25/2009 Foru Dekretua, uztailaren 21ekoa: 2006ko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak ezarritako prestazio ekonomikoak arautzen dituena.

Gorde / Erakutsi iruzkinak    Imprimatu

25/2009 Foru Dekretua, uztailaren 21ekoa: 2006ko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak ezarritako prestazio ekonomikoak arautzen dituena.

BOG 4 Abuztua 2009

ZIOEN AZALPENA

2007ko azaroaren 20ko 133/2007 Foru Dekretuak, prestazio ekonomiko hauek zer baldintzatan emango diren arautzen du: Familia inguruneko zaintzetarako zein profesionalak ez diren zaintzaileei laguntzeko prestazio ekonomikoa, laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa, eta zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa. Autonomia pertsonala sustatzeari eta besteen beharrean dauden pertsonak zaintzeari buruzko 2006ko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak 17., 18. eta 19. artikuluetan aurreikusitako prestazio ekonomikoak dira horiek.

Urte bat baino gehiago iragan da aipatu Foru Dekretua onartu zenetik, eta hura aldatu egin behar dela ikusi dugu. Izan ere, aldi horretan aurkeztu diren eskaerak ebaztean jaso dugun esperientziak zera erakutsi digu: 133/200 Foru Dekretuaren egungo idazketak hainbatetan interpretazio desberdinak eragiten dituela eta Foru Dekretuak ez diela gizarte egoera batzuei erantzuten.

Hori dela eta, Diputatuen Kontseiluak, Gizarte Politikako Departamentuko foru diputatuak proposatuta eta gaur egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, zera

XEDATZEN DUT

I KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1 artikulua. Xedea.

Gipuzkoako Lurralde Historikoan mendekotasun egoeran dauden pertsonen laguntza eta zaintzarako prestazio ekonomikoak arautzen ditu Foru Dekretu honek.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru dekretu hau aplikagarria izango zaio mendekotasun egoeran dagoen eta Autonomia pertsonala sustatzeari eta besteen beharrean dauden pertsonak zaintzeari buruzko 2006ko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen arabera eskubidea duen edonori.

3. artikulua. Prestazio ekonomikoak.

Foru dekretu honetan arautzen diren prestazio ekonomikoak 39/2006 Legeko 17, 18 eta 19. artikuluetan jasotakoak dira; zehazki, hauek:

  • a) Familia inguruneko zaintzetarako zein profesionalak ez diren zaintzaileei laguntzeko prestazio ekonomikoa: Mendekotasunean dagoen pertsonari bere familia ingurunean zaintzaile ez profesionalek lagundu diezaioten ezartzen da.
  • b) Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa: Mendekotasun handiko pertsonei hezkuntza edo lana eskuragarri egingo dien eta eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretan autonomia handiagoa emango dien laguntzaile pertsonal bat kontratatzeko ezartzen da.
    Noiztik aurrera: 2013/01/26
    3. artikuluko b) letra, Mendekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia pertsonala sustatzeari eta pertsona horiek zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean ezarritako prestazio ekonomikoak arautzeko uztailaren 21eko 25/2009 Foru Dekretua aldatzen duen urtarrilaren 22ko 2/2013 Foru Dekretuaren [GIPUZKOA] artikulu bakarreko 1. apartatuak idatzitakoa («G.A.O» urtarrilak 25).
  • c) Zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa: Mendekotasuna duen pertsonaren laguntza eta zaintzarako zerbitzu bat eskuratzeko ezartzen da. Ezarritako eskakizun guztiak bete arren zerbitzu publiko edo itundurik lortu ezin izan den kasuetan bakarrik aitortuko da prestazio honetarako eskubidea.

4. artikulua. Prestazio bateragarriak eta bateraezinak, eta kenkariak.

1. Foru dekretu honetan arautzen diren prestazio ekonomikoak elkarrekin bateraezinak dira; hau da, horietako edozein jasoz gero, besteetako bat bera ere ezin da jaso.

2. Hala ere, Foru Dekretu honetan arautzen diren prestazio ekonomikoak bateragarriak dira onuraduna gizarte zerbitzuren bateko itxaron zerrendan egotearekin, edozein zerbitzu publiko edo itundu izanda ere, egoitza barne.

3. Prestazio ekonomiko horiek jasotzea eta, aldi berean, beste gizarte zerbitzu publiko edo itunduren bat ere jasotzea bateragarria edo bateraezina den, taula honetan azaltzen da:

ZerbitzuakPrestazio Ekonomikoa
Egoitza arreta iraunkorra Bateraezina
Etxez Etxeko Zerbitzu Intentsiboa, 1989ko abenduaren 5eko 58/1989 Foru Dekretuan arautua Bateraezina
Eguneko zentroa Bateragarria
Arreta okupazionala Bateragarria
Denboraldirako egonaldiakBateragarria denboraldi batean
Teleasistentzia Bateragarria
Gizarte eta osasun zentroak, psikiatria zentroak eta antzekoak Bategarria denboraldi batean

4. Zerbitzu iraunkorra egoitza zentro pribatuan jasotzen duenean ere mendeko pertsonak ezingo du laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikorik jaso.

