2004ko martxoaren 10eko FORU AGINDUA, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aterpetxe sareaz baliatzeko arautegia onartzekoa.

Iraupen bertsioak

   Imprimatu

2004ko martxoaren 10eko FORU AGINDUA, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aterpetxe sareaz baliatzeko arautegia onartzekoa.

BOG 29 Martxoa 2004

Gazteentzako egoitza eta aterpetxeena da Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuak hartuta dauzkan lan areetako bat eta horrek berarekin dakarkio, bestak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzako aterpetxeen sarea zaindu, mantendu eta garatzeko zeregina.

Sarean lau instalazio sartzen dira gaur egun: Igerain aterpetxea Zarautzen, Juan Sebastian Elkano aterpetxea Hondarribian, Txurruka aterpetxea Orion eta Aingeru Guardako aterpetxea Seguran. Ikasturtean zehar, gazte talde eta eskola ugari, Autonomia Erkidegokoak batez ere, hurbiltzen dira lau instalazioetara, azpiegitura egokia aurkitzen baitute beren astialdian hezkuntza, jolas, kultura eta kiroleko ekintzak egin eta eskolako ikasketak osatzeko. Uda sasoian, berriz, hiru lurralde historikoetako foru aldundiek elkartuta eta koordinatuta antolatzen dituzten udako kolonia eta kanpalekuak egiteko erabiltzen dira.

Bereak diren eskumenetan oinarrituta, Eusko Jaurlaritzak 1994ko urriaren 18ko 406/94 Dekretua onartu zuen, haur eta gazte taldeei egonaldiak eta ostatua eskaintzen dizkieten aterpetxe eta instalazioak antolatzeari buruzkoa. Arau horietan eta Kulturako sailburuaren 1997ko azaroaren 12ko Aginduan, haur eta gazte taldeentzako aterpetxe edo instalazio gisa onartuak izateko establezimenduek bete behar dituzten baldintza teknikoak azaltzen dira.

Autonomia Erkidegoko administrazioaren xedapenetan jasotzen diren baldintza tekniko horiez gainera, aterpetxeez baliatu ahal izateko oinarrizko beste zenbait arau ere ezarri behar dira, arautu behar baita, hain zuzen, zein izango den instalazioetako zerbitzuak kontratatzeko prozedura, erabiltzaile moten arabera zeini emango zaion lehentasuna, zeintzuk diren aterpetxeez baliatzeko modalitateak, prezio publikoak zenbatekoak izango diren eta nola ordainduko diren, eta abar. Hori guztia jasota dago foru agindu honen bidez onartzen den arautegian, 1998ko ekainaren 12ko foru aginduaren bidez onartutakoa ordezkatzen duena.

Arautegiak lau kapitulu eta amaierako bi xedapen ditu.

Lehen kapituluan puntu orokorrak azaltzen dira, esaterako, arautegiaren asmoa zein den, aterpetxeen sarea zerk bultzatuta sortu den, sareko instalazioak zeintzuk diren eta instalazioak ireki eta ixteko ordutegia.

Bigarren kapituluan, berriz, erabiltzaile moten arabera aterpetxeez baliatzeko lehentasunak zeintzuk diren, erabiltzaile taldeak zenbat kidekoak eta zein adinekoak izan daitezkeen eta erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak zeintzuk diren erabakitzen da.

Hirugarren kapituluan aterpetxeetako zerbitzuak kontratatzeko prozedura, zerbitzu motak, zorpetutako prezioen ordainketa eta kontratuak ezabatu eta murrizteko arrazoi eta moduak arautzen dira. Zerbitzuak aldez aurretik ordaintzeko sistema da foru dekretu honen berrikuntzetako bat. Neurri horrek bi abantaila ditu, batetik, erabiltzaile taldeek ez dutela aterpetxeetara diru kopuru handiekin joan beharrik izango, eta, beste aldetik, ordaintze nahi kobratze tramiteak errazagoak izango direla bai Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat bai administratuentzat. Berrikuntzarik handiena, dena den, foru aterpetxeetako zerbitzuak internet bidez kontratatzeko jarri den aukera da, pertsona interesatuek tramite guztiak on-line egin baititzakete, ingurune seguru eta sarbide errazeko batean. Erreserbak on-line egiteko zerbitzu hori bat dator e-Gipuzkoa programako irizpide eta iradokizunekin, esaten baita tramite administratiboak erraztu behar direla administrazioa herritarrengana hurbiltzeko.

