortasuna modu sinesgarrian jakinaraztea Kontseiluko idazkariari, bilera egin baino hiru egun lehenagotik, gutxienez.

Dena dela, Kontseiluko kidea den pertsona juridikoak ohiko ordezkari bat izenda dezake Kontseiluko bileretarako, eta, horretara, bilerara ohikoa ez den ordezkariren bat joatekoa denean bakarrik egin behar da aurreko paragrafoan aipatutako jakinarazpena.

3. artikulua.

Gipuzkoako udalek eta ikastetxeek Kontseiluan izango duten ordezkaritza antolatzeari dagokionez, Lurralde Historikoa bost eskualdetan zatitua dago, eskola kiroleko gaietarako; honako hauek dira:

  • - Bidasoa-Oiartzun eskualdea, Hondarribia, Irun, Oiartzun, Lezo, Errenteria eta Pasaiak osatua.
  • - Donostialdea, Donostia, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilek osatua.
  • - Urola-Kosta eskualdea, Aia, Aizarnazabal, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa, Zumaia, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Bidegoian eta Errezilek osatua.
  • - Deba aldea, Deba, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Mutriku, Soraluze, Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Leintz-Gatzaga eta Oñatik osatua.
  • - Goierri-Oria eskualdea, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Legazpi, Urretxu, Zumarraga, Abaltzisketa, Altzaga, Arama, Ataun, Baliarrain, Beasain, Gaintza, Idiazabal, Ikaztegieta, Itsasondo, Lazkao, Legorreta, Mutiloa, Olaberria, Ordizia, Orendain, Ormaiztegi, Segura, Zaldibia, Zegama, Zerain, Aduna, Albistur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Villabona, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Irura, Larraul, Leaburu, Lizartza, Orexa, Tolosa eta Zizurkilek osatua.

4. artikulua.

1. Kontseilukideen iraunaldia lau urtekoa izan arren, Kontseiluaren zati bat bi urtetik behin berrituko da. Hala, Kontseiluko kideak lehenbizikoz izendatzen direnetik bi urtera, udalen, federazioen eta ikastetxeen hamabost ordezkarietarik zazpi aldatuko dira, hiru udaletakoak, bi federazioetakoak eta bi ikastetxeetakoak. Aldatuko diren ikastetxeetako bi ordezkariak ez dira izango aldatuko diren udaletakoen eskualde berekoak.

2. Lehen berritzearen ondoren bi urte pasatzen direnean, beste zortzi ordezkariak aldatuko dira, udaletako bi, federazioetako bi eta ikastetxeetako hiru, aurreko puntuan ezarri den baldintza berarekin, alegia, aldatzen diren ikastetxeetako ordezkariak eta udaletakoak ez daitezela eskualde berekoak izan.

Hortik aurrera, azaldutako era berean jarraituko da Kontseilua berritzen.

5. artikulua.

Kontseiluak berak egingo du ordezkariak hautatzeko deialdia, aurreko kideen iraunaldia amaitzen denetik hasita lau hilabeteko epean.

6. artikulua.

Kontseiluko kide berriak Kontseiluak berak proposatu eta Gazteriako eta Kiroletako foru diputatuak izendatuko ditu.

7. artikulua.

Kontseiluko kideren batek 39/1998 Foru Dekretuak, Eskola Kiroleko Lurralde Kontseiluaren sorkuntza, osaketa eta funtzionamendu arauei buruzkoak, 6. artikuluan aipatzen den arrazoiren batengatik kide izateari uzten badio, bozketan haren hurrena boto gehien atera zuen hautagaia izango da kide. Hori ezinezkoa balitz, kasu horretarako berariazko bozketa egiteko deia egin beharko litzateke lau hilabeteko epean.

III kapitulua
Funtzionamendua

8. artikulua.

Kontseiluko bileretarako deiak lehendakariaren aginduz egingo dira, bilera baino zazpi egun (natural) lehenagotik gutxienez. Deialdian, bilera egingo den tokia, eguna eta ordua, eta bilerako gai zerrenda adieraziko dira.