5. Prestazio ekonomikoak eta beste zerbitzu hauetakoren bat aldi berean jasoz gero (eguneko zentroko zerbitzua; arreta okupazionala; aldi baterako egonaldiak; zentro sozio-sanitarioko egonaldiak; psikiatria zentroetako egonaldiak; eta antzekoak), prestazioa eten egingo da edo, bestela, prestazio ekonomikoari kenketa hau egingo zaio:

  • - Eguneko zentroko zerbitzua eta arreta okupazionala: %50eko kenketa.
  • - Aldi baterako egonaldiak; zentro sozio-sanitarioko egonaldiak; psikiatria zentroetako egonaldiak; eta antzekoak:
    • Bi hilabete baino gehiagoko egonaldiak etenik gabe: Aldi baterako etetea.

6. Gizarte babeseko sistema publikoan ezarrita dagoen izaera eta xede berdintsuko beste prestazioren bat jasotzen bada, haren zenbatekoa ere kendu egingo da, 39/2006 Legeko 31. artikulua betez. Zehazki, kenkaritzat hartuko dira hauek:

  • a) Erabateko ezintasun iraunkorreko pentsioaren baliaezintasun handiaren osagarria (1994ko ekainaren 20ko Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren Testu Bateratua onartzen duen 1/1994 Legegintzako Errege Dekretua -labur, Gizarte Segurantzaren Legea-, 139.4 artikulua).
  • b) Norberaren kargura 18 urtetik gora eta %75 edo gehiagoko minusbaliotasuna duen seme-alabengatik ematen den diru kopurua (arestian aipatutako Gizarte Segurantzaren Legeko 182 bis 2.c artikulua).
  • c) Beste norbaiten beharragatik ematen den baliaezintasuneko kotizatu gabeko pentsioaren osagarria (arestian aipatutako Gizarte Segurantzaren Legeko 145.6 artikulua).
  • d) Beste norbaiten laguntza beharragatik emandako subsidioa, 13/1982 Legearen araberakoa (1982ko apirilaren 7koa, Minusbaliatuak gizarteratzeari buruzkoa).

5. artikulua. Onuradunak.

1. Foru dekretu honetan arautzen diren laguntzak jasotzeko, beharrezkoa da mendekotasun egoeran dagoen eta 39/2006 Legearen arabera eskubidea duen pertsona izateaz gainera, eskaera aurkezteko egunean eskakizun hauek betetzea:

  • a) Nazionalitate espainola izatea eta Estatuko lurraldean bizi izatea gutxienez bost urtez, horietatik bi behintzat eskaera aurkeztu aurreko biak izanda.

    Bost urtetik beherako umeen kasuan, eskakizun hori umea zaintzeko ardura dutenek bete beharko dute.

  • b) Gipuzkoan erroldatuta egotea eta bertan bizitzea.
  • c) 39/2006 Legeko zerbitzu eta prestazioak benetan jasotzeko eskubidea ematen duten gradu eta mailaren batean baloratua egotea, lege hori ezartzeko egutegiaren barnean.
    Noiztik aurrera: 2013/01/26
    5. artikuluaren 1. apartatuko c) letra, Mendekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia pertsonala sustatzeari eta pertsona horiek zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean ezarritako prestazio ekonomikoak arautzeko uztailaren 21eko 25/2009 Foru Dekretua aldatzen duen urtarrilaren 22ko 2/2013 Foru Dekretuaren [GIPUZKOA] artikulu bakarreko 2. apartatuak idatzitakoa («G.A.O» urtarrilak 25).
  • d) Foru ddekretu honen gai diren prestazio ekonomiko bakoitzerako ezarrita dauden eskakizunak betetzea.

2. Estatura itzulitako emigrante espainiarrek ez dute a) ataleko eskakizuna bete beharrik onuradun izateko.

Nazionalitate espainola izan gabe beste eskakizun horiek guztiak betetzen dituztenei, indarrean dagoen araudia, nazioarteko itunak eta jatorrizko herrialdearekin egindako hitzarmenak aplikatuko zaizkie. Atzerritar adingabeei dagokienez, adingabeei buruzko legeetan eta nazioarteko itunetan xedatutakoa beteko da.

6. artikulua. Prestazio ekonomikoen zenbatekoa.