Laugarren kapituluan, berriz, diziplinako arautegia azaltzen da; bertan aurreikusten dira aterpetxeetatik botatzea edo sartzeko debekua ekar ditzaketen zenbait jarduera eta instalazioetan edota materialetan eragindako kalte-ordainengatik sor daitekeen erantzukizuna.

Azkenik, amaierako xedapenetan Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuari ahalmena ematen zaio, alde batetik, arautegiari buruz sor litezkeen zalantzak argitzeko, organo judizialen eskumena baldintzatu gabe beti ere, eta bestetik, arautegiko xedapenak osatzearren aterpetxe bakoitzean behar adinako jarraibide, ohar eta arau emateko.

Horren indarrez, honako hau,

XEDATU DUT

Artikulu bakarra.

Onartzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren aterpetxeez baliatzeko arautegia, Foru Agindu honen eranskinean doana.

Xedapen indargabetzailea

Indarrik gabe geratzen da Gipuzkoako Foru Aldundiaren aterpetxeez baliatzeko arautegia onartu zuen 1998ko ekainaren 12ko Foru Agindua.

Amaierako xedapena

Foru agindu hau eta horren bidez onartzen den arautegia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dira indarrean.

GAZTEEN ATERPETXEEZ BALIATZEKO ARAUTEGIA

I KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren sareko aterpetxeen erabilera eta funtzionamendu baldintzak arautzea da arautegi honen xedea.

2. artikulua.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren aterpetxe sarean instalazio hauek daude:

  • - Juan Sebastian Elkano aterpetxea, Higer bidea, 7 - Hondarribia.
  • - Igerain aterpetxea, Azpeiti bidea, 25 - Zarautz.
  • - Txurruka aterpetxea, Oribar-Zar hondartza - Orio.
  • - Aingeru Goardako aterpetxea, Zegamako bidea, z/g. - Segura.

3. artikulua.

Beren aisialdiaren barne hezkuntza, kultura, kirol eta jolaseko ekintzak egin eta beren ikasketak osa ditzaten, haur eta gazte taldeei egonaldiak eta ostatua eskaintzen dizkieten ekipamenduak dira aterpetxeak.

4. artikulua.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren aterpetxeak goizeko 08:00etatik gaueko 23:00ak artean egongo dira irekita.

Jende gutxiena joaten den hiletan, aterpetxeak itxita egon daitezke, oporrak hartzeko.

II KAPITULUA
ATERPETXEEN ERABILTZAILEAK

5. artikulua.

1. Ondorengo hauek izango dute aterpetxeetako instalazio eta zerbitzuez baliatzeko lehentasuna:

  • a) Legez eratuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren erregistroan izen emanda dauden gazte elkarteek.
  • b) Legez eratuta ez egon arren, funtzionamendu arautu eta iraunkorra dutela behar bezala egiaztatzen duten Euskal Herriko gazte taldeek.
  • c) Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeek.

2. Irabazi asmorik gabeko gainerako entitateak ere erabiltzaileak izan daitezke, baldin eta legez eratuta baldin badaude edo funtzionamendu arautu eta iraunkorra dutela jomuga sozial eta kulturaleko edozein instituzio publiko edo pribaturen bidez egiaztatzen badute.

3. Azkenik, Zarauzko eta Hondarribiko aterpetxeetan ostatu har dezakete Gazteentzako Aterpetxeen Espainiako Sareko (REAJ) txartela edo International Youth Hostal Federation (IYHF) erakundearena dutenek.

6. artikulua.

Taldea soil-soilik senideez edo lagunez osatuta dagoenean, ezingo da Gipuzkoako Foru Aldundiaren aterpetxeez baliatu, aterpekide txartela edukiz gero Zarauzkoaz eta Hondarribikoaz izan ezik.

7. artikulua.

Aterpetxeez baliatu ahal izateko, taldeak gutxienez hogeita bi (22) lagunekoa izan behar du, baldin eta kontratua egiten bada arautegi honetako 12. artikuluan adierazitako modalitateetako lehenengoaren arabera, eta hamabi (12) lagunekoa, berriz, gainerako modalitateen arabera eginez gero. Behar bezala zuritutako arrazoi bereziren bat dagonean, salbuespen gisa onar daitezke kopuru txikiagoko taldeak.

8. artikulua.

1. Erabiltzaile izateko, haur hezkuntzako adina eduki behar da gutxienez, hau da, hiru (3) urte beteta eduki behar dira.

2. Gazte talde edo elkarteko kideek hemezortzi (18) urte baino gutxiago baldin badute, hogei (20) haur edo gaztez osatutako talde bakoitzeko monitore arduradun bat jarri behar da.

