Otsailaren 25eko 69/2008 FORU AGINDUA, eskola ikasleentzako kirol teknifikazioko unitateei baimena ematea arautzen duen 2007ko urriaren 19ko 63/2007 Foru Aginduaren aplikazioa arautzen duena, saskibaloi, eskubaloi, futbol, areto futbol eta errugbiko hastapeneko unitateetan.

Iraupen bertsioak

   Imprimatu

Otsailaren 25eko 69/2008 FORU AGINDUA, eskola ikasleentzako kirol teknifikazioko unitateei baimena ematea arautzen duen 2007ko urriaren 19ko 63/2007 Foru Aginduaren aplikazioa arautzen duena, saskibaloi, eskubaloi, futbol, areto futbol eta errugbiko hastapeneko unitateetan.

BOG 28 Otsaila 2008

Departamentuko foru diputatuak ondoko foru agindua eman du gaur:

1998ko ekainaren 11ko 14/98 Legeak, Euskal Herriko Kirolarenak, 55.4 artikuluan xedatzen du eskola kirolaren alorrean, eta arauz ezarritako baldintzak betetzen badira, foru aldundiek baimena emango dutela zenbait kirol modalitatetan teknifikazioko unitateak garatzeko.

Azken urteotan, Gipuzkoako Foru Aldundiak kirol irakaskuntzako jardueren hainbat alderdi arautu ditu, hastapenekoak izan nahiz teknifikaziokoak, eta jarduera horiek bat datoz 1998ko ekainaren 11ko 14/98 Legean teknifikazioko unitate deitzen den horrekin. Nolanahi ere, arautzeko zeuden eskola ikasleentzako kirol teknifikazioko unitateen baimenak, foru aldundiak onartzen dituen eskola kiroleko urteko programetan jaso gabe daudenean.

Horrenbestez, 2007ko urriaren 19ko 63/07 Foru Aginduaren bidez -urriaren 25eko 209 zk. Gipuzkoako ALDIZKARI OFIZIALEAN argitaratua-, eskola ikasleentzako kirol teknifikazioko unitateei baimena emateko araudia onartu zen. Agindu horretan eskola ikasleentzako kirol teknifikazioko unitateei baimena emateko araudi orokorra jasotzen da eta, nagusiki, bete beharreko baldintza orokorrak eta baimen administratiboa eskuratzeko jarraitu beharreko prozedura ezartzen ditu.

2007ko urriaren 19ko 63/07 Foru Aginduak, 2. artikuluan, bere aplikazio eremua zehazten duenean, aipatzen du zer den teknifikazio unitatetzat ulertu behar dena, eta bereizten ditu, batetik, teknifikazio unitateak eta, bestetik, hastapeneko unitateak. Azkeneko horiei buruz hauxe dio: «Kirol modalitateak erakusteko jarduerak dira, edota kirol irakaskuntzakoak oro har, ez daudenak lotuta lehiaketetan parte hartzearekin, eta irekiak direnak parte hartu nahi duten ikasle guztientzat, bakoitzaren kirol gaitasunagatik mugarik jarri gabe. Inoiz ere ezingo dira jarduera horiek egin, aldez aurretik ezkutuko hautaketaren bat badago. Hastapeneko unitateen barruan, eta dituzten ezaugarrien arabera, ondoko azpi-mota hauek bereizten dira: Aldez aurretik medioa menderatzekoak, hastapen generikokoak, kirol modalitate baterako hastapen berezikoak, eta abar.» Oraingo agindu hau hastapeneko unitateei buruzkoa da.

Foru aginduan bertan aurreikusten da mailaz maila ezarri beharko dela kirol modalitate ezberdinetan, bakoitzerako bete beharreko betekizun bereziak erabakitzen diren neurrian. Horrela, 63/2007 Foru Aginduko xedapen iragankorrak, 1. puntuan, honako hau dio «Foru agindu hau mailaz maila aplikatu aurretik, federazioekin modalitate bakoitzerako edo modalitate talde baterako irizpideak zehaztuko dira gehienbat hitzarmen bidez, ondoko hauei buruzkoak: Adinak, titulazioak, arduradun teknikoak, jarraibide orokorrak, helburu eta edukiak, lehiaketa jarduerak antolatzean parte hartzeko baldintzak, modalitateak erakusteko jardueren ezaugarriak (mediora egokitzekoak, hastapen generikokoak, teknifikaziokoak edo bestelakoak), eta sar- tzea komeni den beste edozein irizpide ere. Kirol modalitate edo modalitate talde bakoitza baimentzeko irizpide hauek Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako eta Kanpo Ekintzako Departamentuak berariaz emandako foru aginduaren bidez onartuko dira».

