Foru Administrazioaren eremuan bitarteko elektronikoen erabilera arautzeko irailaren 28ko 23/2010 Foru Dekretua.

Iraupen bertsioak

Gorde / Erakutsi iruzkinak    Imprimatu

Foru Administrazioaren eremuan bitarteko elektronikoen erabilera arautzeko irailaren 28ko 23/2010 Foru Dekretua.

BOG 7 Urria 2010

Irailaren 28ko 23/2010 Foru Dekretua [GIPUZKOA] akats zuzenketak zuzendutakoa («G.A.O.» urriak 26). Ikusi Ekainaren 14ko 17/2011 Foru Dekretua [GIPUZKOA], Foru Administrazioaren eremuan agirien kudeaketaren eta espediente elektronikoaren eredu orokorra arautzekoa («G.A.O.» ekainak 20). Ikusi, 498/2012 Foru Agindua [GIPUZKOA], ekainaren 14koa, erreklamazio ekonomiko-administratiboak aurkeztu eta kontsultatzeko prozedura telematikoari buruzkoa («G.A.O.» ekainak 19). Ikusi, 1045/2012 Foru Agindua, azaroaren 21ekoa, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kudeatzaile Administratiboen Elkargo Ofizialak zergen kudeaketan lankidetzan jarduteko era onartzen duena («G.A.O.» azaroak 28).

Gipuzkoako Foru Aldundia, kezkatuta administrazio publikoak modernizatu eta eraldatzeko beharraz eta Gipuzkoan Informazioaren eta Jakintzaren Gizarteak aurrera egiteaz, hori bultzatzen dabil aspalditik, beharrezko eragile papera betez, eta ildo horretatik administrazio elektronikoa garatzeko, kudeaketa publikoa hobetzeko eta herritarrei kalitate gehiagoko zerbitzu publikoak eskaintzeko neurriak hartu ditu.

Horrela bada, bere administrazio jardueran bitarteko elektronikoak erabiltzea ez da Foru Administrazioarentzat arrotza; aitzitik, azken urteotan hainbat ekimen gauzatu ditu zerbitzu publikoak eskaintzerakoan bitarteko elektronikoak erabiltzeko. Hala nola, administrazio prozeduren tramitazio elektronikoa, gutxiago edo gehiago garatuta, dagoeneko ahalbidetzen da administrazio alor edo jarduera garrantzitsuetan, zerga aitorpenak aurkezterakoan, diru laguntzak eskatzerakoan, ziurtagiriak egiterakoan, kontsultak, kexak eta iradokizunak aurkezterakoan edo hainbat erroldatan inskribatzerakoan, adibidez.

Gai honi buruzko arau aurrekariei dagokienez, 2003ko abenduaren 30eko 107/03 Foru Dekretua aipatu behar da, zerga administrazioaren aurrean egin beharreko jarduketetan nortasuna eta ordezkaritza egiaztatzea arautzekoa, alegia, horren bidez ezarri baitzen lehen aldiz harremanetarako bide anitzeko sistema bat nahiz eta zerga alorrera mugatu; gero, Foru Aldundi guztira eta aldundiaren menpeko erakunde autonomo eta entitate publikoetara hedatu zuen sistema hori 2006ko irailaren 12ko 40/06 Foru Dekretuak, horrenbestez aurreko foru dekretua indargabetuz. Era berean, bitarteko elektronikoen erabilera araututa dator 2004ko maiatzaren 11ko 41/04 Foru Dekretuan, herritarren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko internet bidezko harremanei buruzkoan, eta 2005eko apirilaren 26ko 26/05 Foru Dekretuan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren herritarrentzako laguntza eta arreta zerbitzuei buruzkoan.

Edonola ere, 2007ko ekainaren 22ko 11/07 Legea, herritarrak zerbitzu publikoetan bitarteko elektronikoz sartzea arautzekoa, indarrean jartzearekin behin betiko bultzada eman zaio jarduera administratiboan bitarteko elektronikoak erabiltzeari. Artikulu gehienetan oinarrizkoa den lege horrek administrazio publikoekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzeko herritarren eskubidea aitortzen du, eta ondorioz, administrazio publikoei eskubide hori ahalbidetzeko obligazioa ezartzen die. Horrenbestez, ordurarte hautazkoa zen administrazio jarduera elektronikoa, 2007ko ekainaren 22ko 11/07 Legearen indarrez nahitaezkoa bihurtu da. Hau da, lehen aukera bat zena orain legezko obligazio bat da administrazio publiko guztientzat, baina era berean, zerbitzu publikoen eskaintzan kalitatea eta azkartasuna eta barne kudeaketa hobetzeko abagunea ere bai.

