Urriaren 19ko 63/2007 FORU AGINDUA, estola ikasleentzako kirol teknifikazioko unitateei baimena ematea arautzen duena.

Iraupen bertsioak

   Imprimatu

Urriaren 19ko 63/2007 FORU AGINDUA, estola ikasleentzako kirol teknifikazioko unitateei baimena ematea arautzen duena.

BOG 25 Urria 2007

1998ko ekainaren 11ko Euskadiko Kirolaren 14/1998 Legeko 55.4 artikuluak xedatzen du ezen, eskola kirolaren arloan, eta araudiz ezarriko diren baldintzak betetzen badira, foru aldundiek baimena emango dutela eskola kiroleko urteko programetan sartuta ez dauden kirol lehiaketak hamabost urtetik beherako ikasleentzat antolatzeko, ikasle horiek federazioen lehiaketetan parte hartzeko, bai eta zenbait kirol motatan teknifikazio unitateak garatzeko ere.

Aurreko 5/1988 Legea indarrean zegoenean, eta egun indarrean dagoen 14/1998 Legea onartu ondoren ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero onartu ditu foru agindu egokiak, eskola kiroleko programak eta programa horietatik kanpoko jarduerak antolatzeko eta, baita, lehiaketa federatuetan ikasleak parte hartzeko ere baimen emateak arautzeko. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundia kirolak erakusteko jardueren alderdi batzuk arautu izan ditu aspalditik, bai hastapeneko jarduerak eta bai teknifikatzekoak Jarduera horiek bat datoz 1998ko ekainaren 11ko 14/1998ko Legeak xedatutakoarekin. Nolanahi ere,, eskoletako ikasleentzako kirol teknifikatze unitateen baimenari buruzko arau batzuk geratzen dira onartzeko unitate horiek Foru Aldundiak urtero onartzen dituen eskola kiroleko programetan sartuta ez daudenean.

Halaber, adierazi behar da azken urte hauetan Kiroletako eta Kanpo Ekintzako Departamentuaren egitekoa izan dela urteko programen eskaintza eskola kiroleko helburu zehatzei egokitzea, gipuzkoar ikasleek kirol asko egiteko aukera izan dezaten, eta ez bakarrik lehiatzera zuzendutakoak. Era berean, Gipuzkoako kirol federazioekin, programen alderdi teknikoaren arduradun direnez, adostu du adin edo kategoria bakoitzean zein jarduera mota egin behar dituzten. Antolaketa arlo horren barruan, eskola kiroleko programetan sartu dira baita ere kirol modalitateak erakusteko jarduerak, nahiz hastapenekoak nahiz teknifikaziokoak. Akordio horietan teknifikazio unitatetzat har daitezkeen jarduerak sartu dira.

Nolanahi ere, bi jarduera mota horiek -hastapenekoak eta teknifikaziokoak- ez dute agortzen kirol teknifikazioko unitateen tipologia. Izan ere kirol modalitate eta diziplinak beren artean dituzten hain ezaugarri ezberdinak ikusita, uste dugu, jarduerak ikasleen ezaugarri bereziei eta kirol modalitateenei egokitzea bada helburua, teknifikazioko unitateen arauak ezin direla horientzat denentzat bat izateko moduan hartu, beharkizun batzuk jarriz baizik, hala nola: Modalitateetan hasteko adina, adin eta kategoria bakoitzari egokitutako helburuak, edukiak eta jarduerak, etab., eta ondorioz uste dugu zatika heldu behar zaiola, edo antzeko ezaugarriak dituzten modalitate talde edo blokeak hartu behar direla edota, horrela bada, modalitate jakin bat era berezian hartu.

Horrela, hastapeneko jardueren artean ondoko hauek bereiz ditzakegu, besteak beste: Mediora egokitzeko jarduerak, kirola egiten hasi aurreko jarduerak, kirol hastapen generikokoak, kirol modalitate jakin bateko hastapen berezikoak. Teknifikazioko jardueretan, berriz, bereizi egin behar dira errendimenduan hasteko ibilbideko jarduerak eta talentudunak detektatzeko ibilbideko jarduerak.