Horrela, bada, foru agindu honek eskola ikasleentzako kirol hastapeneko unitateei baimena emateko araudi berezia biltzen du, saskibaloi, eskubaloi, futbol, areto futbol eta errugbiko modalitateetan, hain zuzen ere, Gipuzkoako eskolaumeek gehienen praktikatzen dituzten taldeko kiroletan; eta beharrezko akordioak lortu dira kirol modalitate bakoitzeko federazioekin.

Horiek horrela, Eskola Kirolaren Lurralde Kontseiluaren aldeko txostena jaso ondoren,

XEDATU DUT

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da eskola ikasleentzako kirol teknifikazioko unitateei baimena ematea arautzen duen 2007ko urriaren 19ko 63/2007 Foru Aginduaren aplikazioa ahalbidetzea, saskibaloi, eskubaloi, futbol, areto futbol eta errugbiko hastapeneko unitateetan.

2. artikulua. Lurralde eremua eta gaiak.

Foru agindu honen lurralde eremua eta gaia dira aurreko artikuluan adierazitako modalitateetako kirol hastapeneko unitateei dagokienez eskola ikasleentzako kirol teknifikazioko unitateei baimena ematea arautzen duen 2007ko urriaren 19ko 63/07 Foru Aginduaren 2. artikuluan adierazitakoak.

3. artikulua. Irakaskuntzako jardueren osagarritasuna.

1. Kirol hastapeneko unitateen irakaskuntza jarduerak udal, eskualde eta lurralde eremuko eskola kiroleko antolakuntzaren barruan egiten direnen osagarri izango dira eta ez haien ordezko; beraz, elkarren artean koordinatuta programatuko dira.

2. Hastapeneko unitateak antolatzen dituzten entitateek eta/edo pertsonek bermatu beharko dute beren jarduerak bateragarriak direla hezkuntza sistemak eskaintzen dituen irakaskuntzekin eta eskola kiroleko programaren jarduerekin. Horretarako, hastapeneko unitateetako jarduerek dagokion udalerriko eskola kiroleko egituraren adostasuna eskuratu beharko dute.

4. artikulua. Kategoriak.

Kirol hastapeneko unitateen irakaskuntza jardueretan benjamin, alebin, infantil eta kadete kategoriako eskolaume orok esku hartu ahal izango du, eta ezingo da inolako hautapen edo diskriminazio motarik ezarri inongo jardueratan.

5. artikulua. Aldiak.

Hastapeneko unitateek egin beharreko jarduerak zehazteko, urtea ondorengo alditan banatuko da:

  • 1. Eskola aldia: Foru agindu honen ondorioetarako, eskola aldia izango da irailaren 1etik ikasturte amaiera bitartekoa, eta horren barruan ondorengo faseak bereizten dira:
    • a) Lehiaketa aurreko fasea, irailaren 1etik 30era.
    • b) Lehiaketa fasea, urriaren 1etik apirilaren 30era; eta horren barruan sartuko dira, dituzten berezitasunekin, eguberrietako eta aste santuko oporraldiak.
    • c) Lehiaketa ondorengo fasea, maiatzaren 1etik ikasturte amaierara.
  • 2. Eskola gabeko aldia, ikasturte amaieratik abuztuaren 31ra.

6. artikulua. Jarduera motak.

Aldi eta fase horietako bakoitzean eta ikasleen adinaren arabera, ondorengo jarduerak egin ahal izango dira hastapeneko unitateetan:

  • a) Irakasteko edo beren kasa jokatzeko saioak; horiek izango dira hastapeneko unitateetako ohiko jarduerak.
  • b) Lehiaketa saioak aurrez eratutako taldeen artean.

7. artikulua. Lehiaketa saioak.

