2008ko apirilaren 29ko 29/08 FORU DEKRETUA, adineko pertsona ezinduen ardura duten familiei laguntzeko Sendian programa onesten duena.

Iraupen bertsioak

   Imprimatu

2008ko apirilaren 29ko 29/08 FORU DEKRETUA, adineko pertsona ezinduen ardura duten familiei laguntzeko Sendian programa onesten duena.

BOG 5 Maiatza 2008

Helburua zelarik familiei laguntzea adineko ezinduak etxean eduki zitzaten, Sendian programa abian jartzeko lehen saiakerak Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalerri jakin batzuetan egin ziren, 1996ko apirilaren 16ko 37/96 Foru Dekretuaren bidez. Geroago, beste udalerri batzuetara zabaldu zen 1997ko martxoaren 4ko 17/97 Foru Dekretuaren bidez, eta azken arautze saioa, berriz, 2000ko uztailaren 18ko 72/00 Foru Dekretuaren bidez egin zen. Foru dekretu horiei esker, ekimen jakin batzuk gauzatu dira. Esate baterako, familien xederako prestakuntza eta laguntza psikologikoa, eta hainbat laguntza tekniko eta ekonomiko eta zerga pizgarriak, ahaztu gabe eguneko zentroetako atseden egonaldiak eta aldi baterako egoitzak.

2000ko uztailaren 18ko 72/00 Foru Dekretuko programari zegokion araudia aldatu egin da 2006ko abenduaren 14ko 39/06 Legea, autonomia pertsonala sustatzeari eta besteen beharrean dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa, indarrean sartu zenez geroztik, eta, batez ere, 2007ko azaroaren 20ko 133/07 Foru Dekretua, aipatu legeko prestazio ekonomikoak Gipuzkoako Lurralde Historikoan arautzen dituena, onartu zenez geroztik.

Aurrekoarekin bat etorriz, Sendian programaren arautegi berrian ez dira 2000ko uztailaren 18ko 72/00 Foru Dekretuko laguntzak sartzen, foru dekretu horretako laguntzen eskaerak 2007ko azaroaren 30ko 133/07 Foru Dekretuaren bidez egin behar direnez gero. Era berean, laguntza teknikoak eta atseden luzea izeneko laguntza ere Sendian programatik atera dira, Gizarte Politikako Departamentuak horiei buruzko arautegiak egingo baititu berariaz.

Beste aldetik, foru dekretu honi darion asmo orokorra azpimarratu behar da, baldintzak betetzen dituen edonori emango baitzaio Sendian programan sartzeko aukera, zein udalerritan bizi den kontuan hartu gabe. Ikuspuntu berri hori dela eta, orain ez da beharrezkoa Foru Aldundiaren eta herrialdeko udalen artean lankidetza instituzionaleko hitzarmenak izenpetzea, aurreko arautegian egiten zen bezala. Hau da, Gizarte Politikako Departamentuaren berezko baliabidea izango da Sendian programa, nahiz eta herritarrek udaletako oinarrizko gizarte zerbitzuetara jo beharko duten zerbitzuaz baliatzeko.

Azkenik, kontuan hartu behar da indarrean sartu dela 2007ko martxoaren 27ko 3/07 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko diru laguntzei buruzkoa. Izan ere, kasu honetan diru laguntzei buruzko foru araua beteko dela dio 2.3 artikuluak, 2. paragrafoan, hitzez hitz: Laguntza hori ondasun edo eskubideak emanez edo zerbitzuak prestatuz gauzatzen bada horiek eskuratu edo kontratatzeko helburu bakarra hirugarren pertsonen esku jartzea izan denean, foru arau honetan ezarritakoa aplikatuko da. Kasu hori aplikagarria da foru dekretu honetako baliabideen tipologia kontuan hartuta eta, hartara, Gizarte Politikako Departamentuak indarrean dagoen legeria beteko du baliabide horiek kontratatzean.

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren diru laguntzei buruzko 2007ko martxoaren 27ko 3/07 Foru Arauko 20.3.c) artikuluan xedatutakoa betez, zuzenean ematekoak diren laguntzak dira programa honetako baliabideak, daukaten helburu soziala daukatenez eta baldintzak betetzen dituzten guztien eskubide unibertsalekoak direnez. Horregatik, bada, laguntzok emateko ez da deialdirik egingo eta eskaerak edozein unetan aurkez daitezke, arau hauek indarrean dauden bitartean.