Bestalde, egiaztatuta dago Gipuzkoan, urteko programetatik kanpo, eskola ikasleentzako kirol teknifikazioko unitateak asko ugaritu direla, oro har, «kirol eskolak» izenarekin. Eskola horien, hastapenekoen eta/edo teknifikaziokoen, ugaritze hori kontrol handirik gabe egin da eta, horregatik, beharrezko da, eskola kiroleko programa bakoitzean dauden aurreikuspen orokorrez gain, erregimen berezi bat ezartzea jarduera horietarako baimena eskatzeko.

Beraz, departamentu honek erabakitzeko duen erronketako bat teknifikazioko unitateen baimen emateari heltzea da, jarduera horien egiturak jarri eta gauzatzeko orduan zuzen egin daitezen gauzak eta eskolako umeen ezaugarri, interes eta beharrak erabat errespeta daitezen. Teknifikazioko unitateek izan behar duten helburuetako bat eskaintza osagarri egokia ematea da, osasun ohiturak sortzeko eta umeen gizentasuna eta egoneko bizimoduaren kontra joateko, baina kontuan edukiz eskaintza osagarri horrek ez duela gehiegizko entrenamendu kaltegarri bihurtu behar eskolako umeentzat.

Helburu eta interes horiek betetzen direla bermatzeko eta Gipuzkoako lurralde historikoan ezarritako eskola kirolaren ereduan disfuntziorik ez dadin gertatu, beharrezko da departamentu honek aldez aurretik haren funtzionamendua baimentzea.

Euskadiko kirolaren 14/1998 Legean ezarritako eskumen banaketari jarraituz, Autonomia Erkidego osorako erakundeei dagokie «eskola kirolaren oinarriak eta printzipioak, kirol diziplinako araubidea eta lehiaketak finkatzea» (4.2.m artikulua) eta lurralde historikoetako foru organoei «Euskal Autonomia Erkidegoko eskola kirolaren arloko arauak garatzea eta betearaztea, azken kasu honetan udal administrazioarekin elkarlanean» (5.ª artikulua).

Kirolaren Euskal Kontseiluak prestatu eta Eusko Jaurlaritzak eta Legebiltzarreko dagokion batzordeak onartutako 2003-2007 bitarteko Kirolaren Euskal Planak arau komun batzuk ezarri ditu hiru lurralde historikoetan eskola kirolaren eredua homogeneizatzeko. Xede horrekin hiru kirol ibilbide ezarri ditu eskola adineko ikasleentzat: Parte hartzekoa, errendimenduan hastekoa eta talentudunak identifikatzekoa. Hiru multzo horietako bakoitzeko teknifikazio unitateek ezaugarri desberdinak dituzte. Hala, parte hartzeko ibilbidean eskola kiroleko urteko programetan kirol hastapeneko jarduerak deitzen direnak egiten dira eta beste bi multzoetan egiten diren jarduerak, berriz, teknifikazio jarduerak deitzen dira urteko programetan.

Hori horrela, Eskola Kirolaren Lurralde Kontseiluaren eta Gipuzkoako Kirolaren Kontseiluaren aldeko iritzia izan ondoren,

XEDATZEN DUT

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen helburua da Gipuzkoako lurralde historikoko eskola ikasleentzako kirol teknifikazioko unitateei baimena ematea arautzea.

2. artikulua. Lurralde eremua eta gaiak.

1. Foru agindu honen lurralde eremua eskola ikasleentzat Gipuzkoako lurralde historikoan egindako kirol teknifikazioko unitateak izango dira, horiek antolatzen duten entitate edo pertsonaren helbideari begiratu gabe.

2. Foru agindu honen ondorioetarako bakarrik, kirol teknifikazioko unitatetzat hartuko dira ondoko kirol programak: Publikoak eta pribatuak, irabazteko asmorik gabekoak edo irabazizkoak, iraunkorrak edo urtarokoak, finkoak edo ibiltariak, eskoletako umeei kirol prestakuntza emateko badira. Kirol teknifikazioko unitateak bi motatakoak dira:

  • a) Kirol modalitateetan hastekoak. Kirol modalitateak erakusteko jarduerak dira, edota kirol irakaskuntzakoak oro har, ez daudenak lotuta lehiaketetan parte hartzearekin, eta irekiak direnak parte hartu nahi duten ikasle guztientzat, bakoitzaren kirol gaitasunagatik mugarik jarri gabe. Inoiz ere ezingo dira jarduera horiek egin, aldez aurretik ezkutuko hautaketaren bat badago.

