Gipuzkoako Lurralde Historikoko Bizikleta Bideei buruzko urtarrilaren 24ko 1/2007 FORU ARAUA.

Iraupen bertsioak

Gorde / Erakutsi iruzkinak    Imprimatu

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Bizikleta Bideei buruzko urtarrilaren 24ko 1/2007 FORU ARAUA.

BOG 31 Urtarrila 2007

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «Gipuzkoako Lurralde Historikoko Bizikleta Bideei buruzko urtarrilaren 24ko 1/2007 Foru Araua» eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

HITZAURREA

Azkeneko hamarkadetan, lekualdaketak era esponentzialean igo dira, eta hori izan da, hain zuzen ere, gizarte aurreratuen ezaugarrietako bat; bestalde, badirudi hori bera izango dela etorkizunean, lurraldearen plangintza egitean, aintzakotzat hartu beharko diren alderdietako bat. Gaur egun herritar gehienentzat argi dago trafikoa mugikortasun-beharrek sortutako eskaeraren kudeaketaren bidez kontrolatu behar dela, ibilgailu motordunen trafikoan dauden itotze maila handien ondorioz ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren esparruetan sortu diren arazoei irtenbidea eman ahal izateko. Eta aipatutako eskaeraren kudeaketak lehentasuna eman behar die garraioaren hautabidezko sistemei eta ibilgailu motordun pribatuak arrazionaltasunez erabiltzeari.

Europako Batasunak, europar guztientzako espazio partekatua sortzeko, bere gain hartu dituen gidalerro nagusietako bat pertsonen eta merkantzien mugitzeko askatasuna da. Horrela bada, Europako Batzordeak, Garraioari buruzko Europar Politikaren Liburu Zuriaren bidez, eta 2010. urtea epemuga hartuta, agerian jarri ditu garraioak gobernu eta administrazio maila guztietan sortzen dituen mehatxuak eta aukerak, eta dauden arazoak konpontzeko erabakiak hartzera premiatu du.

Europako Batasunak, halaber, bere Garapen Iraunkorraren aldeko Estrategiaren bidez, honako helburu nagusi hau ezarri du garraioaren alorrean: Gure garraio-sistemek gizartearen behar sozial eta ekonomikoei erantzungo dietela eta, aldi berean, ekonomian, gizartean eta ingurumenean eragin negatiboak gutxienekoak izango direla bermatzea; era berean, bere jardun-ildoen artean, bizikletaz edo oinez lekualdatzea sustatzeko ardura hartu du.

Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan, azpimarratzekoa da zirkulazio arauak txirrindularitza egiteari egokitzeko ez legezko proposamena, Eusko Legebiltzarrak 1998ko maiatzaren 8an onartua, non Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eta foru aldundiei eskatzen dien, beren sail eta departamentuen bitartez, Autonomia Erkidegoko bide azpiegiturak egitean eta garatzean, bizikletaz ibiltzeko berariazko tokiak har ditzatela kontuan, eta herri funtsak erabil ditzatela horretarako.

Era berean, Eusko Legebiltzarrak 2006ko maiatzaren 17an aho batez onartutako adierazpen instituzionalean, non Amsterdamgo Adierazpenean adierazitako printzipioei («Bizikleta erabiltzeko eskubidea») bere atxikimendua agertzen dien, herri administrazioei dei egiten die konpromiso aktiboa har dezaten bizikletaz mugitzea bultzatzeko politikak diseinatzerakoan eta gauzatzerakoan.

Helburu horiek praktikan jartzeko asmoz, funtsezkoa da erreferentzi ingurune berri batean arreta handiz egindako plangintzak mugikortasuna barnean hartzea. Beharrezkoa da natur inguruneari eta gizarte-inguruneari eraso txikiagoa egiten dieten garraiobideen aldeko apustua egitea. Xedea egungo garraio-sistemak natur baliabideetan, airearen eta uren kalitatean eta egoera fonikoan sortutako eragin negatiboak murriztea da, eta energiaren eta lurzoruaren kontsumoa minimizatzea. Baina, era berean, xedea eredu sozial jakin bat erdiestea da: Hirietako eta hirien inguruetako espazioak pertsona guztientzat irisgarriak dituen eredu sozial bat, distantzia luzeetan emandako denbora gure ingurune sozial edo pertsonalean erabiltzea ahalbidetzen duena. Azken buruan, irisgarritasunari mugikortasunaren gainetik lehentasuna ematen dion eta bizikletak funtsezko egitekoa izango duen eredua izan behar du.

Horretarako, beharrezkoa da kontuan hartzea lurraldearen antolaketak eta hirigintzako plangintzak, gaur inoiz baino areago gainera, lotura handia dutela garraioaren plangintzarekin, eta erabileren eta jardueren antolaketak, garatzen ari den hiri-ereduaren ezaugarriek eta gune publikoen banaketak eta abarrek mugikortasunaren alorrean zer ondorio sortzen dituzten. Era berean, aintzat hartu behar dira lurraldearen antolaketak eta hirigintzako plangintzak zer ondorio sortzen dituzten motorrik gabeko garraiobideen sustapenean -bizikleta eta oinez ibiltzea-, eta gure kaleetan dagoen bizi-kalitatean. Orobat, taldeko garraioa, garraio anitzeko sistema, eta autoaren erabilera gero eta arrazionalagoa sustatzea jarduteko ardatz nagusietako bat da. Bestalde, ezinbestekoa da gaur egungo garraio-ereduak sortzen dituen kostu guztiak aztertzea: Pertsona bakoitzak, pertsona bakoitzaren tokiko komunitateak eta munduko komunitateak aldi berean ordaintzen dituztenak, diruz zenbatu daitezkeenak eta diru bihurtu ezin direnak.

Orain arte adierazitakoa aintzat hartuta, eta garraioaren eta garapen iraunkorraren ikuspegi integratzailea duen ingurune orokorrean nahiz bizikletaren erabilera sustatzeko politikaren esparru zehatzean, sortu da foru arau hau, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Batzar Nagusiek, automobila era arrazionalean ez erabiltzeak ibilgailuen trafikoan eta hirietako eta hiri inguruetako mugikortasunean sortzen dituen arazoez jakitun, Gipuzkoako Foru Aldundiari motorrik gabeko hautabidezko garraiobideak -bizikleta nagusiki- erabiltzea sustatzeko eta errazteko egindako eskaerari erantzuna emateko asmotan. Horrela bada, geure gain hartzen ditugu estrategiaren ildo nagusiak gai horretan.

Nabarmendu behar dugu bizikleta garraiobide gisa sustatzea erronka handia dela eta, hortaz, guztiz garrantzitsua dela erakundeen arteko lankidetza, eta bereziki tokiko erakundeen artekoa, garraio-moduen banaketa arrazional bat erdiesteko aldaketaren bidean era koordinatuan eta elkarrekin ibili ahal izateko. Garraio-moduen banaketa horretan, motorrik gabeko -bizikleta, kasu- garraiobideen presentzia handiagoa izango da, eta horrek guztiak bat egingo du Gipuzkoako udalerrietan Tokiko Agenda 21eko programetan zehaztutako ingurunearekin.

Bestalde, nabarmendu behar dugu zer garrantzitsua den Lurralderako hiriarteko bizikleta-bideen sare bat izatea, behar bezala eraikia, zaindua eta babestua, Gipuzkoako udalerri nagusiak motorrik gabeko mugikortasuna eta bizikletaz eta oinez lekualdatzea garatzeko berariazko espazio gisa antolatzen dituena, pedalei eragiteko laguntza duten bizikletei eta minusbaliatuentzako aulki elektrikoei ere tokia egingo diena, eta, zatien izaeraren arabera, garraioarekin soilik eta baita aisialdi- eta turismo-jarduerekin lotutako erabilerak sustatuko dituena, jolas-jardueren proiektuak gauzatzeko ardatz gisa. Sare hori lurralde mugakideetan aurreikusten edo garatzen ari diren bizikleta-bideekin eta Europa zeharkatzen duten sare nagusiekin lotuta egongo da.

Azkenik, berariazko ingurune juridiko hau ezarriz bizikleta-bidea kontzeptua bide mota berri bat gisa, komunikabide berri gisa, finkatzea nahi dugu; eta bide berri hori 1979ko abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Herriaren Autonomia Estatutuk 10.34 artikuluan eta 27/1983 Legeak, Autonomia Elkarte Osorako Erakundeen eta bertako Kondaira Lurraldeetako Foru Erakundeen arteko harremanei buruzkoak, 7.a.8. artikuluan adierazitako bideen barruan badago ere, ezin zaio ezarri ekainaren 6ko 1/2006 Foru Dekretu Arauemaileak, Gipuzkoako Errepideen eta Bideen Foru Arauaren testu bateratua onartzen duenak, adierazitakoari jarraituz (2.2. artikulua) bideari buruz zehaztutako definizioa, berezkoak dituen berezitasun eta ezaugarriak kontuan izanda.

ATARIKO IDAZPURUA
IDAZPURUAXEDAPEN OROKORRAK

I ATALBURUA
OINARRIZKO PRINTZIPIOAK, XEDEA, DEFINIZIOAK ETA EREMUA

1. artikulua. Xedea.

Hau da foru arau honen xedea:

  • 1. Bizikleta-bidea kontzeptua bide mota berri gisa definitzea. Bide horren ezaugarri nagusiak izango dira motorrik gabeko eta gehienbat bizikleta bidezko mugikortasuna garatzeko berariazko bide batek izan behar dituenak, beste bide batzuetatik bereizten dutena.
  • 2. Gipuzkoako foru bizikleta-bideen sarea, Gipuzkoako hirietan eta hiri inguruetan bizikletaz mugitzea garatzeko eta ahal den gehiena sustatzeko oinarrizko azpiegitura gisa, planifikatzea, proiektatzea, eraikitzea, aldatzea, zaintzea, ustiatzea eta defendatzea araututa egotea.
  • 3. Aipatutako sareari atxikitako lurzoruaren erabileran dauden mugak zehaztea.
  • 4. Bizikleta garraiobide gisa sustatzeko berariazko tresna izatea.

2. artikulua. Bizikleta-bideen definizioa eta bide motak.

1. Foru Arauaren eraginetarako, bizikleta-bidea herri-jabariko bidea izango da, bizikletak ibiltzeko proiektatu eta eraiki dena edo berariaz horretarako egokitu dena, dagozkion seinale horizontalak eta bertikalak dituena, eta ibilgailu horiek segurtasunez ibiltzeko adinako zabalera duena.

2. Arau honen eraginetarako, ulertu egingo da bizikleta-bideak, dituzten ezaugarriak eta erabiltzaile motak direla-eta, ez direla errendimenduko kirola egiten duten txirrindularien berariazko behar eta praktikei erantzuteko moduko bideak, txirrindulari horiek, gehienbat, erabilera hori berariaz debekatuta ez dagoen errepide-sarearen zatietan ibiltzen direlako. Hori guztia bizikleta-bideek -puntu edo zati jakin batzuetan- bizikletaren erabiltzaile mota horri kirol hori egiteko hain segurua ez den errepide-sareko puntu edo zatiren bat -gehienetan herrietako irteeretan- saihesteko aukera eskaintzeari kalterik egin gabe, edo txirrindulariak errepide-sarearen bidez ezinezkoak diren zenbait lotura egin ahal izateari utzi gabe, betiere kirolariak bide horretan zirkulatzeko baldintzak errespetatzen baditu, eta baldintza horietara moldatzen bada.

3. Bizikleta-bideak sailkatzeko orduan, ibilgailu motordunak eta oinezkoak ibiltzeko bideekin alderatuta, duten plataforma kontuan hartu behar dugu eta baita bide horietatik zertan ezberdintzen edo bereizten diren ere; ildo horretan, honako azpiegitura mota hauek daude:

  • a) Bizikleta-bidezidorra: Oinezkoak eta bizikletak ibiltzeko bidea da, kale eta errepideetatik bereiztuta dagoena, edo trenbideko plataforma abandonatuetan, lehendik dauden bideetan edo zabalgune sortu berrietan egiten dena.
  • b) Bizikleta-espaloia: Oinezkoentzako espaloien espazioan ezarritako bizikleta-bidea da. Bizikleten trafikoarekin batera oinezkoen zirkulazioa ezar daiteke, bi modu horietarako seinaleak jarrita; era berean, bizikleten zirkulazioa oinezkoen zirkulaziotik bereiztuta egon daiteke, seinaleen, zoladuran egindako marren edo fisikoki bereizteko edo segregatzeko beste edozein elementuren bidez. Noranzko bakarrekoa edo noranzko bikoa izan daiteke.
  • c) Bizikleta-pista: Galtzadaren eta errepidearen eta espaloiaren paraleloan doan bizikleta-bidea da, trazadura eta plataforma independente dituena, ibilgailu motordunen trafikotik bereiztuta. Noranzko bakarrekoa edo noranzko bikoa izan daiteke.
  • d) Bizikleta-errei babestua edo bizikleta-lerro babestua: Galtzadaren zati bat hartzen duen bizikleta-bidea da, galtzadatik eta ibilgailu motordunen trafikotik bideko marren bidez, mutiloien edo bereizteko edota babesteko beste elementu batzuen bidez fisikoki bereiztuta dagoena. Noranzko bakarrekoa edo noranzko bikoa izan daiteke.
  • e) Bizikleta-erreia edo bizikleta-lerroa: Galtzadaren zati bat hartzen duen bizikleta-bidea da, galtzadatik eta ibilgailu motordunen trafikotik bereiztuta dagoena, baina ez fisikoki segretatuta, eta zirkulazioaren noranzko bera duena.
  • f) Bizikleta-bazterbidea: Errepideko bazterbidea hartzen duen bizikleta-bidea da, zirkulazioaren noranzkoa duena eta fisikoki segretatuta ez badago ere, bideko marren bidez, kolore eta egituraren bidez, sestra-aldaketa arinen edo beste metodo batzuen bidez bereiztuta dagoena.
  • g) Ibilgailu motordunen trafikoarekin partekatutako bidea: Hiriko edo hiriarteko bidea da, dituen diseinua eta trafikoaren arautzea kontuan izanda, ibilgailu motordunen portaera eta abiadurak bizikletaren erabilerarekin bateragarriak dituena, espazio partekatuzko erregimenean.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Foru arau hau ezartzeko eremuak foru jabetzako bizikleta-bideak izango dira, baldin eta Gipuzkoako Foru Bizikleta Bideen Sarearen Katalogoaren barruan foru jabetzako bizikleta-bide sailkapenez azaltzen badira.