1. Urtero Diputatuen Kontseiluaren erabaki bidez ezarriko dira Foru Dekretu honetan arautzen diren prestazio ekonomikoen gehieneko zenbatekoak, prestazio mota bakoitzerako eta mendekotasun gradu eta maila bakoitzerako.

Noiztik aurrera: 2013/01/26
6. artikuluko 1. apartatua, Mendekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia pertsonala sustatzeari eta pertsona horiek zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean ezarritako prestazio ekonomikoak arautzeko uztailaren 21eko 25/2009 Foru Dekretua aldatzen duen urtarrilaren 22ko 2/2013 Foru Dekretuaren [GIPUZKOA] artikulu bakarreko 3. apartatuak idatzitakoa («G.A.O» urtarrilak 25).
Ikusi,2009rako mendekotasunetik eratorritako prestazio ekonomikoen gehieneko diru kopuruak zehazteko Iragarkia [GIPUZKOA] («G.A.O.» martxoak 13).

2. Onuradun bakoitzari dagokion prestazioaren zenbatekoa kalkulatzeko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpeneko etekinak hartuko dira kontuan. Kalkulu horretan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudiak aintzat hartzen dituen oinarri zergagarri guztietako etekinen batura kontuan hartuko da. Etekin horiek Ogasun Publikoak egiaztatzen baditu, errendimendu egiaztatuak hartuko dira aintzat, eta ez aitortuak.

Ondorio hauetarako, eskaerari buruzko ebazpena emateko garaian interesatuari ezagutzen zaion Ogasun eta Finantza Departamentuan aurkeztutako -edo aurkeztu gabeko- egutegiaren araberako azken aitorpena kontuan hartuko da, baldin eta Gizarte Politikako Departamentuak aitorpeneko datuetara sarbiderik badu.

Prestazioak eguneratu egin behar direnez Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan aitortutako etekinen arabera, urtean behin, urtarrilean, berrikusi egingo dira onartuta dauden prestazio guztiak, aurreko urteko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan aitortutako etekinak kontuan hartuta.

Zerga horren aitorpenik egin behar ez dutenek, egiaztatu egin behar dute hala dela.

Foru Dekretu honetan adierazitako edozein elkarbizitza unitateko kideek ez badute errenta aitorpenik egiten eta ez badute zerga horretatik salbuetsita daudela egiaztatzen, lanbide arteko gutxieneko soldataren %400 baino handiagoko urteko errenta egotziko zaie.

Baldin eta prestazioaren hasierako eskaera ebaztean edo prestazioaren urtarrileko berrikuspena egitean onuradunari egozten bazaio lanbide arteko urteko gutxieneko soldataren % 400 baino handiagoko urteko errenta, errenta aitorpenik ez duelako egin eta zerga horretatik salbuetsita egotea ez duelako egiaztatu, eta baldin eta geroago jakinarazten badu errenta aitorpena egin duela eta aitorpen horren arabera prestazioa aldatu behar baldin bazaio, jakinarazpena egin eta hurrengo hiletik hasita ordainduko zaio prestazio berria.

Onuradunak ezkontidea edo maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen araberako izatezko bikotekidea baldin badauka, bi bikotekideen sarreren baturaren erdia hartuko da errenta pertsonaltzat.

Onuradunak bere kargu eta kontura bizi diren guraso edo aurrekoak edo 30 urtetik beherako edo ezgaitutako ondorengoak baldin badauzka, haren ahalmen ekonomikoa kalkulatzeko, bera gehi ezkontidea edo 2/2003 Legearen araberako bikotekidea, gehi bere kontura bizi direnak zenbat diren, hainbesteren artean zatituko da errenta.

Gorago definitu diren elkarbizitza unitateak zernahi direlarik ere, adingabeen gaitasun ekonomikoa jakiteko kalkulu hau egingo da: Onuraduna gehi berekin bizi diren gurasoak eta anaia-arreba adingabeak zenbat diren, hainbesteren artean zatituko dira guztienak batuta ateratzen diren etekinak.

3. Ondorengo taularen arabera jasoko da prestazioaren zenbatekoa osorik edo gutxituta. Hor aipatzen den Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS), prestazioaren kalkulua egiterakoan kontuan hartutako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenaren urtekoa da.

Onuradunaren etekinakGehieneko diru kopuruaren portzentajea
LGS baino %400 handiagoa %70
LGSko %300,01 eta %400 bitartekoa %80
LGSko %250,01 eta %300 bitartekoa %90
LGSko %250 edo txikiagoa %100

7 artikulua. Prozedura.

1. Eskaera aurkezteko tokia mendekotasun egoera duen pertsona bizi eta erroldatuta dagoen udalerriko Oinarrizko Gizarte Zerbitzua da.

Eskaera interesatuak berak nahiz haren ordezkari batek aurkez dezake. Ordezkari batek aurkeztekotan, horrek bere Nortasun Agiriaren fotokopia eta ordezkaritza egiaztatzen duen agiri bat eraman behar ditu eskaerarekin batera.

2. Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak egiaztatuko du eskatzaileak betetzen dituen ala ez Foru Dekretu honetan arautzen diren prestazioak jasotzeko ezarritako eskakizunak, eta, hala bada, egokitasun txostena egingo du.

3. Eskaera, behar bezala beteta, eta prestazio bakoitzari dagozkion eskakizunak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentura bidaliko dira.

4. Espedientea osatzean, eta Gizarte Politikako Departamentuko zerbitzu teknikoek aztertu eta irizpena eman ondoren, eskumena duen zuzendari nagusiak ebazpena emango du eskatutako prestazioa emanez edo ukatuz.

Prestazio ekonomikoaren eskaera aurkeztu eta ondorengo hiru hilabeteen barruan ebatzi eta jakinarazi beharko da ebazpena. Epe hori bukatu eta ez bada ebazpenik jakinarazi, interesatuek isiltasun administratiboaren bidez eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute.

Ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako foru diputatuari zuzendua.

8. artikulua. Prestazioak jasotzeko eskubidea aitortzea. Ondorio ekonomikoak.

1. Behin norbaiti prestazioa eman zaionean, prestaziorako eskubidea aitortuko zaio hura emateko arrazoiek dirauten bitartean eta horretarako dauden eskakizunak betetzen dituen bitartean, bai Foru Dekretu honetan ezarritakoak, bai bestelako araudi aplikagarriak ezartzen dizkionak.

2. Prestazioen sortzapena erregimen honen araberakoa izango da:

  • a) Prestazio ekonomikoaren eskaera aurkezten den egunean eskakizun guztiak betetzen badira, hurrengo hilaren lehen egunean sortuko da prestazioa jasotzeko eskubidea.
  • b) Prestazio ekonomikoaren eskaera aurkezten den egunean eskakizun guztiak ezin izan badira egiaztatu, eskakizun guztiak egiaztatzen diren egunaren hurrengo hilaren lehen egunean sortuko da prestazioa jasotzeko eskubidea.
  • c) Mendekotasuna baloratzeko baremoak emandako mendekotasun gradua edo maila aldatzen bada, dela ofizioz berrikusi ondoren, dela onuradunak eskatuta, orduan, gradua edo maila igotzen den kasuetan, mendekotasun gradua edo maila berrikusteko eskaeraren edo ofiziozko berrikuspenaren dataren hurrengo hileko lehen egunean sortuko da prestazio aldatua jasotzeko eskubidea, eta, gradua edo maila jaisten den kasuetan, mendekotasuna baloratzeko baremoaren emaitza berriari buruzko ebazpenaren dataren hurrengo hileko lehen egunean.
    Noiztik aurrera: 2013/01/26
    8. artikuluaren 2. apartatuko c) letra, Mendekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia pertsonala sustatzeari eta pertsona horiek zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean ezarritako prestazio ekonomikoak arautzeko uztailaren 21eko 25/2009 Foru Dekretua aldatzen duen urtarrilaren 22ko 2/2013 Foru Dekretuaren [GIPUZKOA] artikulu bakarreko 4. apartatuak idatzitakoa («G.A.O» urtarrilak 25).
  • d) Mendekotasuna duen norbaitek, erabaki honetan arautzen diren prestazioetakoren bat jasotzen ari dela, beste bietako bat eskatzen badu, aurreko prestazioaren zenbatekoa jasotzen jarraituko du, eskatu berriari dagokion ebazpena ematen den arte, hartarako eskubidea aitortzeko balio izan zuten eskakizunak artean betetzen baditu. Eskaera ebazten denean, eskaera hori egin den hilaren ondorengo hileko lehen egunean sortuko da prestazio berria jasotzeko eskubidea, baldin eta eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen badira egun horretan.

3. Prestazio ekonomikoak urtean hamabi hilabetetan, hila burututa, ordainduko dira, onuradunak adierazten duen kontura banku transferentzia eginez.

4. Salbuespenez, interesatuak berak edo haren ordezkariak eskatuta, Foru Aldundiak erabaki dezake prestazioa beste pertsona edo erakunde bati ordaintzea; segidan zehazten da zein kasutan eta nori ordainduko zaion:

  • a) Adingabea denean: Gurasoei edo legezko tutoreei.
  • b) Onuraduna legez ezgaituta dagoenean: Tutoreari.
  • c) Zerbitzuari lotutako prestazioetan: Zerbitzua ematen duen erakundeari.
  • d) Familia inguruneko zaintzetarako zein profesionalak ez diren zaintzaileei laguntzeko prestazio ekonomikoan: Zaintzaile ez profesionalari.

9. artikulua. Prestazioaren eskubidea aldatzea. Etenak.