Beste aldetik, laguntza-mota hauek bezalakoak zehaztu gabeko pertsona talde bati zuzenduta daudenean, Diputatuen Kontseiluak dekretu bidez arau bereziak onartuko ditu kasuan kasuko diru laguntzei buruz, foru arau horretako 27.2 artikuluan xedatzen denaren arabera. Eta helburu horri erantzuteko onartzen da foru dekretu hau. Hau da, foru dekretu honen bidez, aipatu ditugun arau-aldaketara moldatzen dugu aurreko Sendian programa eta programaren arautegi berria erabakitzen da.

Hori dela eta, Gizarte Politikako Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran aldez aurretik eztabaidatu eta erabakirik,

XEDATZEN DUT

1. artikulua. Xedea.

1. Sendian programaren xedea da etxean adineko ezgaituren bat duten familiei laguntza jakin batzuk ematea eta, hartara, familiaren baitako egokitzapen-arazoak saihesten, ohiko elkarbizitza egiten eta adinekoaz arduratzen laguntzea.

Foru dekretu honen ondorioetarako, familiatzat hartzen da adinduarekin etxe berean bizi ohi den pertsona taldea. Nahiz eta adineko ezgaituarekin ez bizi, ageriko babesa ematen dioten eta ohiko bizi-inguruan mantentzen laguntzen dioten familiak ere programaren onuradun izan daitezke, salbuespenez. Kasu horretan, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen txostena aurkeztu behar da.

2. Sendian programak baliabide hauek ditu:

  • a) Prestakuntza ikastaroak. Jakintza-arlo jakin batzuez osatutako saio teorikoak eta praktikok dira. Jakintza horiei esker, familiek laguntza egokiagoa eman ahal diote adinekoari eta beren zaintzailetza berme batekin egin ahal dute. Helburu informatiboa, heziketa helburua eta helburu terapeutikoa dutelarik, medikuntzari, erizaintzari, psikogeriatriari, legeei eta gizarte baliabideei buruzko gaiak ematen dira.
  • b) Laguntza taldeak. Arazo bera duten pertsonen arteko laguntza eraginkorra dela begien bistakoa delako, eta irtenbide egokiak bilatzean jendeak bere berezko baliabideez jabetzeak garrantzia duelako, sortutako laguntza taldeak, adierazpenari, komunikazioari eta partaidetzari bidea eginez. Talde horiek, oldar-trebetasunak irakasten, gatazkak konpontzen eta erruduntasunak askatzen aditua den profesional batek zuzentzen ditu.
  • c) Laguntza psikologikoa. Zaintzaileek eta adineko ezinduarekin bizi diren edo haren kargu zuzena duten familiek traba psikologiko handiak izan ditzakete zenbaitetan, eta baita gizarteko nahiz familiako harremanak hondatzeko arriskua ere. Hori dela eta, banakako laguntza psikologikoa eskaintzen zaie egoerari aurre egiteko laguntzaren behar handia dutenei (10 saio izaten dira gehienez; inoiz baita 12 ere, salbuespenez).
  • d) Aste bukaeretan eta jaiegunetan egoitzan hartzea. Hilean behingo egonaldiak adinekoentzako egoitzetan (bost egunez gehienez). Helburua da familiak zaintza zereginetik libratzea maiztasun jakin batekin eta, aldi berean, adineko ezinduari kalitatezko arreta ziurtatzea.
  • e) Aste bukaeretan eta jaiegunetan egunez laguntzea. Adinekoentzako egonaldiak eguneko zentroetan. Helburua da familiari egunean zehar arintzea adinekoa zaintzeak dakarkion zama eta, aldi berean, adineko ezinduari ziurtatzea bere eguneko beharrei erantzungo dien ingurunea. Baliabide horretaz baliatzeko maiztasuna mugatu ahalko da, baldin eta adinekoari astegunetan ere ematen bazaio eguneko zerbitzu hori.

2. artikulua. Laguntzak eskuratzeko onuradunek bete behar dituzten baldintzak.

1. Laguntza hauen helburu soziala aintzat harturik, ez dira kontuan hartuko Gipuzkoako Lurralde Historikoko diru-laguntzei buruzko 2007ko martxoaren 27ko 3/07 Foru Arauak 12. artikuluan aipatzen dituen debekuak.

2. Beren etxean adineko ezgaituren bat beren kargu hartu eta zaintzen duten familiak balia daitezke Sendian programaz. Aurreko baldintzaz gain, beste hauek ere bete behar dira:

  • a) Adineko ezgaituak Gipuzkoako Lurralde Historikoan egon behar du erroldatuta, bi urteko antzinatasunarekin gutxienez.
  • b) Adineko ezgaitua zaintzen duen familiarekin bizi dela egiaztatu behar da.