Foru dekretu honek Foru Administrazioaren eremuan bitarteko elektronikoak erabiltzeari erreferentziazko arau esparrua eman nahi dio, indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzei egokitua, administrazio publikoekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzeko herritarrek daukaten eskubidea oso-osoan gauzatu ahal izatea bermatzen duena eta Foru Administrazioko langileei eta organoei harreman elektroniko hori ahalbidetzeko obligazioa benetan betetzea errazten diena.

Ildo horretatik, administrazio elektronikoak eragindako alderdi gehienei buruzko arauketa nahikoa eta osoa biltzen du eta, arautzen ez dituen alderdiei buruz, berriz, aplikatzekoa den araudia argi eta garbi adierazten du, hain zuzen eta bereziki foru administrazioaren aurrean egin beharreko jarduketetan nortasuna eta ordezkaritza egiaztatzea arautzen duen 2006ko irailaren 12ko 40/06 Foru Dekretua, 2007ko ekainaren 22ko 11/07 Legeari egokitze aldera 2008ko ekainaren 24ko 61/08 Foru Dekretuak aldatu zuena.

Horrenbestez, lehenengo tituluan bitarteko elektronikoak erabiltzean bete beharreko printzipio informatzaileak eta bermeak aipatu eta azaldu ostean, bigarren tituluak administrazio elektronikoaren araubide juridikoa jasotzen du, besteak beste honako hauek arautzen direlarik: Egoitza elektronikoa, erregistro elektronikoa eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizial eta iragarki taula elektronikoak (I, II, eta III. kapituluak), nortasuna egiaztatzeko eta autentifikatzeko sistemak (IV. kapitulua), komunikazio eta jakinarazpen elektronikoak (V. kapitulua), datuak bitarteko elektronikoak erabiliz transmititzea eta administrazio ziurtagiri elektronikoak (VI. kapitulua), prozeduran bitarteko elektronikoen bidez sartzea eta espedientea eta hori osatzen duten agiri elektronikoak kontsultatu ahal izatea (VII. kapitulua), kopia eta konpultsa elektronikoak (VII. kapitulua) eta, bukatzeko, bitarteko elektronikoen bidez aurkezteko eskaera eredu normalizatuak eta agirien formatuak (VIII. kapitulua).

Foru dekretu honek administrazio elektronikoaren gaian ardurak dituen egitura administratiboa ere jasotzen du (hirugarren titulua), uste baita organizazioaren atal ezberdinen parte hartze edo konpromisoa ezinbestekoa dela administrazio elektronikoaren garapenak arrakasta izan dezan. Hori horrela, aipatzekoa da Administrazio Elektronikoaren Batzorde Teknikoa sortzen dela, xede duena Gipuzkoako Foru Aldundian administrazio elektronikoa garatzeak dauzkan alderdi teknikoak, administratiboak, antolaketa mailakoak nahiz juridikoak behar bezala koordinatzea, beti ere, administrazio elektronikoaren gai honetan eskumena duen departamentuaren egitekoen kaltetan gabe.

Bukatzeko, amaierako lehen xedapena aipatu behar da, foru dekretu honen aurreikuspenak aplikatzeko erritmo ezberdinak ezartzen baititu, hain zuzen, zerbitzu eta baliabide elektroniko ezberdinak materialki eta teknikoki pixkanaka-pixkanaka martxan jartzeak berak eraginda.

Hori guztia hala izan arren, beharrezkoa da honako hau argitzea: Foru dekretu honek erreferentziazko araudia izan nahi duenez, espedientearen kontsulta elektronikoari eta artxibo elektronikoari buruzko aurreikuspenak aurreratzen ditu. Dena den, espediente eta artxibo elektronikoak, horiekin lotuta dagoen agirien kudeaketa eredu edo politikarekin batera, berariazko arauketa bereizia behar dute, berekin dituzten eta bereziak diren ondorio tekniko, juridiko eta antolaketa mailakoei erantzuteko, eta hori horrela, erakundean duen garrantzia eta tamainaren neurriko trataera eman behar zaio. Beraz, etorkizunean administrazio elektronikoari buruzko arau garapen berri bat egin beharko da, honako hau osatuko duena.