1. Prestazioa aldatzeko kausa izango da prestazioa emateko oinarri izandako hasierako egoera aldarazten duen geroko edozein gertaera.

2. Prestazioa aldatzeko kausa gertatu eta hurrengo hileko lehenengo egunean hasiko da aldaketa eragina izaten, non eta delako prestazioa edo zerbitzua ez den hilaren lehen egunean onartu edo amaitu, kasu horretan hil horretan bertan izango baitu eragina.

3. Prestazioa aitortzeko eskatzen diren baldintzak ez badira aldi batean beteko, prestazio hori jasotzeko eskubidea etetea erabaki daiteke.

4. Prestazioa emateko eskumena duen organoak prestazioa kautelaz eten dezake, emateko oinarri izandako hasierako egoeran aldaketarik nabaritu badu, eta hiru hilabeteren barruan ebatzi behar du eskubideak iraungo duen, etengo den, edo iraungiko den.

10. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

1. Prestazio ekonomikoak emandako xederako baino ez erabiltzea.

2. Eskatzen zaien informazioa eta dokumentazioa ematea, prestazioak kudeatzeko baliagarria denean.

3. Konpromisoa hartzea prestazioaren xede den zerbitzua benetan bete dadin. Xede horretarako, hilabeteko epean jakinarazi beharko da gertatu den edozein aldaketa, horrek laguntza aldatzea, edo behin-behinekoz edo behin betikoz amaitzea eragiten badu. Zerbitzuak ematen dituen pertsona edo erakundearen aldaketa edo izen aldaketa ere jakinarazi beharko da, nahiz eta aldaketa hori erabakigarria ez izan.

4. Oker jasotako prestazioak edo okerreko zenbatekoan jasotakoak itzultzea.

5. Gipuzkoako Foru Aldundiari baimena ematea fitxategi automatizatuetan dauden datu pertsonalak, ekonomikoak, sanitarioak eta sozialak erabil ditzan Gizarte Politikako Departamentuaren eginkizunetarako nahiz beste xede batzuetarako, hala nola, estatistikak egiteko eta ikerketa zientifikorako, datu pertsonalen babeserako araudiak aurreikusten duenaren barnean.

6. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuari baimena ematea beste departamentu edo administrazio publiko batzuek fitxategietan duten informazioa eskatu ahal izateko, eskatzaileak emandako datuak egiaztatze aldera, eta Foru Dekretu honetako prestazioak eskuratzeko eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko behar beste kontsulta egiteko.

7. Prestazio mota bakoitzaren helburu eta xedeetatik eratorritako gainerako betebehar guztiak.

11. artikulua. Okerbidez jasotako prestazioak.

Oker jasotako zenbatekoa itzultzeko beharra izanda, ez bada ezarritako epean itzultzen, Foru Aldundiak dagokion prestazioaren %50 atxiki ahal izango du hilero.

12. artikulua. Eskubidea amaitzea. Ondorio ekonomikoak.

1. Prestazioa jasotzeko eskubidea amaitu egingo da honako arrazoi hauengatik:

  • a) Onuraduna hiltzen bada.
  • b) Prestazioa jasotzeko ezarritako eskakizunen bat betetzeari uzten bazaio.
  • c) Onuradunak uko egiten badio.
  • d) Foru dekretu honetan eta aplikagarriak diren gainerako arauetan jasotako betebeharrak betetzen ez badira.
  • e) 12 hilabete baino gehiagoan jarraian etenda badago.

2. Prestazioaren eskubidea amaitzeko kausa gertatu eta hurrengo hileko lehengo egunetik aurrera hasiko dira amaieraren ondorioak, non eta kausa hori ez den hilaren lehen egunean gertatu, orduan ondorioak hil horretan bertan hasiko dira.

II KAPITULUA
FAMILIA INGURUNEKO ZAINTZETARAKO ZEIN PROFESIONALAK EZ DIREN ZAINTZAILEEI LAGUNTZEKO PRESTAZIO EKONOMIKOA

13. artikulua. Xedea.

Familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoaren bitartez, familia inguruneko zaintzaile ez profesionalak mendeko pertsonari ematen dion arretaren gastuak ordaintzen lagundu nahi da.

14. artikulua. Baldintza bereziak.

