Gipuzkoako Lurralde Historikoko Udalez Gaindiko Erakundeak Arautzen Dituen apirilaren 10eko, 6/2007 FORU ARAUA.

Gorde / Erakutsi iruzkinak    Imprimatu

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Udalez Gaindiko Erakundeak Arautzen Dituen apirilaren 10eko, 6/2007 FORU ARAUA.

BOG 23 Apirila 2007

BOPV 30 Uztaila 2007

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalez gaindiko erakundeak arautzen dituen apirilaren 10eko, 6/2007 Foru Araua», eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

HITZAURREA

Eusko Legebiltzarraren 1983ko azaroaren 25eko 27/1983 Legeak, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta Lurralde Historikoetako foru organoen harremanei buruzkoak, xedatzen du foru organoek dutela lurralde historikoan dauden udal barrutiei edo udalerriz gaindikoei buruzko gaien eskumen esklusiboa.

Bestalde, 1985eko apirilaren 2ko 7/1985 Legeak, Udal Erregimenaren Oinarriak arautzen dituenak, oinarrizko legeria ezartzen du mankomunitate eta kontsortzioen arloan eta bigarren xedapen gehigarrian lege hori Gipuzkoako lurralde historikoan ezartzeko berezitasunak onartzen ditu.

Eskumen hori dela eta, Batzar Nagusiek martxoaren 17ko 2/2003 Foru Araua, Gipuzkoako udal barrutiak arautzen dituena, onartu zuten eta amaierako bigarren xedapenean ezartzen du Gipuzkoako lurralde historikoko udalez gaindiko erakundeak foru arau baten bidez arautu behar direla.

Gipuzkoako lurralde historikoan 88 udalerri daude, baina horietatik 57 udalerrik 5.000 biztanle baino gutxiago ditu eta biztanleen %25 baino gehiago hiriburuan bizi da. Horrek mugatu egiten du udal egitura, izan ere biztanle gehienak udalerri gutxi batzuetan bizi dira, batetik, eta tamaina oso txikiko udalerri asko daude, bestetik.

Hori ikusirik, eta zerbitzu publikoak emateak dituen exijentziei erantzuteko ekonomi eta finantza askitasuna edukitzea ezinbesteko denez, beharrezko da udal elkarteak egoki definitzea eta sendotzea.

Horregatik guztiagatik, asmoa da foru arau bidez ondoko udalez gaindiko erakundeak arautzea:

  • A) Udalen mankomunitateak. Autonomia Lokalaren Europar Gutunak denen intereseko zereginak egiteko udalei onartzen dien elkartzeko eskubidearen adierazpen dira erakunde lokal horiek. Aski frogatu dute beren funtzionaltasuna, borondatezkoak direlako, eta beren malgutasuna, tokian tokiko obra eta zerbitzuak egin behar izateak eskatzen duen lurralde mailara egokitzen direlako, horrela, zerbitzuak zentzumenez eta ekonomiari begira emanez, garapen sozial eta/edo ekonomiko handiagoa lortu nahi dutelarik.

    I. idazpuruan arautzen dira erakunde horiek. Hor jasotzen dira beren ahalmenak, eskumenak eta erregimen ekonomikoa eta, baita, estatutuak eratu, onartu eta aldatzeko prozedurak ere.

  • B) Kontsortzioak. II. idazpuruko definizioaren arabera, borondatezko elkarteak dira, udal erakunde, bestelako herri administrazio eta irabazi asmorik gabeko entitate pribatuek jardueren eta zerbitzu publikoen kudeaketan batera parte hartzeko aukera ematen dutenak.
  • C) III. idazpuruan partzuergoak azaltzen dira. XV. mendearen hasieran sortutako erakunde tradizionalak dira. Partzuergoen helburua udal batzuen ondasunak, batez ere baso eta/edo abeltzaintzakoak, zatitu gabeko jabekidetasunean, administratu, ustiatu eta erabiltzea da, batetik, eta herri administrazioek ematen dizkieten zerbitzu publikoak kudeatzea, bestetik. Partzuergoek beren estatutuak edo jatorri historikoko itunak dituzte eta horiei eta ohiturazko arauei jarraitzen diete.

    Foru arau honetan dauden udalez gaindiko erakundeek beren helburuak burutzeko beharrezko baliabideak izan ditzaten, beharrezko da arautze horrek eskaini beharreko bermeak eskaintzea haiei. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu behar dituen sustapen neurri batzuk azaltzen dira IV. idazpuruan, hau da, aholkua eta laguntza tekniko, juridiko eta ekonomikoa emateari buruzkoak.