Horiek horrela, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko 2005eko uztailaren 12ko 6/05 Foru Arauak 31.1.f) eta 67.1.a) artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, Lehendakaritzako eta Foru Administrazioko foru diputatuak proposatuta, Lege Aholkularitzako Batzordearekin bat etorrita eta aurretik Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren,

XEDATZEN DUT

LEHEN TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honek Foru Administrazioaren jardueran bitarteko elektronikoak erabiltzea arautzen du, bai herritarrekiko harremanetan, baita beste administrazio publikoekin izan beharrekoetan ere, betiere 2007ko ekainaren 22ko 11/07 Legeak, herritarrak zerbitzu publikoetan bitarteko elektronikoz sartzea arautzekoak, ezarritako esparruan.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Foru dekretu hau honako hauei aplikatuko zaie:

  • a) Foru Administrazioari.
  • b) Administrazio instituzionalari, hau da, foru organismo autonomoei eta foru enpresa-entitate publikoei (azken horiei, zuzenbide publikoari lotuta dihardutenean).
  • c) Herritarrek Foru Administrazioarekin izaten dituzten harremanei. Horri dagokionez, herritartzat jo behar dira pertsona fisikoak, pertsona juridikoak eta nortasun juridikorik gabeko entitateak, administrazio publikoekin harremanak dituztenak edo izan ditzaketenak.
  • d) Foru Administrazioak beste administrazio publikoekin izaten dituen harremanei.

2. Edonola ere, eta bestelakorik espresuki esan ezean, foru dekretu honek Foru Administrazioa aipatzen duen guztietan ulertu behar da aurreko ataleko b) letran jasotako entitateei buruz ere ari dela.

3. artikulua. Bitarteko elektronikoak erabiltzean bete beharreko printzipio informatzaileak.

Foru Administrazioak herritarrekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzean, honako printzipio hauek beteko ditu:

  • a) Ez du abantailarik edo desabantailarik ekarriko zerbitzu publikoetan edo beste edozein jarduera edo prozedura administratiboetan bitarteko elektronikoak ez direnak erabiltzearekin alderatuz gero, bitarteko elektronikoak erabiltzea sustatzeko neurrien kaltetan gabe.
  • b) Doakoa izango da, hots, Foru Administrazioak ezin izango du kontraprestazio ekonomiko gehigarririk eskatu herritarrekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzeagatik.
  • c) Borondatezkoa izango da, hots, Foru Administrazioak ezin izango ditu herritarrak behartu bitarteko elektronikoak erabiltzera berarekin harremanak izateko edo administrazio prozeduretan jarduteko.

    Halaber, izapide jakin batean bitarteko elektronikoak erabiltzeak ez du herritarra behartzen hurrengo izapideetan ere nahitaez bitarteko elektronikoak erabiltzera.

    Nolanahi ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuek, foru diputatuaren foru agindu bidez, eurekiko harremanak bide elektronikoz izateko obligazioa ezartzea erabaki ahal izango dute, beren gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik, beren lanbideagatik edo behar bezala egiaztatutako beste arrazoi batengatik, beharrezko bitarteko teknologikoak eskura dituzten pertsona juridikoak edo pertsona fisikoen taldeak badira.

  • d) Bitarteko elektronikoak erabiltzean, honako lege hauetan ezarritakoa bete beharko da: Datu Pertsonalak Babesteko 1999ko abenduaren 13ko 15/99 Lege Organikoa, 2004ko otsailaren 25eko 2/04 Legea, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa, eta informazioaren tratamendua arautzen duten gainerako legeak eta euren garapen arauak, bai eta ohorerako eskubidea eta norbere eta familiaren intimitatea izateko eskubidea ere.

4. artikulua. Hizkuntza araubidea.

1. Euskararen ofizialtasunaren araubide juridikoa errespetatuko da, Euskararen erabilera normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/82 Legean eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eremuan hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duen foru dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

2. Beharrezko neurriak hartuko dira zera bermatzeko: Espedientea eta jakinarazpen eta ziurtagiri administratibo elektronikoak interesdunak hautatutako hizkuntzan bideratu eta egingo direla. Beste ezer adierazi ezean, Foru Administraziora zuzentzeko erabilitako hizkuntza hautatu dela ulertuko da.

5. artikulua. Bitarteko elektronikoak erabiltzerakoan berme orokorrak.

