2000ko irailaren 28ko Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoan animalia hozkariak zaindu eta behatzeko prozedura arautzen duena.

Iraupen bertsioak

Gorde / Erakutsi iruzkinak    Imprimatu

2000ko irailaren 28ko Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoan animalia hozkariak zaindu eta behatzeko prozedura arautzen duena.

BOG 19 Urria 2000

Ikusi, 5/2005 Foru Dekretua [GIPUZKOA], urtarrilaren 25ekoa, albaitari pribatuei animalia txikientzat gaitutako albaitarien kalifikazioa emateko prozedura arautzen duena («G.A.O.» otsailak 3).

Azken bederatzi urteetan amorruaren aurka ez da beharrezkoa izan nahitaezko txertorik agintzea eta txertaketa kanpaina ofizialik egitea, gaixotasun horrek ez baitie txakurrei nahiz katuei batere eragin. Euskal Autonomi Erkidegoan gutxienez azken hogei urteotan ez da epizootia horren kasurik ezagutu.

Hala ere, gaixotasuna duen txakurrak edo katuak hozkatuz gero, gizakiak beregana dezakeen gaixotasuna dugu amorrua. Eta Industria, Nekazaritza eta Arrantzako Kontseilariaren 1996ko otsailaren 15eko Arauak, Euskal Autonomia Erkidegoan txakurren amorruari aurre egiteko jarduketak arautzen dituenak, organo eskudunak txakurrak zaintzen, kontrolatzen, zentsatzen, identifikatzen eta erregistratzen jarraitzea komeni dela dio, zoonosis horren broteren bat agertuz gero berehala erantzun ahal izateko eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako neurriak har daitezen horrela.

1955eko otsailaren 4an onartu zen Epizootien Erregelamenduak amorruaren gaineko osasun neurri bereziak ezarri zituen.

Gobernazio Ministeritzako 1976ko ekainaren 14ko Aginduak osasun eta higiene neurriei buruzko arauak ezartzen ditu. Bertan, pertsona bati hozka egin dion txakurra albaitaritzara eraman eta hamalau egunez behaketan edukiko dela esaten da.

Gipuzkoan egun ez dago pertsonei hozka egin dieten txakurren eta katuen albaiteri behaketa ondo egingo dela bermatzen duen administrazio prozedurarik.

Euskadiko Animalien Babeserako 6/1993 Legeko 8.2 artikuluan esaten denez, «animaliaren jabea izango da animaliak sor ditzakeen kalteen, eragozpenen eta gogainduren erantzulea», eta lege bereko 11.2 artikuluari jarraiki, «gizakiren bati eraso egin dioten animaliak, behatuak izan daitezen, barneratu edo/eta isolatzeko agindua eman beharko da». Beraz, animaliek pertsonak erasotzen dituzten kasuetarako, beharrezkoa iritzi zaigu ondorengo jarduketa arauak onartzea.

Horren indarrez, kontuan hartuta Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta Erkidegoko Lurralde Historikoetako Foru Organoen arteko Harremanak arautzen dituen 1983ko azaroaren 25eko 27/1983 Legeko 7.b.2 artikuluaren arabera organo horiei dagokiela animalien osasun esparruan Autonomia Erkidego Osorako Erakundeek erabakitako arauak garatu eta betearaztea. Hortaz,

XEDATU DUT

1. artikulua.-

Pertsonaren bati hozka egin dion animalia gutxienez 14 egunez sanitate behaketa eta zaintzapean eduki beharko da.

2. artikulua.-

Animalia hozkarien jabeak edo edukitzaileak behartuta daude animalia erasotzailearen datuak ematera, bai erasoa jasan duenari edo horren legezko ordezkariari eta bai informazioa eskatu duten agintari eskudunei.

3. artikulua.-

Aipatutako zaintza eta behaketa prozedura aurrera eramateko, ezinbestekoa izango da hozkada jasan duen pertsonak edota bere ordezkariak salaketa jartzea, animalia bizi den herriko udaletxean edo, bestela, animaliak hozka egin dion herriko udaletxean. Hori izango da hozkadura egiaztatzeko modu bakarra.