    Udalez gaindiko erakundeen foru arauaren helburua, beraz, figura horiek arautzea da, kontuan edukiz borondatezko izaera nabarmena duten erakundeak direla, horrela, dituzten estatutuen bidez beren buruak arautu eta antolatzeko tarte zabala izan dezaten.

    Aurrekoarekin ados, estatutuak egin eta onartzeko prozedura ahalik eta era sinpleena izan dadila lortu nahi dugu, erakunde horiei eraginkortasunez eratzen laguntzeko, erakunde horiek udal obra eta zerbitzuen kudeaketan zeregin garrantzitsua betetzen baitute.

I IDAZPURUA
MANKOMUNITATEAK

I KAPITULUA
KONTZEPTUA, AHALMENAK ETA ESTATUTUAK

1. artikulua. Kontzeptua.

1. Gipuzkoako lurralde historikoko udalerriak elkar daitezke mankomunitateetan beren borondatez, egin beharreko obrak elkarrekin erabaki, kudeatu eta egiteko eta beren eskumenen barruko zerbitzu jakin batzuk emateko eta, baita, beren eremuko garapen ekonomiko eta soziala sustatzeko gaietan koordinatuki esku hartzeko ere.

2. Mankomunitateak erakunde lokal baten izaera dute, beren helburu espezifikoak betetzeko nortasun eta gaitasun juridikoak dituztenak, eta beren estatutuei jarraitzen diete.

3. Mankomunitatearen helburuak zehatza izan behar du eta elkartutako udalen eskumen guztiak ezin ditu bere gain hartu. Mankomunitatearen xedea areagotu nahi izanez gero, estatutuak aldatu behar dira.

4. Mankomunitatean elkartuko diren udalerrien artean lurralde jarraitutasuna egotea ez da ezinbesteko izango, eratu nahi den mankomunitatearen helburuek jarraitutasun hori egotea beharrezko egiten dutenean izan ezik.

5. Edonola ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurralde Historikoan eratzen diren mankomunitateen berri emango die Batzar Nagusiei.

2. artikulua. Ahalmenak eta eskumenak.

1. Estatutuetan erabakitakoari jarraituz, mankomunitateek ondoko ahalmen hauek dituzte, beren helburuak lortzeko beharrezkoak badira:

  • a) Arauak emateko eta autoantolatzeko ahalmenak.
  • b) Zerga eta finantza ahalmenak. Tasak, zerga bereziak eta prezio publikoak ezarri eta eskatzea da ahalmen hori, dituzten eratze arauetan erabakitakoaren arabera eta Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen Foru Arauan ezarritakoari jarraituz.
  • c) Programatu eta plangintza egiteko ahalmena.
  • d) Aztertu, mugarriztatu eta beren ondasunak ofizioz berreskuratzeko ahalmena.
  • e) Legitimotasun presuntzioa eta beren ekintzak gauzatzeko ahalmena.
  • f) Nahitaez betearazteko eta zigortzeko ahalmena.
  • g) Beren ekintzak eta erabakiak ofizioz berrikusteko ahalmena.
  • h) Beren ondasun eta eskubideen bahi-ezintasuna, legeetan aurreikusitakoari jarraituz.
  • i) Herri Ogasunari, kredituei dagokienez, aitortutako lehentasun eta hobespenak eta gainerako eskumenak, Foru Ogasunari dagozkienei kalterik egin gabe.

2. Hartu beharreko ondasunak non dauden hango udalerriari dagokio desjabetzeko ahalmena, edota Foru Aldundiari ondasunak udalerri batzuetakoak badira, baina mankomunitateak eskatu ondoren eta haren onuran arituko dira.

Noiztik aurrera: 2008/12/30 2. artikulua, Abenduaren 23ko 6/2008 Foru Arauaren [GIPUZKOA], Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalez gaindiko erakundeak arautzen dituen apirilaren 10eko 6/2007 Foru Araua aldatzekoa, artikulu bakarraren lehen zenbakiak idatzia («G.A.O.» abenduak 29).

3. artikulua. Estatutuak.

1. Mankomunitateen funtzionamendua estatutuek ezartzen dutenari egokituko zaio eta, ordezko gisa, toki erregimenari buruzko legerian ezarritako erakunde lokalen funtzionamenduko arau orokorrei.