1. Foru Administrazioak honako berme hauek gauzatzeko beharrezko neurriak hartuko ditu:

  • a) Bitarteko elektronikoen bidez bideratutako informazioaren eta agirien benetakotasuna eta osotasuna, sinadura elektronikoko sistemak erabilita, bigarren tituluko IV. kapituluan ezarritakoaren arabera, eta beharrezko segurtasun neurriak hartuz datuak galtzea edo aldatzea prebenitzeko eta informazio sistemak eta horien datuak babesteko, baimendu gabeko sarbide, atzemate eta manipulazioen aurka.
  • b) Eskuragarritasuna, interesdun direnei espedientea osatzen duten informazio eta agiri elektronikoetan sartzeko aukera bermatuz, baita deskargatzeko aukera ere, hala balegokio, horien benetakotasuna eta osotasuna egiaztatzea ahalbidetzen duten elementuekin batera, irakurtzea, sinadura elektronikoa egiaztatzea eta, hala behar denean, deszifratzea dohainik ahalbidetzen duten formatuetan.
  • c) Konfidentzialtasuna, baimendutako pertsonek informazio sistemen eta horien datuen erabilera mugatua egitea, eta Internet bidez egindako komunikazioak zifratuta transmititzea bermatuz.
  • d) Kontserbazioa, hau da, agiriak biltegiratzen diren bitarteko edo euskarriek segurtasun neurriak gorde beharko dituzte, biltegiratutako agirien osotasuna, benetakotasuna, konfidentzialtasuna, kalitatea, babesa eta kontserbazioa bermatuko dituztenak. Erabiltzaileen identifikazioa eta sarbideen kontrola ziurtatuko dituzte bereziki, bai eta datuak babesteko legedian aurreikusitako bermeak betetzen direla ere. Halaber, sarbidea bermatzen duten beste formatu eta euskarri batzuetan datuak gordetzeko aukera ziurtatuko da.

2. 1. atalean aipatu neurri horiek hartzean teknologiaren egoera aintzat hartuko da; gainera, datuen eta tratamenduen izaeraren eta horien arriskuen araberakoak izango dira neurriok.

BIGARREN TITULUA
ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOAREN ARAUBIDE JURIDIKOA

I KAPITULUA
EGOITZA ELEKTRONIKOA

6. artikulua. Identifikazioa eta erantzukizunak egoztea.

1. 2007ko ekainaren 22ko 11/07 Legeak, herritarrak zerbitzu publikoetan bitarteko elektronikoz sartzea arautzekoak, 10. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren helbidea honako hau da: Htpps://www.GFAegoitza.net. Egoitza elektronikora sar daiteke, halaber, beste helbide honetatik: Htpp://www.gipuzkoa.net.

Hala balegokio, egoitza elektronikoak Gipuzkoako Foru Aldundiaren titularitzapeko https edo baliokidea den beste sistema edo helbide seguru batera bidali ahal izango du.

2. Ondorengo 3. atalean ezarritakoaren kaltetan gabe, Lehendakaritzako eta Foru Administrazioko Departamentuari dagokio egoitza elektronikoa kudeatu eta administratzea.

3. Departamentu bakoitza izango da egoitza elektronikoan jarri dituen bere eskumeneko informazio, tramite eta zerbitzuen osotasunaren eta egiazkotasunaren eta horiek eguneratzearen erantzule.

4. Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan jar daitezkeen beste administrazio publikoen egoitza elektronikoetarako edo egoitza elektroniko izaera ez duten helbide elektronikoetarako estekak eta loturak ez dira aurreko atalean aipatzen den erantzukizunaren baitan sartzen. Horrenbestez, neurriak hartuko dira herritarrek jakin ahal dezaten sartu diren informazio edo zerbitzu hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoari dagokion ala beste esteka edo lotura horietakoren bati.

5. Egoitza elektronikoaren identifikazioa eta horrekiko komunikazio segurua teknologikoki bermatzeko dispositibo seguruko ziurtagiriak edo horren baliokideak erabiliko dira, horien artean dagoelarik egoitzako ziurtagiria.

7. artikulua. Zerbitzuak eta edukia.

