Azaroaren 19ko 62/2002 Foru Dekretua, Landagipuzkoaren eraketari buruzkoa.

Gorde / Erakutsi iruzkinak    Imprimatu

Azaroaren 19ko 62/2002 Foru Dekretua, Landagipuzkoaren eraketari buruzkoa.

BOG 2 Abendua 2002

Landa Ingurunearen Garapenari buruzko Legeak (Eusko Legebiltzarrrak 1998ko apirilaren 8an onartu zuenak) ezartzen du legearen helburua dela lan ingurunearen garapenaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioen lana gidatu behar duten helburuak definitzea, zehazki landa eremuak garatzera zuzendutako politikak aurrera eramateko arautegiak ezartzea eta gainerako politika eta jarduketa administratiboak lege horretan landa ingurunearen garapenerako ezartzen diren helburuak lortzera bideratzeko tresnak zehaztea.

Lege horren hirugarren tituluan (Lankidetza eta koordinazio administratiboa) adierazten den bezala arautzeko, 11. artikuluak aurreikusten du Landaraba, landabizkaia eta landagipuzkoa eratzea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herrialde historikoetan landa garapenaren arloan erakundeen arteko lankidetza eta koordinaziorako organo gisa, eta ezartzen du horien eraketa dagokion Foru Aldundiak erabakiko duela. Artikulu horretako 2. paragrafoak ezaugarri bereziak izan eta tratamendu espezializatua behar duten arazoen azterketarako lan taldeak osatzeko aukera ematen du organo horietan eta, era berean, Landa Garapeneko Lurralde Kontseilu Aholku Emailea jartzeko ere, lurralde historikoan landa ingurunearen garapenean eta arlo horretako programetan inplikaturiko agente ekonomiko eta sozialentzako kontsulta eta lankidetza organoa izan dadin.

Hori guztia ikusirik, foru dekretu honen helburua da lege horretan dauden aurreikuspen batzuk aurrera eramatea, hor azaltzen diren organoak Gipuzkoako lurralde historikoan eratzeari dagokionez.

Gauzak horrela, Nekazaritza eta Ingurumen Departamentuko foru diputatuak proposatu eta Diputatu Kontseiluak eztabaidatu ondoren, gaurko datan egindako bileran, honakoa,

XEDATU DUT

Lehenengo. Landagipuzkoa eratzen da, Gipuzkoako lurralde historikoan landa garapen arloan erakunde arteko lankidetza eta koordinazio organo gisa, ondoko eran osatuz:

Mahaiburua: Nekazaritza eta Ingurumeneko foru diputatua.

Bost mahaikide, ondoko hauek:

  • - Lehendakaritza Departamentuko foru diputatua.
  • - Ekonomia eta Turismo Departamentuko foru diputatua.
  • - Garraio eta Errepide Departamentuko foru diputatua.
  • - Obra Hidraulikoetako eta Hirigintzako foru diputatua.
  • - Gizartekintza Departamentuko foru diputatua.

Idazkaria: Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendari nagusia.

Landagipuzkoako mahaikideek taldeko bileretara joateko esku hori beste batzuei eman diezaiekete, baldin eta gutxienez zuzendari kargua badute, idazkariaren kasuan izan ezik, Gipuzkoako Foru Aldundiko edozein funtzionariori eman baitiezaiokete esku hori, baldin eta gutxienez zerbitzuburu bada.

Noiztik aurrera: 2004/07/27 Lehenengo atala, 2004ko uztailaren 13ko 69/2004 FOru Dekretuak [GIPUZKOA] idatzia, Landagipuzkoa eratzen duen 2002ko azaroaren 19ko 62/02 Foru Dekretua aldatzen duena («G.A.O.» uztailak 26).

Bigarren. Landagipuzkoaren zereginak ondoko hauek izango dira:

  • a) Landa garapeneko programei buruzko proposamenen berri ematea, Gipuzkoako Foru Aldundiari aurkeztu aurretik.
  • b) Gipuzkoako lurralde historikoko foru arau egitasmo, foru dekretu egitasmo eta plan eta programen berri, aldez aurretik eta nahitaez, ematea, landa guneetarako garrantzitsuak badira, landa guneetako jarduera ekonomiko, zerbitzu eta kultur jarduerei buruzkoak direlako espezifikoki edo ateratako emaitzak garrantzi handikoak direlako landa guneetarako, horrela egin gabe, apirilaren 8ko 10/1998 Legeak ezarritako landa garapeneko politikaren helburuei dagokienez, jarduera eta zerbitzu horiek izan dezaketen bideragarritasuna baldintzatzen denean.

    Aipatu kasuetan sartzen den beste edozein plan eta programaren berri ematea alde batera utzi gabe, Landagipuzkoak bere iritzia aldez aurretik eman behar die apirilaren 8ko 10/1998 Legeko III. eranskinean daudenei. Lurralde antolaketako agiriei buruzko txostenak direnean, Lurralde Antolaketaren Legeak ezarritako epeetan eman behar dira, dagokien administrazioei entzuteko epea emateko.

  • c) Aholkua ematea Gipuzkoako lurralde historikoko landa garapeneko programak aurrera eraman behar direnean.
  • d) Gipuzkoako lurralde historikoko landa garapenarekin zer ikusi duen edozein ekimenen berri ematea erakunde eskudunei.
  • e) Apirilaren 8ko 10/1998 Legeak ezar dezakeen bestelako edozein zeregin betetzea.

Hirugarren. Landagipuzkoaren barruan lantaldeak antola daitezke, gai espezifikoak izanik tratamendu berezia eman behar zaienean lan egin dezaten. Lantalde horietan adituek eta antolakuntza ordezkagarriek har dezakete parte.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Amaierako lehen xedapena

Nekazaritza eta Ingurumeneko foru diputatuari ahalmena ematen zaio, foru agindu baten bidez, Landagipuzkoaren antolaketa eta funtzionamendurako arauak eman ditzan eta, era berean, lantaldeak eratuko liratekeen kasuan haien osaketa eta funtzionamendua ezar dezan.

Noiztik aurrera: 2004/07/27 Amaierako Lehen Xedapena, 2004ko uztailaren 13ko 69/2004 Foru Dekretuak [GIPUZKOA] idatzia, Landagipuzkoa eratzen duen 2002ko azaroaren 19ko 62/02 Foru Dekretua aldatzen duena («G.A.O.» uztailak 26)

Amaierako bigarren xedapena

Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.