Salbuespenez, elkarbizitzaren baldintza ez eskatzea erabaki daiteke, baldin eta udaleko gizarte zerbitzuen gizarte txostenaren arabera behar bezala egiaztatzen bada eskatzaileak adineko ezindua zaintzen duela eta laguntza zuzena ematen diola.

Artikulu honetako 2. puntuan xedatutakoaren ondorioetarako, adineko ezindua da Gipuzkoako Foru Aldundiak halakotzat hartutakoa mendekotasuna baloratzeko egungo baremoaren arabera.

3. artikulua. Onuradunen ekarpenak.

1. Aste bukaeretan eta jaiegunetan egoitzan hartzea eta aste bukaeretan eta jaiegunetan egunez laguntzea izeneko baliabideen kasuan (1.2 artikulua, d eta e letrak), hauek dira erabiltzaile bakoitzak egunean ordaindu beharrekoa:

  • a) Aste bukaeretan eta jaiegunetan egoitzan hartzea.
    • - Hilean 582,40 euroko edo gutxiagoko diru sarrera dutenak: 14 euro/eguneko.
    • - Hilean 582,40 euro baino gehiagoko diru sarrera dutenak: 22 euro/eguneko.

    Diru sarrera kalkulatzeko, adineko erabiltzailearen urteko pentsioa bakarrik hartuko da kontuan eta urteko hori 12 hilekotan hainbanatuko da. Senar-emazteen edo legez eraturiko izatezko bikoteen kasuan diru sarrera jakiteko, bien pentsioak batu eta batuketa bitan zatituko da.

  • b) Aste bukaeretan eta jaiegunetan egunez laguntzea: 10 euro.

2. artikulu honetako 1.a) puntuan aipatzen den hileko diru sarrera urtero eguneratuko da, pentsio publikoek izanen duten urteko igoera orokorraren arabera.

4. artikulua. Eskaerak nola eta noiz aurkeztu behar diren.

1. Eskaera interesatuak berak izenpetu behar du, edo, bestela, legeek onartutako moduetatik edozeinen bidez haren ordezkaritza egiaztatzen duenak. Edozein eratara, bai eskaera bai espedientea adineko ezinduari buruzkoak izango dira.

2. Norbera bizi den udalerriko gizarte zerbitzuen bidez egin behar da eskaera, eredu arautu baten arabera. Gizarte zerbitzu horiek, berriz, programan sartzeko eskatzaileak beharrik baduen eta baldintzak betetzen dituen aztertuko dute eta eskaera Gizarte Politikako Departamentura bidaliko dute, 2. artikuluko baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioarekin batera.

Sendian programari buruzko informazioa Gizarte Politikako Departamentuaren web orrian eta udaletako gizarte zerbitzuetan egongo da.

3. Eskatzaileek ez dituzte aurkeztu behar izango Gizarte Politikakako Departamentuaren eskuetan dauden agiriak, non eta ez diren bost urte baino gehiago igaro delako agiriari dagokion prozedura amaitu zenetik, 1992ko azaroaren 26ko 30/92 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 35.f) artikuluan xedatutakoaren arabera. Horregatik bada, agiri bakoitza non eta zein organo edo bulegotan aurkeztu zen adierazi behar da eskaera inprimakian. Dokumentazio hori eskuratzea guztiz ezinezkoa denean, agiriok beste modu batera aurkeztea edo, bestela, baldintzak beste modu batera egiaztatzea eska dakioke eskatzaileari Gizarte Politikako Departamentuak.

4. Eskaeran edo eskaerarekin batera aurkeztu behar den dokumentazioan identifikazioko datuak ez badira jarri, akatsak egin badira edo osatu gabe utzi badira, oker dagoena 10 eguneko epean zuzendu dezan eskatuko zaio eskatzaileari, 1992ko azaroaren 26ko 30/92 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 71.1 artikuluan xedatutakoa betez. Eskatzaileak ez badu eskatu zaiona betetzen, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko da, aipatu Legeko 42.1 artikuluaren arabera.

5. Laguntzok izaera berezikoak direnez gero, eta baldintzak betetzen dituzten guztien eskubide unibertsalekoak direnez gero, horiek emateko ez da deialdirik egingo. Hartara, arau hauek indarrean dauden bitartean, laguntza eskaerak edozein unetan aurkez daitezke.