    Hastapeneko unitateen barruan, eta dituzten ezaugarrien arabera, ondoko azpimota hauek bereizten dira: Aldez aurretik medioa menderatzekoak, hastapen generikokoak, kirol modalitate baterako hastapen berezikoak.

  • b) Teknifikaziokoak. Errendimendurako hastapenaren ibilbidean ikasleen kirol gaitasunak hobetzeko jarduerak dira, kirol lehiaketetan parte hartu gabe eta ikasleak aldez aurretik hautatu ondoren.

3. Foru agindu honetatik kanpo geratzen dira talentudunak hautemateko ibilbideko teknifikazio unitateak, horiek Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen dituelako, haien berezitasuna eta teknifikazioak eskatzen duen esku hartze maila eta egin beharreko jarduera ugariak kontuan edukiz.

4. Foru agindu honetatik kanpo geratzen dira, era berean, goi mailako kiroleko teknifikazio unitateak, Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak direlako.

5. Foru agindu honetan erregulatutako baimen administratiboa eskatzetik salbuetsita geratuko dira hezkuntzako sistemaren barruan egindako eskola ikasleentzako hastapeneko jarduerak, Gipuzkoako Foru Aldundiko eskola kiroleko programetan dauden jarduerak eta erakunde horrek berariaz onartutako jarduerak.

3. artikulua. Aldez aurreko baimenak. Beharkizunak.

1. Foru agindu honen gai diren kirol teknifikazio unitateak egiteko beharrezko da, dena dela, aldez aurretik baimen administratiboa edukitzea, 1998ko ekainaren 11ko Euskadiko Kirolaren 14/1998 Legeko 4.2.m artikuluan aurreikusitakoaren babesean Eusko Jaurlaritzak ezar ditzakeen beharkizunei jarraituz.

2. Eusko Jaurlaritzak eskola kirolaren oinarriak eta printzipioak onartzen ez dituen bitartean, kirol teknifikazioko unitateak baimentzeko ondoko beharkizun hauek bete behar dira:

  • a) Unitate horietan egingo den jarduerak adin bakoitzak dituen ezaugarriei egokituta egon behar du.
  • b) Kirol teknifikazioko unitateak egiteko partehartzaileen adinari egokitutako ekipoak eta materiala eduki behar da.
  • c) Teknifikazioko unitateek errespetatu behar dute gai horretan eskumena duten gipuzkoar erakundeen artean kirol modalitate horri buruz hitzartuko duten antolaketa.
  • d) Teknifikazioko unitateek lehiaketako jarduera batzuk ere izan ditzakete, baina hastapen edo teknifikazioko unitateek ezingo dute lehiaketa erregularretan parte hartu beste entitateekin.
  • e) Zuzendaritza teknikoa jardueraren ezaugarriei egokitutako kirol titulazioa duen pertsona baten esku gutxienez egongo da. Era beran, pertsona horrek edo entitate antolatzaileak prestakuntza teknikoa duten nahiko lagun izango ditu alboan, bermatuta gera dadin ikasleek kalitate eta segurtasun baldintza egokietan egiten dutela kirol jarduera.
  • f) Antolatzaileek aseguru poliza bat eduki behar dute jarduerak egiten ari direnean partehartzaileek izan ditzaketen, edota, hala bada, hirugarrengoren batek izan ditzakeen, kalte-galerengatiko erantzukizun zibila estaltzeko.
  • g) Antolatzaileek ikasleak onartzeko irizpide edo beharkizunak ezar ditzakete eta, baita, kirol jarduerak ongi egiteko arau eta jarraibideak eman ere, zeinak era egokian jakitera emango diren. Beharkizun, arau eta jarraibide horien helburua izango da jarduerak baldintza egokietan egiten direla bermatzea. Ikasleak onartzeko beharkizunek ezingo dute inoiz ere antolamendu juridikoak debekatutako diskriminaziorik eragin, eta haien aplikazioak ere ezingo du arbitrario edo umiliagarria izan.
  • h) Antolatzaileek ikasleen adinari eta gainerako zertzeladei eta kirol modalitatearen ezaugarriei ahalik eta gehien egokituta egin behar dituzte jarduerak.
  • i) Antolatzaileek hezkuntza sistemak ematen dituen irakaskizunekin eta eskola kirolaren programaren garapenarekin bateragarri izateko moduan egin behar dituzte jarduera horiek. Horretarako, teknifikazio unitateen jarduerei dagokion udalerriko eskola kiroleko egiturak onespena eman beharko die.
  • j) Antolatzaileek eskola kirolaren arautegia eta adingabeen babesari eta neska eta mutilen arteko berdintasunari buruz indarrean dagoen legeria erabat errespetatuz egin behar dituzte jarduerak.
  • k) Jarduera horiek egiteko kirol instalazioek egokiak izan behar dute eta indarrean dagoen legerian eskatzen diren higiene eta segurtasun baldintzak dituztenak jarduera egiten ari direnean.