2. Foru arau honek arautzen dituen foru jabetzako bizikleta-bideak, 2.3. artikuluan zehaztutako sailkapenari jarraituz, hauek izango dira: Bizikleta-bidezidorra, bizikleta-espaloia, bizikleta-pista eta bizikleta-lerro babestua.

Bide horiek guztiek foru bizikleta-bideak izendapena izango dute.

3. Era berean, foru arau honen ezarpen-eremuaren barruan egongo dira foru bizikleta-bideetako babesguneak eta bere funtzionamenduari atxikitako gune guztiak, hala nola, aparkalekuak, zerbitzuguneak edo atsedenguneak, eta antzeko azpiegiturak.

4. Bizikleta-bidea foru errepide bati atxikitako bizikleta-lerro babestua denean, errepideei buruzko araudiak adierazitakoa bateko da eta, kasu bakoitzean, foru arau honen irismena zehaztuko da, araudi horretan oinarrituta.

5. Guztiz debekatuta dago ibilgailu motordunek foru bizikleta-bide guztietan zirkulatzea, zaintzeko, artatzeko eta mantentze-lanak egiteko izan ezean; era berean, bide horietan zirkulatzeko salbuespena egin ahal izango da, zehazki, beharrezkoa denean funts edo jabetzetara, ehiza- eta arrantza-esparruetara, ateraldietarako bideetara sartzeko, beste herri-azpiegitura batzuetan mantentze-lanak egiteko, eta abarrerako, betiere bertaratzeko beste hautazko bide bat ez dagoenean, eta kasu bakoitzean ezartzen den seinaleztapenaren arabera. Hori guztia, foru arau honen 43. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitakoari jarraituz.

6. Foru bizikleta-bideak erabili ahal izango dira berariaz hala aurreikusita dagoenean. Horrelakoetan, behar bezala seinaleztatuta egongo da eta bi trafikoek era egokian elkarrekin zirkulatzeko gutxieneko baldintzak ziurtatu beharko dira.

4. artikulua. Oinarrizko printzipioak.

Foru arau honen oinarrizko printzipioak hauek dira:

  • 1. Gipuzkoan, mugikortasun iraunkorra sustatzea, ingurumenean eta gizartean eragin txikia sortzen duten edo batere eraginik sortzen ez duten garraio-sistemak bultzatzen dituena, hala nola bizikleta edo oinez ibiltzea.
  • 2. Pertsona guztiek irisgarritasuna mugikortasun-baldintza seguru, eroso, eta osasuntsuetan eta ingurumena errespetatzen duten baldintzetan lortzeko duten eskubidea defendatzea.
  • 3. Egungo garraio-sistemaren kostuak murrizten laguntzea. Kostu horien artean dago, eta nabarmentzekoa da, gizartearen alorrekoa, hau da, ibilgailu motordunen trafikoa itotzearen ondorioz sortzen diren kostuak, airearen kutsaduratik eta soinu-kutsaduratik eta kliman eta osasunean dituzten eraginetatik ondorioztatzen diren kostuak, istripuek eta beren ondorioek sortutako kostuak, espazio publikoaren erabileraren ondorioz sortutako kostuak, energiaren erabileraren ondoriozkoak, ibilgailu motordunak fabrikatzean kontsumitzen diren baliabideei dagozkionak, eta lurraldean eta bioaniztasunean azpiegiturek sortzen dituzten eraginen ondoriozko kostuak.
  • 4. Lurraldearen antolaketa eta hirigintzako antolaketa orekatua eta iraunkorra sustatzea.
  • 5. Pertsonen osasuna hobetzen eta hiriko nahiz hiri inguruko espazioa gizatiarrago bihurtzen laguntzea.
  • 6. Aisialdiko eta turismo-jarduerak garantzen eta landa-ingurune eta natur ingurunera iristeko era iraunkorragoa izaten laguntzea.

5. artikulua. Foru bizikleta-bideetako babesguneak.

1. Foru bizikleta-bideen babesa, foru arau honetan aurreikusitako eraginetarako, foru bizikleta-bideen lurzoruaren erabilera eta baita babesgunearen azaleraren erabilerak kontrolatzea da, foru arau honetan, II. Idazpuruan arautzen diren baldintzen arabera.

2. Foru arau honen eraginetarako, bi babesgune ezarriko dira foru bizikleta-bideetan:

  • - Herri-jabarigunea.
  • - Zorgunea.

6. artikulua. Herri-jabarigunea

1. Foru bizikleta-bideek hartzen dituzten lurrak eta bertako elementuak herri-jabarigunearen barruan daude.

2. Lur horiekin batera, herri-jabarigunea da, halaber, bizikletentzako azpiegituraren mugakidea den lur-zerrenda, metro bateko zabaleran, zerrenda horretako zabalgunearen bi alboetako kanpoko ertzetatik hasita.

Eragin guztietarako, zabalgunearen kanpoko ertza lur-erauzketako, lubetako edo, bere kasuan, lurzoru naturalaren mugakideak diren hormetako ezpondaren intersekzioa da.

Kasu berezietan -zubi, bidezubi, tunel, egitura edo antzeko obrak-, zabalgunearen kanpoko ertza izan daiteke obren ertzeko lurraren gaineko proiekzio-marra bertikala. Egituraren euskarriek hartzen duten lurra, nolanahi ere, herri-jabarigunea izango da.

3. Foru bizikleta-bidea foru errepide baten mugakide diren edo errepide horren ondoan dauden lur-zerrendetan egiten denean eta, beraz, errepidearen jabarigunearen barruan, herri-jabarigune berria finkatzeko orduan, nagusitu egingo da bi neurketak ezartzean ondorioztatzen den handiena.

7. artikulua. Zorgunea.

1. Foru bizikleta-bideek zorgune bat izango dute, bi alboetan lur-zerrenda banak osatuko dutena; zerrendek, barrualdean, beren herri-jabarigunea izango dute mugakide, eta kanpoaldean bi lerro paralelo, lur-zerrendatik bi metrotara kokatuta.

2. Foru bizikleta-bideak foru errepide baten mugakide diren edo ondoan dauden lur-zerrendetan egiten direnean eta, beraz, errepidearen babesgunearen barruan, bi neurketak ezartzean ondorioztatzen den handiena nagusituko da, zorgune berria ezartzeko orduan.

8. artikulua. Jabari-erregimena.

Foru bizikleta-bideak herri-jabariko eta herri-erabilerako ondasunak dira eta, hortaz, ez dira besterengarriak edo bahigarriak, eta preskribaezinak dira. Bide horien jabetza eta bide horiek eraikitzeko, artatzeko edo ustiatzeko herri-jarduketak ez daude inolako zergaren menpe.

9. artikulua. Foru Bizikleta Bideen Sarearen Katalogoa.

1. Foru jabetzako bizikleta-bideak dira Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako Foru Dekretuaren bidez izendapen hori duten eta erabiltzen diren azpiegitura guztiak -bizikleta-bideen eskumena duen organoak hala proposatuta-, baita Gipuzkoako Foru Bizikleta Bideen Sarearen Katalogoaren barruan daudenak ere. Bidea beste foru departamentu bati atxikita badago, izendapena bi departamentuek proposatutakoaren arabera egingo da.

2. Gipuzkoako Foru Aldundiak Foru Bizikleta Bideen Sarearen Katalogoa burutuko du. Katalogoan foru bizikleta-bide guztien zerrenda xehatua eta beren sailkapena adieraziko dira, identifikatzeko eta izendapen ofiziala ezagutzeko azalpenak emanda, eta etengabe eguneratuko direnak.

3. Gipuzkoako Foru Bizikleta Bideen Sarearen Katalogoa aldatu beharko da, nolanahi ere, honako kasu hauetan:

  • - Dauden foru bizikleta-bideen jabetza aldatzen denean, interesatuta dauden administrazio publikoek elkarrekin hartutako erabakiari jarraituz.
  • - Gipuzkoako Foru Aldundiak foru bizikleta-bide berriak eraikitzen dituenean.
Ikusi, 9/2012 Foru Dekretua [GIPUZKOA], martxoaren 6koa, Gipuzkoako Foru Bizikleta Bideen Sarearen Katalogoa onartzen duena («G.A.O.» martxoak 19).

10. artikulua. Foru bizikleta-bideen izendapena.

1. Foru bizikleta-bideak izendatzea izendapena emateko eta Katalogoan sartzeko xedatzen duen Foru Dekretuak xedatutakoaren arabera egingo da, eta baita azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak, Euskararen Erabilera arauzkotzekoak, 10. artikuluan ezarritakoari jarraituz ere.

2. Bizikleta-bideak tokiko administrazioekin eta lurralde mugakideko administrazioekin batera identifikatu eta izendatuko dira.

11. artikulua. Jabetzaren eskualdatzeak.

1. Foru bizikleta-bideen sarearen barruan dauden bizikleta-bidezidorra, bizikleta-espaloia, bizikleta-pista eta bizikleta-lerro babestua diren zatiak tokiko sareen barruan sartzea egoki jotzen denean, zati horiek zeharkatzen dituzten udalerriei emango zaizkie, ekintza horren ondorio diren betebehar eta ardura guztiak barne.

Oro har, egoera horretan egongo dira hiritar gisa sailkatuta dagoen lurzorua zeharkatzen duten bizikleta-bideetako zatiak eta herrietako gune hiritar finkatuen barruan daudenak, hori horrela nahitaezkoa ez izan arren.

2. Era berean, udal jabetzako bizikleta-bideak foru bizikleta-bideen sarean sartu ahal izango dira, sare nagusi hori osatzeko interesgarriak direnean.

Foru Aldundiaren jabetzako bizikleta-bide bat eskualdatzeak berekin izango du bidearen elementu funtzionalen eskualdatzea, baina ez nahitaez dauden beste instalazio batzuen eskualdatzea, eta hasiera batean horiek udal jabetzakoak izaten jarraituko dute.

3. Bizikleta-bideak eskualdatzean, beharrezkoa izango da Foru Aldundiak bide horiek Katalogoan sartzeko edo Katalogotik kentzeko berariazko adostasuna ematea, erasandako udalarekin edo udalekin audientzia izan eta gero, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, emateko egintzaren aktaren beharrik izan gabe.

4. Aurreko puntuetan aurreikusitako eskualdatzeen ondorioz bizikleta-bide bat ematen denean, aipatutako bidea behar bezala artatuta egongo da.

II ATALBURUA
EZAUGARRI OROKORRAK

12. artikulua. Bizikleta-bideen ezaugarri orokorrak.

Oro har, foru bizikleta-bideak, ahal den neurrian, behean zerrendatutako baldintzetara egokituko dira:

  • 1. Segurtasuna bilatu behar da, trafikoak bereizteko edota antolatzeko eta ibilgailu motordunentzako bideetatik bereizteko gutxieneko baldintza batzuk beteta, eta trazaduran, bideen elkargune beharrezkoak direlako, arazoak sortzen dituzten zatiak bereziki aintzat hartuta.
  • 2. Bizikleta-bideei jarraitutasuna eta koherentzia eman behar zaie eta, ahal den neurrian, etendurak saihestuko dira, gutxieneko trazadura koherente bat egon dadin; trazadura horren bidez, herritarren beharrei erantzuten eta bizikletan ibiltzeko eskaera duten gune nagusiak lotzen saiatuko da, eta lehentasuna emango zaio dauden bizikleta-sareekin lotzeari, beren jabetza edozein dela ere.
  • 3. Ibilbideen trazaduran ahal den helbideratzerik zehatzena bilatu behar da, helmugara zuzenean iritsi ahal izateko; hala ere, gertueneko ingurunearen segurtasun, erosotasun eta kalitate irizpideak errespetatuko dira.
  • 4. Bidearen funtzioari eta aurreikusitako erabiltzaile mota eta kopuruari egokitutako ezaugarriak dituen diseinua egin behar da; horrekin batera, saiatu behar da trazadura erosoa izaten eta gehiegizko maldak saihesten. Era berean, azpiegituraren gutxieneko baldintzak bermatuko dira, bide-zoruari, seinaleei eta ekipamenduari dagokienez, goian aipatutako helburua lortzearren.
  • 5. Lurraldeko ingurumenaren balioak (naturaren, gizartearen eta ekonomiaren esparruetakoak) errespetatzea eta kontuan hartzea, eta erasango den ingurunean ahalik eta integratuen dauden eraikuntza-irtenbideak bilatzea, ingurunea hiritarra, hiri ingurukoa, landa-eremukoa edo naturala izan.
  • 6. Erraztasuna eman behar da sarearen barruan dauden azpiegituretara bizikletaz eta azpiegiturek zeharkatzen dituzten herri edo hiri nagusietatik zuzenean iristeko edo, bere kasuan, azpiegiturak talde garraioen bidez elkarrekin behar bezala lotuta egoteko; era berean, ibilgailu motordunaren mendekotasuna ahal den neurrian saihestu behar da.
  • 7. Oinezkoen trafikoa jadanik baldin badago, horrekin bateratzeko gutxieneko baldintzak egotea erraztu behar da; azpiegitura bizikletek soilik erabiltzeko egokituko da, espazioa dela-eta, ahal den guztietan eta zati bakoitzean bizikletaz ibiltzeko aurreikusten den eskaria norainokoa den kontuan izanda justifikatuta dagoenean.