Taldekideak eskola aurreko adinekoak baldin badira, berriz, monitore arduraduna hamar (10) haurrez osatutako talde bakoitzeko jarri behar da.

9. artikulua.

Gipuzkoako Foru Aldundiko aterpetxeetako erabiltzaileek eskubidea dute:

  • a) Arautegi honen eta aterpetxeetako barne arauen arabera kontratatutako instalazio eta zerbitzuez baliatzeko.
  • b) Zerbitzu prestazioen baldintzei buruz informazio zuzena, zehatza eta osoa jasotzeko.
  • c) Kontratuaren zehaztapenak egiaztatzen dituzten agiriak jasotzeko eta, beti ere, dagozkion ordainagiriak.
  • d) Kexak eta erreklamazioak egiteko, erabiltzaileei bitarteko hauek jarriko zaizkie eskura: Erreklamazio orriak, gogobetetasun galdetegia eta internet.
  • e) Alor honetako legeetan aitortzen zaizkien gainerako eskubideak.

10. artikulua.

Aterpetxeetako erabiltzaileen betebeharrak ondorengo hauek dira:

  • a) Arautegi honetan eta, bere kasuan, aterpetxeetako barne arauetan jarritakoa eta Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuak edo zentroko zuzendariak emandako jarraibideak betetzea.
  • b) Instalazioak eta instalazioetako ekipamendu eta zerbitzuak zaintzea.
  • c) Funtzionamenduko akatsak eta instalazioetan antzemandako matxura eta hutsuneak instalazioetako langileei jakinaraztea.
  • d) Beste erabiltzaileen eskubideak zaintzea eta, bereziki, aretoen erreserbari eta espazio komunen erabilerari buruz aldez aurretik erabakitakoa betetzea.
  • e) Instalazioen barruan gizalegez jokatzea eta, hala, langileen eginbeharra eta erabiltzaileen arteko ekar bizitza ez oztopatzea.
  • f) Aterpetxeetako zerbitzu eta instalazioez baliatzeko jarritako prezio publikoak ordaintzea.
  • g) Aterpetxeetako irteera eta sarrera orduak zaintzea eta langileek helburu horretan emandako jarraibideak betetzea.
  • h) Legeetan edo arautegi honetan azaltzen diren gainerako betebehar guztiak.

11. artikulua.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren aterpetxeetan ezin da edari alkoholdunik edan eta animaliek debekatuta dute sarrera.

Berariaz baimendutako guneetan erre daiteke bakarrik.

III KAPITULUA
ATERPETXEETAKO INSTALAZIO ETA ZERBITZUEZ BALIATZEKO ERREGIMENA

12. artikulua.

1. Aterpetxeetako instalazioak erabili eta zerbitzuak hartzeko ondorengo lau modalitate hauek daude:

  • 1.- Sukaldea erabiltzeko eskubidea ematen duen ostatu zerbitzua (Zarauzko Igerain aterpetxeko «Etxe Txikia» izenekoan bakarrik).
  • 2.- Norberak aukeratutako ostatu zerbitzua.
  • 3.- Aurreko zerbitzua eta, dagokion erreserba aldez aurretik egin bada, beste jarduera batzuk egiteko eskubidea.
  • 4.- Ostatu hartu gabe, aterpetxeko areto eta beste gelak erabiltzeko eskubidea.

2. Behar bezala zuritutako eta Gazteriako Zerbitzuak aldez aurretik baimendutako salbuespenetan izan ezik, gutxienez bi (2) egun eta (2) gaueko egonaldiak egin behar dira lehen modalitatean, eta ostatua eta gosaria, berriz, 2. eta 3. modalitateetan.

13. artikulua.

1. Aterpetxeetako zerbitzuak izan eta areto eta gelak erabiltzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak dekretu bidez onartutako prezio publikoak ordaindu behar dira.

2. Prezio publikoetan bi tarifa daude:

  • a) Tarifa itundua, arautegi honetako 5. artikuluaren 1. puntuan aipatzen diren gazte elkarte eta taldeek nahiz ikastetxeek ordaindu beharrekoa.
  • b) Tarifa arrunta, gainerako erabiltzaileek ordaindu beharrekoa.

14. artikulua.

Erreserba nola egingo den.