2. Mankomunitatearen estatutuek ondoko puntu hauek arautu behar dituzte nahitaez:

  • a) Mankomunitatean beren borondatez sartuko diren udalerriak.
  • b) Gaia, xedeak eta eskumena.
  • c) Izena.
  • d) Gobernu eta administrazio organoek izango duten egoitza.
  • e) Gobernu organoak, elkartutako udalerrien ordezkarien kopurua eta izendatu eta kargugabetzeko era.
  • f) Finantza baliabideak eta elkartutako udalerrien ekarpenak eta konpromisoak.
  • g) Iraupena eta desegiteko kausak eta prozedura.
  • h) Funtzionamendu arauak.
  • i) Kitatzeko era.
  • j) Mankomunitatera beste udalerri batzuk sartzeko eta hango kide diren udalerri bat edo batzuk banantzeko arau orokorrak.
  • k) Lehendakaria eta estatutuetan dauden gobernu organoetako kideak hautatu eta, horrela bada, kargugabetzeko sistema, Batzar Nagusikoak alde batera utzita.
  • l) Lehendakaritzaren eta Batzar Nagusiaren edo mankomunitatean dauden udalerri guztiek ordezkatuta dauden gobernu organoaren eskumenak edo eskuduntzak.
  • m) Funtzionarioentzat gordetako lanpostuak zehazteko irizpide orokorrak eta langileen dedikazioa eta, lanpostua mankomunitateko beste udal batekin partekatzen bada, betetzeko era.
  • n) Estatutuak aldatzeko prozedura.
  • o) Mankomunitatearen funtzionamendurako beharrezko diren puntu guztiak.

II KAPITULUA
MANKOMUNITATEA ERATZEA ETA ESTATUTUAK ONARTZEA

4. artikulua. Ekimena.

Mankomunitatea eratzeko elkartu nahi duten udalena da, udalbatza bakoitzeko legezko kide guztien gehiengo absolutuaren bidez udal batzarrean onartutako erabakiaren bidez. Erabaki horretan, mankomunitatea osatzeko beren borondatea adierazi behar dute.

5. artikulua. Batzorde Sustatzailea.

1. Batzorde Sustatzailea eratu behar da, espedientea tramitatu eta estatutuen aurreproiektua egin dezan. Ondoren, elkartu nahi duten udalerrietako zinegotzi guztien batzarrera bidali behar du aurreproiektua.

2. Batzorde horrek elkartu nahi duten udalerrien ordezkaritza izango du, mankomunitatearen gobernu organoak behin betiko osatu arte. Udalerri bakoitzak bere ordezkaria izango du, udal bakoitzak izendatuko duena aurreko artikuluan aipatutako udal batzarraren erabakian. Batzordeko lehendakaria kideen artean hautatuko dute eta idazkari lehendakaritza hartzen duen udaletxean idazkari lanak egiten duena izango da.

Eraketa baliozkoa izan dadin kide guztien gehiengo absolutua eskatuko da gutxienez.

6. artikulua. Estatutuak egin eta onartzea.

1. Estatutuak onartzeko ondoko arau hauei jarraituko zaie:

  • a) Batzorde Sustatzaileko lehendakariak elkartu nahi duten udalerrietako zinegotzi guztiei batzar baterako deia egingo die, eta batzar horri dagokio estatutuak egitea. Eraketa baliozkoa izan dadin parte har dezaketen kideen gehiengoa, gutxienez, han egotea eskatuko da, udalerri bakoitzeko gutxienez ordezkari batek egon behar duelarik.

    Udalerriren bat Kontzeju Irekikoa bada, alkatetza hartu duen pertsonari eta, badaude, alkateordeei deituko zaie.

    Estatutuen proiektua onartutzat hartzeko, beharrezko izango da bildu direnen gehiengoaren aldeko botoa

