2004ko azaroaren 9ko 88/04 FORU DEKRETUA, Gipuzkoako Kirol Kontseilua sortu eta haren osaketa eta funtzionamendua arautzen duena.

Gorde / Erakutsi iruzkinak    Imprimatu

2004ko azaroaren 9ko 88/04 FORU DEKRETUA, Gipuzkoako Kirol Kontseilua sortu eta haren osaketa eta funtzionamendua arautzen duena.

BOG 22 Azaroa 2004

Maiatzaren 30eko 3/1984 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 36.3 artikuluan xedatzen du Diputatuen Kontseiluak ezarritako eskumenak dituzten eta osaketa partehartzailea duten kontsulta organoak sortu daitezkeela.

Bestalde, EAEko Kirolari buruzko 1998ko ekainaren 11ko 14/98 Legeak 3. artikuluan xedatzen du ezen administrazio publikoek deszentralizazioa, koordinazioa eta eraginkortasuna hartuko dituztela beren eragimeneko kirola antolatzeko gidaritzat eta, hartara, federazioen, kluben eta beste erakunde publiko nahiz pribatuen lankidetza eta partaidetza bultzatuko dituztela.

Orain arte, Foru Aldundiak ez du Gipuzkoako kirolaren segmentu guztietan parte hartzen duen, horiei buruz eztabaidatzen duen eta horien guztien topaleku den organorik izan. Martxoaren 31ko 39/1998 Foru Dekretuak sortutako Eskola Kiroleko Lurralde Kontseilua besterik ez dago. Eta aipatu kontseiluarekin, eskola kirolaren arlora mugatuta dagoen horrekin, hitzik gabe geratzen dira Gipuzkoako Kirolaren arlo garrantzitsu batzuk.

Foru dekretu honek Gipuzkoako Kirolaren hainbat sektore publiko nahiz pribatuko ordezkarien topaleku den organo bat sortu nahi du. Horregatik, eta Gipuzkoako Kirol Kontseilua, parte hartzeko, kontsultarako, eztabaidatzeko edo aholku emateko organo egokia izango delakoan, foru dekretu honek gure kirol egituraren ikuspuntu eta sentimen ezberdinen presentzia bermatzeko xedea du.

Horiek horrela, Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentuko foru diputatuak proposatuta, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bilkuran eztabaidatu ondoren,

XEDATZEN DUT

I KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Foru dekretuaren xedea.

Foru dekretu honen xedea da Gipuzkoako Kirol Kontseilua sortzea eta haren osaketa eta funtzionamendua arautzea.

2. artikulua. Definizioak.

Gipuzkoako Kirol Kontseilua Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenen barruan kirol politikari dagozkion gaien inguruko aholkularitza, kontsulta, jarraipen eta sektoreko eztabaidarako goi mailako organoa da.

3. artikulua. Atxikitze organikoa.

Gipuzkoako Kirol Kontseilua kirol arloan eskumena duen Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuari atxikiko zaio.

4. artikulua. Zereginak.

Gipuzkoako Kirol Kontseiluak ondoko zereginak izango ditu, Kirolaren Euskal Kontseiluak bere gain dituenak gorabehera:

  • a) Kirolarekin loturiko xedapen orokorrak egiteko prozeduran entzuna izatea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenen esparruan.
  • b) Gipuzkoako kirol federazioek berezkoak dituzten izaera administratiboko zeregin publikoak betetzeko behar diren prestakuntza berezien berri ematea.
  • c) Gipuzkoako kirol federazio berriak sortzeko irizpide eta baldintzen eta federazio horietako bi edo gehiagoren bategitearen berri ematea.
  • d) Gipuzkoako kirol federazioen onespenaren ezeztapen prozeduren berri ematea.
  • e) Pertsona bat etorkizuneko kirolari izendatzeko irizpide eta baldintzen berri ematea.
  • f) Gipuzkoako Lurralde Historikoko kirol politikari dagozkion eta igorritako beste edozein gairen berri ematea.
  • g) Jardunbiderako Gipuzkoako Lurralde Historikoko kirol politikari buruzko iradokizun eta proposamenak administrazio publikoetako organoei igortzea.
  • h) Gipuzkoako Lurralde Historikorako kirol politikako jarraibideak proposatzea eta botere publikoen kirol politikan lankidetza, koordinazioa eta egituraketa ziurtatuko dituzten neurriak proposatzea.
  • i) Urteko memoria onartzea, Kontseiluak egindako jarduerak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko kirol egoera eta bidezko gomendioak jasotzen dituena.
  • j) Beste xedapen batzuen indarrez, aipatu organoaren esku hartzea beharrezkoa duten gaiei buruzko beste edozein zeregin betetzea.

5. artikulua. Administrazio publikoen laguntzeko betebeharra.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Administrazio publikoaren organoak Gipuzkoako Kirol Kontseiluak igorritako zereginak era egokian burutzeko eskatutako bidezko laguntza eman behar diete.

II KAPITULUA
ORGANOAK, OSAKETA, IZENDAPEN SISTEMA ETA ZEREGINAK

6. artikulua. Organoak.

Gipuzkoako Kirol Kontseiluaren organoak ondokoak dira:

  • a) Batzarra.
  • b) Batzorde Iraunkorra.
  • c) Batzorde Bereziak.
  • d) Lehendakaritza.
  • e) Lehendakariordetza.
  • f) Idazkaritza.

7. artikulua. Batzarraren osaketa.

1. Gipuzkoako Kirol Kontseiluko Batzarreko kideak ondokoak dira:

  • a) Kirol gaietan eskumena duen Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuaren titularra.
  • b) Kirol gaietan eskumena duen Gipuzkoako Foru Aldundiko zuzendaritza nagusiaren titularra.
  • c) Gipuzkoako Kirol Federazioen Elkartearen proposamenez izendatutako pertsona bat.
  • d) 14/1998 Legearen bosgarren xedapen gehigarrian aipatutako modalitateen Gipuzkoako kirol federazioek (pilota, herri kirolak eta arraunketa) proposaturiko pertsonen artetik izendatutako pertsona bat.
  • e) Gipuzkoako Ezinduentzako Kirol Federazioaren proposamenez izendatutako pertsona bat.
  • f) Kirolarekin loturiko Gipuzkoako klub, kirol talde eta beste hainbat elkartetako ordezkari bat, aipatu sektoreak egindako proposamenen artetik izendatua.
  • g) Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzietako lizentziadunen Euskal Herriko Elkargo Ofizialaren proposamenez izendatutako pertsona bat, Gipuzkoan bizi dena.
  • h) Gipuzkoako Lurralde Historikoko kirolari profesionalen artetik izendatutako pertsona bat.
  • i) Gipuzkoako kirol teknikarien eta epaile eta arbitroen artetik izendatutako pertsona bat.
  • j) BAIKARA, Gipuzkoako Ikasleen Gurasoen Federazioaren proposamenez izendatutako pertsona bat.
  • k) Eskola kiroleko ordezkari bat, Eskola Kiroleko Lurralde Kontseiluaren proposamenez izendatua.
  • l) Gipuzkoan kokatutako unibertsitateen ordezkari bat, aipatu sektoreko proposamenez izendatua.
  • m) Gipuzkoako udalerrien ordezkari bat, EUDEL, Euskadiko Udalen Elkartearen proposamenez izendatua.
  • n) Udalaren Kirol Zerbitzuen zuzendari teknikoen ordezkari bat, aipatu sektorearen proposamenez izendatua.
  • o) GARAPEN Euskadiko eskualde agentzien elkarteak izendatutako pertsona bat, Gipuzkoan bizi dena.
  • p) Gipuzkoan kokatutako kirol zerbitzuetako enpresen ordezkari bat, aipatu sektoreko proposamenen artetik izendatua.
  • q) Kirolarekin lotutako Gipuzkoako merkataritzaren ordezkari bat, Gipuzkoako Merkataritza Ganbararen proposamenez izendatua.
  • r) Kirol medikuntzako ordezkari bat, talde horrek proposatutako pertsonen artetik izendatua.
  • s) AGIDE Gipuzkoako Kirol Enpresa Elkartearen ordezkari bat, elkarte horren proposamenez izendatua.
  • t) Gipuzkoako Kirol Prentsaren Elkartearen ordezkari bat, elkarte horren proposamenez izendatua.
  • u) Kirol munduan izen handia duten pertsonen artetik izendatutako bi pertsona.
  • v) Gipuzkoako Kirol Kontseiluaren Idazkaritzaren titularra.