  • a) Prestazio horren egokitasuna baieztatuta egotea Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak egindako txostenaren bitartez.
  • b) Mendekotasun egoerarako beharrezkoak diren arreta eta zaintza etxean ematea eta egokiak izatea mendekotasun gradu eta mailaren beharretarako.
    Noiztik aurrera: 2013/01/26
    14. artikuluko b) letra, Mendekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia pertsonala sustatzeari eta pertsona horiek zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean ezarritako prestazio ekonomikoak arautzeko uztailaren 21eko 25/2009 Foru Dekretua aldatzen duen urtarrilaren 22ko 2/2013 Foru Dekretuaren [GIPUZKOA] artikulu bakarreko 5. apartatuak idatzitakoa («G.A.O» urtarrilak 25).
  • c) Beharrezko zaintza ondo emateko etxeko elkarbizitza eta bizigarritasun baldintzak egokiak izatea.
  • d) Profesionala ez den zaintzaileak honakoak bete beharko ditu:
    • - Mendeko pertsonaren ezkontidea edo maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen araberako izatezko bikotekidea, edo odol, ezkontza edo adopzio bidez senidea izatea hirugarren ahaidetasun graduraino, eta mendeko pertsonarekin bizitzea eta etxe berean erroldatuta egotea. Foru dekretu honen ondorioetarako, familia lotura hori ez da eskatuko zaintzaileak onuradunaren komunitateko erlijiosoak edo beste motako kideak direnean.
    • - 18 urtetik gorakoa izatea eta legez Gipuzkoako Lurralde Historikoan bizitzea.
    • - Gizarte Segurantzak mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaileentzat duen afiliazio, alta eta kotizazioari buruzko araudira egokitzen dela ziurtatzea.
    Noiztik aurrera: 2013/01/26
    14. artikuluko d) letra, Mendekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia pertsonala sustatzeari eta pertsona horiek zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean ezarritako prestazio ekonomikoak arautzeko uztailaren 21eko 25/2009 Foru Dekretua aldatzen duen urtarrilaren 22ko 2/2013 Foru Dekretuaren [GIPUZKOA] artikulu bakarreko 5. apartatuak idatzitakoa («G.A.O» urtarrilak 25).
  • e) Prestazio honen ondorioetarako, profesionala ez den zaintzaileak ezingo dizkio bere zerbitzuak eskaini etxe berean edo beste batean mendekotasun egoeran bizi diren bi pertsona baino gehiagori.

III KAPITULUA
LAGUNTZA PERTSONALERAKO PRESTAZIO EKONOMIKOA

15. artikulua. Xedea.

Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoaren bitartez, mendekotasun handiko pertsonen autonomia sustatzeko laguntzaile pertsonalen kontratazioak ekarritako gastuak ordaintzen lagundu nahi da. Hezkuntzarako eta lanerako sarbidea erraztea da helburua, eta, era berean, eguneroko oinarrizko jardueretan bizimodu autonomoagoa izatea.

Noiztik aurrera: 2013/01/26
15. artikulua, Mendekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia pertsonala sustatzeari eta pertsona horiek zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean ezarritako prestazio ekonomikoak arautzeko uztailaren 21eko 25/2009 Foru Dekretua aldatzen duen urtarrilaren 22ko 2/2013 Foru Dekretuaren [GIPUZKOA] artikulu bakarreko 6. apartatuak idatzitakoa («G.A.O» urtarrilak 25).

16. artikulua. Baldintza bereziak.

a) Prestazio horren egokitasuna baieztatuta egotea Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak egindako txostenaren bitartez.

b) Onuradunak honakoak bete beharko ditu:

  • - Mendekotasun handiari dagokion 3. graduan baloratua izatea, edozein mailatan.
  • - Hiru urte baino gehiago izatea.
Noiztik aurrera: 2013/01/26
16. artikuluko b) letra, Mendekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia pertsonala sustatzeari eta pertsona horiek zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean ezarritako prestazio ekonomikoak arautzeko uztailaren 21eko 25/2009 Foru Dekretua aldatzen duen urtarrilaren 22ko 2/2013 Foru Dekretuaren [GIPUZKOA] artikulu bakarreko 7. apartatuak idatzitakoa («G.A.O» urtarrilak 25).

c) Laguntzaile pertsonalek honakoak bete beharko dituzte:

  • - 18 urtetik gorakoa izatea eta legez Estatuan bizitzea.
  • - Onuradunarekin senitartekoa ez izatea eta pertsona egokia izatea laguntza pertsonalak eskatzen dituen zerbitzuak emateko. Odol, ezkontza edo adopzio bidezko laugarren ahaidetasun gradutik aurrera, ahaidetasunik ez dagoela ulertuko da.
  • - Gizarte Segurantzaren afiliazio, alta eta kotizazioari buruzko araudira egokitzen dela ziurtatzea.
  • - Zerbitzuak emateko kontratua duela egiaztatzea, nahiz enpresa baten bitartez nahiz zuzenean, onuradunarekin edo onuraduna ordezkatzen duen pertsona edo erakundearekin.