13. artikulua. Foru Bizikleta Bideetako Seinaleen Katalogo Ofiziala.

1. Foru bizikleta-bideetan erabilitako seinaleak Zirkulazioko Erregelamendu Orokorrean eta horrekin bat egiten duten gainerako arauetan ezarritakoak izango dira.

2. Aurrekoari kalterik egin gabe, Gipuzkoako Foru Aldundiak egokitzat jotzen dituen seinaleak sortu ahal izango ditu, arautzen den objektuaren berariazkotasuna kontuan izanda.

Seinale horiek Foru Bizikleta Bideetako Seinaleen Katalogo Ofiziala osatuko dute. Katalogoa foru arau honen I. eranskinean dago jasota, eta eguneratuta mantenduko da beti.

3. Nolanahi ere, foru bizikleta-bideak behar bezala seinaleztatuta egongo dira, eta seinaleak argi eta garbi ikusi beharko dituzte bai bide horien erabiltzaileek, bai beste ibilgailuetako gidariek, eta baita bide horiekin zerikusirik izan dezaketen gainerako subjektuek ere.

14. artikulua. Zorua eta zolaketa.

Foru bizikleta-bideetako zorua eta zolaketa bizikletaren berezko berezitasunak, erabiltzaile mota guztiak eta bide horietan baimenduta dauden gainerako erabilerak kontuan izanda egingo dira. Era berean, kontuan hartuko dira alderdi hauek:

  • - Gainazalaren erregulartasuna.
  • - Labaintzearen aurreko erresistentzia egokia.
  • - Ezbeharrak sor ditzaketen oztopoak, hala nola erregistroko saretak eta estalkiak, saihestea edo, bere kasuan, bizikleta erabiltzeari ahalik eta era seguruenez egokitzea.
  • - Egokia bada, beste bide batzuetatik estetika eta ikuspegiaren alderdia aintzat hartuta bereiztea, batez ere ibilgailu motordunek erabilitako bideetatik.
  • - Egokia bada, zeharkatzen den ingurunean -hiri barrukoa, hiri ingurukoa, landa-esparrukoa nahiz natur esparrukoa izan- ahalik eta hoberen barneratuta dauden zoruaren eta zolaketaren irtenbideak bilatzea, ingurumenaren eta estetikaren balioen arabera.

15. artikulua. Argiztapena.

Beharrezkoa den gutxieneko argiztapenaz hornituko dira segurtasunari eta erabilerari begira hala behar duten zatiak.

16. artikulua. Elkarguneak.

1. Foru bizikleta-bideak diseinatzeko orduan, kontuan hartuko dira beste trafiko mota batzuekiko elkarguneetako segurtasuna eta, bereziki, ibilgailu motordunentzako bideekiko elkarguneetakoa.

Ildo horretan, eta gerta daitezkeen ezbeharrak saihestearren, oinezkoek, ziklistek eta auto-gidariek erantzuteko behar den espazioan eta denboran elkar ikusteko moduko elkarguneak diseinatu eta eraikiko dira. Nolanahi ere, elkarguneak diseinatzean kontuan hartuko da zer maniobra beharko diren ahalik eta era egokienean irtenbidea emateko, eta argi eta garbi azalduko dira lehentasuna ematen duten arauak; era berean, mota horietako guztietako erabiltzaileek mugitzeko behar dituzten abiadurek sor lezaketen gatazkak saihesteko modua bilatuko da.

2. Era berean, ahalik eta geldialdi gutxien ezarriko dira, eta txirrindulariek itxaron beharreko denborak murriztuko dira; halaber, ibilbideen jarraitutasuna, helbideratzea, erosotasuna eta azkartasuna bermatuko dira.

17. artikulua. Aparkatzeko zuzkidurak.

1. Bizikletentzako aparkalekua bizikletak erabiltzen ez direnean aparkatzeko egitura da.

2. Aparkatzeko behar den zuzkidura justifikatua egingo da, bizikleta-bide bakoitzaren erabilera zehatzaren arabera, eta aparkalekuak era estrategikoan kokatuko dira, eskaera handiena duten guneetan (irteera-helmuga).

3. Bizikletentzako aparkalekuak ezartzeko orduan, aintzakotzat hartuko dira irizpide hauek:

  • - Irisgarritasuna: Aparkalekuak ohizko helmugetako gune estrategikoetatik hurbil kokatuko dira, baita tren-geltoki eta autobus-geltoki nagusietan eta abarretan ere, era horretan garraiobide anitzeko modua sustatuko da.
  • - Segurtasuna: Gerta daitezkeen lapurreten edo ekintza bandalikoen aurrean, dituzten ezaugarriak direla-eta segurtasun handiagoa ematen duten lekuetan kokatuko dira. Era berean, aparkalekuen egiturak bizikleta behar bezala lotzea ahalbidetzen duten gailuak izango ditu.
  • - Erosotasuna: Aparkalekuak kokatzeko orientazioa, esposizio maila eta beste alderdi batzuk direla-eta eragin meteorologikoa txikiagoa duten lekuak hautatuko dira. Era berean, aparkalekuak sortzeko eta diseinatzeko orduan, erosotasunari dagokionez oinarrizko baldintzak bermatuko dira, bizikletak lotzeko eta askatzeko maniobra errazten dutenak.
  • - Balioaniztasuna: Aparkalekuak merkatuan ohizkoak diren bizikleta mota guztiak, eta baita dauden tamaina guztiak ere, hartzeko modukoak izango dira.

18. artikulua. Zirkulazioa.

1. Foru bizikleta-bideen sarearen barruan, erabiltzaileentzat lotesleak izango dira zirkulazioari buruz Trafikoari, Motorreko Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide-Segurtasunari buruzko Legean ezarritako arauak, zirkulazio arauak txirrindularitza egiteari egokitzeko Legean (43/1999 Legea) aurreikusitako arauak, eta Zirkulazioko Erregelamendu Orokorrean eta gainerako araudi bateragarrietan ezarritako arauak.

2. Aurreko puntuan adierazitakoa kontuan hartu gabe, foru bizikleta-bideen sarearen barruan bizikleten erabiltzailek har dezaketen gehieneko abiadura lekuan lekuko azpiegituraren ezaugarri berezietara eta egoerara moldatu beharko da, eta ezin izango da, inolaz ere, 40 kilometro orduko abiadura gainditu.

I IDAZPURUA
FORU BIZIKLETA-BIDEAK PLANIFIKATZEA ETA ERAIKITZEA

I ATALBURUA
GIPUZKOAKO BIZIKLETA-BIDEEN LURRALDEKO PLANA

19. artikulua. Xedea eta izaera.

1. Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldeko Plana landuko du, honako xede hauek erdiesteko asmotan:

  • a) Foru bizikleta-bideen sareari dagokionez, helburu nagusiak zehaztea.
  • b) Bizikleta-bide horiek izan beharko dituzten ezaugarriak zehaztea.
  • c) Aldi jakin batez, Planean adierazitako helburuak lortzearren, egin beharreko jarduera-programak zehaztea.

2. Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldeko Planak Lurraldearen Arloko Plana izango da, Euskadiko lurralde-antolamenduari buruzko araudiak ezarritakoaren ondorioetarako.

20. artikulua. Ekonomiaren eta lurraldearen plangintzarekin koordinatzea

1. Gipuzkoako bizikleta-bideen plangintza koordinatu egingo da Autonomia Erkidegoko ekonomiaren, lurraldearen eta hirigintzako plangintzarekin.

Lurralde- eta hirigintza-antolamenduarekiko koordinazioa Euskadiko lurralde-antolamenduari buruzko araudiak eta foru arau honek aurreikusitako eran burutuko da.

2. Gipuzkoako bizikleta-bideen plangintza, gainera, lurralde mugakideetako plan eta proiektuekin ere koordinatu beharko da, lurralde horiek eraginak elkarri sortzen dizkioten jarduketak egitean.

21. artikulua. Bideratzea eta onartzea.

1. Gipuzkoako Foru Aldundiak burutu eta bideratuko du Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldeko Plana, Euskadiko lurralde-antolamenduari buruzko araudiak lurraldearen arloko planetarako aurreikusitakoari jarraituz.

2. Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldeko Plana Batzar Nagusiek emandako foru arau baten bidez onartuko da behin betiko.

22. artikulua. Lurraldeko Planaren ondorioak.

1. Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldeko Plana loteslea izango da bai administrazio publikoentzat, bai herritarrentzat.

2. Foru Aldundiari dagokionez:

  • a) Foru Aldundiak bizikleta-bideen inguruan egiten dituen jarduketak Lurraldeko Planean ezarritako helburuetara moldatuko ditu.
  • b) Foru Aldundiak Planaren programetan aurreikusitako jarduketak gutxienez gauzatuko ditu.
  • c) Ezin izango dira, inolaz ere, bizikleta-bide berriak eraiki, jarduketa horiek aipatutako planean aurreikusita ez baldin badaude. Jadanik dauden bizikleta-bideetako trazaduran funtsezko aldaketarik sortzen ez duten zabalguneak, hobekuntzak, egokitzapenak eta aldakuntzak ez dira bizikleta-bide berritzat hartuko.

3. Udalerrietako hirigintza planak Bizikleta Bideen Lurraldeko Planaren zehaztapen eta aurreikuspenei lotuta egongo dira, Euskadiko lurralde-antolamenduari buruzko araudiak aurreikusitakoaren arabera.

4. Bizikleta-bideei buruzko udal plan eta proiektuetan ezin izango da zehaztapenik adierazi, Lurraldeko Planarekin kontraesanetan dagoenik.

23. artikulua. Aldaketa eta berrikuspena.

1. Planak onartzen duen foru arauan zehaztuko dira Foru Aldundiak plan horretan alda ditzakeen zehaztapenak, jendaurreko informaziopean aldez aurretik jarrita edo jarri gabe, eta Batzar Nagusiei bakarrik horren berri emanda; era berean, zehaztuko dira Batzar Nagusiek, nolanahi ere, onartu beharko dituztenak, aldez aurretik jendaurreko informaziopean jarrita.

2. Bizikleta Bideen Lurraldeko Plana egokituko da, une oro, dauden baliabide ekonomikoetara.

3. Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldeko Plana, indarrean dagoen bitartean egiten diren aldaketak alde batera utzita, berrikusi egin beharko da horrela aholkatzen duten gertaerak suertatzen direnean eta, nolanahi ere, jarduketa-programen epeak bukatu baino urtebete lehenago.

4. Bizikleta Bideen Lurraldeko Plana berrikusteko Plana lehenengo aldiz onartzeko egindako izapide berak burutuko dira.

II ATALBURUA
ERAIKITZEKO, HOBETZEKO ETA ARTATZEKO OBREN PROIEKTUAK ETA OBRAK GAUZATZEA

24. artikulua. Eraikitzeko proiektuak. Edukia.

1. Bizikleta-bideak eta kontratazio publikoari buruzko araudian aurreikusitako egoeretan eraikitzeko, hobetzeko eta artatzeko obrak gauzatzeko, aldez aurretik onartu beharko da egin beharreko eraikuntzaren proiektu teknikoa; proiektu horretan, definituta egongo dira, osorik eta behar den xehetasunez, egingo diren obrak.

2. Eraikitzeko proiektuak Autonomia Erkidegoan bete beharrekoak diren arauen arabera egingo dira eta, obren izaera zein den, beharrezkoak diren azterlan guztiak jasota izan beharko dituzte, hala nola geologiari eta geotekniari buruzkoak, hidrologiari buruzkoak, eta egitura, trafiko eta segurtasunari buruzkoak. Era horretan, ezusteak eta zailtasunak saihestu ahal izango dira, bai gauzatzeko orduan, baia geroago funtzionamenduan daudenean.

3. Proiektatutako obrek natur ingurunea, landa-ingurunea edo hiri ingurunea errespetatu beharko dituzte, eta horietara behar bezala egokitu; bestalde, une oro bete beharko dute obrak arautzen dituzten eta bete beharrekoak diren ingurumenari buruzko arauek ezarritakoa.

Horiek horrela, proiektuetan aurreikusi beharko dira erasandako ingurunea leheneratzeko eta berritzeko lanak.

4. Eraikitzeko proiektuetan, egokia bada, erasanak izango diren eta ustez hartu edo erosi beharko diren lur, eraikin eta bestelako ondasun eta eskubideei buruzko zehaztapena adierazi beharko da, eta horrekin batera horien zerrenda zehatza eta banaka-banaka aipatzen dituena osatuko da, egin beharreko desjabetzeak legitimatzearren.

25. artikulua. Eraikitzeko proiektuak bideratzea eta onartzea.

1. Gipuzkoako Foru Aldundiaren organo eskuduna izango da foru bizikleta-bideen proiektuak onartzen dituena, bizikleta-bideetan eskumena duen erakundeak hala proposatuta, hala badagokio.

2. Obrek lurraren jabetzan eragin berriak sortzen dituztenean, eraikitzeko proiektua onartu baino lehen jendaurreko informaziopean egongo da hilabeteko epean.

Salbuespena izango dira, bakar bakarrik, diharduen administrazioaren jabetzakoa den lurzoruan oso-osorik egiten diren proiektuak.

3. Jendaurreko informazioaldia irekitzea Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarriko da eta, halaber, Lurralde Historikoan hedadura handieneko egunkarietako batean gutxienez.

4. Jendaurreko informazioak irauten duen aldian, edozein pertsonak ezagutu ahal izango du proiektua, eta proiektuari zein bere ondorioei buruzko iradokizunak edo alegazioak egin ahal izango ditu.

5. Jendaurreko informaziopean dagoen proiektua entzuteko izapidea egingo da Gipuzkoako Foru Aldundiaren departamentuen aurrean eta, halaber, beren eskuduntzetan erasanda egon litezkeen erakunde publikoen aurrean ere, eta baita bereziki erasandako udalen aurrean ere, halakorik balego; hartara, aipatutako epean, proiektuarekin ados dauden ala ez adierazi eta egokitzat jotzen dituzten alegazio edo iradokizunak egin ahal izango dituzte.