1. Lehiaketa jarduerak izan daitezke, edo hastapeneko bi unitateren artean noizean behin antolatutako lehiaketa saioak, edo hastapeneko hiru unitatek edo gehiagok parte hartzeko antola daitezkeen torneo bereziak, gehienez ere bi jardunaldi iraun dezaketenak.

2. Hastapeneko unitate batek ezingo du torneo bat baino gehiago antolatu ikasturte berean.

3. Kirol hastapeneko beste unitate batzuk lehiaketa jardueretan parte hartu ahal izateko ondorengo lurralde eremuak hartuko dira kontuan:

  • a) Benjaminak: Udal eremua/eskualde gertutasuna.
  • b) Alebinak: Lurralde historikoa.
  • c) Infantilak: Autonomia erkidegoa.
  • d) Kadeteak: Autonomia erkidegoaz gaindikoa.

4. Lehiaketa eremu horiek aldatu ahal izango dira foru agindu honen xede den kirol modalitateren baterako, baldin eta hastapeneko unitateen kopuruaren eta lurralde banaketaren arabera beharrezkoa bada.

5. Nolanahi ere, lehiaketa jarduerak antolatzerakoan bete beharko da eskola kiroleko programetan jasota ez dauden lehiaketak baimentzeko araudi orokorra. Tramitazioa erraztearren, kirol hastapeneko unitate batek ikasturtean zehar egingo dituen lehiaketa jardunaldietarako baimena erabaki bakarrean eman ahal izango da, baldin eta egitekoak diren lehiaketen aurreikuspenarekin batera 10. artikuluan adierazten den dokumentazioa aurkezten bada.

8. artikulua. Kirol hastapeneko unitateen funtzionamendu baldintzak.

Honako hauek izango dira kirol hastapeneko unitateen funtzionamendu baldintza orokorrak:

  • a) Kirol hastapeneko unitateen jarduerak, irakasteko edo beren kasa jokatzeko saioak nahiz lehiaketa saioak, inolako hautapen prozesurik egin gabe gauzatuko dira eta ikasle guztiek parte hartu ahal izango dute.
  • b) Irakasteko edo beren kasa jokatzeko saioak dagokion udalerriko eskola kiroleko egiturarekin adostutako egunetan egingo dira.
  • c) Lehiaketa saioak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta dagokion federazioaren artean adostutako egunetan egingo dira, foru agindu honetako 7. artikuluan zehaztutako irizpideak kontuan hartuta.

9. artikulua. Jardueren egutegia zehazteko irizpide orokorrak.

1. Eskola aldia:

  • a) Lehiaketa aurreko fasean ez da inolako jarduerarik egingo.
  • b) Lehiaketa fasean, ondorengo arauak beteko dira:
    • - Astero, irakasteko edo beren kasa jokatzeko saio bat egin ahal izango da.
    • - Oporraldian, irakasteko bi saio edo irakasteko saio bat eta lehiaketako beste bat egin ahal izango dira astero.
    • - Oporraldikoak ez diren hilabeteetan, kirol hastapeneko bi unitateren artean noizean behin antolatutako lehiaketa saio bakarra egin ahal izango da hilero, foru agindu honetako lurralde eremuak kontuan hartuta.
    • - Eskola kiroleko programako jarduerak aurrera eramatea ez eragozteko, saio hori jaiegunean programatuko da edo, hilabetean jaiegunik ez badago, igande batean. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako Zuzendaritza Nagusiak zehaztu eta jakinaraziko du zein igandetan egingo den.
  • c) Lehiaketa ondorengo fasean, egun horietan egin daitezen eskola kiroleko programako jardueren lehentasuna errespetatuz, irakasteko bi saio edo irakasteko saio bat eta lehiaketako beste bat egin ahal izango dira astero.

2. Eskola gabeko aldia:

Gehienez ere 30 saio egin ahal izango dira (oinarritzat hartuta, orientazio gisa, hiruna saio astean 10 astez, irakasketako bi saio eta lehiaketa bat), saio horiek jarraituak nahiz jarrai gabeak izan, eta egokitzat jotzen diren edukiekin; beti ere, modalitate bakoitzerako ezar daitezen irizpide teknikoen arabera.