Egiaztapen hori oinarrizko frogagiriak aurkeztuz egingo da (fakturak, nominak, kontratua, eta abar).

d) Prestazioaren zenbatekoa zerbitzuaren kostu errealaren arabera zehaztuko da, eta muga Diputatuen Kontseiluak urte hartarako onartutako gehienezko zenbatekoa izango da. Hori horrela, prestazioaren onuradunek laguntzaile pertsonalaren kontratazio gastuak ordaintzeko erabili beharko dute prestazioaren zenbateko osoa -kenkariak egin ondoren geratzen dena-. Hori dela eta, urtero adierazpen bat aurkeztu beharko dute prestazioa jasotzeko eskakizunak artean betetzen direla frogatuko duena. Adierazpen horrekin batera, beharrezko dokumentuak eta aurreko urtean izandako benetako gastuak frogatu behar dituzte eta gastu horiek ezingo dira jasotako prestazioa baino txikiagoak izan.

Adierazpena eta froga horiek urtearen lehen hiruhilekoan aurkeztu beharko dira. Betebehar hori betetzen ez bada, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak betetzeko eskatu ondoren, prestazioa jasotzeko eskubidea amaitzeko eta okerbidez jasotako zenbatekoak itzultzeko prozedurari ekingo zaio.

IV KAPITULUA
ZERBITZUARI LOTUTAKO PRESTAZIO EKONOMIKOA

17. artikulua. Xedea.

Zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoaren bitartez, eguneko zentroetako eta egoitza arreta iraunkorreko zerbitzuen kostua ordaintzen lagundu nahi da.

18. artikulua. Baldintza bereziak.

a) Gipuzkoako Foru Aldundiak zerbitzu bakoitzerako egokitzat emandako zerbitzu publiko edo itunduren batean eskaera egin, baina ezin eskuratu izatea Gipuzkoako Lurralde Historikoan.

Zerbitzua eskuratu ezin dela ulertuko da dagokion lurraldean baliabide hori ez dagoenean edo, egonda ere, eskatzaileak itxaron zerrendan hiru hilabete baino gehiago daramatzanean.

Prestazio horri begira, lurralde esparru egokia honako hau da:

ZerbitzuaLurralde Esparrua
Adinekoentzako eguneko zentroak Eskualdea
65 urtez behetikoentzako eguneko zentroa Eskualdea
Arreta espezialduko eguneko zentroa Eskualdea
Mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako egoitza zentro iraunkorra Eskualdea
Mendeko pertsonentzako egoitza arretako zentroa, ezgaitasun mota desberdinak kontuan hartuta Lurralde Historikoa

b) Prestazioarekin lotuta dagoen zerbitzua/k eskuratzeko eskakizunak betetzea.

c) Zerbitzua zentro batean jasotzen duela kreditatzea eta zentro hori Gipuzkoako Lurralde Historikoan mendekotasunaren arretarako behar bezala homologatuta egotea. Salbuespenez, Gizarte Politikako Departamentuak baimendu ahal izango du zerbitzua Gipuzkoako Lurralde Historikotik kanpoko zentro batean ematea, sei hilabetez gehienez.

Zerbitzuaren egiaztapena denboraldi guztiari dagozkion fakturak aurkeztuz egingo da.

d) Ematen zaion zerbitzuaren benetako kostuarengatik onuradunak ordaintzen duena ordainduko da gehienez prestazioaren kontzeptuan, eta Diputatuen Kontseiluak urteko onartuko duen gehieneko zenbatekoa gainditu gabe, beti ere. Hori horrela, prestazioaren onuradunek ematen zaien zerbitzuaren gastuak ordaintzeko erabili beharko dute prestazioaren zenbateko osoa -kenkariak egin ondoren geratzen dena-. Hori dela eta, urtero adierazpen bat aurkeztu beharko dute prestazioa jasotzeko eskakizunak artean betetzen direla frogatuko duena. Adierazpen horrekin batera, beharrezko dokumentuak eta aurreko urtean izandako benetako gastuak frogatu behar dituzte eta gastu horiek ezingo dira jasotako prestazioa baino txikiagoak izan.

Adierazpena eta froga horiek urtearen lehen hiruhilekoan aurkeztu beharko dira. Betebehar hori betetzen ez bada, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak betetzeko eskatu ondoren, prestazioa jasotzeko eskubidea amaitzeko eta okerbidez jasotako zenbatekoak itzultzeko prozedurari ekingo zaio.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena

Foru Aldundiak berrikuntza eta ikerketa bultzatuko ditu mendekotasun egoeran daudenen bizi kalitatearen eta arretaren aldeko atal guztietan, eta, horregatik bada, Foru Dekretu honetako prestazioak noraino iristen diren aztertuko du aldian behin.

