Azaroaren 24ko 82/1998 FORU DEKRETUA, Lurzoru hiritarrezineko baimen eta lizentzia kontuetan jarduketak koordinatzen dituena.

Iraupen bertsioak

Gorde / Erakutsi iruzkinak    Imprimatu

Azaroaren 24ko 82/1998 FORU DEKRETUA, Lurzoru hiritarrezineko baimen eta lizentzia kontuetan jarduketak koordinatzen dituena.

BOG 4 Abendua 1998

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Gorenaren 2002ko uztailaren 23ko 1490/1999 Helegiteak, azaroaren 24ko 82/1998 Foru Dekretuaren [GIPUZKOA] 3.artikulua deuseza deklaratu du. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Gorenaren 2002ko uztailaren 23ko 1490/1999 Helegiteak, azaroaren 24ko 82/1998 Foru Dekretuaren [GIPUZKOA] Xedapen Indargabetzailea deuseza deklaratu du. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Gorenaren 2002ko uztailaren 23ko 1490/1999 Helegiteak, azaroaren 24ko 82/1998 Foru Dekretuaren [GIPUZKOA] 3.artikulua deuseza deklaratu du. 2005eko urriaren 25eko Auzitegi Gorenaren Ebazpenak, 6994/2002 Helegitean, berresten du. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Gorenaren 2002ko uztailaren 23ko 1490/1999 Helegiteak, azaroaren 24ko 82/1998 Foru Dekretuaren [GIPUZKOA] Xedapen Indargabetzailea deuseza deklaratu du. 2005eko urriaren 25eko Auzitegi Gorenaren Ebazpenak, 6994/2002 Helegitean, berresten du.

Gipuzkoako lurralde historikoak eskumen osoa du mendi gaietan, nekazaritzaren birmoldaketa eta garapen gaietan garapen eta exekuzio alorreko eskumenak, eta hirigintza gaietan, berriz, exekuzio alorreko eskumenak.

Udalek, berriz, besteak beste, eskumenak dituzte hirigintza antolamendu, kudeaketa, exekuzio eta disziplinan, hala nola parke eta lorategi kontuetan.

Beraz, beharrezkoa iruditzen zaigu Foru Aldundiko bi departamentu arduradunen artean eta Diputazioaren eta udalen artean hainbat jarduketa koordinatzeko bitartekoak jartzea, parte hartzen duten administrazioen funtzionamendua zuzena dela bermatu ahal izateko herritarrei, horretarako administrazio bakoitzaren zereginak argi eta garbi finkatuz.

Horren inguruan foru dekretu honek bi gai arautzen ditu, batetik, lurzoru hiritarrezinean eraikitzeko baimen eta lizentziak emateko jarduketen koordinazioa eta, bestetik, zuhaitzak landatu eta mozteko baimenak, hauek ere lurzoru hiritarrezinean.

Euskal Autonomi Erkidegoko Lurraldearen Antolamendurako Artezpideek, lehenik, eta martxoaren 6ko 5/1998 Legeak, gero, xedatu dute lurzoru hiritarrezin babestuko eta lurzoru hiritarrezin arrunteko kategoriatan debekatuta dagoela nekazaritza ustiapenei lotuta ez dauden etxebizitza berriak egitea, hala ere, onartu egiten dute lurzoru kategoria horietan lurzoru hiritarrezinek beren garapenerako nahitaezkoak dituzten herri lanei lotutako eraikuntza edo instalazioak baita herri onura eta gizarte intereseko eraikinak edo instalazioak ere egitea.

Bestalde, uztailaren 8ko 6/1994 Mendien Foru Arauak basoko erabilera eta ustiaketak arautzen ditu eta, zehazki, 55. artikulutik 60ra bitartean mendien ustiaketari eta zaintza eta kontrolari dagozkion baimenak eta neurriak arautzen ditu, era berean, 89. artikulutik 96ra bitartekoetan baso landaketetarako baimenak eta zaintza eta kontrol neurriak arautzen ditu.

Horiek horrela, mendi, nekazaritza eta hirigintza alorreko eskumenak gauzatuz eta Nekazaritza eta Ingurugiroko eta Obra Hidraulikoetako eta Hirigintzako foru diputatuek batera proposatuta, Diputatuen Kontseiluak eztabaidatu ondoren, gaur honako hau,

XEDATU DUT

1. artikulua Lurzoru hiritarrezinean nekazaritza ustiapenei lotuta dauden eraikuntzak.

1. Udalek, lurzoru hiritarrezinean etxebizitza eta eraikuntzak egiteko baimena eman aurretik, Foru Aldundiko Nekazaritza eta Ingurugiro Departamentuari txostena eskatu beharko diote, honek proposatzen den etxebizitza edo eraikuntza hori nekazaritza ustiapen bati lotuta dagoen eta, zehazki, finkaren izaera, eta erabilerarekin eta Nekazaritzako Administrazioaren plan edo arauekin bat datorren eta egokia den balora dezan.