1. Aterpetxearen erreserba egin daiteke Gazteria Zerbitzuko Erreserba eta Informazio Gunean, edo internet bidez. Honela egingo da:

  • - Toki, zerbitzu eta egunen aldetik eragozpenik ez dagoela egiaztatu ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren gazte aterpetxeez baliatzeko erreserba egin nahi dutenek (erabiltzaile lehentasunei buruz ikus foru agindu honetako 5. artikula) egonaldi kostuaren % 25eko gordailua egingo dute. Gordailu hori konturako ordainketa izango da.
  • - Taldea instalaziora iristeko eguna baino hamar egun lehenago, egonaldi kostuaren beste zatia (% 75) ordainduko da.
  • - %75eko bigarren ordainketa hori ez bada egiten, talde erabiltzaileak galdu egingo du bai konturako ordainketa eta baita instalazioa erabiltzeko eskubidea ere, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zerbitzuak lekua beste erakunde bati izendatzeko eskubidea izango du.
  • - Erreserba deuseztatzen bada, aurreratuko dirua itzuli egingo da, baldintza eta ehuneko hauen arabera:
    • 1. %100, gazte aterpetxean egonaldia hasteko eguna baino bi hilabete lehenago deuseztatzen bada erreserba.
    • 2. %50, gazte aterpetxean egonaldia hasteko eguna baino hilabete bat lehenago deuseztatzen bada erreserba.
    • 3. Aterpetxeko egonaldia hasteko hilabete bat (30 egun) baino gutxiago geratzen dela deuseztatzen bada erreserba, ez da dirurik itzuliko.
  • - 2. ordainketa egin ondoren inoiz ez da dirurik itzuliko, non eta ez den ustekabekoren bat gertatu, edo egonaldia bertan behera uzteko erabakia Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuak hartzen ez duen.

2. Ordainketaren zurigarria edo eskutitza, hitzartutako zerbitzuak eta talde, elkarte eta ikastetxe hartzailearen nortasuna egiaztatzen dituen agiria da eta aterpetxean sartzeko momentuan aurkeztu beharko da. Zurigarriarekin batera, arduradunaren izena eta taldeko kideen zerrenda ere aurkeztuko dira aterpetxean, jarrita dagoen ereduan oinarrituta.

3. Gazteria Zerbitzuaren berariazko eskumena da erreserban adierazitakoa baino jende kopuru handiagoko taldeak onartzea. Horrelako kasuetan, benetan emandako zerbitzuengatik egingo da fakturazioa.

4. Bigarren eta hirugarren modalitateetan, kontratutako lehen zerbitzua hasi baino gehienez ordubete lehenago iritsi behar da aterpetxera; irten berriz, azken zerbitzua bukatu eta gehienez ordubete beranduago egin behar da, behar bezala zuritutako salbuespenezko arrazoiak daudenean salbu.

IV KAPITULUA
DIZIPLINAKO ARAUAK

15. artikulua.

1. Aterpetxetik bota edota Gipuzkoako Foru Aldundiaren aterpetxeetako sarrera urtebetetik bost urterainoko epean -egintzen larritasunaren arabera- debekatu ahal izango zaie arautegi honetan, aterpetxeetako barne arauetan edo Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuak nahiz aterpetxeetako arduradunek haren izenean emandako jarraibideetan agindutakoa betetzen ez duten pertsona edo taldeei.

2. Aipatutako botatzea edota debekua gauzatzeko arrazoi zehatzak izango dira:

  • a) Instalazioak, materialak, aretoak nahiz gela komunak nahita hondatzea edo horiek guztiak zaindu ordez axolagabekeriaz jokatzea.
  • b) Aterpetxeko zuzendariaren jarraibideei behin eta berriro jaramonik ez egitea.
  • c) Norberaren portaera dela eta, aterpetxeko zerbitzuen funtzionamendu egokia edo erabiltzaileen arteko elkarbizitza etengabe oztopatzea.
  • d) Aterpetxeetako zerbitzu, areto eta gelez baliatu eta eskatutako prezio publikoak ez ordaintzea.
  • e) Instalazioak, utzitako materialak, aretoak edo aterpetxeko beste gelak beste helburu batzuetarako erabiltzea.

16. artikulua.

Edozein kasuan, utzitako instalazio edo materialak hondatzen dituenak egindako kalte-ordainei aurre egin beharko die.

Erantzukizun hori eta, kasua bada, egokiak izan daitezkeen zigorrak eskatzeko, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Ondarearen 1996ko uztailaren 9ko 8/1996 Foru Arauaren IV. Tituluak ezarritakoari jarraituko zaio.

Amaierako xedapenak

Lehena

Arautegi honetan xedatutakoari buruzko edozein zalantza Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuak ebatziko du eta hark erabakitakoa berehala betearazi beharrekoa izango da.

Bigarrena

Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuak eskumena du arautegi honetan jasotakoa garatzearren behar adina jarraibide eta zirkular erabaki eta egiteko.