6. Bizikleta-bide bat errepide baten eraikuntzaren proiektuaren barruan sartu behar denean -bizikleta-bidearen trazadura errepidearen trazaduratik banaezina delako eta errepidean ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlana egin behar delako- bizikleta-bidea errepidearen proiektu orokorraren zati bat izango da ondorio guztietarako.

7. Goian aipatutako izapide guztiak egin ondoren, Foru Aldundiak obrak gauzatzeari buruzko erabakia hartuko du, behin jasotako alegazio eta iradokizunak aztertu eta gero eta, bidezkoa bada, bideratutako proiektua behin betikoz onartuko du.

8. Proiektuek lurzoruaren jabetzan eragin berririk sortzen ez badute, jendaurreko informazioa eta udalekin aurretiaz audientzia izateko izapideak ez dira nahitaezkoak izango.

26. artikulua. Proiektuak onartzearen ondorioak.

1. Foru Aldundiak eraikuntzaren proiektuak onartzen dituenean, proiektuotan aurreikusitako obrak berehala egiteko eskubidea egongo da, betiere goian adierazi bezala bideratu badira.

Egin beharreko obrak berehala hasi ahal izango dira, nahiz eta indarrean dagoen hirigintzako plangintzarekin desadostasunak egon, baldin eta proiektuan garatutako jarduketak Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldeko Planean aurreikusita badaude.

2. Onartutako proiektuek, gainera, erasandako lurren erreserba izango dute berekin, hiru urtetarako.

Aldi horretan, inongo administraziok ez du proiektuaren aurreikuspenekin bateragarriak ez diren eraikitzeko edo lurzoruaren erabilera iraunkorrerako onespenik, ez baimenik, ez lizentziarik emango.

Foru arau honen II. Idazpuruan herri-jabariguneetarako eta babesguneetarako adierazitako mugapenak ezartzeko orduan, bizikleta-bidea proiektuan aurreikusi bezalakoa dela joko da, eta gune horietan egin nahi den edozein jarduera, lan edo obra foru arau honen III. Idazpuruan aurreikusita dauden interbentzio eta kontrolari buruzko arauaren nahiz defentsa eta zigorrari buruzko arauaren mende egongo dira.

3. Lurraldeko Planaren zehaztapenak aurrera eramaten dituzten proiektuak ezinbestez bete beharrekoak izango dira udalen hirigintzako plangintza egiteko eta onartzeko orduan, eta desadostasunen bat sortuz gero, hirigintzako plangintzaren gainetik egongo dira.

4. Eraikuntzaren proiektuak onartzeak, gorago aipatutako ondorioez gain, idazpuru honen III. Atalburuan aurreikusitako desjabetzeak legitimatzeko ondorioa ere izango du.

27. artikulua. Aldez aurreko proiektuak.

1. Aurreko artikuluan, 2. eta 3. puntuetan, lurzoruaren erreserbari, onespen, baimen eta lizentziak ez emateari, eta herri-jabarigune eta babesguneetarako eta hirigintzako sailkapena duten guneetarako aurreikusita dagoen mugaketaren erregimenari dagokienez aurreikusten diren ondorioen eragina aurreratzearren, administrazioak aldez aurreko proiektuak idatzi, bideratu eta onartu ahal izango ditu. Era berean, aldez aurreko proiektu horietan zehaztu beharko da, gutxienez eta behar adinako doitasunez, zein diren egin behar diren obrek erasandako lurzatiak.

2. Aldez aurreko proiektuak 25. artikuluan adierazi bezala bideratu eta onartuko dira.

3. Aldez aurreko proiektuak onartzeak aipatutako ondorioak izango ditu eta, proiektuok erasanak izango diren eta ustez hartu edo eskuratu beharko diren lur, eraikin eta bestelako ondasun eta eskubideei buruzko zehaztapena adierazi beharko da, eta horrekin batera horien zerrenda zehatza eta banaka-banaka aipatzen dituena baldin badago, proiektua onartzeak, aurreko artikuluaren 4. puntuan aurreikusi bezala, desjabetzeak legitimatzearen ondorioa ere izango du.

4. artikulu honen 2. puntuan zehaztutakoari jarraituz, aldez aurreko proiektuak bideratu eta onartzeak salbuesten du eraikuntzaren proiektua onartzeko jendaurreko informaziopean jartzeko eta entzuteko izapideak betetzeko beharretik; era berean, salbuetsita uzten du ingurumenaren gaineko eraginen ebaluazioa berriz bideratzeko beharretik, baldin eta ebaluazio hori beharrezkoa bada, bizikleta-bidea prozedura hori bete behar duen errepide baten proiektuaren barruan dagoelako.

5. Aldez aurreko proiektu bat bideratzea eta onartzea aukeratzen denean, egin beharreko eraikuntzaren proiektua onartzeak ez du balio izango hiru urteko aldia luzatzeko, lurzoruaren erreserbari eta horren ondoriozko mugapenari dagokienez.

6. Foru arau honen ondorioetarako, aurreproiektuak eta trazaduraren proiektuak aldez aurreko proiektuen izaera izango dute.

III ATALBURUA
LURZORUEN ERABILGARRITASUNA. DESJABETZEAK

28. artikulua. Ondasunak eskuratzea eta hartzea.

1. Obrak egiteko beharrezkoak diren lurzoruak, eraikinak eta bestelako ondasun eta eskubideak eskuratu, aldi baterako hartu, eta lehengo zerbitzuak berriz jartzeko edo berriak ipintzeko zortasunak ezarriko dira desjabetzearen bidez.

2. Behar diren ondasunak eta eskubideak eskuratu ahal izango dira, baita ere, truke, salerosketa edo, egokia denean, zuzeneko okupazio edo lagapenaren bidez, hirigintzari buruzko araudian aurreikusitako mekanismoei jarraituz.

29. artikulua. Desjabetzea legitimatzea. Herri-onura eta herri-lurrak hartzeko beharra.

1. Bizikleta-bideen proiektuak onartzeak berekin ekarriko du, ezinbesteko desjabetzearen ondorioetarako, obrak herri-onurakoak direla adieraztea; eta, proiektuen dokumentazioan erasandako lur, eraikin eta bestelako ondasun eta eskubideak zehazki eta banaka-banaka aipatzen baldin badira, era berean adieraziko da horiek hartzeko beharra, eta baita zortasunak ezartzeko edo aldatzekoa ere.

2. Lur, eraikin eta bestelako ondasun eta eskubideak hartzeko eta zortasunak ezartzeko beharraren adierazpenak barnean hartuko ditu obrak egiteko, zerbitzuak berriz jartzeko eta gerora horiek egoki ustiatzeko eskuratu edo hartu beharko diren guztiak.

3. Desjabetzeak legitimatzen direnean, era berean, legitimatuta geratuko dira proiektuaren aldaketek erasandako lur, eraikin, ondasun eta eskubide guztien desjabetzeak, betiere proiektuan aldaketa handiegiak egiten ez badira eta, onartu aurretik, interesdunei behar bezala eta hamabost eguneko epea jarrita horren berri ematen bazaie jakinarazpenen bitartez edo Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, alegazioak edo iradokizunak egin ahal izateko.

30. artikulua. Desjabetzea zorgunean.

Foru Aldundiaren organo eskudunak zorgunean dauden ondasunak desjabetu ahal izango ditu, herri-onurako adierazpena inplizitu dagoela ulertuta, baldin eta aldez aurretik foru bizikleta-bidea eraikitzeko, artatzeko edo hobetzeko proiektu bat edo aldez aurreko proiektu bat badu, desjabetzea ezinbestekoa edo komenigarria dela egiaztatzen duena.

IV ATALBURUA
FINANTZAKETA

31. artikulua. Finantza-baliabideak.

1. Bizikleta-bideak eraikitzeko, hobetzeko eta artatzeko obrak eta, oro har, bide horiek behar bezala funtzionarazteko eta ustiatzeko beharrezkoak diren jarduketak Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorren kargura finantzatuko dira.

2. Era berean, obrak finantzatu ahal izango dira hirigintzari buruzko araudiak aurreikusitako mekanismoen bidez, bidezkoa denean.

3. Bestalde, obrak finantzatzeko beste bide bat zerga bereziak ezartzea izan daiteke; zerga horiek pertsona fisiko edo juridikoei ezarriko zaizkie, foru bizikleta-bideak egiteko obrak egitean onura berezia lortzen dutenean edo beren finken balioa handitzen denean, baldin eta zerga horiei buruzko araudian aurreikusita dauden baldintzak betetzen badira.

4. Halaber, obrak finantzatu ahal izango dira beste herri-administrazio, erakunde nazional edo nazioarteko erakunde batzuek eta nahi duten pertsona juridiko eta fisikoek emandako baliabideen bidez; horrelakoetan, egiten diren ekarpenek, ezargarria den araudiari eta bereziki irabazi asmorik gabeko entitateen eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarrien zerga erregimenari buruzko Foru Arauari jarraituz, zerga-trataera berezia izango dute, aipatutako ekarpenaren herri-interesa aintzat hartuta.

5. Bestela ere finantzatu ahal izango dira, alegia, foru bizikleta-bideak eta beren funtzionamenduari atxikitako gune funtzionalen herri-jabariaren merkataritza-ustiaketa eginda biltzen diren diru kopuruen bidez.

6. Foru bizikleta-bideak kudeatzearen eta ustiatzearen ondorioz lor daitezkeen tasa, prezio publikoak eta atxikita dauden gainerako kopuruak foru bizikleta-bide berriak sortzeko erabili ahal izango dira, izaera baztertzaile eta helburudunez.

7. Bizikleta-bideak eraikitzeko asmoa ibilgailu motordun pribatuaren erabilera ez arrazionalaren hautabidea izatea dela kontuan izanda, Gipuzkoako Foru Aldundiak zigorren ondoriozko diru-bilketaren zati bat erabili ahal izango du aipatutako foru bizikleta-bideak sortzeko, bere eskumenen barruan baitago.

V ATALBURUA
OBRAK GAUZATZEA

32. artikulua. Udal lizentziak eta baimenak

1. Bizikleta-bideak eraikitzeko, artatzeko eta hobetzeko obrak, eta bide horien ustiaketarekin zerikusi zuzena dutenak, ez dira udalen hirigintzako baimenaren edo aurretiaz egin beharreko bestelako kontrol-ekintzaren mende egongo, eta ezin izango dira geldiarazi edo bertan behera utzi, eskumena duen epailaren aginduz ez bada.

2. Obrak hasi baino lehen, baldin eta ezinbesteko arrazoiak direla-eta ezinezkoa ez bada, Gipuzkoako Foru Aldundiak erasandako udalei jakinaraziko die obrak noiz hasiko diren.

33. artikulua. Mugaketa eta mugarriak jartzea

Obrak bukatzen direnean, eta lurren jabetzan erasan berriak sortzen badituzte, behar bezala mugatuko dira eta mugarriak ipini beharko dira beti.

II IDAZPURUA
FORU BIZIKLETA-BIDEAK USTIATZEA

I ATALBURUA
USTIATZEAREN XEDEA ETA USTIATZEKO ERAK

34. artikulua. Xedea.

Foru arau honen ondorioetarako, foru bizikleta-bideen ustiaketaren barruan definitu dira foru bizikleta-bideak eta beren funtzionamenduari lotutako gune guztiak artatzeko eta mantentzeko, eta bidea eta erabiltzailea defendatzeko xedez egiten diren jarduketa guztiak, eta barnean hartzen ditu seinaleztatzeko, sarbideen antolaketako, mugak ezartzeko eta bideen herri-jabaria kontrolatzeko ekintzak; azkenik, barruan sartzen dira, halaber, babesguneetako lurzoruaren erabilerak arautzea, baimentzea eta zehatzea.

35. artikulua. Ustiatzeko erak.

1. Oro har, Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo du, zuzenean, foru bizikleta-bideen ustiaketa.

2. Foru Aldundiak beste batzuen esku utzi ahal izango du foru bizikleta-bideen ustiaketa, indarrean dagoen araudiak ezarritako zeharkako kudeaketaren sistemak kontuan izanda.

3. Bestalde, erakunde autonomoak edo sozietate publikoak ere eratu ahal izango dira, eta jabetza duen administrazioak foru bizikleta-bideen ustiaketa beren esku utzi ahal izango du.

II ATALBURUA
FORU BIZIKLETA-BIDEEN ETA BEREN BABESGUNEEN ERABILERA

36. artikulua. Foru bizikleta-bideen erabilera

1. Foru bizikleta-bideen erabilera arrunta, herri-jabariko eta erabilerako ondasunak direnez gero, doan izango da erabiltzaileentzat eta askatasunez burutuko da alderdi hauek aintzakotzat hartuta: Bizikleta-bideen izaera, atxikiduraren eta herri-erabilerarako irekitzeko ekintzak, trafiko eta bide-segurtasunari buruzko arauak eta seinaleak, eta indarrean dauden gainerako zehaztapenak.

2. Salbuespenez, Foru Aldundiak, eskumena duten bere organoen bidez, aldi baterako edo behin betiko mugaketak ezarri ahal izango dizkio zirkulazioari foru bizikleta-bideetako zati edo leku batzuetan, baldintzek, egoerak, eskakizun tekniko edo bide-segurtasunekoek hala eskatzen dutenean.

3. Foru arau honen 43. artikuluan eta hurrengoetan zehaztutakoari jarraituz, Gipuzkoako foru bizikleta-bideen sareko zati batzuetan, beharrezkoa izango da bidezkoa bada baimendutako ibilgailu motordun guztiek onespena izatea, aisialdi, turismo, ingurumen-hezkuntza eta antzeko jarduerak burutzeko behar diren ibilgailuak barne.

37. artikulua. Erabilerak herri-jabarigunean.