2. Aurreko 1. puntuko h), i), t) eta u) ataletan adierazitako Gipuzkoako Kirol Kontseiluko Batzarreko kideak kirol gaietan eskumena duen Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuko titularrak izendatuko ditu askatasun osoz.

Batzarreko gainerako kideak, 1. puntuko a) eta b) ataletan aipatutakoak izan ezik, era berean kirol gaietan eskumena duen Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuaren titularrak izendatuko ditu, aipatutako kideak ordezkatzen dituzten elkarte edo sektoreetatik igorritako proposamenen arabera.

3. Gipuzkoako Kirol Kontseiluko Batzarreko lehendakaritzak eska dezake bere bilkuretan, bertan jorratuko diren gaietan adituak diren pertsonak egotea; aditu horiek hitza izango dute baina ez botoa.

8. artikulua. Batzarraren zereginak.

Gipuzkoako Kirol Kontseiluko Batzarraren ardura izango da:

  • a) Gipuzkoako Lurralde Historikoko kirol politika orokorraren jarraibideak proposatzea.
  • b) Gipuzkoako Kirol Kontseiluak foru dekretu honen 4a) artikuluan azaldutako zereginaren inguruan duen iritzia adieraztea.
  • c) Kontseiluak egindako jarduerak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko kirol egoera eta gomendioak jasotzen dituen urteko memoria onartzea.
  • d) Batzorde Iraunkorreko kideak izendatzea.
  • e) Kontseiluaren lehendakaritzak egoki iritzitako gai guztietan esku hartzea.

9. artikulua. Batzarreko kideen agintaldia.

1. Gipuzkoako Kirol Kontseiluko Batzarreko kideen agintaldiak kargua izaten duten bitartean iraungo du. Gainerako kideen agintaldiak lau urte iraungo du erregelamendu bidez zehazten den moduan.

2. Heriotza, ezgaitasun, kargu uztearen edo antzeko arrazoien ondorioz hutsik geratzen diren batzordekideen tokiak, izendatzerakoan egindako modu berean beteko dira, Kontseiluaren idazkaritzari hutsik dagoen toki horren berri eman eta hilabeteko epean.

3. Hala ere, Kontseiluko kideek bere zereginak egiten jarraituko dute ordezkoen izendapenak ondorioak eragin arte, kontrako erabakirik ezean.

4. Gipuzkoako Kirol Kontseiluko Batzarreko kideak berriro izendatuak izan daitezke.

5. Kirol gaietan eskumena duen Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuaren titularrak izendatu dituen Batzarreko bokalak, kargu gabetuak izan daitezke Gipuzkoako Kirol Kontseiluko kide izateari dagozkion betebeharrak betetzen ez badituzte, aldez aurretik Batzorde Iraunkorrak hala erabakita.

6. Era berean, bokalen kargu gabetzea egin daiteke izendapena proposatu zuten erakunde edo organoek eskatuta.

10. artikulua. Batzorde Iraunkorra.