  • b) Estatutuen proiektua idatzi ondoren, jendaurrean erakutsiko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuz eta hilabeteko epean udalerri horietako iragarki tauletan erakutsiz, herritarrek aztertu eta alegazioak aurkeztu, eragozpena jarri edo oharpenak egin ditzaten.
  • c) Zinegotzien Batzarrak erabakiko ditu alegazio, eragozpen eta oharpen horiek.
  • d) Onartutako estatutu horiei buruz txosten bat egin behar du Foru Aldundiak hilabeteko epean, eta epe horretan ez badu bere iritzia ematen aldekotzat hartuko da.
  • e) Txosten hori egin bada edo horretarako arauzko epea iragan bada, edukia ikusi ondoren Batzorde Sustatzaileak beharrezkotzat jotzen badu, lehendakaritzak dei egingo dio berriro Zinegotzien Batzarrari estatutuetan antzeman diren irregulartasunak zuzentzeko. Hori egin ondoren, behin betiko testua udalei bidaliko die eta hauek, bi hilabeteko epean, udal batzarrak hartutako erabakiaren bidez estatutuak onartuko dituzte bertako kideen legezko gehiengo absolutuaren aldeko botoekin eta mankomunitateko Batzar Nagusirako edota gobernu kolegiatuaren organorako beren ordezkariak izendatuko dituzte.
  • f) Udalek estatutuak onartzeko erabaki guztiak onartu ondoren, edota horretarako emandako epea iragan ondoren, Batzorde Sustatzaileko Lehendakaritzak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean emango ditu argitara.

2. Udalek estatutuak onartzen dituztenean, aztertzeko eman dieten testu osoa onartuko dute, ezin delarik haren aldaketarik planteatu.

3. Horretarako legezko epea iragan eta udalen batek ez baditu estatutuak onartu, mankomunitatea eratzeko prozesutik kanpo geratuko da automatikoki, eta prozesuak beste udalerriekin jarraituko du. Kasu horretan, mankomunitateak aldatu egingo ditu estatutuak.

7. artikulua. Jakinerazpenak eta izen ematea.

Batzorde Sustatzaileko Lehendakaritzak, udal guztiek estatutuak onartzeko erabakia hartu ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundira bidaliko ditu erabaki horien eta estatutuen ziurtagiriak, mankomunitatea Gipuzkoako Toki Erakundeen Foru Erregistroan sar dezan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administraziora eta Estatukora jakinerazpen egokiak bidal ditzan.

8. artikulua. Eratzeko bilera.

Estatutuak argitaratu eta ondorengo hilaren barruan, Batzorde Sustatzaileko Lehendakaritzak mankomunitatearen Batzar Nagusia edo elkartutako udalerri guztiek ordezkatuta egongo diren gobernu organoa eratzeko bilerarako deia egingo die udalek izendatutako ordezkari guztiei. Bilera hamar eguneko epearen barruan egingo dela ezarri behar da deialdi horretan.

Bilera hori udalak eratzeko dauden arauek zuzenduko dute, mankomunitateko lehendakaritza hautatu ondoren deseginda geratuko delarik Batzorde Sustatzailea.

9. artikulua. Mankomunitateen antolaketa.

1. Batzar Nagusia edo gobernu organo kolegiatua ondokoek osatuko dute: Lehendakariak, lehendakariordeak, zeina lehendakaria ez dagoenean bere ordezko izango den, estatutuetan adierazten diren kideak eta idazkariak.

2. Mankomunitatearen estatutuek ezar dezakete, gainera, beste organo osagarri batzuk ere egotea, nahiz izaera exekutibokoak (Gobernu Batzordea), nahiz aholku emaileak (informazio batzordeak), garrantzitsuak izango direlarik bere gain hartu edo kudeatzen dituzten zerbitzuak era askotarikoak direnean.

3. Batzar Nagusian edo gobernu organo kolegiatuan hura osatzen duten udalerri guztiak egongo dira ordezkatuak, estatutuetan ezartzen den proportzioan.

4. Lehendakaria eta lehendakariordea izendatzea mankomunitatearen Batzar Nagusiari edo gobernu organo kolegiatuari dagokio.

5. Idazkari edo idazkari-kontu hartzaile kargua, eta ikuskatzaile-diruzain kargua, badaude, izaera nazionaleko gaitasuna duten funtzionarioek bete behar dituzte.

III KAPITULUA
UDALERRIAK ATXIKI ETA BANANTZEA

10. artikulua. Atxiki eta banantzea.

1. Mankomunitatea eratu ondoren, beste udalerriak ere sar daitezke, estatutuetan erabakitakoa betez.

Sar daitezke mankomunitatearen helburu guztietarako edo batzuetarako, alderdi tekniko edo finantzarioei begira zerbitzu edo obra horiek beren artean zerikusirik ez badute.

2. Era berean, estatutuan ezarritakoari jarraituz, mankomunitatetik atera daiteke hura osatzen duten udal erakundeetako edozein.

