2004ko ekainaren 8ko 56/2004 FORU DEKRETUA, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Batzordea sortzeko.

Iraupen bertsioak

   Imprimatu

2004ko ekainaren 8ko 56/2004 FORU DEKRETUA, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Batzordea sortzeko.

BOG 17 Ekaina 2004

Gipuzkoako Foru Aldundia bidaiari eta salgaien garraiorako eskumenak betetzen ari da, 1985etik aurrera, 1983an Lurralde Historikoen Legearen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, arlo horretako zerbitzuen eskualdaketa gertatu zenetik.

Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio lurralde historikoko errepideen plangintza, proiektua, eraikuntza, artapena, aldaketa, finantzaketa, erabilera eta ustiakuntza, beti ere aipatutako legeak xedatutakoaren arabera.

Aipatutako gaietan departamentuei dagozkien eskumenak elkarren artean erlazionaturik daudela ezin da ukatu eta horrela onartu izan da elkarren artean egon den lankidetzari esker, horrek aukera eman baitu denboran zehar zenbait jarduera koordinatu aurrera eramateko, beti ere gipuzkoar guztien mugikortasuna hobetzeko asmoarekin.

Hala ere, mugikortasunaren kontzeptua garatuz joan da eta edukia zabalduz, izan ere, gizarte, ekonomi eta ingurumen arloetan eragin handia izan du, Foru Aldundiko beste departamentu batzuetako funtzioei zuzenki edo zeharka eraginez.

Egungo mugikortasunaren kontzeptuak barnean hartzen dituen ekintzak sektore askotakoak dira eta, horren ondorio logiko gisa, foru departamentuetako zuzendaritza nagusien inplikazioa eskatzen du haren garapenak. Hori dela eta, egoki dela uste dugu organo administratibo desberdinak ordezkaturik egongo diren elkarren arteko foro bat eratzea, egin beharreko jardueren aholkularitza eman, koordinazioa egin, kontrola eraman eta jarduera horiek sustatzeko, beti ere zentzuzko irizpideekin, lurraldeko pertsona eta merkantzien mugikortasunaren mesedetan.

Horregatik guztiarengatik, 1984ko maiatzaren 30eko 3/1984 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Gobernuari eta Administrazioari buruzkoak 36. artikuluko 3 atalean xedatutakoaren arabera eta Lurralde Antolaketa eta Sustapenerako Departamentuko Foru Diputatuak proposatuta, Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren,

XEDATU DUT

1. artikulua. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Batzordea eratzea.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Batzordea eratzen da. Batzordearen zeregina aholku ematea, koordinatzea, sustatzea eta kontrolatzea izango da, Gipuzkoako Foru Aldundiari dagozkion pertsona eta merkantzien mugikortasunari dagokionez.

2. artikulua. Atxikipena.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Batzordea Gipuzkoako Foru Aldundian errepideko garraio gaietan eginkizunak eta eskumenak dituen Departamentuari atxikita egongo da, beraz gaur egun Lurralde Antolaketa eta Sustapenerako Departamentuari.

3. artikulua. Funtzioak.

Foru Aldundiko Mugikortasun Batzordearen zereginak ondorengoak izango dira:

  • a) Pertsona eta salgaien mugikortasun gaiei buruz Gipuzkoako Foru Aldunditik bertatik, nahiz beste edozein erakunde publiko edo pribatutik, egindako kontsultei erantzutea eta horien inguruko aholkularitza eskaintzea.
  • b) Pertsona eta salgaien mugikortasuna errazteko beharrezko ekintzak sustatzea, beti ere Gipuzkoako Foru Aldundiak dituen eskumenen barnean eta ikuspegi zabal batekin.
  • c) Ekintza horiek nola gauzatzen ari diren kontrolatu eta ebaluatzea.
  • d) Gai horri buruzko jarduerak izaera publiko edo pribatuko beste erakunde eta entitateekin batera egitea, horretarako, epeak, bitartekoak, baliabideak eta beharrezko gainerako baldintzak ezarriz, gaiak garapen orekatua izan dezan.

4. artikulua. Osaketa.

1. Foru Aldundiko Mugikortasun Batzordea honela eratuko da:

  • Lehendakaria:

    • - Lurralde Antolaketa eta Sustapenerako Departamentuko Foru Diputatua.
  • Lehendakariordea:

    • - Lur eta Garraiotako Zuzendari Nagusia.
  • Mahaikideak:

    • - Kulturako Zuzendari Nagusia.
    • - Komunikazio eta Prospekzio Zuzendari Nagusia.
    • - Berrikuntzaren eta Jakintzaren Sustapenerako Zuzendari Nagusia.
    • - Zerbitzu Publikoen Kalitaterako Zuzendari Nagusia.
    • - Kudeaketa eta Plangintza Zuzendari Nagusia.
    • - Ingurumeneko Zuzendari Nagusia.
    • - Lurralde Antolaketako Zuzendari Nagusia.
    • - Ogasuneko Zuzendari Nagusia.
    • - Finantza eta Aurrekontuetako Zuzendari Nagusia.
    • - Gazteriako eta Komunitate Ekintzako Zuzendari Nagusia.
    • - Ezinduen eta Babesgabeen Laguntzako Zuzendari Nagusia.
    • - Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendari Nagusia.
    • - Kiroletako Zuzendari Nagusia.
    • - Kanpo Harremanetako Zuzendari Nagusia.
  • Idazkaria:

    • - Lurralde Antolaketa eta Sustapenerako Departamentuko idazkari teknikoa edo haren ordezkoa.

2. Lehendakariak bileretan mahaiburu izateko eskumena lehendakariordearen esku utz dezake; bestalde, mahaikideek beste kide baten edo departamentu bereko beste zuzendari baten esku utz dezakete.

3. Foru Aldundiko Mugikortasun Batzordeak egiten diren bileretako gaietan adituak diren pertsonen laguntza eska dezake. Aditu horiek hitza izango dute baina ez botoa.

5. artikulua. Bilerak.

1. Foru Aldundiko Mugikortasun Batzordeak urtean hirutan egingo ditu ohiko bilerak, gutxienez, lau hilero bat.

2. Batzordeak ohizkanpoko bilerak egingo ditu lehendakariak edo, haren ordez, lehendakariordeak hala erabakitzen badu, edo kideetako edozeinen ekimenez eskatuta, beti ere atzeratu ezineko gaiak aztertzeko.

6. artikulua. Iraupena.

Foru Aldundiko Mugikortasun Batzordearen iraupena, Aldundiko agintaldiaren berdina izango da.

7. artikulua. Laguntza Mahaia.

Foru Aldundiaren Mugikortasun Batzordeak landu beharreko gaiak aztertzeko eta lantzeko lan mahaia eratuko da, eta bertan parte hartzen duen zuzendaritza bakoitzeko tekniko bat egongo da. Mahai hori behar den maiztasunarekin bilduko da eta Garraio Zerbitzuko buruak koordinatuko du.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Amaierako lehen xedapena

Lurralde Antolaketa eta Sustapenerako foru diputatuari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatu eta gauzatzeko beharrezko xedapenak eman ditzan.

Amaierako bigarren xedapena

Foru Dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den eguneko biharamunean sartuko da indarrean.