Salaketa jasoko duen udaletxearen erantzukizuna da animaliaren jabea aurkitzea eta I. Eranskinaren araberako salaketa inprimakia betetzea, orri laukoitzean. Inprimakiaren kopiak salatzailearentzat, Udalarentzat, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Abeltzaintza Zerbitzuarentzat eta animalia zaindu eta behatzeaz arduratuko den albaitariarentzat izango dira. Era berean, Udaletxea arduratuko da animalia hozkariaren zaintza eta behaketa aurrera eramateaz eta koordinatzeaz.

4. artikulua.-

Jabeak aukera dezake bere animalia zaindu eta behatuko duen albaitaria, betiere azken hau lanean ari bada. Animalia gutxienez 14 egunez edukiko da zaintzapean eta gutxienez 1, 7 eta 14. egunetan albaitariak animalia aztertuko du. Zaintza aldiak dirauen bitartean animalia udal agintaritzaren tutoretzapean egongo da edo, bestela, jabea bera bada animaliaz arduratzen dena, etxe barruan edukiko du eta edozein arrazoigatik animalia kanpora ateratzekotan, memento oro muturrekoa jantzita duela egingo du. Jabeari bere animaliak albaiteriaren zaintzapean egon behar duela jakinarazten zaion eguna hartuko da zaintza aldiaren lehen eguntzat.

Nolabaiteko susmoa badago animaliak amorrua izan dezakeela, albaiteriak segituan jakinaraziko die abeltzaintza zerbitzuari eta salaketa jaso zuen Udalari; eta azken honek, berehala jarriko ditu jakinaren gainean hozkada jasan zuen pertsona eta pertsona hori aztertu zuen osasun zentroa.

Behin zaintza eta behaketa aldia amaituta, animaliak arazorik ez duela ikusten bada, albaitariak Animalia Hozkariei buruzko Albaitari Txostena beteko du, II. Eranskinari jarraiki. Ondoren, Foru Aldundiko Abelzaintza Zerbitzuari txosten bat bidaliko dio, eta beste bat, animaliaren jabeari. Animaliaren jabeak, bi eguneko epea izango du txosten hori salaketa jarri zen Udaletxean aurkezteko.

Udalak albaiteriaren behaketaren emaitzak jakinaraziko dizkie hozkada jasan zuen pertsonari eta memento hartan bera aztertu zuen osasun zentroari.

5. artikulua.-

Animalia hozkariaren jabeak ordaindu beharko du behatu eta zaintzeko prozeduraren kostua.

6. artikulua.-

Jabe ezagunik gabeko animalien kasuan, salaketa jaso duen Udala izango da animalia hozkaria behaketa eta zaintzapean edukitzeaz arduratuko dena, betiere Euskadiko Animalien Babeserako Legeak aurreikusten duen atxikipen epea errespetatuz.

7. artikulua.-

Animalia hozkari guztiak ondoko prezeduretan sartuko dira: «Animalia arriskutsu» izendatzekoan, Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzea erregulatzen duen 2000ko apirilaren 4ko 66/2000 Dekretuari jarraiki, eta «Animalia potentzialki arriskutsu» izendatzekoan, Animalia Potentzialki Arriskutsuak edukitzearen Erregimen Juridikoari buruzko 1999ko abenduaren 23ko 50/1999 Legearen arabera.

8. artikulua.-

Euskadiko Animalien Babeserako Legearen 27.2.c artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, arau-hauste larriak izango dira foru agindu honetan zehaztutako nahitaezko tratamendua oztopatzen duten hauek:

  • 1. Behin zaintza eta behaketa aldia bukatuta, 2 eguneko epean animaliaren jabeak Animalia Hozkariei buruzko Albaitari Txostena (II.

    Eranskina) udaletxean ez aurkeztea.

  • 2. Animalia hozkarien jabeak edo edukitzaileak animalia erasotzailearen daturik ez ematea, hala erasoa jasan duenari edo horren legezko ordezkariari nola informazioa eskatu duten agintari eskudunei.
  • 3. Udalak animalia hozkaria behaketa eta zaintzapean jartzeko beharra jabeari adierazi ondoren, honek jaramonik ez egitea.
  • 4. Jabe jakinik ez duen animalia hozkaria behaketa eta zaintzapean ez jartzea.

I. ERANSKINA

Erakutsi/Ezkutatu Erakutsi/Ezkutatu

II. ERANSKINA

Erakutsi/Ezkutatu Erakutsi/Ezkutatu