4. artikulua. Kirol teknifikazioko unitateen antolatzaileak.

Kirol teknifikazioko unitateen antolatzaileak, foru agindu honen ondorioetarako, ondoko hauek izango dira: Pertsona publiko edo pribatuak, irabazteko asmorik ez dutenak edo badutenak, giza baliabideak eta materialak, bereak edo hitzartuak, jartzen dituztenak jarduera horiek aurrera eramateko eta publikoaren edo administrazioaren aurrean antolatzaile gisa azaltzen direnak.

5. artikulua. Baimen eskaerak aurkeztea.

Baimen eskaerak Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako Zuzendaritza Nagusian aurkeztu behar dira jarduera horiek hasi baino gutxienez hiru hilabete lehenago, eskaera aurrerapen gutxiagoarekin egitea zuritzen duten aparteko inguruabarrak daudenean izan ezik.

6. artikulua. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Baimen horiek lortzeko ondoko agiriak aurkeztu behar dira:

  • a) Behar bezala betetako baimen eskaera.
  • b) Kirol proiektu teknikoa, helburuen, antolaketaren eta funtzionamenduaren oinarrizko lerroak zehaztuz eta aurrera eraman nahi diren kirola erakusteko jardueren programaren ezaugarriak adieraziz, ondoko hauek:
    • - Helburu, eduki eta modalitateak, ikasleen adin ezaugarriei egokituta, erakutsi eta ikasteko etapetan egingo diren jardueren xehetasuna.
    • - Ikasle partehartzaileen kopurua.
    • - Ikasleen adinak.
    • - Mediku kontrola.
    • - Eskatzen zaizkien baldintza ekonomikoak eta bestelakoak.
    • - Jarduerak egiteko ordutegiak, datak eta lekuak.
    • - Jardueren iraupena.
    • - Baimendutako kirol instalazioak.
    • - Jarduerak kontrolatuko dituzten langile kualifikatuak.
    • - Langile horien hizkuntza gaitasuna.
    • - Lehen laguntzak emateko giza baliabideak eta baliabide materialak.
    • - Aurrekontua.
    • - Intereseko bestelako datuak.
    • - Udalerriko kirol egituraren onespenaren egiaztagiria.

    Proiektu horretan zehaztu behar da, era berean, ea lehiaketa jarduerak egingo diren edo ez modalitatea erakusteko, eta zein kirolarik hartuko duten parte jarduera horietan (ikasleak, beste batzuk, etab.).

  • c) Baimen ematea zuritzen duten arrazoien azalpena eta, batez ere, jarduera horiek Euskadiko Kirolaren 14/1998 Legean, aplikagarri izan daitekeen eskola kirolari buruzko Eusko Jaurlaritzaren dekretuan eta eskola kirolari doakion programan dauden arau, beharkizun eta printzipioei egokituta egotea.
  • d) Intereseko bestelako datuak.

7. artikulua. Lurralde federazioen eta udalen txostena.

1. Prozedura ebazteko, Kirol Zuzendaritza Nagusiak eska diezaieke dagozkion lurralde federazioei eta udalei txostena egin dezatela baimentzea eskatu den jarduerari buruz.

2. Txosten horiek hamabost egunen barruan eman behar dira eta epe horretan egiten ez badira, jarrai daiteke prozedura amaiera arte.

8. artikulua. Administrazioaren isiltasuna.