1. Oro har, guztiz debekatuta egongo da edozein obra, erabilera edo instalazio mota egitea herri-jabarigunearen barruan, herri-erabilera edo jabariko helburua duten jabari-lagapenak edo jatorrizko profilaren aldaketak izan ezik, eta horretarako berariazko baimena eman beharko du bizikleta-bideen eskumena duen organoak.

2. Zerbitzurako sareek ezin izango dute herri-jabarigunea zeharkatu, ez gurutzatu, berariazko baimena duten egoeretan izan ezik.

38. artikulua. Erabilerak zorgunean.

1. Zorgunean baimenduko da, bakar bakarrik, lurpeko zerbitzuak instalatzea; instalazio horiek mantentzeko, artatzeko eta ustiatzeko era, oro har, foru bizikleta-bidearen kanpotik burutu beharko da.

2. Oro har, nekazaritza eta abeltzaintzako erabilerak baimenduko dira, betiere erabilera horrek foru bizikleta-bidearen funtzionaltasunean eragozpenik sortzen ez badu.

3. Zorguneak kokatuta dauden eraikin edo instalazioetan sendotzeko, apaintzeko edo hobetzeko obrak baimendu ahal izango dira.

39. artikulua. Seinaleak.

1. Foru bizikleta-bideetan, Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio, eta ez beste inori, bizikleten eta oinezkoen trafikoa behar bezalakoa izan dadin edo erabiltzaileek informazio egokia izan dezaten zer seinale ipini behar diren erabakitzea.

2. Beste erakunde edo pertsona publiko nahiz pribatu batzuen interesekoak diren seinaleak ipintzea eta kontrolatzea interesdunei egokituko zaie, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurretiazko baimena izanda.

3. Aurreko bi puntuetan zehaztutakoaren salbuespen bakarra dira larrialdi-egoeretarako jarri beharreko behin-behineko seinaleak.

4. Foru bizikleta-bideetan ipintzen diren seinaleak, nolanahi ere, Foru Bizikleta Bideetako Seinaleen Katalogo Ofizialean zehaztutakoekin bat etorriko dira.

40. artikulua. Sarbideak zehaztea eta berrantolatzea.

1. Udalek gaian dituzten eskumenei kalterik egin gabe, Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki ahal izango ditu zer lekutan egin beharko diren foru bizikleta-sareetarako sarbideak, sarbide horiek behar bezala bermatuta ez dauden kasuetan.

2. Hirigintzako plangintzaren baten berrikuspena egiteko orduan, foru bizikleta-bidearen eraginaren eremuan lehen hiritarrezina zen gainazal bat berriz sailkatzen denean, udalak kontuan hartu beharko du bide horretarako sarbide bat, eta sarbidea egin beharko du, erabiltzeko gutxieneko segurtasun- eta erosotasun-baldintzak dituela.

41. artikulua. Lursailetako itxiturak eta bizikleta-bidetik bereizteko elementuak.

1. Lursailetako itxiturak, edozein izaera dutela ere, zorgunetik kanpo geratuko dira.

Salbuespen dira, bakar bakarrik, erraz desmuntatzen diren itxitura gardenak; itxitura horiek distantzia txikiagoetara ipini ahal izango dira, baina beti herri-jabarigunetik kanpo eta foru bizikleta-bidearen erabiltzaileen segurtasuna bermatuta dagoenean.

2. Errepideei atxikitako bizikleta-bideak direnean, bereizteko ipiniko diren elementuek ez dute arriskurik sortuko bizikleta-bideen erabiltzaileen segurtasunean.

42. artikulua. Zainketa.

Gipuzkoako Foru Aldundiko pertsonala, berariaz prestaturik dagoena, arduratu egingo da foru bizikleta-bideak zaintzeaz.

III IDAZPURUA
BAIMENTZEKO ETA ZIGORTZEKO PROZEDURARI BURUZKO ARAUBIDE OROKORRA

I ATALBURUA
BAIMENAK

43. artikulua. Administrazioaren baimena behar duten jarduketak.

1. Administrazioaren baimena beharko da foru bizikleta-bideetan eta beren herri-jabariguneetan zein babesguneetan burutu nahi diren jarduera, lan eta obra mota guztiak egiteko.

2. Beharrezkoa izango da baimena izatea besteak beste honako jarduera hauek egiteko:

  • A) Herri-jabarigunean:
    • a) Ibilgailu motordunak ibiltzea, foru arau honetan, 4.5. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
    • b) Seinaleak, kartelak eta errotuluak jartzea.
    • c) Sarbideak irekitzea edo berritzea.
    • d) Lurpeko eroanbideak instalatzea.
    • e) Aireko lineak eta instalazioak.
    • f) Edozein jarduera, lan edo obra, nahiz eta behin-behinekoak izan edo aldi baterako okupazioa besterik ez izan.
  • B) Babesgunean:
    • a) Hondeaketak eta lur-mugimenduak.
    • b) Hondakindegiak eta zabortegiak.
    • c) Era guztietako instalazioak, zerbitzu publikokoak izan ala ez, baita lurpekoak eta airekoak ere.
    • d) Zuhaitzak eta zuhaixkak landatzea eta moztea.
    • e) Itxiturak ipintzea edo eraikitzea, edozein motatakoak izanda ere.
    • f) Edozein motatako seinale, kartel, idazkun eta errotuluak ipintzea.
    • g) Hiritartzeko obrak.
    • h) Edozein motatako eraikinak egitea edo eraikuntza-obrak burutzea, finkoak nahiz desmuntagarriak izan, lur gainean edo lur azpian egon, oin berrikoak izan edo lehendik dauden eraikinak edo bestelako eraikuntza-obrak handitzeko, aldatzeko edo eraberritzeko lanak izan, eta lan horiek beren egituran edo kanpoko itxuran eragina sortu ala ez.
    • i) Era guztietako eraikin eta eraikuntza-obrak osorik edo zati batean eraistea.
    • j) Edozein motatako eraikin, eraikuntza-obra eta instalazioen lehenengo erabilera edo okupazioa, eta horien erabilera aldatzea, obrarik egin behar ez bada ere.
    • k) Era guztietako jarduera, lan edo obrak, behin-behinekoak direnean edo aldi baterako okupazioa besterik ez direnean.

3. Baimena beharko da gorago aipatu diren jarduera guztiak burutzeko, jarduera horiek egin nahi dituen pertsona, erakunde edo organismo publiko edo pribatua edozein dela ere, nahiz eta agintari publikoek edo Estatuko Administrazioko organoek, Autonomia Erkidegokoek, edo beste edozein herri-administraziotakoek jarduera horiek sustatu; eta hori guztia, egon daitezkeen beste eskumen batzuei kalterik egin gabe.

4. Honako hauek dira, bakar bakarrik, baimena eskatzeko beharretik salbuetsita daudenak:

  • a) Foru bizikleta-bideetako ohizko zirkulazioa.
  • b) Babesgunean nekazaritzakoak soilik diren jarduerak eta erabilerak edo lorategiz hornitzeko lanak.
  • c) Gipuzkoako Foru Aldundiak bideak artatzeko, mantentzeko, hobetzeko edo ustiatzeko egiten dituen jarduerak, lanak eta obrak.

44. artikulua. Eskumena.

Foru arau honetan aurreikusten diren baimenak emateko eskumena izango du bizikleta-bideen eskumena duen Foru Aldundiaren organoak.

45. artikulua. Izaera.

1. Babesgunean emango diren baimenek izaera arautua izango dute, eta egin nahi diren jarduerak, lanak edo obrak foru arau honetan eta, kasua bada, araua garatzen duten erregelamendu edo araudietan zehaztutakoaren kontrakoak ez badira.

Ezarri beharreko araubidea ebazpena ematen denean indarrean dagoena izango da. Administrazioaren isiltasuna gertatuz gero, ezarri beharreko araubidea ustezko ekintza egin denean indarrean zegoena izango da.

Babesguneetan baimenak ukatuz gero, arrazoiak eman beharko dira, eta foru arau honen zehaztapenetan aurreikusitako zioetan oinarrituta egongo dira.

2. Herri-jabariguneetan baimenak emanez gero, zuhurtziaren araberakoak izango dira, eta ukatu ahal izango dira egokitzat jotzen bada.

3. Foru bizikleta-bideen erabiltzaileek segurtasuna eta erosotasuna izan ditzaten, herri-jabariguneetan nahiz babesguneetan jarduerak, lanak eta obrak egiteko ematen diren baimenak epe jakin baterako eman ahal izango dira. Nolanahi ere, gehieneko epeetarako emango dira jarduera jarraituak egiteko baimenak.

46. artikulua. Prozedura eta ebazpena. Administrazioaren isiltasuna.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren foru bizikleta-bideetan baimenak emateko prozedura alderdi hauen araberakoa izango da:

  • a) Baimena lortzeko interesa duen pertsona edo organismoak eskaera bat egin beharko du idatziz eta Foru Aldundian aurkeztu.
  • b) Eskaerarekin batera dokumentazioa ere aurkeztu beharko da, eta dokumentazio horretan azalduko da zer jarduera, lan edo obra egin nahi den, bere kokapen, definizio eta guzti, eta eskatutakoa foru arau honetan erabakitakoari egokitzen zaiola eta, oro har, bidearen elementuetan eta beraren funtzionamenduan zer eragin sortzen duen frogatzeko moduko xehetasunez adieraziko da.

    Oinarrizko proiektu bat edo eraikitzeko proiektu bat aurkeztu beharko da, teknikari eskudun batek sinatuta, betiere jarduera, lan eta obren izaerak hala eskatzen duenean.

    Nolanahi ere, proiektu tekniko bat eskatuko da oin berriko eraikin edo bestelako eraikuntzak egiten direnean, dauden eraikinak birgaitzean edo sarrera-irteera berriak egitean.

  • c) Eskabidean akatsak daudenean, edo aurkeztutako dokumentazioa nahikoa ez denean, eskaera egin duenari jakinaraziko zaio, akatsak konpon ditzan. Jakinarazpenean ohartaraziko zaio dokumentazioa artxibatu egingo dela bestelako izapiderik gabe, baldin eta berori osatzen ez bada.

    Jakinarazpena ematen denetik eskatutako dokumentazioa behar bezala aurkeztu bitartean, hurrengo paragrafoan aurreikusitako epea eten egingo da.

  • d) Eskatutako baimenak gehienez ere hiru hilabeteko epean eman edo ukatuko dira, eskaera behar bezala aurkezten den egunetik hasita.
  • e) Berariazko ebazpena ematen ez bada, ulertuko da baimena ukatu egin dela, jarduera foru bizikleta-bidean edo bere herri-jabarigunean egin nahi baldin bazen, eta administrazioaren isiltasunez eman dela, gainerako kasuetan.

    Baimena sarrera-irteera bat irekitzeko edo berritzeko baldin bada, ukatutzat hartuko da beti.

    Inolaz ere ez dira administrazioaren isiltasunez emantzat hartuko foru arau honetan agindutakoaren kontrako ahalmenak.

47. artikulua. Tasak.

Foru Aldundiak foru arau honen babespean emandako baimenek tasak izan dezakete, eta tasa horien era eta kopurua horri buruzko foru arau baten bidez ezarriko dira.

48. artikulua. Bermeak.

1. Baimenak emateko orduan, aldez aurretik berme bat jartzeko baldintza ipin daiteke, era horretan ziurtatuko baita baimendutakoa behar bezala eta ezarritako baldintzak ondo ezagututa gauzatzen dela.

2. Bermea ezarri eta gero, bermea benetan jarri arte, etenda egongo dira baimenaren ondorioak.

49. artikulua. Ondorioak.

1. Baimenek barnean hartuko dituzte, bakar bakarrik, aurkeztutako dokumentazioan berariaz deskribatu diren jarduerak, lanak edo obrak eta, bere kasuan, baimena emateko testuan adierazitako aldaketak. Horrez gain egin nahi den edozein jarduera burutzeko beste baimen bat beharko da.

2. Emango diren baimenek Administrazio emailearen eta ematen zaion subjektuaren arteko ondorioak izango dituzte, baina ez dituzte subjektuaren eta beste pertsonen arteko egoera juridiko pribatuak aldatuko. Hau da, baimenak emango dira beti jabetzaren eskubidea eragotzi gabe eta hirugarrengoei kalterik egin gabe, eta ez dira aitzaki izango baimen horien onuradunek, baimendutako jarduera, lan edo obrak egiterakoan, eduki dezaketen erantzukizun zibil, administratibo edo penaletik libratzeko.

3. Baimenak eskualda daitezke eskubide eta betebeharrak eskualdatzeko jarritako legezko bitartekoen bidez, eta horiek eskuratzen dituena subrogatua geratuko da baimenaren hasierako titularrari Administrazioarekiko zegozkion betebehar guztietan.

Baimenaren hasiera titularra den pertsona edo organismoa, hala ere, ez da Administrazioarekiko duen erantzukizunetik libratuta geratuko, baimena eskuratzen duenak baimena eskualdatzen duenaren betebeharrak berariaz hartzen ez baditu eta ez badio hori jakinarazten Administrazioari.

50. artikulua. Baimena beste baimen batzuekin bateragarria izatea.

1. Bizikleta-bideetako herri-jabarian eta babesguneetan jarduera, lan edo obretarako arau honetan aurreikusten diren baimenek ez dituzte titularrak salbuesten bestelako lege xedapenak aplikatuz exijitu daitezkeen lizentzia, baimen edo bestelako zilegidura eskatzetik.

2. Foru Aldundiaren baimenek, zehazki, ez du salbuesten hirigintza-baimena edo jarduera egiteko baimena eduki beharretik, ezta baimen hori eman dela aurreirizten ere. Era berean, ez dute salbuesten Foru Aldundiaren beste organo batzuetan baimen hori lortzeko egin beharreko izapideetatik.

51. artikulua. Indarraldia eta iraungipena.