3. Udalerri berriak mankomunitateari atxikitzea edo handik kideren bat banantzeak estatutuak aldatzeko ezarritako arauak betetzea ekarriko du ondorioz.

IV KAPITULUA
ESTATUTUAK ALDATZEA ETA DESEGITEA

11. artikulua. Estatutuak aldatzea.

Mankomunitatearen estatutuak aldatzea ondoko prozeduraren araberakoa izango da:

  • a) Ekimena lehendakariari dagokio edo Batzar Nagusiko edo gobernu organo kolegiatuko heren bati, gutxienez.
  • b) Batzar Nagusiak eta gobernu organo kolegiatuak onartzea, bileran daudenen gehiengoak hartutako erabakiaren bidez.
  • c) Erabakia jendaurrean erakustea hilabeteko epean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuz eta doakien udaletxeetako iragarki tauletan erakutsiz. Horren ondoren, estatutuen aldaketa Foru Aldundiaren iritzira makurtuko da epe berdinean, eta hori iragaten bada iritzirik eman gabe aldekotzat hartuko da.
  • d) Mankomunitateko udalen gehiengoak onartzea, mankomunitatea eratzeko eskatutako quorumekin onartutako udal batzarraren erabakiaren bidez.
  • e) Estatutuen testu osoa, bere aldaketekin, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

12. artikulua. Desegitea.

Udalerrien mankomunitatea deseginda geratuko da estatutuetan aurreikusitako kausak ematen direnean, eta aurreko artikuluan ezarritako estatutuak aldatzeko prozedurari jarraitu behar zaio.

Desegiten bada, mankomunitateak likidatzeko organo gisa gorde egingo du bere nortasun juridikoa Batzar Nagusiak edo gobernu organo kolegiatuak likidatzeko erabakia hartzen duen arte. Desegitea Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da.

V KAPITULUA
ERREGIMEN EKONOMIKOA

13. artikulua. Araudi aplikagarria.

Mankomunitateen ogasuna estatutuetan ezarritako baliabideek osatuko dute, toki ogasunak arautzen dituen araudiaren barruan.

14. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Mankomunitateek ondoko baliabide hauek izan ditzakete, kide izango diren udal erakundeen ohiko ekarpenez gain, eta estatutuen arabera ezar daitezkeen beste batzuk alde batera utzi gabe.

  • a) Beren ondaretik eta Zuzenbide pribatuko gainerakoetatik datozen sarrerak.
  • b) Dirulaguntzak.
  • c) Kreditu eragiketatik datozenak.
  • d) Mankomunitateak emango dituen obra eta zerbitzuen onuradun edo erabiltzaileek ordaindu behar dituzten tasa, zerga berezi eta prezio publikoak.
  • e) Beren eskumen eremuko isun eta zehapenetatik datozenak.
  • f) Zuzenbide publikoko gainerako prestazioak.

15. artikulua. Ekarpenen ordainketa.

1. Udal erakundeek mankomunitaterako egin behar dituzten ekarpenak beren aurrekontuetan esleitu behar dituzte, eta estatutuetan ezarritako eran eta epeetan egin behar dituzte ekarpen horiek. Nolanahi ere, ekarpen ekonomiko horiek ordaindu beharreko ordainketatzat eta lehentasunekotzat hartu behar dira ondorio guztietarako.

2. Udal erakunde batek ez badu zorra ordaintzen horretarako ezarritako epean, mankomunitateko lehendakariak eska diezaioke Foru Aldundiari ordaindu gabeko kuota horiek atxiki eta ordaintzeko, udal zordunari kontzepturen batengatik kitatu behar zaion diru kopuruaren kargura.

Horretarako arauzko zorpeko ziurtagiria erantsi behar da kasu bakoitzean.

3. Era berean, udalerrien ekarpenen ordainketa bermatzeko, mankomunitateko lehendakaritzak udal aurrekontuen aurka egin dezake, udalak mankomunitateari egin behar dion ekarpenen gaineko kontu sailik ez badu aurreikusi aurrekontu horietan.

16. artikulua. Kreditu eragiketak.

Mankomunitateak bere eskumeneko helburuak lortzeko kreditu eragiketaren bat hitzartu behar duenean, hango kide diren udalek bermatu edo abala dezakete eragiketa hori, mankomunitatearen beraren ondarea edo bere baliabide arruntak ez direnean nahiko eragiketa hori egiteko.