1. Kirol Zuzendaritza nagusian eskaera egin eta zuzendaritza horrek ez badu ebazpenik eman hiru hileko epean, eskatutako baimena emantzat har daiteke.

2. Eskaerak ez baditu aipatu beharkizunak betetzen edota punturen bat argitu edo justifikatu egin behar bada, aurkeztu duenari eskatuko zaio, hamar eguneko epean, akats hori zuzentzeko edo eskatutako agiria ekarri edo argitzeko, eta eskatutakoa bete gabe epe hori iragaten bada, uko egintzat hartuko da, ebazpen egoki baten bidez. Hamar eguneko epe horretan, etenda geratuko da aurreko paragrafoan aipatutako onarpen ekintza hori emateko seinalatutako epea.

9. artikulua. Baimenak, lizentziak, komunikazioak eta indarrean dagoen arautegiko gainerako beharkizunak.

1. Foru agindu honetan araututako baimena lortzeak esan nahi du eskudun diren gainerako administrazio publikoek exijitutako baimen, lizentzia, komunikazio eta gainerako beharkizunen kalterik gabe dela.

2. Foru agindu hau 1998ko ekainaren 11ko 14/1998 Legeko 95.1 artikuluan kirol zentroentzat aurreikusirako erregulazioa alde batera utzi gabe ulertu behar da.

10. artikulua. Eskaeren ebazpena.

1. Kirol teknifikazioko unitateetarako baimen eskaerak aztertu eta ebaztea Kiroletako zuzendari nagusiari dagokio, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentuko egitura organiko eta funtzionalari buruzko 2004ko martxoaren 30eko 29/2004 Foru Dekretuko 6.2.a) artikuluan ezarritakoari jarraituz.

2. Baimena baldintza batzuk jarriz eman daiteke, eta kasu horretan Kirol Ikuskaritzak egiaztatuko du betetzen diren edo ez.

3. Emateko ebazpenean jasotako baldintzak ez betetzeak hura baliogabetzea ekar dezake.

4. Emandako baimenak, nolanahi ere, berariazko baimenean adierazitako egunean iraungiko dira. Isiltasun positiboaren bidez ematen direnean baimenak, jarduera amaitzen denean amaituko da baimena ere eta, dena dela, hura hasi eta urtebete iragan ondoren.

5. Kirol teknifikazioko unitateekin jarraitu nahi izanez gero, doakion luzapena eskatu behar da. Kasu horretan, egin nahi diren aldaketak bakarrik jakinarazi behar dira.

6. Baimenen onuradunek modalitateak erakusteko antolatuko dituzten kirol jarduerei buruzko publizitate edo informazioan agerrarazi behar dituzte baimen horiek.

7. Kirol Zuzendaritza Nagusiari emandako datuetan aldaketaren bat gertatuz gero, aldez aurretik organo horri jakinarazi behar zaio.

11. artikulua. Jarduerak etetea. Ikuskatzea.

1. Kirol Zuzendaritza Nagusiak jakiten badu kirol teknifikazio unitateak beharrezko baimenik gabe egiten ari direla, espediente egokia irekitzea alde batera utzi gabe, erabaki dezake jarduera horiek berehala geldiaraztea. Jada baimenduta dauden unitateak ere geldiaraz ditzake baimena emateko ebazpenean edo indarrean dagoen arautegian ezarritako baldintzak ez badira betetzen.

2. Kirol teknifikazioko unitateak ez badira oraindik abian jarri, Kirol Zuzendaritza Nagusiak haiei buruzko informazioa eska dezake eta, baita jarduera debekatu ere, egokitzat joz gero. 3. Kirol Zuzendaritza Nagusiak, horretarako berariaz gaitutako pertsonen bidez, ikuskaritza lanak egingo ditu foru agindu hau betetzen dela kontrolatzeko.

12. artikulua. Zigor erregimena.

Foru agindu honetan dauden xedapenak ez betetzea, 1998ko ekainaren 11ko 14/1998 Legeko 128. artikuluan erabakitakoari jarraituz, arau hauste larria izango da eta han aurreikusitako zigor arauak ezarriko dira.

13. artikulua. Helegiteak.

Kiroletako zuzendari nagusiaren ebazpenen kontra berraztertzeko helegitea jar daiteke Kiroletako eta Kanpo Ekintzako Departamentuko foru diputatuak erabaki dezan.