1. Honako hauek izango dira Gipuzkoako Kirol Kontseiluko Batzorde Iraunkorreko kide:

  • a) Kirol gaietan eskumena duen Gipuzkoako Foru Aldundiko zuzendaritza nagusiaren titularra, Batzorde Iraunkorreko lehendakari izango dena.
  • b) Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuko burua, zeinak hitza izango duen, baina ez bozik.
  • c) Gipuzkoako Kirol Kontseiluan kirol gaietako udal teknikarien ordezkaria.
  • d) Gipuzkoako Kirol Kontseiluan Gipuzkoako kirol federazioen ordezkaria.
  • e) Gipuzkoako Kirol Kontseiluan Gipuzkoako eskola kirolaren ordezkaria.
  • f) Pertsona bat, Gipuzkoako Kirol Kontseiluan izendapen indibidualeko kideen izenean.
  • g) Gipuzkoako Kirol Kontseiluko idazkari nagusi izendatutako funtzionarioa.

2. Hala ere, Gipuzkoako Kirol Kontseiluaren Batzorde Iraunkorreko lehendakariak, bileretan aztertzen diren gaien arabera, eskatu ahal izango du pertsona adituen parte hartzea. Aditu horiek ahotsa izango dute baina bozik ez.

3. Batzorde Iraunkorraren zereginak hurrengo hauek izango dira:

  • a) Batzorde berezietatik datozen azterketak, txostenak eta proposamenak aztertu, jakinarazi eta balioestea, Batzarrera igortzeko.
  • b) Derrigorrezko txostenak behin-behingoz onartzea, Batzarrera igortzeko.
  • c) Kontseiluko idazkariak aurkezten duen urteko memoria balioestea.
  • d) Jardueren urteko plana prestatu eta onartzea.
  • e) Batzorde berezien urteko programak balioestea.
  • f) Gipuzkoako Kirol Kontseiluaren Batzarrak esleitzen dion beste edozein
10. artikulua, 2012ko ekainaren 19ko 30/2012 Foru Dekretua [GIPUZKOA], artikulu bakarra bat atala idatzia, aldatzen duena 2004ko azaroaren 9ko 88/2004 Foru Dekretua, Gipuzkoako Kirol Kontseilua sortu eta haren osaketa eta funtzionamendua arautzekoa («G.A.O.» ekainak 27).Indarreangotasuna: 2012/06/28

11. artikulua. Batzorde bereziak.

1. Gai zehatzei buruzko lan eta txostenak egiteko Batzarrak edo Batzorde Iraunkorrak batzorde bereziak eratu ahal izango dituzte. Batzorde horien zeregin orokorrak Batzarrari eta Batzorde Iraunkorrari beren zereginetan laguntzea eta ikerketak, proposamenak eta ponentziak egitea izango dira, aipatu organoek eztabaidatu eta onar ditzaten.

2. Batzorde berezien lehendakaria ere Batzorde Iraunkorrak izendatuko du.

3. Batzorde bereziek gutxienez hiru eta gehienez sei kide izango dituzte eta horiek Batzorde Iraunkorrak izendatuko ditu.

4. Gipuzkoako Kirol Kontseiluko batzorde bereziek Kontseiluko Idazkaritzaren laguntza izango dute.

12. artikulua. Kontseiluaren lehendakaritza.

1. Gipuzkoako Kirol Kontseiluko eta Batzarreko lehendakari izango da kirol gaietan eskumena duen Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuaren titularra

12.1 artikulua, 2012ko ekainaren 19ko 30/2012 Foru Dekretua [GIPUZKOA], artikulu bakarra atala bi idatzia, aldatzen duena 2004ko azaroaren 9ko 88/2004 Foru Dekretua, Gipuzkoako Kirol Kontseilua sortu eta haren osaketa eta funtzionamendua arautzekoa («G.A.O.» ekainak 27).Indarreangotasuna: 2012/06/28