- Kasu horietan, zorpetze baimena lortzeko, baliabide arrunt gisa eta bestelako finantza datu gisa, abala ematen duten udalei dagozkienak kalkulatuko dira.

17. artikulua. Aurrekontu eta kontabilitate arauak.

Gipuzkoako lurralde historikoko udal erakundeen aurrekontu eta finantza araudian dauden aurrekontuei eta gastu publikoari buruzko arauak ezarriko zaizkie mankomunitateei.

Era berean, kontabilitate publikoaren erregimenari eta beren kontuen eta kudeaketa ekonomikoaren kontrol eta fiskalizazioari buruzko arauak ezarriko zaizkie, araudi horretan agindu bezala.

II IDAZPURUA
KONTSORTZIOAK

I KAPITULUA
KONTZEPTUA ETA ESTATUTUAK

18. artikulua. Kontzeptua.

1. Denen intereseko jarduerak eta zerbitzu publikoak kudeatzeko, udal erakundeek kontsortzioak era ditzakete beste herri administrazio batzuekin edo irabazirik gabeko erakunde pribatuekin, herri administrazioen helburuekin bat egiten duten helburuak dituztenean.

2. Kontsortzioek beren pertsonalitate juridikoa dute eta helburu espezifikoak betetzeko ahalmena. Kontsortzioko estatutuei jarraitzen diete.

3. Kontsortzioen eskumeneko zerbitzuak kudeatzeko, Toki Erregimenaren legerian ezarritako eratako edozein erabil dezakete, kontsortzioko kide diren erakundeen ordezkaritzan.

4. Udal erakundeek eta bestelako herri administrazioek eratutako kontsortzioek, udal erakundeen interesak kudeatzen dituztenean, kontsortzio lokalen izaera izango dute, eta toki erregimeneko legerian ezarritako erregimen juridikoa aplikatuko zaie.

4 (sic). Gipuzkoako lurralde historikoko udal erakundeek mugaz gaindiko kontsortzioak era ditzakete udal zerbitzu publikoak kudeatzeko, Gipuzkoako udal erakundeek parte hartuko duten mugaz gaindiko lankidetza hitzarmenen barruan eta gai horretan Estatuak berretsitako nazioarteko hitzarmenetako aurreikuspenen arabera.

19. artikulua. Ahalmenak eta eskumenak.

1. Kontsortzioak ondoko ahalmen hauek izango ditu bere funtzioak betetzeko:

  • a) Arauak emateko eta autoantolatzeko ahalmena.
  • b) Finantza eta zerga ahalmena, beren zerga propioak ezartzeko ahalmena alde batera utzita.
  • c) Programatu eta plangintza egiteko ahalmena.
  • d) Aztertu, mugarriztatu eta beren ondasunak ofizioz berreskuratzeko ahalmena.
  • e) Legitimotasun presuntzioa eta beren ekintzak gauzatzeko ahalmena.
  • f) Nahitaez betearazteko eta zigortzeko ahalmena.
  • g) Beren ekintzak eta erabakiak ofizioz berrikusteko ahalmena.
  • h) Beren ondasun eta eskubideen bahi-ezintasuna, legeetan aurreikusitakoari jarraituz.
  • i) Kredituei dagokienez, herri ogasunari aitortutako lehentasun eta hobespenak eta gainerako eskumenak, indarrean dagoen legeriaren arabera, eta udal erakunde izatetik datozen gainerako ahalmenak.

2. Hartu beharreko ondasunak non dauden hango udalerriari dagokio desjabetzeko ahalmena, edota Foru Aldundiari ondasunak udalerri batzuetakoak badira, baina kontsortzioak eskatu ondoren eta haren onuran arituko dira.

Noiztik aurrera: 2008/12/30 19.2 artikulua, abenduaren 23ko 6/2008 Foru Arauaren [GIPUZKOA], Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalez gaindiko erakundeak arautzen dituen apirilaren 10eko 6/2007 Foru Araua aldatzekoak, artikulu bakarraren bigarren zenbakiak idatzia («G.A.O.» abenduak 29).

20. artikulua. Estatutuak.