10. artikulua. Eskaerak aurkeztea.

Eskola ikasleentzako kirol hastapeneko unitateetarako baimena eskatzen dutenek ondoren zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko dute, jarduerekin hasi aurretik:

  • 1. Baimen-eskaera behar bezala beteta.
  • 2. Kirol-proiektu teknikoa, unitatearen helburu, antolakuntza eta funtzionamenduaren oinarrizko ildoak zehazten dituena eta garatuko duen kirol irakaskuntzako jarduera programaren ezaugarriak azalduko dituena. Proiektu horrek ondorengoak jasoko ditu:
    • a) Dokumentazio administratiboa:
      • - Udalerriko eskola kiroleko egituraren adostasuna.
      • - Erantzukizun zibileko asegurua indarrean, ikuskizun publiko eta jolas jarduerako gaietan aplikagarria den araudia eta hastapeneko unitateen ezaugarrien arabera aplikagarriak izan daitezkeen gainerako xedapenak (boluntarioak, eta abar) betez. Aseguru horren estaldura foru agindu honen III. eranskinean zehaztutakoa izango da.
      • - Instalazioaren jabe den entitatearen edo pertsonaren baimena.
    • b) Dokumentazioa teknikoa, foru agindu honen II. eranskinean adierazitako xehetasunez ondorengo alderdiok aurreikusiko dituena:
      • - Irakaskuntza-ikaskuntzako etapa ezberdinen helburuak, edukiak eta jarduerak, ikasleen adinaren ezaugarrietara egokitutakoak.
      • - Parte hartzaileei mediku azterketaren bat eginez gero, azterketa horren ezaugarriak.
      • - Parte hartzaileei eskatzen zaizkien baldintza ekonomikoak edo bestelakoak.
      • - Egunak, ordutegia, kirol instalazioa, talde bakoitzeko kideak eta taldeak duen joko eremua.
      • - Jardueren iraupena.
      • - Giza baliabideak eta bitarteko materialak lehen sorospenei dagokienez.
      • - Kirol irakaskuntzara bideratutako lehiaketa jarduerak eta horietan parte hartuko duten kirolariak (ikasleak, hirugarren batzuk, eta abar).
      • - Hastapeneko unitatearen aurrekontua: Diru sarrerak eta gastuak.
    • c) Baimena emateko eta, bereziki, antolatutako jarduerak Euskal Herriko Kirolaren 14/1998 Legean, aplikagarria izan daitekeen eskola kirolari buruzko araudian eta eskola kiroleko programan jasotako arau, baldintza eta oinarrietara egokitzen direla baieztatzeko arrazoiak azaltzea.
    • d) Interesgarriak izan daitezkeen beste datu batzuk.
  • 3. Jarduerei hasiera eman eta hilabetera, baimena jaso duten hastapeneko unitateen titularrek ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko dute:
    • - Parte hartzaileen zerrenda, izena, bi abizenak, jaioteguna eta ikastetxea adierazita, eskola kirolean izena emateko interneteko aplikazioaren bidez.
    • - Teknikarien identifikazio datuak eta titulazioak, bakoitzaren hizkuntza gaitasuna adierazita.

    Informazio hori hastapeneko unitatearen azkeneko jarduera- hilabetean eguneratu beharko da.

11. artikulua. Prozedura.

1. Baimen eskaerek bete beharko dute eskola ikasleentzako kirol hastapeneko unitateei baimena ematea arautzen duen 2007ko urriaren 19ko 63/07 Foru Aginduan ezarritako prozedura.

2. Prozedura ebazteko, Kirol Zuzendaritza Nagusiak baimena eskatzen den jarduerei buruzko txosten bat eskatu ahal izango die lurraldeko kirol federazioei eta tokiko erakunde interesatuei.

3. Halaber, eskaerak ebatzi aurretik, Kirol Zuzendaritza Nagusiak beste erakunde interesatuen -federazioaren, jarraipen batzordearen, eta abarren- iritzia jasoko du ebazpen proposamenaren eta hori prestatzeko erabilitako irizpideen inguruan.

12. artikulua. Baimenen indarraldia.