Noiztik aurrera: 2012/03/31
Bigarren xedapen gehigarria, 2012ko martxoaren 27ko 11/2012 Foru Dekretuaren [GIPUZKOA] bat zenbakiak barneratutakoa, aldatzen duena 2009ko uztailaren 21eko 25/2009 Foru Dekretua, mendekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia pertsonala sustatzeari eta pertsona horiek zaintzeari buruzko 2006ko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak ezarritako prestazio ekonomikoak arautzekoa («G.A.O.» martxoak 30).
Noiztik aurrera: 2012/03/31
Hirugarren xedapen gehigarria, 2012ko martxoaren 27ko 11/2012 Foru Dekretuaren [GIPUZKOA] bat zenbakiak barneratutakoa, aldatzen duena 2009ko uztailaren 21eko 25/2009 Foru Dekretua, mendekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia pertsonala sustatzeari eta pertsona horiek zaintzeari buruzko 2006ko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak ezarritako prestazio ekonomikoak arautzekoa («G.A.O.» martxoak 30).
Noiztik aurrera: 2012/03/31
laugarren xedapen gehigarria, 2012ko martxoaren 27ko 11/2012 Foru Dekretuaren [GIPUZKOA] bat zenbakiak barneratutakoa, aldatzen duena 2009ko uztailaren 21eko 25/2009 Foru Dekretua, mendekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia pertsonala sustatzeari eta pertsona horiek zaintzeari buruzko 2006ko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak ezarritako prestazio ekonomikoak arautzekoa («G.A.O.» martxoak 30).

BigarrenaNoiztik aurrera: 2012/03/31

Bostgarren xedapen gehigarria, 2012ko martxoaren 27ko 11/2012 Foru Dekretuaren [GIPUZKOA] bat zenbakiak berzenbakitutakoa, aldatzen duena 2009ko uztailaren 21eko 25/2009 Foru Dekretua, mendekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia pertsonala sustatzeari eta pertsona horiek zaintzeari buruzko 2006ko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak ezarritako prestazio ekonomikoak arautzekoa («G.A.O.» martxoak 30). Bere aurreko eduakia aurreko bigarren xedapen gehigarriaren berberakin bategiten da.

Gizarte Politikako Departamentuko foru diputatuari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Lehena

Udalek Etxeko Laguntza erabat eta modu bakar batean osatu arte, hori baita Gizarte Zerbitzuei buruzko 2008ko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak 42.2 artikuluan xedatzen duena, prestazioei kenketa hauek egingo zaizkie zerbitzu hori dela eta:

  • - Etxeko laguntza: %20ko kenketa.
  • - Eguneko zentroa + Etxeko laguntza: %60eko kenketa.
Noiztik aurrera: 2012/03/31
Lehen xedapen iragankorra, 2012ko martxoaren 27ko 11/2012 Foru Dekretuaren [GIPUZKOA] bi zenbakiak idatzia, aldatzen duena 2009ko uztailaren 21eko 25/2009 Foru Dekretua, mendekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia pertsonala sustatzeari eta pertsona horiek zaintzeari buruzko 2006ko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak ezarritako prestazio ekonomikoak arautzekoa («G.A.O.» martxoak 30).

Bigarrena

Etxeko laguntza intentsiboa arautzen duen 1989ko abenduaren 5eko 58/1989 Foru Dekretuko laguntzen onuradun denak jasotzen badu Foru Dekretu honetako prestazio ekonomikoetatik bateren bat, edo jasotzeko eskaera egin badu Foru Dekretu hau indarrean sartu aurretik, Foru Dekretua indarrean sartu eta bi hileko epean erabaki beharko du edo prestazio hauetakoren batez baliatu, edo etxeko zerbitzu intentsiboko laguntzak hartzen jarraitu. Epea amaitzen bada aukerarik egin gabe, amaitutzat emango da etxeko zerbitzu intentsiboko laguntza jasotzeko eskubidea.

Hirugarrena

Laguntza pertsonalen prestazio ekonomikoa eta zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa jasotzen dutenek bi hileko epea izango dute, Foru Dekretu hau indarrean sartzen denetik hasita, jasotzen duten zerbitzuaren kostu erreala justifikatzeko. Epea amaitzen bada kostua justifikatu gabe, eskaerarekin batera aurkeztutako kontratuan agertzen den kostua ordainduko du ofizioz Administrazioak, kostu horri KPI gehituta, behar izanez gero.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indargabetuta geratzen dira 2007ko azaroaren 20ko 133/2007 Foru Dekretua, besteen beharrean dauden pertsonen autonomia pertsonala sustatzeari eta haiek zaintzeari buruzko 2006ko abenduaren 14ko 39/2006 Legeko prestazio ekonomikoak arautzen dituena, eta Foru Dekretu honetan xedatutakoaren aurka egiten duten maila bereko eta apalagoko xedapen guztiak.

AMAIERAKO XEDAPENA

Foru dekretu hau, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabete batera jarriko da indarrean.