Kontsortzioaren estatutuek, bere oinarrizko araua denez, kontsortzioen funtzionamendu erregimena ezarriko dute eta ondoko puntu hauek edukiko dituzte gutxienez:

  • a) Kontsortzioaren izena eta egoitza.
  • b) Kontsortzioko kide diren udalerri, herri administrazio, erakunde, instituzio eta organismoen izenak.
  • c) Kontsortzioaren gaia eta helburuak.
  • d) Gobernu eta kudeaketa organoak eta kontsortzioko kideen ordezkariak izendatzeko era.
  • e) Kontsortzioaren funtzionamendu arauak.
  • f) Baliabide ekonomikoak eta kontsortzioko kideen ekarpenak.
  • g) Kontsortzioaren indarraldia.
  • h) Udalerriak eta bestelako organismoak kontsortzioan sartzeko eta banantzeko prozedura.
  • i) Estatutuak aldatzeko prozedura.
  • j) Desegiteko kausak eta prozedura, eta kontsortzioa likidatzeko arauak.

21. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

1. Kontsortzioaren baliabide ekonomikoak ondoko hauek dira:

  • a) Kontsortzioko kideen diru edo in natura ekarpenak. In natura ekarpenak, jatorriz duten jabari publikoko edo ondareko kalifikazio hori gordeko dutelako, administrazio titularrei itzuliko zaizkie estutuetan adierazitakoari jarraituz, lortu nahi ziren helburuak bete eta gero.
  • b) Beren ondaretik eta Zuzenbide Pribatuko gainerakoetatik datozen sarrerak.
  • c) Dirulaguntzak.
  • d) Kreditu eragiketatik datozenak.
  • e) Zuzenbide publikoko gainerako prestazioak.

2. Udalerriek, mankomunitateek eta gainerako elkartzezko udal erakundeek eman diezaiekete eratu dituzten kontsortzioei emango dituzten zerbitzuengatik ezarritako prezio publikoak jartzeko ardura, prezioek zerbitzuen kostua ez dutenean estaltzen eta estatutuetan bestelakorik ez denean esaten izan ezik.

Kontsortzioko kide diren erakundeei proposamenaren eta prezio publikoek zerbitzuaren kostua estaltzen dutela egiaztatzen duen azterketa ekonomikoaren kopia bidali behar diete kontsortzioek.

3. Udalerriek, mankomunitateek eta gainerako elkartzezko udal entitateek eratu dituzten kontsortzioen esku utz ditzakete, egokitzat jotzen diren lankidetza formulen bidez, kontsortzioak bere gain hartutako zerbitzuen prestazioaren ordain udalek ezarritako tasen kudeaketa, likidazio eta bilketa egiteko ahalmena. Kontsortzioak zenbatekoa eguneratu ahal izango du, hori zurituko duen aginduzko txosten ekonomiko-administratiboan ezarritakoaren arabera.

II KAPITULUA
ERATZEA, ESTATUTUAK ONARTU ETA ALDATZEA ETA DESEGITEA

22. artikulua. Kontsortzioaren eraketa eta estatutuen onarpena.

1. Kontsortzioa eratzeko eta estatutuak onartzeko prozedura foru arau honetako I. idazpuruko II. kapituluan erabakitakoa izango da funtsean, kontsortzioko kideen izaerak ekar ditzakeen salbuespenak kontuan edukiz.

Kontsortzioa eratu aurretik administrazio interesdunen arteko hitzarmena sinatu behar da, non agerian azalduko den elkartzeko duten borondatea, eta hitzarmen horri kontsortzioko estatutuen proiektuaren zirriborroa erantsiko diote eranskin gisa.

2. Foru Aldundiaren txostena alde batera utz daiteke, hura kontsortzioko administrazioetako bat denean.

3. Kontsortzioaren eraketa eta estatutuen onarpena kontsortzioko erakunde guztiek onartu behar dituzte, horretarako dagoen legeriari jarraituz.

4. Zuzendaritza organoak kontsortzioko erakunde guztien ordezkariek osatuko dituzte, estatutuetan ezarritako proportzioan.

23. artikulua. Ordezko arauak.

Kontsortzioko estatutuak aldatzeko, kideak atxiki eta banantzeko, desegiteko, langileen erregimena eta ekonomia, aurrekontu eta kontabilitateari buruzko erregimena erabakitzeko, foru arau honetan mankomunitateei dagokienez erabakitakoari jarraituko zaio, kontsortzioko kide diren erakundeak izaera ezberdinekoak direla-eta estatutuetan ezar daitezkeen berezitasunak alde batera utzi gabe.

24. artikulua. Publizitatea.