2. Gipuzkoako Kirol Kontseiluko lehendakariaren ardura da:

  • a) Gipuzkoako Kirol Kontseilua ordezkatzea.
  • b) Idazkariaren bidez, Kontseiluaren bilkuretarako deialdia egitea.
  • c) Bilkuretako gai zerrendak finkatzea.
  • d) Bilkurak egiteko behar diren ikerketak zehaztea eta horiek egingo dituzten Kontseiluko edo batzorde berezietako kideak izendatzea.
  • e) Bilkurak hasi eta bukatzea.
  • f) Eztabaidak zuzentzea, partaide bakoitzari hitza emanez, partehartzeak moderatuz eta, kasua bada, horien iraupena mugatuz, denek parte har dezaten eta bilkura behar bezala joan dadin.
  • g) Gai zerrendan ez dauden gaiak lantzea proposatzea, horretarako premiazko arrazoiak badaude; arrazoi horiek Kontseiluak baloratuko ditu.
  • h) Bere botoaz gerta litezken berdinketak haustea.
  • i) Bere sinaduraz Gipuzkoako Kirol Kontseiluko aktak baimentzea.
  • j) Administrazio publikoetako organoei foru dekretu honen 5. artikuluan aipatzen diren laguntza eskaerak igortzea.
  • k) Foru dekretu honek emandako beste edozein zeregin egitea.

3. Kargua bete gabe dagoenean, lehendakaria kanpoan edo gaixo dagoenean edo legezko beste arrazoiren bat izanez gero, lehendakariordeak ordeztuko du, eta hura ez dagoenean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuko buruak.

13. artikulua. Kontseiluaren lehendakariordetza.

Gipuzkoako Kirol Kontseiluko eta Batzarreko lehendakariorde izango da kirol gaietan eskumena duen Gipuzkoako Foru Aldundiko zuzendaritza nagusiaren titularra, edo haren ordezkoa

13. artikulua, 2012ko ekainaren 19ko 30/2012 Foru Dekretua [GIPUZKOA], artikulu bakarra atala hiru idatzia, aldatzen duena 2004ko azaroaren 9ko 88/2004 Foru Dekretua, Gipuzkoako Kirol Kontseilua sortu eta haren osaketa eta funtzionamendua arautzekoa («GA.O.» ekainak 27).Indarreangotasuna: 2012/06/28

14. artikulua. Idazkaritza.

1. Kontseiluko, Batzarreko eta Batzorde Iraunkorreko idazkaria kirol gaietan eskumena duen departamentuaren titularra den pertsonak izendatuko du departamentuko langileen artetik. Idazkariak, hitza bai baina boto gabe jardungo duenak, aipatu departamentuko funtzionarioen laguntza jaso dezake.

2. Kontseiluaren idazkari izendatutako pertsonari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoei eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 25.3. artikuluan aipatutako kide anitzeko organoetako idazkariei dagozkien zereginak dagozkio, eta bereziki ondoko hauek:

  • a) Bilkuren gai zerrenda prestatu eta bidaltzea.
  • b) Kontseiluko Batzarraren eta Batzorde Iraunkorraren bilkuren deialdia egitea lehendakariaren aginduari jarraituz.
  • c) Bilkuretako aktak idatzi eta igortzea lehendakariaren onespena jaso ondoren.
  • d) Akta, txosten eta erabakien ziurtagiriak egitea.
  • e) Gipuzkoako Kirol Kontseiluaren kontsulta, espediente eta beste dokumentuen sarrera-irteeren erregistroa egitea.
  • f) Gipuzkoako Kirol Kontseiluko batzorde bereziak koordinatzea.
  • g) Kide anitzeko organo baten idazkariari dagozkion gainerako zereginak betetzea.

3. Lanpostua hutsik badago, idazkaria kanpoan edo gaixo badago, edo beste edozein legezko arrazoi dela eta, idazkaria lehendakaritzak izendatutako bokalak edo kirol gaietan eskumena duen departamentuko beste pertsona batek ordezka dezake.