5. artikulua. Onarpen prozedura.

Kontuan harturik foru dekretu honetako 4. artikuluko 5. puntuan adierazitako gorabeherak, zuzeneko prozeduraren bidez emango dira laguntzak, 2007ko martxoaren 27ko 3/07 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren diru laguntzei buruzkoak, 20.3.c) artikuluan xedatutakoaren arabera.

6. artikulua. Finantzazioa.

Onuradunei 1.2 artikuluko baliabideak eskaintzeko hitzartu edo kontratatu behar diren zerbitzuak finantzatzeko kredituak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren ekitaldi jakin bakoitzeko aurrekontua onartzen duen foru arauan erabakiko dira, 2007ko martxoaren 27ko 3/07 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren diru laguntzei buruzkoak, 2.3 artikuluko bigarren eta hirugarren paragrafoetan xedatutakoa betez.

7. artikulua. Prozedura antolatu eta izapidetzeko eskumena duen organoa.

Gizarte Zerbitzuetako Laguntza eta Sarrera Zerbitzua da prozedura izapidetuko duen organoa. Hala, behar besteko jarduketa egingo ditu ofizioz, ebazpen proposamena egiteko behar dituen datuak erabaki, ezagutu eta egiaztatzearren.

8. artikulua. Laguntza emateko ebazpena.

1. Aurkeztu zaion proposamena aurrean duelarik, Gizarte Politikako Departamentuko kasuan kasuko zuzendaritza nagusiak erabakiko du eskatu den prestazioa onartu edo ez onartu.

2. Ebazpena idatzi eta jakinarazteko epea sei hilekoa izango da gehienez, eskaera udal gizarte zerbitzuetan aurkezten denetik kontatuta. Gehienezko epe hori berariazko ebazpena jakinarazi gabe iragaten bada, eskaera ez zaiola onartu ulertu behar du interesatuak.

9. artikulua. Onuradunen betebeharrak eta konpromisoak.

Onuradunak behartuta daude Gizarte Politikako Departamentuak foru dekretu honetako laguntzen testuinguruan eskatzen dien informazioa ematera.

10. artikulua. Laguntzak jasotzeko eskubidea galtzea.

Onuradunak ez badu betetzen foru dekretu honetan eta gainontzeko araudi aplikagarrian ezarrita dauden baldintzetakoren bat, eta, bereziki, laguntzak onartzeko kontuan hartu zitzaizkion inguruabarretako bateren bat aldatzen bazaio, laguntzok jasotzeko eskubidea galduko du erabat edo neurri batean, eta legozkiokeen erantzukizunak eskatuko zaizkio, 2007ko martxoaren 27ko 3/07 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren diru laguntzei buruzkoak, 49. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera.

Xedapen iragankorra

2007ko uztailaren 18ko 72/00 Foru Dekretuaren arabera Sendian programaren onuradun direnek, onuradun izaten jarraituko dute foru dekretua hau indarrean sartzen denean.

Xedapen indargabetzailea

Indargabeturik geratzen dira foru dekretu honetan xedatutakoaren aurka doazen maila bereko edo baxuagoko arau guztiak, eta bereziki hauek: 2000ko uztailaren 18ko 72/00 Foru Dekretua, adineko pertsona ezinduen ardura duten familiei laguntzeko Sendian Programa onesten duena; eta 2002ko abenduaren 30eko 758/02 Foru Agindua, Sendian programako zerbitzu eta prestazioen prezioak, baremo ekonomikoak eta erabiltzaileen ekarpenak onartzen dituena. Hala eta guztiz ere, atseden luzea laguntzari buruz azken bi arauotan xedatutakoa ez da aldatuko, baliabide horren prestazioari buruz arautegi berria egin bitartean.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Amaierako lehen xedapena

Gizarte Politikako Departamentuko foru diputatuari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau gauzatu eta burutzeko behar diren egintza eta xedapenak erabaki ditzan.

Amaierako bigarren xedapena

Foru dekretu honetako baliabideak gauzatzeko, Gizarte Politikako Departamentuak behar besteko lankidetza hitzarmen egin ditzake erakunde publikoekin nahiz pribatuekin.

Amaierako hirugarren xedapena

Hauek izango dira laguntzon gida-arauak: Foru dekretu hau; Gipuzkoako Lurralde Historikoaren diru laguntzei buruzko 2007ko martxoaren 27ko 3/07 Foru Araua eta arau hori garatzen duten xedapenak.

Amaierako laugarren xedapena

Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.