Kontsortzioak Gipuzkoako Toki Erakundeen Foru Erregistroan egon behar dute izena emanda, legez ezarritako beste erregistro batzuetan ere izena emanda egotea alde batera utzi gabe.

III IDAZPURUA
PARTZUERGOAK

25. artikulua. Kontzeptua, izaera eta helburua.

1. Partzuergo izanarekin ezagutzen ditugun erakunde tradizionalak udalerri batzuetako ondasun batzuk, zatitu gabeko jabekidetasunean, dituztenak dira. Partzuergo horien helburu nagusia beren ondasunak administratu, ustiatu eta denen artean erabiltzea da eta baita beste herri administrazio batzuetako legeriak eman diezazkiekeen zerbitzu publikoak kudeatzea ere.

2. Partzuergoek beren nortasun juridikoa dute eta helburu espezifikoak betetzeko ahalmena. Partzuergoen estutuei ez ezik, ohiturazko edo tradiziozko arauei jarraitzen diete.

26. artikulua. Estatutuak.

Estatutuek partzuergoen funtzionamendu arauak ezarriko dituzte eta ondoko puntu hauek izango dituzte gutxienez:

  • a) Partzuergoaren izena eta egoitza.
  • b) Partzuergoko kide diren udalerrien izena.
  • c) Partzuergoko udalerri bakoitzari dagokion proportziozko zatia adieraztea.
  • d) Partzuergoaren gaia eta helburuak.
  • e) Gobernu eta kudeaketa organoak eta partzuergoko kideen ordezkariak izendatzeko era.
  • f) Funtzionamendu arauak.
  • g) Udalerriak partzuergoan sartzeko eta handik banantzeko prozedura.
  • h) Estatutuak aldatzeko prozedura.

27. artikulua. Estatutuak edo erakundearen oinarrizko ordenantzak aldatzea.

Partzuergoen estatutuen eta oinarrizko ordenantza instituzionalen aldaketa horretarako egin dituzten aurreikuspenen arabera egingo da, partzuergoek dituzten helburuak gehitzerik ez badakar, eta, horrela ez bada, foru arau honetan ezarritako prozeduren bidez.

28. artikulua. Erregimen ekonomikoa.

Daukaten autonomia alde batera utzirik, gai horretan Gipuzkoako lurralde historikoko udal erakundeetarako erabakitakoari jarraitu behar diote partzuergoek, erregimen ekonomikoari dagokionez.

IV TITULUA
XEDAPEN ERKIDEAK

29. artikulua. Sustapen neurriak.

Foru arau honetako I. idazpuruan, II. idazpuruan eta III. idazpuruan, hurrenez hurren, araututako udalerrien mankomunitate, kontsortzio eta partzuergoen eraketa eta funtzionamendu ona sustatzeko neurriak bultzatuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, zerbitzu publikoak emateko berme handiagoa behar denean eta emateko orduan eraginkorrago izan behar denean.

Zehazki, sustapen neurriak ondoko hauek izan daitezke:

  • 1. Mankomunitate, kontsortzio eta partzuergoen eraketa eta funtzionamendurako behar duten laguntza tekniko eta juridikoa ematea.
  • 2. Lehentasunezko laguntza ematea, inbertsio, laguntza eta dirulaguntzen bidez, mankomunitate, kontsortzio eta partzuergoek obrak egin eta zerbitzu publikoak ematen dituztenean.
Noiztik aurrera: 2011/01/01 30. artikulua, 2011ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2011. urterako aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 4/2010 Foru Arauaren [GIPUZKOA] Bederatzigarren Xedapen Gehigarriak barneratutakoa («G.A.O.» abenduak 28). Ondorioak / Aplikagarritasuna: 2011/01/01

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Foru Agindu hau indarrean sartzen denetik urtebeteko epean, haren aurretik eratutako mankomunitate eta kontsortzioek egokitu egin behar dituzte beren estatutuak foru arauan ezarritako aginduen arabera, 11. artikuluan adierazitako tramiteei jarraituz.

Estatutuak ez badira foru arauaren arabera egokitzen, foru arau honen aurka doazen estatutuetako agindu guztiak indargabetuta geratuko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Derogaturik gelditzen da, foru arau honetan araututakoaren aurka doan maila bereko edo apalagoko xedapen oro.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Lehena

Ahalmena ematen zaio Gipuzkoako Foru Aldundiari foru arau hau gauzatu eta betetzeko beharrezko diren xedapenak emateko.

Bigarrena

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.