1. Bizikleta-bidearen arloan emandako baimenek ematen diren unetik aurrera izango dituzte ondorioak eta baimendutako jarduera, lan edo obrek irauten duten bitarterako izango dira.

Epe baterako ematen diren baimenak denbora horretan bakarrik izango dituzte ondorioak eta epea amaitu ondoren iraungita geratuko dira.

2. Seinalatutako epean edota, eperik ez badu, baimena eman eta ondorengo sei hilabeteen barruan baimendutako jarduera, lan edo obrak ez badira hasten, eskatzaileak asmo hura alde batera utzi duela ulertuko da eta baimena automatikoki iraungi egingo da.

3. Emandako baimenak, era berean, iraungi egingo dira eta ondoriorik gabe geratuko dira, ondoko kausa hauetako batzuk direla medio:

  • - Jarduera, lan edo obrak sei hilabete baino gehiagotan eten egiten badira.
  • - Egiteko eperik ematen ez denean, jarduera, lan eta obrekin jarraitzen ez bada eta jarduera, lan edo obra horiek amaitzen ez badira epe normal batean.
  • - Baimenean jarritako baldintzak betetzen ez badira.

4. Aipatutako kasuetan, baimenen iraungipena, epea dutenena salbuetsiz, ebazpen zehatz baten bidez eman behar da, interesa duen erakunde edo pertsonari entzuna izateko aukera eman ondoren eta jakinerazpenean jar ditzakeen errekurtsoen berri emanez.

5. Baimen bat iraungita egoteak ez du esan nahi berriz eskatu eta eman ezin daitekeenik.

6. Indarrean dauden bitartean, Administrazioaren eskura egon behar dute baimenek jarduera, lan edo obra egiten ari diren lekuan.

52. artikulua. Baimenak baliogabetzea eta baldintzak aldatzea.

1. Baimenak baliogabetu edo dituzten baldintzak aldatu egin behar dira, orduan emateko zeuden arrazoiak desagertu badira edo, geroago, baimena ukatzea edo beste baldintza batzuekin ematea ekarriko zuketen bestelako arrazoiak agertzen badira.

2. Baimenak baliogabetu daitezke, gainera, baimenak legezko irizpide berriak, baimendutako jarduketa debekatu egingo luketenak, finkatzen direnean.

3. Administrazioaren edo legearen kausaz gertatutako baliogabetzeak egongo diren kalte eta galerak ordaintzea ekarriko du ondorioz.

53. artikulua. Baimenak etetea.

1. Eraikuntzaren proiektua edo aldez aurreko proiektua bideratzen ari diren bitartean, etenda geratuko dira proiektu horietako zehaztapenetan esandakoaren oztopo izan daitezkeen jarduera, lan edo obra egiteko baimenak, jendaurreko erakusketaren hasieratik hasi eta gehienez ere urtebeteko epean.

2. Foru Aldundiaren organo eskudunak, halaber, aldez aurretik eten dezake gune jakin baterako baimenak ematea bi urteko gehieneko epean, proiektu bat idatzi ahal izateko. Erabaki hori Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eman behar da argitara.

3. Gune berdinean eta helburu berdinerako ezingo dira beste etenaldi batzuk erabaki bost urte igaro arte, aurreko etenaldiaren amaieratik kontatzen hasita.

II ATALBURUA
ARAU-HAUSTEAK, PROZEDURA ETA ZIGORRA

54. artikulua. Tipifikazioa eta sailkapena.

Honako hauek dira arau-hauste administratiboak:

  • 1. Arau-hauste arinak:
    • a) Foru bizikleta-bideetako herri-jabarigune edo zorguneetan, baimenduta ez dauden obrak, instalazioak edo jarduerak egitea, horretarako behar den baimenik izan gabe, edo emandako baimenetan ezarritako zehaztapenen bat ez betetzea, horiek guztiak gerora legeztatzeko aukera dagoenean.
    • b) Herri-jabarigunearen barruan edozein motatako objektu edo materialak ipintzea, isurtzea, botatzea edo abandonatzea.
    • c) Foru bizikleta-bidearen trazaduraren zati bat behar ez bezala eta aldi baterako hartzea, edo bidearen erabiltzaileak bertan ibiltzea eragoztea edo oztopatzea, betiere ekintza horrek berekin arrisku handiegirik ez badu.
    • d) Zabalgunean edo herri-jabarigunean baimenduta ez dauden landaketak edo erabilera-aldaketak egitea behar den baimena izan gabe, baldin eta bide-segurtasuna erasana suertatzen ez bada, hala izanez gero larriak izango baitira.
    • e) Bi noranzkoak diren foru bizikleta-bideetan zirkulatzeko kontrako noranzkoko lerroa hartzea, edo noranzko bakarreko bideetan kontrako noranzkoan zirkulatzea, baldin eta ekintza horrek berekin arrisku handiegirik ez badu.
    • f) Oinezkoek bide horiek erabiltzea, baldin eta erabilera hori baimenduta ez badago.
    • g) Bizikleta-bidean zakur edo beste etxeko abere batzuekin ibiltzea, abere horiek uhalik gabe daudenean.
  • 2. Arau-hauste larriak:
    • a) Foru bizikleta-bideetako herri-jabarigune edo zorguneetan, baimenduta ez dauden obrak, instalazioak edo jarduerak egitea, horretarako behar den baimenik izan gabe, horiek guztiak gerora legeztatzeko aukerarik ez dagoenean.
    • b) Foru bizikleta-bidean, antolamenduarekin eta bidearen erabiltzaileen orientazio edo segurtasunarekin zuzenean zerikusia duen edozein elementu hondatzea, edo bere ezaugarriak edo kokalekua nahita aldatzea.
    • c) Foru bizikleta-bideetan edo bere osagarri funtzionaletan edozein obra edo instalazio suntsitzea, hondatzea, alteratzea edo aldatzea.
    • d) Foru bizikleta-bidearen plataformari eragingo dioten edozein motatako objektu edo materialak ipintzea, isurtzea, botatzea edo abandonatzea.
    • e) Bizikleta-bidean, hormetan, seinaleetan eta beste elementu batzuetan pintadak egitea, horien helburua edozein dela ere.
    • f) Zabalgunean edo herri-jabarigunean baimenduta ez dauden aireko edo lur azpiko igarobideak egitea, horretarako behar den baimena izan gabe, edo emandako baimenean adierazitako baldintzak bete gabe.
    • g) Herri-jabarigunean edo zorgunean informatzeko kartelak baimenik gabe jartzea.
    • h) Foru bizikleta-bidean ibilgailu motordunek zirkulatzea, berariaz baimenduta daudenak izan ezik, eta ibilgailu horiek bizikleta-bidearen barruan aparkatzea.
    • i) Artikulu honen 1. ataleko c), d) eta e) puntuetan adierazitako egoerak, berekin arrisku handia baldin badute.
    • j) Arau-hauste larriak dira, halaber, arintzat hartzen direnak, baina berrerortzea dagoenean. Ondorio hauetarako, berrerortzea dagoela joko da urtebeteko epearen barruan erantzule berak beste arau-hausteren bat egin badu eta behin betiko ebazpen judizialaz jada deklaratuta eta zigortuta badago.
  • 3. Arau-hauste oso larriak:
    • a) Artikulu honen 2.a) puntuan adierazitako ekintzak, bizikleta-bidea erabiltzeko orduan segurtasunean zuzenean eragina sortzen dutenean.
    • b) Babesguneetan, ezarritako gutxieneko distantziara baino gutxiagora, oin berriko etxebizitzak, merkataritza edo industriarako eraikinak eraikitzea edo daudenak handitzea, horretarako espresuki emandako baimena izan gabe.
    • c) Bizikleta-bidean, erabiltzaileen antolamendu, orientazio eta segurtasunarekin zuzeneko lotura duen edozein elementu lapurtzea, hondatzea edo suntsitzea, edo elementu horien ezaugarriak edo kokalekua nahita aldatzea, elementu horrek bere eginkizuna bete dezan eragozten denean.
    • d) Bizikleta-bidearen nahiz horren elementu funtzionalen edozein obra edo instalazio suntsitzea, hondatzea, alteratzea edo aldatzea, ekintza horiek plataformari eragiten diotenean.
    • e) Bizikleta-bidearen inguruetan edozein motatako instalazioak ipintzea, edo erabiltzaileentzat arriskutsuak, gogaikarriak edo osasungaitzak diren jarduerak egitea, hori saihesteko neurriak hartu gabe.
    • f) Makineria, materialak edo nolanahiko objektuak, bidean uztea edo ezartzea, edota haiekin bidea okupatzea, baimenik gabe edo seinaleztatzeko baldintza egokiak bete gabe.
    • g) Bizikleta-bidearen herri-jabarigunean edo babesgunean lur-mugimenduak, hondeaketak eta horrelako lanak egitea, bidearen egituren edo zabalgunearen egonkortasunari kalte egin edo egonkortasun hori arriskuan jarriz gero.
    • h) Ekintzak edo omisioak egitea, puskatzea, kalte edo galerak nahita eraginez bizikleta-bidearen herri-jabarikoak diren edozein motatako elementu edo ondasunetan.
    • i) Artikulu honen 2.g) puntuan adierazitako ekintzak, bizikleta-bidearen erabiltzaileen segurtasuna edo osotasuna arriskuan jartzen dituztenean, edo bidearen errodadura-baldintzak hondatzen dituztenean.
    • j) Arau-hauste oso larriak dira, halaber, larritzat hartzen direnak, baina berrerortzea dagoenean. Ondorio hauetarako, berrerortzea dagoela joko da urtebeteko epearen barruan erantzule berak beste arau-hauste larriren bat egin badu eta behin betiko ebazpen judizialaz jada deklaratuta eta zigortuta badago.

55. artikulua. Arau-hausteen erantzuleak.

1. Foru arau honetan aurreikusitako arau-hausteen erantzuleak izango dira tipifikatutako egintza bere kabuz edo beste norbaitekin batera, edo beste norbaitez baliatuz burutzen duten pertsona fisiko edo juridikoak.

2. Erantzuleak izango dira bereziki pertsona hauek:

  • a) Arau-haustea zuzenean burutzen dutenak.
  • b) Ekintza hori agintzen duten pertsonak, egileak pertsona horiekin kontratuko edo izatezko harremana duenean, eta betiere agindu-emaileekiko mendekotasuna frogatzen bada.
  • c) Arau-haustea burutzeko ezinbestekoa den laguntza eman duten pertsonak.

3. Arau-haustea burutzeko orduan parte hartu duten pertsonen parte-hartzearen maila zehaztea ezinezkoa denean, erantzukizuna solidarioa izango da, erantzukizunei aurre egin dieten pertsonek gainerako parte-hartzaileen aurrean errepikatzeko eskubideari utzi gabe.

56. artikulua. Arau-hausteen preskripzioak.

1. Arau-hausteak preskribitzeko epea bost urtekoa izango da oso larriak direnen kasuan; hiru urte, larriak diren arau-hausteetarako eta urtebete arau-hauste arinak direnean.

2. Arau-haustearen preskripzio-epea zenbatzen hasiko da arau-haustea egin den egunean bertan.

3. Preskripzioa eten egingo da zigortzeko prozedurari hasiera ematen zaionean, interesatua jakinaren gainean dagoela.

Ustezko erantzuleari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik prozedura gelditu bada, handik hilabete gehi egun batera abiatuko da berriro preskripzioa; halaber, modu berean jokatuko da prozedura amaitzen den egunaren biharamunetik, baldin eta erantzukizun-adierazpenik ez badago.

Betearazteko prozeduraren helburua lortzera bideratzen den edozein jarduketa egiteak, helburu horren neurrikoa bada, galarazi egingo du prozedura gelditutzat jotzea, betiere organo eskudunak jarduketa hori erabaki badu eta behar bezala dokumentaturik badago.

57. artikulua. Zigortzeko ahala.

Foru arau honetan aurreikusten diren arau-hausteen artetik Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenekoak direnak zigortzeko ahala bizikleta-bideen eskumena duen departamentuko organoari dagokio, aipatutako departamentuaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko foru dekretuan ezarritakoari jarraituz.

58. artikulua. «Non bis in idem» printzipioa.

Aurretiaz bide penaletik edo administrazioaren bidetik zigortutako gertakariak ezin izango dira berriro zigortu, baldin eta subjektu, gertakari eta zuzenbide-oinarri bera badute.

59. artikulua. Sailkapena.

Idazpuru honetan tipifikatutako arau-hausteen zigorra arau-hausteen larritasunaren araberakoa izango da, sailkapen honen arabera:

  • - Arau-hauste arinak: 30 eta 600 euro bitarteko isuna.
  • - Arau-hauste larriak: 601 eta 6.000 euro bitarteko isuna.
  • - Arau-hauste oso larriak: 6.001 eta 60.000 euro bitarteko isuna.

60. artikulua. Heinekotasuna.

Aurreko artikuluan zehaztutako mugen barruan, zigorrak honako alderdi hauek kontuan izanda ezarriko dira:

  • a) Egindako kaltearen larritasuna.
  • b) Erruduntasun maila edo asmo txarra.
  • c) Lehen ere arau-hauste bera egin izana, arau-haustea izaera bereko aurreko arau-haustea oraindik indargabetu ez den epean egiten bada.
  • d) Arau-hausleak onura ekonomikoa atera izana.
  • e) Arau-haustearen ondorioz, herri-jabarian sortu den edo sor daitekeen arrisku objektiboa.

61. artikulua. Zigorren preskripzioa.

1. Arau-hauste oso larriak egiteagatik ezartzen diren zigorrak hiru urteren buruan preskribatuko dira; arau-hauste larriak edo arinak egiteagatik ezartzen diren zigorrak, aldiz, bi urteren eta urtebeteren buruan, hurrenez hurren.

2. Zigorra ezartzen duen ebazpena administrazio-bidean irmo bihurtzen den egunaren biharamunean bertan hasiko da zenbatzen zigorraren preskripzio-epea.