III KAPITULUA
FUNTZIONAMENDUA

15. artikulua. Batzarra.

Gipuzkoako Kirol Kontseiluko Batzarra urtean birritan bilduko da ohiko bilkuran. Lehendakariaren ekimenez aparteko bilkuran ere bildu ahal izango da, beharrezkotzat jotzen denean.

16. artikulua. Batzorde Iraunkorra.

Batzorde Iraunkorrak gutxienez hiru hilabetean behin egingo ditu ohiko bilkurak. Lehendakariaren ekimenez aparteko bilkuran ere bildu ahal izango da, beharrezkotzat jotzen denean.

17. artikulua. Batzorde bereziak.

1. Batzorde bereziak iraunkorrak edo behin behinekoak izan daitezke eta eraketa erabakian adierazitako moduan funtzionatuko dute.

2. Batzorde bereziak eraketa erabakian ezarritako aldizkakotasunarekin bilduko dira. Lehendakariaren ekimenez aparteko bilkuran ere bildu ahal izango da, beharrezkotzat jotzen denean.

18. artikulua. Kide anitzeko organoen deialdiak.

1. Gipuzkoako Kirol Kontseiluko kide anitzeko organoen deialdiak lehendakariaren aginduz egingo dira, bilera baino zazpi egun natural lehenago gutxienez. Deialdian bilkura egingo den lekua, eguna, ordua eta gai zerrenda ezarriko dira.

2. Deialdia egiteko aurrerapenari dagokion baldintza hori ez da bete beharrik izango presaz egiten diren bilkuren kasuan.

19. artikulua. Kide anitzeko organoen gai zerrenda.

Gipuzkoako Kirol Kontseiluko kide anitzeko organoetako edozein kidek egin ahal izango dio lehendakaritzari gai zerrendan punturen bat sartzeko proposamena, beti ere behar bezainbesteko aurrerapenarekin eta azalpen memoria labur bat aurkeztuta.

20. artikulua. Kide anitzeko organoen osaketa.

1. Organoa baliotasunez eratzeko saioak egiteko beharrezkoa izango da lehen deialdian bertan egotea lehendakaria eta, batzorde berezien kasuan salbu, idazkaria eta kideen erdiak gehi bat.

2. Quoruma osatu ez bada, hogeita hamar minutu geroago eratu ahal izango da bigarren deialdian, baldin kideen herena bertan badago.

21. artikulua. Kide anitzeko organoen erabakiak.

1. Organoen txosten, gomendio eta gainerako erabakiak bertan dauden kideen gehiengo soilaz erabakiko dira eta berdinketak lehendakariaren kalitateko botoak hautsiko ditu.

2. Bozketa sistema, zuzeneko boto pertsonal eta eskuorde ezinean oinarrituko da; botoa isilpekoa izango da, ordea, kideetako batek lehendakariari hala eskatuz gero.

22. artikulua. Boto partikularrak.

1. Gipuzkoako Kirol Kontseiluko kide anitzeko organoetako kideek gehiengoaren erabakiaren aurka boto partikularra eman dezakete, beti ere bilkura bukatu aurretik adierazten badute.

2. Boto partikularrak Kontseiluaren idazkaritzara bidali beharko dira idatziz, bilkura bukatu eta bost egun naturalen epean. Boto partikular horiek gehiengoak onartutako erabakiaren testuari erantsiko zaizkio.

23. artikulua. Aktak.

1. Batzarraren, Batzorde Iraunkorraren eta Gipuzkoako Kirol Kontseiluko batzorde berezien erabakiak aktan jasoko dira. Aktak ondoko datuak adieraziko ditu:

  • a) Bilkuraren data, ordua eta lekua.
  • b) Partehartzaileen izen-abizenak eta haien ordezkaritza.
  • c) Aztertutako gaien, eztabaiden eta hartutako erabakien erreferentzia laburra.