1. Eskuratutako baimenak emate-ebazpenean aurreikusitako epean iraungiko dira. Baimena isiltasun administratiboaren bitartez lortu bada, dagokion jarduera amaitzen denean iraungiko da eta, beti ere, urtebeteko epea igaro ondoren.

2. Nolanahi ere, baimena eskuratu duten kirol hastapeneko unitateekin jarraitu nahi izanez gero, horien luzapena eskatu beharko da. Horrela eginez gero, jakinarazi beharko dira egon litezkeen aldaketak:

  • a) Kirol-proiektu teknikoa eguneratzea, ondorengo alorretan:
    • - Mediku azterketa, parte hartzaileei egiten bazaie.
    • - Parte hartzaileei eskatzen zaizkien baldintza ekonomikoak eta bestelakoak.
    • - Egunak, ordutegia, kirol instalazioa, talde bakoitzeko kideak eta taldeak duen joko eremua.
    • - Jardueren iraupena.
    • - Hastapeneko unitatearen aurrekontua: Diru sarrerak eta gastuak.
    • - Kirol hastapeneko unitateak egingo dituen lehiaketak.
  • b) Jardueraren Erantzukizun Zibileko Aseguruaren ordainagiria.
  • c) Hastapeneko unitatearen jardueren jarraipena onartu eta hilabeteko epearen barruan:
    • - Parte hartzaileen zerrenda, izena, bi abizenak, jaioteguna eta ikastetxea adierazita, eskola kirolean izena emateko interneteko aplikazioaren bidez.
    • - Teknikarien identifikazio datuak eta titulazioak, bakoitzaren hizkuntza gaitasuna adierazita.

    Informazio hori hastapeneko unitatearen azkeneko jarduera- hilabetean eguneratu beharko da.

Xedapen iragankorra Abian dauden kirol hastapeneko unitateak.

1. Foru agindu hau indarrean sartzen denerako abian egon daitezen kirol hastapeneko unitateek hiru hilabeteko epea izango dute dagokion baimen administratiboa eskatzeko.

2. Iraungipen eperik zehaztuta ez duten baimen administratiboak iraungitzat joko dira.

Amaierako lehen xedapena Indarrean sartzea.

Foru agindu hau Gipuzkoako ALDIZKARI OFIZIALEAN argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Guztiek jakin dezaten argitaratzen da hori.

I. eranskina
Jardueren egutegia zehazteko irizpide orokorren laburpen taula.

  • a) Eskola aldia.
    Eskola aldia Fasea Datak Jarduera mota Asteko saio kopurua

    Lehiaketa aurrekoa Irailak 1-30 Jarduerarik gabe
    Lehiaketa urriak 1- apirilak 30 Irakastekoa saio 1
    Lehiaketa Lehiaketa 1/oporretakoa ez den hilabetean

    Oporrak Irakastekoa eta/edo lehiaketakoa Irakasteko saio 1 eta lehiaketa 1 edo irakasteko 2 saio
    Lehiaketa ondorengoa maiatzak 1 -ikasturte amaiera Irakastekoa eta/edo lehiaketakoa Programa errespetatuz / Irakasteko saio1 eta lehiaketa 1 edo irakasteko 2 saio
  • b) Eskola gabeko aldia.
    Aldia Datak Saio kopurua Jarduera mota
    Eskola gabekoa Ikasturte amaiera: abuztuak 31