2. Horretarako, lurzoru hiritarrezinean nekazaritza ustialeku berriei lotutako etxebizitza eta eraikuntzak egiteko baimena eskatzen dutenek, dagokion eraikuntza proiektuaz gain, ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

  • a) Nekazaritza ustialekua Gipuzkoako Ustialekuen Erroldan sartua dagoela dioen agiria.
  • b) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantzako Erregimen Berezian sartua dagoela dioen Foru Ogasunaren ziurtagiria, edo nekazaritza enpresari gisa egindako errolda inskripzioa.
  • c) Nekazaritza ustialekuaren bideragarritasun eta lotura azterketa, erakutsiz ustialekuaren etekin ekonomikoen bidez titularrak lanbidearteko gutxieneko soldataren pareko edo goragoko irabaziak lortu ahal izango dituela eta familia eskulana, gutxienez, urteko lan unitate batekoa izango dela.
  • d) Nekazaritza jarduerarako gaitasun egiaztagiria, nekazaritza alorreko titulazioa edo trebakuntza ikastaroetako ziurtagiriak aurkeztuz edota urtetako esperientzia frogatuz.

3. Lurzoru hiritarrezinean lehendik dauden nekazaritza ustiapenei lotutako etxebizitzak eta eraikuntzak egiteko baimenak eskatzen dituztenek, dagokion eraikuntza proiektuaz gain, proiektatutako eraikin berrien bideragarritasunaren eta premien azterketa aurkeztu beharko dute.

4. Foru Aldundiko Nekazaritza eta Ingurugiro Departamentuaren txostena, nahitaezkoa eta loteslea izango dena, aldekoa dela ulertuko da hilabeteko epean ematen ez bada.

2. artikulua Lurzoru hiritarrezinean herri onurako edo gizarte intereseko eraikuntzak.

1. Lurzoru hiritarrezinean herri onurako edo gizarte intereseko eraikuntzak edo instalazioak egiteko baimen eskaera jaso dezaten eta onartzekoa dela uste duten udalek, hirigintza legedian aurreikusitako aldez aurreko baimena jaso ahal izateko, ondorengo dokumentazioa bidali beharko diote Foru Aldundiko Obra Hidraulikoetako eta Hirigintzako Departamentuari:

  • a) Interesatuak Udalari egindako eskaera, aipatutako legedian aurreikusitako alderdiak adieraziz eta, zehazki, eraikuntza edo instalazioak herri onurakoak edo gizarte interesekoak eta landa ingurunean kokatu beharrekoak direla frogatuz.
  • b) Udalaren txostena, eskaera baloratuz eta hirigintza antolamenduarekin bat datorrela adieraziz.

2. Obra Hidraulikoetako eta Hirigintzako Departamentuak behin betiko ebazpena emango du bi hilabeteko epean 20 egunez jendaurrean jarri eta gero, eta ezer esaten ez den kasuan aldekoa dela ulertuko da.

Obrak, eraikuntzak eta instalazioak herri onurakotzat katalogatutako mendietan egin behar direnean ebazpena Nekazaritza eta Ingurugiro Departamentuaren txosten loteslea jaso ondoren emango da. Ezer ez bada esaten bi hilabeteren buruan baimena ez dela ematen ulertu behar da.

3. Foru Aldundiaren baimena jaso arren, nahitaezkoa izango da obretarako bidezkoa den udal lizentzia lortzea.

3. artikulua Zuhaitzak moztu eta landatzeko baimenak lurzoru hiritarrezinean.

1. Lurzoru hiritarrezinean zuhaitzak moztu eta landatzeko baimen eskaerak Foru Aldundiko Nekazaritza eta Ingurugiro Departamentuan aurkeztuko dira eta honek mendien legediak xedatutakoaren arabera tramitatu eta ebatziko ditu.

Eskaera horietan jardueraren azalerak identifikatu behar dira, poligonoaren eta lurzatiaren erreferentziarekin, Nekazaritza Ustialekuen Erroldan adierazten diren moduan.

2. Udal baimena, hala ezartzen denean, soilik eskuratu beharko da hiri erabilerako gune edo parkeetan eta lorategietan zuhaitzak mozteko eskatzen denean, edo hirigintza antolamenduak babes berezia duten zuhaitzak daudelako babestu beharrekotzat jotako terrenoetan mozteko eskatzen denean.

XEDAPEN OSAGARRIA

Martxoaren 6ko Legebiltzarreko 5/1998 Legean xedatutakoaren arabera, hirigintza antolamenduan espreski hiritarrezineko landa gune gisa kalifikatutako lurzoruan, udalek eman ahal izango dituzte eraikuntza baimenak, Foru Aldundi honen esku hartzerik gabe.

XEDAPEN DEROGATZAILEA

Indargabetu egiten dira Foru Aldundiak onartuta baso erabilera eta ustiaketak arautzen dituzten eta lurzoru hiritarrezinetako basoetan jarduerak burutzeko udal baimenen behar generikoa arautzen duten hirigintza antolaketako agirietako xedapen, arau eta ordenantzak, eta dekretu honetan xedatutakoaren aurka doan maila bereko edo gutxiagoko beste edozein xedapen ere.