1. Egoitza elektronikoan honako zerbitzu hauek jarriko dira, besteak beste, herritarrek erabil ditzaten:

  • a) Foru Administrazioaren zerbitzu, prozedura eta tramiteei buruzko informazioa eta sarbide zein komunikazio bideei buruzkoa.
  • b) Bitarteko elektronikoen bidez egin daitezkeen Foru Administrazioaren zerbitzu, prozedura eta tramiteetara sarbidea, baita horiei lotuta dauden inprimaki edo eredu normalizatuetara ere.
  • c) Erregistro elektronikora sarbidea.
  • d) Komunikazio eta jakinarazpen elektronikoen sistemara sarbidea.
  • e) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren edizio elektronikora sarbidea.
  • f) Iragarki taula elektronikora sarbidea.
  • g) Kontsultak, kexak eta iradokizunak egiteko sistemara sarbidea.
  • h) Epeak zenbatzeko egun eta ordu ofizialaren adierazpena.
  • i) Bere kasuan, espedientearen tramitazioa zertan den kontsultatzeko sarbidea.
  • j) Foru Administrazioak erabiltzen dituen zigilu elektronikoak egiaztatzeko eta Foru Administrazioak egin eta egiaztapen kode segurua erabilita autentifikatutako dokumentuen benetakotasuna eta osotasuna egiaztatzeko sistemetara sarbidea.

2. Horiez gain, egoitza elektronikoan jarriko dira era berean:

  • a) Herritarrak identifikatzeko eta autentifikatzeko onartzen diren sistemen zerrenda eta horiei buruzko informazioa.
  • b) Foru Administrazioak erabiltzen dituen zigilu elektronikoen zerrenda eta horiei buruzko informazioa.
  • c) Administrazio elektronikoari buruzko araudira sarbidea.
  • d) Datu pertsonalen babesari buruzko informazioa.

3. Edonola ere, bitarteko elektronikoen bidez Foru Administrazioaren eta herritarren autentifikatzea galdatzen duten jarduketa, prozedura eta zerbitzu guztiak egoitza elektronikoaren barrena egingo dira.

4. Egoitza elektronikoan zerbitzuak eta edukiak aurkezterakoan edota eskuragarri jartzerakoan, emakumeak eta gizonak ikusarazten dituen hizkuntza erabiliko da eta erabiltzen diren irudiek ere bien presentzia orekatua bermatuko dute, berdintasunezkoa, aniztasunezkoa eta eredu estereotipaturik gabea, bizitza sozial, politiko, ekonomiko eta kulturalaren esparru ezberdinetan emakumearen presentzia behar bezala islatzen dutenak.

8. artikulua. Egoitza elektronikoan barrena egindako jarduketen ondorio juridikoak.

1. Egoitza elektronikoaren barrena egindako jarduketek aurrez aurre egindakoen ondorio juridiko berdinak sortuko dituzte eta ez dute herritarren eskubideen inolako gutxiespen edo murrizketarik ekarriko, batez ere, beren datu pertsonalak babesteko eskubideari dagokionez.

2. 2007ko martxoaren 27ko 5/07 Foru Arauak 5. artikuluan aipatzen duen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren edizio elektronikoa egoitza elektronikoan argitaratuko da eta foru arau horrek 2. artikuluan Aldizkariari aitortzen dizkion ofizialtasun eta benetakotasun izaera edukiko du edizio elektronikoak. «Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala» zerbitzu publiko elektronikoa emateko baldintzak III. kapituluan arautzen dira.

3. Legezko edo erregelamenduzko xedapen baten arabera iragarki taulan argitaratu beharreko egintza edo komunikazioen argitalpena ordeztu edo osatu ahal izango da egintza edo komunikazio horiek egoitza elektronikoan argitaratuz, iragarki taulako argitalpenari aitortzen zaizkion ofizialtasun, benetakotasun eta balio nahiz ondorio juridiko berdinekin. Egoitza elektronikoan egindako argitalpenak iragarki taulan egin beharrekoa ordeztuko badu, aukera hori espresuki aurreikusi behar du dagokion prozeduraren araudiak.

9. artikulua. Egoitza elektronikoan publizitate ofizialaren printzipioa betetzea.

1. Zuzenbide ordenamenduak aurreikusi ondorioetarako argitalpen ofizialaren izaera izango dute egoitza elektronikoan argitaratutako hauek: Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak eta iragarki taulan egindakoa ordeztu edo osatzen duenak, 8. artikuluaren 2 eta 3. atalek araututako baldintzetan, hurrenez hurren. Halaber, argitalpen ofizialaren izaera edukiko dute egoitza elektronikoan argitaratutako informazio eta jarduketek, aplikagarria zaien araudiak Internet bidez egindako argitalpenari beste bide batez egindakoa ordezteko edo osatzeko ondorio juridikoak ematen edo aitortzen dizkionean.