    Irakasteko 20 saio gehienez

    Lehiaketako 10 saio gehienez

    Guztira: 30 saio gehienez

    Irakastekoa eta/edo lehiaketakoa

II. eranskina
Kirol hastapeneko unitateei baimena emateko baldintza teknikoak.

1. Baldintza orokorrak:

  • a) Kirol-proiektu teknikoa, unitatearen helburu, antolakuntza eta funtzionamenduaren oinarrizko ildoak zehazten dituena eta garatuko duen kirol irakaskuntzako jarduera programaren ezaugarriak azalduko dituena.
  • b) Jarduerak egingo diren instalazioak egokiak izango dira, eta legediak ezartzen dituen higiene eta segurtasun baldintzak bete beharko dituzte jarduera gauzatzen den bitartean.
  • c) Kirol hastapeneko unitatean parte hartzen duen ikasle bakoitzeko baloi bat egongo da.
  • d) Material lagungarriak (euskarriak, txinoak, uztaiak, petoak, baloi astunak, makilak) ikasleen adin eta inguruabarretara eta kirol modalitatearen inguruabarretara egokitu behar dira.
  • e) Areto futboleko, eskubaloiko eta saskibaloiko hastapeneko unitateak instalazio itxietan egingo dira.
  • f) Kirol modalitate horiei dagokienez, kirol hastapeneko unitateak gauzatuko diren instalazioetako zoladura elastikoa eta ez-urratzailea izango da.
  • g) Futboleko eta errugbiko hastapeneko unitateak instalazio irekietan gauzatuko dira, eta belar artifizialeko edo naturaleko zelaietan egingo dira.

2. Baldintza bereziak:

  • a) Saskibaloia.
    • - Kategoria, joko eremua eta eremu horretan gehienez ere aritu daitekeen ikasle kopurua:
      Kategoria Joko eremua Ikasle kop.
      Benjaminak Kirol anitzeko zelaiaren 1/3 16-20 ikasle
      Alebinak Kirol anitzeko zelaiaren 1/3 16-20 ikasle
      Infantilak Kirol anitzeko zelaiaren 1/2 16-20 ikasle
      Kadeteak Kirol anitzeko zelaiaren 1/2 16-20 ikasle

    Eskatutako titulazioak

    Titulazioak

    Orokorrak Espezifikoak
    Hastapen unitateko arduraduna - Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziatura - Saskibaloiko goi mailako kirol teknikaria edo baliokidea
    Teknikari irakaslea

    - Irakasle diplomatura; espezialitatea: gorputz hezkuntza

    - Jarduera fisikoko eta kiroleko teknikari animatzailea

    - Saskibaloiko kirol teknikaria (1. maila) edo baliokidea

    - Saskibaloiko kirol teknikaria (2. maila) edo baliokidea

    - Saskibaloian hasteko monitorea- GKPko monitorea

    - Eskola kiroleko monitorea- Balio bereko prestakuntza edo egokitzapena*

    • * Orain arte udal entitateek, federazioek eta abar prestakuntza ez arautua eskaini izan dutenez, lortutako titulazio batzuen baliokidetasunak edo gaikuntzak ezarriko dira dagokion organoan.
  • b) Eskubaloia.
    • - Kategoria, joko eremua eta eremu horretan gehienez ere aritu daitekeen ikasle kopurua:
      Kategoria Joko eremua Ikasle Kop.
      Benjaminak Kirol anitzeko zelaiaren 1/3 14-16 ikasle
      Alebinak Kirol anitzeko zelaiaren 1/3 14-16 ikasle
      Infantilak Kirol anitzeko zelaiaren 1/2 14-16 ikasle
      Kadeteak Kirol anitzeko zelaiaren 1/2 14-16 ikasle

    Eskatutako titulazioak

    Titulazioak

    Orokorrak Espezifikoak
    Hastapen unitateko arduraduna - Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziatura - Eskubaloiko goi mailako kirol teknikaria edo baliokidea
    Teknikari irakaslea

    - Irakasle diplomatura; espezialitatea: gorputz hezkuntza

    - Jarduera fisikoko eta kiroleko teknikari animatzailea

    - Eskubaloiko kirol teknikaria (1. maila) edo baliokidea

    - Eskubaloiko kirol teknikaria (2. maila) edo baliokidea

    - GKPko monitorea

    - Eskola kiroleko monitorea

    - Balio bereko prestakuntza edo egokitzapena*

    • * Orain arte udal entitateek, federazioek eta abar prestakuntza ez arautua eskaini izan dutenez, lortutako titulazio batzuen baliokidetasunak edo gaikuntzak ezarriko dira dagokion organoan.
  • c) Futbola.
    • - Kategoria, joko eremua eta eremu horretan gehienez ere aritu daitekeen ikasle kopurua:
      Kategoria Joko eremua Ikasle kop.
      Benjaminak Futbol zelaiaren 1/4 12-15 ikasle
      Alebinak Futbol zelaiaren 1/4 12-15 ikasle
      Infantilak Futbol zelaiaren 1/3 12-15 ikasle
      Kadeteak Futbol zelaiaren 1/3 12-15 ikasle