3. Preskripzioa eten egingo da betearazteko prozedurari hasiera ematen zaionean, interesatua jakinaren gainean dagoela. Zigortutakoari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik prozedura gelditu bada, handik hilabete bat gehi egun batera abiatuko da berriro preskripzioa, eta berriz ere epe osoa zenbatuko da.

Betearazteko prozeduraren helburua lortzera bideratzen den edozein jarduketa egiteak, helburu horren neurrikoa bada, galarazi egingo du prozeduraa gelditutzat jotzea, betiere jarduketa organo eskudunak erabaki badu eta behar bezala dokumentaturik badago.

Epaileen erabaki batek eteten badu betearazpena, orduantxe ere eten egingo da zigorraren preskripzioa; horrelakoetan, dagokion epea, oso-osorik, hasiko da berriro zenbatzen, epaileen etena bukatzen den egunaren biharamunetik aurrera.

62. artikulua. Erantzukizunaren iraungipena.

1. Honako kasu hauetan bukatuko da erantzukizuna:

  • a) Zigortutako pertsona fisikoa hiltzen denean.
  • b) Zigorra oso-osorik betetzen denean.
  • c) Arau-haustea preskribatzen denean.
  • d) Zigorra preskribatzen denean.

2. Zigortutako pertsona juridikoa desegin edo amaitzen denetan, zigorra edo zigorrak betearazteko, jarraituko zaio arlokako administrazio-arauek edo zuzenbide pribatuan ezartzekoak diren araudiek diotenari.

III ATALBURUA
NEURRI OSAGARRIAK

63. artikulua. Kaltea konpontzea eta kalte-ordainak.

1. Kasu bakoitzean ezartzekoak diren zigor administratibo edo penalei kalterik egin gabe, arau-hausleak foru bizikleta-bideetan eta beren elementu funtzionaletan egindako kaltea konpondu beharko du zigorra ezartzen duen organoak zehaztutako eran eta baldintzetan. Betebehar hori ez da preskribatuko herri-jabarian kalte egiten denean.

2. Kalteak konpontzearen helburua herri-jabaria bere lehengo egoerara itzultzea izango da, hau da, zigortutako arau-haustea egin baino lehen zuen eta araua haustearekin aldatu zen egoerara itzultzea. Egoera lehengoratzea ezinezkoa denean, Administrazioak kalteari dagokion kalte-ordaina eskatu ahal izango du.

64. artikulua. Hertsatzeko isunak eta berearazte subsidiarioa.

1. Arau-hausleek, aurreko artikuluan ezarritakoari jarraituz, egindako kaltea konpondu edo kalte-ordainak ordaindu ezean, eta errekerimenduak adierazitako epea bete eta gero, hertsatzeko isunak edo berearazte subsidiarioa ezartzeko agindu ahal izango du zigorra ezartzen duen organo eskuduna.

2. Hertsatzeko isunak aldian-aldian errepikatuko dira, agindutakoa betetzeko behar den tartea utzita, eta isunen zenbatekoa ez da izango arau-haustea egiteagatik ezarritako isunaren ehuneko 20 baino gehiago.

3. Agindutako konponketa arau-hausleek betetzen ez dutelako Administrazioak bere gain hartzen badu, arau-hausleen kontura egingo da.

IV ATALBURUA
ZIGORTZEKO PROZEDURA

65. artikulua. Printzipioak.

1. Zigortzeko prozedura Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Komunari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen IX. Idazpuruan, II. Atalburuan adierazitako printzipioak edo aipatutako atalburua ordezkatzen duen Estatuko legediak ezarritakoa kontuan izanda burutuko da; hala ere, erreferentziazkoak izango dira otsailaren 20ko 2/1998 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzkoak, III. Atalburuan ezarritako printzipioak.

2. Nolanahi ere, ezartzekoa izango da atal honetako artikuluetan aurreikusitakoa.

66. artikulua. Administrazio-prozesua eta prozesu penala.

1. Izapideen erantzukizuna duen pertsonak, prozedura egiteko edozein unetan, instrukziopean dauden gertakariek delitua edo hutsegitea izan daitezkeela uste badu, ebazpena emateko organo eskudunari emango dio horren berri. Organoak izapidegilearen ustea bidezkotzat jotzen badu, Ministerio Fiskalari jakinaraziko dizkio gertakari horiek, eta izapidegileari eskatuko dizkio egindako jarduketei buruzko argibideak.

Halaber, administrazio-prozedurak biltzen dituen gertakarien gainean prozesu penala egiten ari dela jakin ondoren, Ministerio Fiskalari eskatuko zaio egindako jarduketei buruzko jakinarazpena. Bestalde, administrazio-prozedurak biltzen dituen gertakarien ondoriozko gertakarien gainean prozesu penala irekita dagoenean ere, horrelako beste jakinarazpen bat eskatu zaio Ministerioari.

2. Ministerio Fiskalaren jakinarazpena jasotakoan, zigortzeko prozedura ebazteko organo eskudunak prozedura etetea erabakiko du, harik eta epaileek behin betiko ebazpena ematen duten arte.

3. Nolanahi ere, epaileek ebazpen irmoan frogatutzat jotako gertakariek lotu egiten dituzte administrazio-organoak, bideratzen diren zigortzeko prozedurei dagokienez. Delitu edo hutsegitea dagoela baietsi ez bada, organo eskudunak, egokia bada, zigortzeko prozedurarekin jarraituko du, baina kontuan hartuko ditu zigortzeko ebazpen judizial irmoan frogatutzat eman diren egintzak.

4. Administrazioak ofizioz berraztertuko ditu ebazpen penalean frogatutzat jotako gertakarietan oinarritzen ez diren administrazio-ebazpenak, eta bat egin beharko du ofizioz berraztertzeko prozeduraren arauekin.

67. artikulua. Prozedurara noiznahi sartzeko printzipioa.

1. Prozedurara noiznahi sartzeko printzipioak indarra izango du prozedura osoan. Horretarako, interesatuek, prozedurako edozein unetan, eskubidea dute izapidetzea zertan den jakiteko, eta bertan biltzen diren dokumentuen kopiak eskuratzeko.

2. Halaber, interesatuek, entzunaldia izan baino lehenago, alegazioak eta bidezkotzat jotzen dituzten dokumentu guztiak aurkeztu ahal izango dituzte.

3. Bukatutako zigor-espedienteetan agertzen diren dokumentuak eskuratzeko, arau izango da azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Komunari buruzkoak, 37. atalean xedatutakoa.

68. artikulua. Organo eskudunak.

1. Organo eskudunak izango dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko foru dekretuetan zehazten direnak.

2. Prozedura ebazteko organo eskudunek prozedurari hasiera emateko eskumena ere izango dute.

3. Bizikleta-bideen eskumena duen departamentuan zigortzeko prozeduren izapideak egiteko unitate administratibo bereziren bat egonez gero, izapideak egitea unitate horretako funtzionarioen ardura izango da. Horrelako unitaterik ez badago, ardura hori departamentuko Idazkaritza Teknikoko buruak edo, egokia bada, aipatutako idazkaritzako beste funtzionario batek hartuko du bere gain.

4. Instrukzioa egiteko ardura duen pertsonak ez du mendekotasun funtzionalik izango bere instrukzio-lana egiteko orduan eta instrukzioak irauten duen bitartean.

69. artikulua. Interesatuak.

Inputatuez gain, interesatuak dira prozedura gizabanakoaren edo taldeko legezko eskubideen edo interesen titular gisa abiarazten dutenak.

70. artikulua. Egozpen-akatsa.

Prozedura hasi eta gero, arau-haustearen erantzule izan daitezkeenak hasieran inputatutakoak ez baizik eta beste batzuk direla egiaztatzen baldin bada, lehenengo inputatu horiek absolbitzen dituen ebazpena emango da eta bigarren inputatuei buruzko prozedura hasiko da, baldin eta inputatu berrientzat arau-haustea preskribatu ez baldin bada. Preskripzio-epea ez da etendakotzat joko lehenengo prozedura tramitatzen den bitartean, bertan egindako inputazio-akatsa bigarren prozedurako inputatuen erruz gertatu denean izan ezik, hau da, bigarren prozedurako inputatu horiek beren erantzukizuna saihesteko eragin garrantzitsua izan dutenean lehenengo prozedurako inputazio-akatsean.

71. artikulua. Ofizioz hastea.

1. Zigor-prozedurak ofizioz hasiko dira organo eskudunaren erabakiaren bidez, beraren kabuz nahiz beste organo batzuek egindako eskaera arrazoituaren edo salaketaren ondorioz.

2. Beste organoren batek eskaera arrazoitua egiten duenean, arau-hauste izan daitezkeen gertaeren kontaketa egin beharko du, eta honako xehetasun hauek adierazi beharko ditu: Tipifikazioa, zein egunetan edo zein denboralditan gertatu ziren eta, ahal izanez gero, ustezko erantzuleen identifikazioa.

Eskaera arrazoitua egiten duen organoak bere esku dituen eskaeraren xedeari buruzko dokumentuak eta frogak aurkeztu beharko ditu, eskaera arrazoituarekin batera.

3. Eskaera arrazoitua egitea ez da loteslea zigortzeko ahalmena duen organo titularrarentzat; hala ere, zigortzeko ahalmena duen organoak eskaera arrazoitua egin duen organoari jakinarazi beharko dio prozedura irekitzea erabaki duen ala ez.

4. Zigor-prozeduran, salaketak berak, besterik gabe, ez du bihurtzen salatzailea interesatu.

Organo eskudunak salaketa egiten duen pertsonari prozeduran jakinaraziko dio prozedura irekiko duen ala ez eta, hala badagokio, prozedura horri amaiera emango dion ebazpena, salatzaileak horretarako eskubidea du-eta; horretaz aparte, salatzaileak ez du bestelako esku-hartzerik izango prozeduran.

72. artikulua. Prozedura hasteko erabakia.

1. Prozedura hasteko erabakiak eduki hauek izango ditu, gutxienez:

  • a) Ustez erantzule den pertsonaren edo erantzuleak diren pertsonen identifikazioa.
  • b) Prozeduraren hasiera arrazoitzen duten gertakariak, gertakari horiek izan dezaketen kalifikazio juridikoa, eta egokiak izan daitezkeen zigorrak.
  • c) Prozeduraren izapidegilea, berak duen ezespen-erregimena adieraziz.
  • d) Prozedura ebazteko organo eskuduna eta eskumena ematen dion araua.

2. Prozedura hasteko erabakiaren berri emango zaio izapidearen ardura duen pertsonari, eta halaber jakinaraziko zaie inputatuari eta gainerako interesatuei; era berean, interesatuei aditzera emango zaie hamabost eguneko epea dutela egoki irizten dieten alegazioak, dokumentuak edo informazioak aurkezteko, frogaldia ireki dadin eskaera egiteko eta egokitzat jotzen dituzten frogabideak proposatzeko.

Prozedura hasteko erabakiarekin batera prozedura irekitzeko eskabidea, salaketa edo eskabide arrazoitua aurkeztuko da, baita horiei erantsi zaizkien edo zigortzeko organo titularrak prozedura irekitzeko kontuan hartu dituen dokumentuak eta frogak ere.

73. artikulua. Froga.

1. Frogaldia irekiko da honako kasu hauetan:

  • a) Aurreko artikuluan ezarritako alegazioak bideratzean interesatuen arteko edozeinek hala eskatzen duenean, horretarako frogabide zehatzak proposatzen baditu eta, betiere, izapideak egiteko ardura duen pertsonak frogabide horiek bidezko jotzen dituenean. Izapidegileak arrazoitu egingo ditu frogaldia irekitzeko eskabidea ez onartzeko eta froga jakinak atzera botatzeko hartzen dituen erabakiak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Komunaren azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 80. eta 137.4 artikuluak betez.
  • b) Alderdi interesatuak eskabiderik egin ez arren, izapideak egiteko ardura duen pertsonak gertakariak argitzeko eta erantzuleak zehazteko egokia dela uste duenean.

2. Frogaldiak hogeita hamar egun balioduneko iraupena izango du.

3. Frogen praktika Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Komunaren azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 81. atalean ezarritakoaren arabera egingo da.

74. artikulua. Ebazpen-proposamena.

Hala egokituz gero, frogaldia amaitu ondoren izapideak egiteko ardura duen pertsonak ebazpen-proposamena egingo du. Ebazpen-proposamen horrek honako eduki hauek izan beharko ditu:

  • A) Arau-haustea eta erantzukizuna daudela irizten badio:
    • a) Frogatutzat jotzen dituen gertakariak eta iritzi horren oinarri den frogaren balorazioa.
    • b) Erantzuletzat jotzen dituen pertsonak, aginduak eta iritziaren oinarri den frogaren balioespena.
    • c) Arau-hausteak tipifikatzen dituzten zein agindutan oinarritzen diren gertakariak, eta gertakari horiek arau-haustetzat jotzeko arrazoiak.
    • d) Egoki iritzi dien zigorrak eta ondorio gehigarriak, zein agindutan oinarritzen diren, horretarako kontuan hartu dituen inguruabarrak, iritziaren oinarri diren aginduak eta frogen balioespena.
    • e) Lehen zegoen egoera arau-hausteak zertan aldatu duen eta zeintzuk diren arau-haustearen ondorioz eratorri diren kalte-galerak, ziurtatutzat jotzen direnean, eta baita iritzi horietarako arrazoiak, proposatzen diren konponbideak edo kalte-ordainak eta proposamen horien arrazoiak ere.
  • B) Arau-hausterik eta erantzukizunik ez dagoela irizten badio:
    • a) Iritzi hori frogak balioetsi direlako edo balioespen juridikoa egin delako hartu den zehaztu behar du eta, batean zein bestean, iritziaren oinarri diren arrazoiak azaldu behar ditu.
    • b) Absolbitzeko proposamena.

75. artikulua. Entzunaldia interesatuei.