14. artikulua. Aldez aurreko kontsultak.

Foru agindu honen bidez arautzen diren kirol teknifikazioko unitateak antolatu nahi dituzten pertsona fisiko edo juridikoek aldez aurretik kontsulta egin dezakete Kirol Zuzendaritza Nagusian, baimen eskaera aurkeztu aurretik beren proiektu edo ideiaren bideragarritasuna azter dezaten.

15. artikulua. Interpretazioa.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendaritza Nagusiari egokituko zaio foru agindu honetan bilduriko xedapenen interpretazioaren inguruko dudak argitzea.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengo xedapen gehigarria

1. Baimenak hitzarmen bidez, eta prozedura goian aipatu ebazpenak amaitzeko ondorio berekin amaituz, eman daitezke, hau da, Gipuzkoako Foru Aldundiak, lurralde historikoko udalekin eskola kirola kudeatzeko edo Gipuzkoako kirol federazioekin eskola kiroleko urteko programen jarduerak teknikoki gauzatzen laguntzeko, izenpetuko dituen hitzarmenen bidez.

2. Hitzarmen bidez amaitzeko araubidea 1992ko azaroaren 26an emandako Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legeko 88. artikuluan aurreikusitakoa izango da.

Bigarren xedapen gehigarria

0-6 urte bitarteko ikasleentzako kirol teknifikazioko unitateek ere baimen administratiboa eduki behar dute foru agindu honetan aurreikusitakoen antzera.

Hirugarren xedapen gehigarria

Teknifikazio unitate desberdinen hastapeneko gutxieneko adinak honako hauek izango dira:

  • - Kirol modalitate edo diziplina jakin bateko hastapen berezia: 9 urte, dagokion ikasturtea amaitu den urtean.
  • - Modalitate edo diziplina jakin bateko teknifikazioa: 12 urte, dagokion ikasturtea amaitu den urtean.
  • - Mediora egokitzeko jardueren hastapeneko eta kirol hastapen generikoko gutxieneko adinak inplikatutako agenteekin kontzeptuak argitu ondoren finkatutakoak izango dira.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehen xedapen iragankorra

1. Foru agindu hau mailaz maila aplikatu aurretik, federazioekin modalitate bakoitzerako edo modalitate talde baterako irizpideak zehaztuko dira gehienbat hitzarmen bidez, ondoko hauei buruzkoak: Adinak, titulazioak, arduradun teknikoak, jarraibide orokorrak, helburu eta edukiak, lehiaketa jarduerak antolatzean parte hartzeko baldintzak, modalitateak erakusteko jardueren ezaugarriak (mediora egokitzekoak, hastapen generikokoak, teknifikaziokoak edo bestelakoak), eta sartzea komeni den beste edozein irizpide ere. Kirol modalitate edo modalitate talde bakoitza baimentzeko irizpide hauek Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako eta Kanpo Ekintzako Departamentuak berariaz emandako foru aginduaren bidez onartuko dira.

2. Eskola ikasleentzako kirol teknifikazioko unitateek, irizpideak onartutako modalitate edo diziplina izan eta berariazko foru agindua indarrean sartzen denean abian daudenek, hiru hileko epea izango dute, foru agindu hau argitaratzen denetik hasita, doakien baimen administratiboa eskatzeko.

Bigarren xedapen iragankorra

Eskola ikasleentzako kirol teknifikazioko unitateek teknikarien titulazio eskaera Gipuzkoako lurralde historikoan dauden benetako posibilitateen araberakoa izango da, eta esperientzia eta/edo federazioko titulazioa, ez ofiziala, duten teknikarien parte hartzea onartu egingo da aldi baterako, ikasleek dituzten beharrei erantzuteko.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Lehenengo azken xedapena

Kiroletako eta Kanpo Ekintzako Departamentuko foru diputatuak foru agindu baten bidez xedatuko du zer-nolako betekizunak eta baldintzak bete behar dituzten kirol modalitate bakoitzeko teknifikazio unitateek multzoka antolatuta, eta zein agiri aurkeztu behar dituzten teknifikazio unitate horietarako baimena eskatzen dutenek.

Bigarren azken xedapena

Foru agindu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Denek jakin dezaten argitaratzen da hori.