    Eskatutako titulazioak

    Titulazioak

    Orokorrak Espezifikoak
    Hastapen unitateko arduraduna - Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziatura - Futboleko goi mailako kirol teknikaria edo baliokidea
    Teknikari irakaslea

    - Irakasle diplomatura; espezialitatea: gorputz hezkuntza

    - Jarduera fisikoko eta kiroleko teknikari animatzailea

    - Futboleko kirol teknikaria (1. maila) edo baliokidea

    - Futboleko kirol teknikaria (2. maila) edo baliokidea

    - Futboleko monitorea

    - Eskola kiroleko monitorea- Balio bereko prestakuntza edo egokitzapena*

    • * Orain arte udal entitateek, federazioek eta abar prestakuntza ez arautua eskaini izan dutenez, lortutako titulazio batzuen baliokidetasunak edo gaikuntzak ezarriko dira dagokion organoan.
  • d) Areto futbola.
    • - Kategoria, joko eremua eta eremu horretan gehienez ere aritu daitekeen ikasle kopurua:
      Kategoria Joko eremua Ikasle kop.
      Benjaminak Kirol anitzeko zelaiaren 1/3 12-14 ikasle
      Alebinak Kirol anitzeko zelaiaren 1/3 12-14 ikasle
      Infantilak Kirol anitzeko zelaiaren 1/2 12-14 ikasle
      Kadeteak Kirol anitzeko zelaiaren 1/2 12-14 ikasle

    Eskatutako titulazioak

    Titulazioak

    Orokorrak Espezifikoak
    Hastapen unitateko arduraduna - Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziatura - Areto futboleko goi mailako kirol teknikaria edo baliokidea
    Teknikari irakaslea

    - Irakasle diplomatura; espezialitatea: gorputz hezkuntza

    - Jarduera fisikoko eta kiroleko teknikari animatzailea

    - Areto futboleko kirol teknikaria (1. maila) edo baliokidea

    - Areto futboleko kirol teknikaria (2. maila) edo baliokidea

    - Areto futboleko monitorea- Eskola kiroleko monitorea

    - Balio bereko prestakuntza edo egokitzapena*

    • * Orain arte udal entitateek, federazioek eta abar prestakuntza ez arautua eskaini izan dutenez, lortutako titulazio batzuen baliokidetasunak edo gaikuntzak ezarriko dira dagokion organoan.
  • e) Errugbia.
    • - Kategoria, joko eremua eta eremu horretan gehienez ere aritu daitekeen ikasle kopurua:
      Kategoria Joko eremua Ikasle kop.
      Benjaminak Errugbi zelaiaren 1/4 14-16 ikasle
      Alebinak Errugbi zelaiaren 1/4 14-16 ikasle
      Infantilak Errugbi zelaiaren 1/3 14-16 ikasle
      Kadeteak Errugbi zelaiaren 1/3 14-16 ikasle

    Eskatutako titulazioak

    Titulazioak

    Orokorrak Espezifikoak
    Hastapen unitateko arduraduna - Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziatura - Errugbiko goi mailako kirol teknikaria edo baliokidea
    Teknikari irakaslea

    - Irakasle diplomatura; espezialitatea: gorputz hezkuntza

    - Jarduera fisikoko eta kiroleko teknikari animatzailea

    - Errugbiko kirol teknikaria (1. maila) edo baliokidea

    - Errugbiko kirol teknikaria (2. maila) edo baliokidea

    - Errugbiko monitorea- Eskola kiroleko monitorea

    - Balio bereko prestakuntza edo egokitzapena*

    • * Orain arte udal entitateek, federazioek eta abar prestakuntza ez arautua eskaini izan dutenez, lortutako titulazio batzuen baliokidetasunak edo gaikuntzak ezarriko dira dagokion organoan.

III. eranskina
Kirol hastapeneko unitateen erantzukizun zibileko aseguruaren mugak eta frankiziak.

  • a) Mugak:
    • - Gorputzeko kalteak eta kalte moralak: 125.000 euro biktimako eta 375.000 euro ezbeharreko.
    • - Kalte materialak: 100.000 euro ezbeharreko.
  • b) Frankiziak:
    • - Zenbatekoaren milako bat edo 12.000 euro.