Deialdia egiteko aurrerapenari dagokion baldintza ez da bete beharrik izango presaz egiten diren aparteko bileren kasuan.

9. artikulua.

1. Kontseiluko edozein kidek dauka gai zerrendarako punturen bat proposatzeko aukera, baina, beti, behar den aurrerapenarekin eta proposatzen duen puntuaren azalpen labur bat emanda.

2. Lehendakaria edo lehendakariordea ez diren kideen ekimenez Kontseiluak aparteko bilera egin dezan, ekimen hori hiru kontseilukidek gutxienez bultzatu behar dute, sinesgarritasunez.

10. artikulua.

1. Kontseilua eratua eta baliagarria izango da lehen deialdian, baldin kideen erdiak gehi bat bertan badaude.

2. Quoruma osatu ez bada, hogeita hamar minutu geroago eratu ahal izango da bigarren deialdian, baldin kideen herena bertan badago.

3. Nolanahi ere, Kontseilua eratua eta baliagarria izango da, lehen zein bigarren deialdian, baldin udalek, federazioek eta ikastetxeek osatzen dituzten hiru ataletatik, gutxienez bina ordezkari bertan badaude.

11. artikulua.

1. Oraindaino aipatutako eginkizunez gainera, lehendakariaren eginkizun dira Kontseiluaren ordezkaritza, eztabaidak gidatzea eta nola eztabaidak hala botazioak normaltasunez aurrera eramatea.

2. Lehendakaria ez badago, edo gaixotasunagatik edo beste bidezko arrazoiren batengatik, orduan, haren eginkizunak Kontseiluko lehendakariordeari edo hark bere ordez jarritako bokalari dagozkio, behin-behingoz.

12. artikulua.

Erabakiak gehiengo soilez hartuko dira, eta berdinketak lehendakariaren kalitateko botoak ebatziko ditu.

13. artikulua.

Bileretara joateko ahalmena ematen zaien adituez gainera, edozeinek parte hartu ahal izango du bileretan, hizpidearekin baina botorik gabe, baldin lehendakariaren berariazko baimena badu.

14. artikulua.

1. Kontseilu osoaren bileran eztabaidatzeko gaien artean alorreko azterketa sakona edo aldez aurrekoa behar duen gairik izanez gero, batzorde txostengileak osatu ahal izango dira bileraren aurretik.

2. Edozein batzorde txostengile sortzen dela ere, Kontseiluko lehendakariak izendatuko ditu bertan parte hartuko duten kideak.

15. artikulua.

1. Idazkariak bilera guztien akta egingo du, bertan jasoz bilera eguna, ordua eta tokia, bertaratuen izen-abizenak eta ordezkaritza, aztertutako gaiak, azaldutako iritzien laburpena eta hartutako erabakien edukia.

2. Hartutako erabakiaren aurkako botorik edo abstentziorik baldin badago, jarrera horien eta eusten dieten arrazoien berri aktan emango da, dagozkien kideek hala eskatzen badute. Gehiengoz hartutako erabakiarekin ados ez dauden kideek boto partikularra eman dezakete idatziz, bilera bukatu ondoko berrogetia zortzi orduetan. Boto partikularrak onartutako testuari erantsiko zaizkio.

3. Idazkariak bileran aztertutako gaien berri emango die bilerara joan gabeko kontseilukideei.

16. artikulua.

1. Kontseiluaren bilera bakoitzeko akta hurrengo bileran irakurriko du idazkariak, onarpen eske.

2. Akta idazkariak izenpetuko du, lehendakariaren oniritziarekin.

3. Zilegizko interesa dutela egiaztatzen dutenek idazkariarengana jo dezakete onartutako testuen ziurtagiria egin diezaien.

Amaierako xedapena

Araudi honetan edo martxoaren 31ko 39/1998 Foru Dekretuan, Eskola Kiroleko Lurralde Kontseiluaren sorkuntza, osaketa eta funtzionamendu arauei buruzkoan, aurreikusi gabeko gaietan, 30/1992 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearenak, II. idazpuruko II. kapituluan, organo kolegiatuei buruzkoan, dioenak aginduko du.