1. Interesatuei ebazpen-proposamenaren berri emango zaie eta alegazioak aurkezteko hamabost eguneko epea dutela jakinaraziko zaie. Jakinarazpen horretan, halaber, aditzera emango zaie interesatuei epe horretan espedientea agerian jarriko dela, kontsultatu eta bertako dokumentuen fotokopiak egin ahal izateko.

2. Entzunaldiaren tramitea amaitu bezain laster, izapideak egiteko ardura duen pertsonak, prozedura ebazteko, ebazpen-proposamena aurkeztuko dio organo eskudunari, espedienteak dituen dokumentuekin, alegazioekin eta informazioekin batera.

76. artikulua. Epeak murriztea eta luzatzea.

1. Izapideak egiteko ardura duen pertsonak, arrazoiak emanez, eta aldeen kontrako jarrerarik egon ezean, frogaldiaren iraupena murriztu ahal izango du, egin beharreko frogen kopuruaren eta izaeraren arabera. Murriztu ahal izango ditu, halaber, foru arau honetan alegazioak bideratzeko ezartzen diren epeak. Murrizketa horrek ere arrazoitua izan beharko du eta honako arrazoi hauek aintzat hartuz ezarriko da: Kontuan hartutako gertakarien larritasunarenaren txikia, bertan sartutako gai juridikoen kopurua eta konplexutasun eskasa, eta izapidegileak tramiteak bideratzeko interesatuen esku jarri dituen dokumentuen eta frogen kopurua eta konplexutasuna.

2. Izapideak egiteko ardura duen pertsonak alegazioak bideratzeko epea eta frogaldiaren iraupena luzatu ahal izango ditu. Luzapenak arrazoitua izan beharko du, behin bakarrik egin ahal izango da, eta foru arau honetan, dagokion artikuluan, ezarritako epearen iraupen berbera izango du gehienez ere. Luzapena beharrezkoa denean baino ez da egingo, hots, egin beharreko frogen kopurua eta izaera, egoera faktikoen eta aztertutako gai juridikoen konplexutasuna edo bestelako arrazoi garrantzitsuak direla medio beharrezkoa denean gertakariak eta erantzukizunak behar bezala zehazteko eta inputatuen defentsa egokia bermatzeko.

Luzapenak irauten duen bitartean, foru arau honen 79.4 artikuluan ezarritako sei hilabeteko epeak ez du aurrera egingo.

77. artikulua. Errekurtsoak.

Izapideak egiteko ardura duen pertsonak frogaldiaren irekitzea edo alderdiek proposatutako frogabideen praktika ukatzea erabakitzen badu, errekurtsoa aurkeztu ahal izango da administrazio-egintza horren aurka. Prozedura ebazteko eskumena duen organoaren aurrean aurkeztuko da errekurtsoa, hiru eguneko epean. Organo eskudunak bestelako bideratzerik gabe emango du ebazpena, hiru eguneko epean, eta erantzunik ematen ez badu errekurtsoa gaitzetsi egin duela ulertu beharko da.

78. artikulua. Ekintza osagarriak.

1. Ebazpena eman aurretik, organo eskudunak erabaki ahal izango du, arrazoitutako erabakiaren bitartez, egoki iritzi dien ekintza osagarriak gauzatzea prozedura ebatzi ahal izateko.

Ekintza osagarriak hogei eguneko epean burutuko dira. Hala ere, epe hori murriztu edo luzatu ahal izango da, foru arau honen 76. artikuluan adierazitako arrazoiak direla eta.

2. Ekintza osagarriak burutu ondoren, interesatuen eskueran jarriko dira ekintza horien emaitzak, bidezko iritzi diotena alegatu ahal dezaten, bost eguneko epean.

3. Hurrengo artikuluaren 4. zenbakian aurreikusitako sei hilabeteko epea geldiarazi egingo da ekintza osagarriak egitea erabakitzen duen ebazpena ematen denetik hasi eta artikulu honen 2. puntuan ezartzen den tramitea bukatzen den arte.

4. Prozeduraren azken ebazpena eman aurrean bertan egiten diren derrigorrezko txostenak ez dira ekintza osagarritzat joko.

79. artikulua. Prozeduraren ebazpena.

1. Organo eskudunak ebazpen arrazoitua emango du, interesatuek aurkeztutako gai guztiei buruz eta prozeduraren ondorio diren gainerako gaiei buruz erabakiz. Prozedura erabakitzen duen ebazpenak foru arau honen 74. artikuluan adierazten den edukia jaso beharko du, ezartzekoa den oinarrizko legedian erabakitakoaz gainera.

2. Erabakia hartzeko eskumena duen organoak ebazpen-proposamenean azaltzen diren gertakariak ńabartu edo beste batzuk kontuan hartu ahal izango ditu; baina, hori egiteko ezinbesteko baldintza izango da aldaketak aurreko artikuluan adierazitako ekintza osagarrien ondorio izatea, edo izapideak egiteko ardura duen pertsonak egindako frogei eta izapidegintzei emandako balorazioa bestelakoa izatea. Kasu bietan, ebazpena emateko organo eskudunak beren-beregi arrazoituko du aldaketa faktikoa ebazpenean.

Ez da aurreko paragrafoan adierazten den aldaketatzat joko, inolaz ere, prozeduraren hasierako xedearekin zerikusirik ez duten gertakariak prozeduran sartzea, gertakari berriak sartzea inputatuaren aldeko ekintza denean izan ezik.

3. Aurreko zenbakian adierazten den aldaketa faktikoaren edo ebazpen-proposamenean gertakariei eta inguruabarrei ezarritako bestelako kalifikazio juridikoaren ondorioz, ebazpena emateko organo eskudunak ebazten badu ez dela bidezkoa izapideak egiteko ardura duen pertsonak proposatutako absoluzioa onartzea edo izapidegileak iritzitakoa baino zigor larriagoa ezarri beharra dagoela, hamar eguneko epea utzi beharko du ebazpena eman aurretik, interesatuek bidezko iritzi diotena alegatu ahal izateko edo, hala egokituz gero, aldaketa faktikoan kontuan izan diren gertakariei buruzko frogak egitea proposatzeko. Gauza bera egingo du arau-hausteak sortarazitako kaltea ebazteko proposamenean ezarritako kalte-ordainak handiagoa izan behar duela edo, kalte-ordainik ezean, ezarri beharra dagoela irizten badio. Tramite hori amaitu bezain laster ebazpena emango du eta alderdiei jakinaraziko die.

Aurreko paragrafoan ezarritako alegazio-epearen berri ematen duen eginbidean, zehatz-mehatz azaldu eta arrazoituko du organo eskudunak ebazpen-proposamenari egindako aldaketa, azken erabakia hartzeko beharrezkotzat jotzen duen aldaketa, alegia.

4. Prozedura hasi eta hurrengo sei hilabeteetan ebazpena jakinarazten ez bada, ebazpen hori iraungita geratuko da 30/1992 Legeak ezartzen duen moduan.

Sei hilabeteko epe hori geldiarazi egingo da foru arau honetan ezartzen den kasuetan eta, horrez gain, prozedura interesatuei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik geldirik dagoen bitartean.

5. Ebazpena betearazlea izango da administrazioaren bidean irmo bihurtzen denean. Ebazpenean, hala balegokio, behar diren kautelazko xedapenak jarriko dira, betearazle ez den bitartean ebazpena eraginkorra izango dela bermatzeko.

IV IDAZPURUA
«GIPUZKOAKO BIDEGORRIAK» IZENDAPENA

80. artikulua. «Gipuzkoako Bidegorriak» izendapena.

1. Bizikleta-bideen sarearen hedapena arautzearren, eta sare horren ezaugarri funtzional guztiak pixkanaka antolatzeko xedez, «Gipuzkoako Bidegorriak» izendapena eta marka erregistratua sortu da. Helburua da izendapen bakar batek barnean hartzea Gipuzkoako Lurraldean interesekoak diren eta gutxieneko ezaugarri funtzionalak dituzten bizikleta-bideak, foru jabetzakoak izan ala ez.

2. Bizikleta-bideen eskumena duen organoa izango da bizikleta-bidearen zati jakin bati izendapen hori emateko berariaz ahalmena izango duena.

3. Aldundiak, udalek edo beste edozein titularrek egin ahal izango dute izendapena bideratzeko eskaria, betiere alderdi guztien interesa dagoenean eta alderdi guztien adostasuna lortzen denean.

4. Egokiak izan litezkeen beste hobekuntza batzuei kalterik egin gabe, izendapen hori eman aurretik, ezinbestekoa izango da bidegorrian jarriko diren seinaleak trafiko eta zirkulazioari buruzko araudiaren arabera eta foru Bizikleta Bideetako Seinaleen Katalogo Ofizialari jarraituz arautzea.

5. Bizikleta-bidearen zati jakin baten hedapena egitean, izendapena erabiltzeko baldintzak, halaber, bizikleta-bideen eskumena duen organoak ere zehaztuko ditu.

6. Izendapen hori bizikleta-bideen eskumena duen organoak emanda eta baimenduta egon gabe erabiltzea egokiak diren legezko ekintzak hasteko arrazoia izango da.

V IDAZPURUA
BIZIKLETAREN ERABILERA SUSTATZEA

81. artikulua. Gipuzkoako Bizikletaren Estrategia.

1. Bizikleta-bideen eskumena duen organoak Gipuzkoako Bizikletaren Estrategia burutuko du.

2. Estrategia horrek definituko ditu Gipuzkoan bizikletaren eta bidegorrien erabilera sustatzea helburu duten politikak eta jarduketa-ildoak. Halaber, honako hauek zehaztuko ditu: Hura gauzatzeko behar diren baliabideak, denborazko programazioa, beste administrazio eta eragile batzuekin koordinatzeko sistemak, eta ebaluatzeko mekanismoak.

3. Estrategia parte hartzeko prozesua izango da, eta bertan administrazio, erakunde, gizartearen eta enpresaren esparruko eragile guztiek eta interesa duten herritarrek parte hartu ahal izango dute.

4. Gipuzkoako Bizikletaren Estrategia 5 urtetik behin gutxienez berraztertuko da.

82. artikulua. Gipuzkoako Bizikletaren Kontseilua.

1. Gipuzkoako Bizikletaren Kontseilua Gipuzkoan bizikletarekin eta bizikleta bultzatzen duen mugikortasunarekin zerikusia duten administrazio, erakunde, gizartearen eta enpresaren esparruko eragile guztiek kontsulta egiteko, aholkuak eskatzeko eta adostasunak erdiesteko eta parte hartzeko organoa izango da.

2. Gipuzkoako Bizikletaren Kontseilua eratuko da bizikleta-bideen eskumena duen foru departamentuari atxikitako organo gisa.

3. Honako hauek izango dira Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluak izango dituen eginkizunak:

  • a) Gipuzkoako Bizikletaren Estrategia antolatzeko eta berraztertzeko laguntza ematea.
  • b) Gipuzkoako Bizikletaren Estrategiaren jarraipenean eta ebaluaketan parte hartzea.
  • c) Gipuzkoan garatutako mugikortasunari dagokionez, bizikletaren erabilera sustatzen laguntzea.
  • d) Foru sarekoak diren nahiz tokiko edo eskualdeko sarekoak diren bizikleta-bideetan, eta bizikletaz erosotasunez eta segurtasunez ibiltzeko egokiak diren beste bide batzuetan, bizikletaren erabilera sustatzen laguntzea.
  • e) Jarduketak koordinatzea eta esperientziak trukatzea.
  • f) Kideen parte-hartzea eta elkarren artean itunak egitea.

4. Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluaren eginkizun zehatz, egitura, funtzionamendua eta osaera bizikleta-bideen eskumena duen organoak emandako erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izango dira.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Foru dekretu baten bidez eguneratuko dira foru arau honen 59. artikuluan aurreikusitako zigorren zenbatekoak, kontsumoko prezioen indizeak izan ditzakeen aldaketak kontuan izanda.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA ARAUGINTZA EBALUATZEA

Bi urte igarotzen diren bakoitzean, Foru Arau hau indarrean sartzen denetik, Foru Aldundiak txostena bidaliko die Batzar Nagusiei Foru Arau honetako helburuak, aurreikuspenak eta aginduak nola bete diren azaltzeko. Horrela, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko Foru Arauak agindutakoaren arabera ganberak araugintza ebaluatzeko duen funtzioa erraztuko du Foru Aldundiak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoaren eremuan foru arau honen maila berekoak edo baxuagokoak diren eta bertan ezarritakoari aurka egiten dioten edo ezarritakoaren kontraesanetan dauden foru xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua ahalmenduta geratzen da foru arau hau garatzeko eta gauzateko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena

Foru arau hau indarrean sartuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean.

I. ERANSKINA.
FORU BIZIKLETA BIDEETAKO SEINALEEN KATALOGO OFIZIALA

Erakutsi/Ezkutatu Erakutsi/Ezkutatu

Erakutsi/Ezkutatu Erakutsi/Ezkutatu

Erakutsi/Ezkutatu Erakutsi/Ezkutatu

Erakutsi/Ezkutatu Erakutsi/Ezkutatu

Erakutsi/Ezkutatu Erakutsi/Ezkutatu

Erakutsi/Ezkutatu Erakutsi/Ezkutatu

Erakutsi/Ezkutatu Erakutsi/Ezkutatu

II. ERANSKINA.
EREDUZKO SEKZIOAK

Erakutsi/Ezkutatu Erakutsi/Ezkutatu

Erakutsi/Ezkutatu Erakutsi/Ezkutatu

Erakutsi/Ezkutatu Erakutsi/Ezkutatu

Erakutsi/Ezkutatu Erakutsi/Ezkutatu

III. ERANSKINA.
HERRI JABARIA - BABESGUNEA

Erakutsi/Ezkutatu Erakutsi/Ezkutatu

IV. ERANSKINA.
«GIPUZKOAKO BIDEGORRIAK» MARKA

Erakutsi/Ezkutatu Erakutsi/Ezkutatu