2. Aktek euskaraz eta gaztelaniaz idatzita egon behar dute eta Kontseiluaren idazkariak sinatu egin behar ditu lehendakariaren oniritzia jaso ondoren; bilkura horretan edo hurrengoan aurkeztuko dira onartzeko.

3. Zilegizko interesa dutela egiaztatzen dutenek Kontseiluko idazkariarengana jo dezakete onartutako testuen ziurtagiria egin diezaien.

24. artikulua. Gastuak.

Gipuzkoako Kirol Kontseiluko kideek ez dute ordainsaririk jasoko kide izateagatik, baina gastu eta dietei dagozkien ordainketak jasotzeko eskubidea izango dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerbitzupean ari diren langileei une bakoitzean aplikatzen zaizkien modu, egoera eta zenbatekoetan.

IV KAPITULUA
ESKU HARTZEA

25. artikulua. Esku hartzea.

Gipuzkoako Kirol Kontseiluaren esku hartzea beharrezkoa izango da foru dekretu honen 4. artikuluan jasotako kasuetan.

26. artikulua. Esku hartzeko eskaera modua.

Gipuzkoako Kirol Kontseiluaren esku hartzea eskaera bidez egingo da eta horrekin batera xedapen proiektuaren edo txostenaren xede den espedientearen kopia bat emango da.

27. artikulua. Txostena.

Gipuzkoako Kontseiluaren lehendakaritzak, aipatu eskaera jaso eta gero, dagokion txostena idatzi behar duen organoa izendatuko du.

28. artikulua. Txostenaren edukia.

1. Txostenean, Kontseiluak erabakitako gaiari buruzko iritziaz gain, gaia onartu den bilkuraren data eta bilkuran parte hartu zutenen izenak idatziko dira. Era berean, aho batez, gehiengoz edo lehendakariaren boto ebazlearen bidez onartua izan den adieraziko da.

2. Txostenari eman diren boto partikularrak gehituko zaizkio eta egilearen eta kide berrien izenak adieraziko dira.

29. artikulua. Txostena igortzea.

Txostena hilabete baten barruan egingo da eta, Kontseiluaren lehendakariak eta idazkariak sinatu ondoren, kontsultagileari igorriko zaio.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Gipuzkoako Kirol Kontseiluak bere zereginak egitean Kirolaren Euskal Kontseiluarekin, Eskola Kiroleko Lurralde Kontseiluarekin eta kirol arloan eratutako izaera berdineko kontsulta organoekin elkarlanean arituko da.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena Kontseiluko kide izendatzeko proposamena.

Bi hilabeteko epean, foru dekretu hau indarrean sartzen denetik kontatuta, Gipuzkoako Kirol Kontseiluko Batzarrean ordezkari izan daitekeen sektore edo erakunde bakoitzak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentuari jakinaraziko dio zein edo zeintzuk izango diren Batzarreko kide.

Gipuzkoako Kirol Kontseiluan ordezkaritza duen sektoreren batek ez badu izendatzeko proposamenik egin, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentuko foru diputatuak izendatuko ditu pertsona horiek izendapen librez.

Bigarrena Deialdia.

Aurreko epea amaituta beste bi hilabeteko epea egongo da, aurkeztutako proposamenak aztertu, kideak izendatu eta Gipuzkoako Kirol Kontseiluko Batzarraren deialdia egiteko.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Lehena Ordezkotza.

Foru dekretu honetan aipatzen ez diren gai guztietan, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean edo ordezkatzen duen beste xedapen batean xedatutakoa beteko da.

Bigarrena Garapena.

Kirol gaietan eskumena duen Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuaren titularrari foru dekretu hau garatu eta burutzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko baimena ematen zaio.

Hirugarrena Indarrean sartzea.

Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.