2. Edonola ere, egoitza elektronikoan bai baina Gipuzkoako Aldizkari Ofizialetik edota iragarki taula elektronikotik kanpo, informazioa eta jarduketak argitaratzeak, aipatu bi bitarteko horietakoren baten bidez argitaratu beharrekoak direnean, ez du ordeztuko bitarteko horien bidez egin beharreko publizitatea, eta azken publizitate hori gailenduko da kontraesanik balego.

II KAPITULUA
ERREGISTRO ELEKTRONIKOA

10. artikulua. Erregistro elektronikoa sortzea.

1. Foru Administrazioari zuzendutako edota berak bidali beharreko eskaera, idatzi eta komunikazioak bitarteko elektronikoen bidez jaso nahiz igortzeko erregistro elektronikoa sortzen da eta elektronikoa ez den Erregistro Zentrala esleitua duen Foru Administrazioaren Modernizazioko Zuzendaritza Nagusiari atxikitzen zaio.

2. Erregistro elektronikoak erregistro zentralaren izaera edukiko du eta Foru Administrazioko erregistro orokorren erregistro laguntzailea izango da.

Erregistro elektronikoak egiten dituen idazpen guztien berri emango dio eskaera, idatzi edo komunikazioaren hartzaile den organoaren erregistro orokorrari, eta horretarako, erregistro bi horiek informatikoki integratuta eta elkarrekin komunikatuta egongo dira.

3. Ez dira erregistro elektronikotzat joko inola ere honako hauek:

  • a) Aldundiko langileei edota unitate zein organoei esleitutako postontzi elektronikoak.
  • b) Faxak jasotzeko gailuak, zuzenbide ordenamenduak espresuki onartutako kasuetan izan ezik.

11. artikulua. Erregistro elektronikoan sartzea.

1. Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikotik barrena sartu ahal izango da erregistro elektronikoan.

2. Erregistro elektronikoan eskaerak, idatziak eta komunikazioak aurkeztu nahi dituenak Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako sinadura elektronikoko sistemetakoren bat erabili beharko du identifikatzeko.

12. artikulua. Erregistro elektronikoaren egitekoak.

1. Erregistro elektronikoak egiteko hauek beteko ditu:

  • a) Foru Administrazioari zuzendutako eskaera, idatzi eta komunikazioak jasotzea.
  • b) Foru Administrazioak egindako eskaera, idatzi eta komunikazioak bidaltzea.
  • c) Eskaera, idatzi eta komunikazioen sarrera eta irteerako idazpenak egitea eta idazpen horiek mantendu eta gordetzea.
  • d) 16. artikuluan ezarritakoaren arabera, eskaera, idatzi eta komunikazioen aurkezte agiriak egitea.
  • e) Eskaera, idatzi eta komunikazioak jaso izanaren eta bidali izanaren ziurtagiriak egitea.

2. Erregistro elektronikoak ez ditu inola ere ez zigilatuko ezta konpultsatuko ere, eskaera, idatzi edo komunikazioarekin batera aurkeztutako jatorrizko agirien kopiak.

13. artikulua. Eskaerak, idatziak eta komunikazioak aurkeztea.

1. Borondatezkoa izango da eskaerak, idatziak eta komunikazioak erregistro elektronikoan aurkeztea, hain zuzen, beste aukera bat, 1992ko azaroaren 26ko 30/92 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 38.4 artikuluan ezarritako lekuez gain, foru dekretu honen 33. artikuluari jarraikiz, erregistro elektronikoa erabiltzeko obligazioa ezarri den kasuetan salbu.

Erregistro elektronikoa erabiltzeko obligazioa ezarri den kasuetan erabiltzen ez bada, akats hori konpontzeko eskatuko da eta ohartaraziko da hala egin ezean aurkezpen horrek ez duela baliorik edo eraginik izango.

2. Erregistro elektronikoak onartuko ditu bai bitarteko elektronikoen bidez has daitezkeen zerbitzu, prozedura eta izapideei dagozkien inprimaki elektroniko normalizatuak erabilita aurkeztutako eskaera, idatzi eta komunikazioak, baita inprimaki orokor bat erabilita aurkeztutakoak ere gainerako kasuetan.

3. Dagozkien zerbitzu, prozedura eta izapideei lotutako inprimaki elektroniko normalizatuak eta horiek kudeatzeko aplikazioetarako loturak beren tramitazio elektronikorako sarbide guneetan egongo dira eskuragarri.

Era berean, aurkezpen inprimaki orokorra erregistro elektronikorako sarbide gunean jarriko da.

4. 57. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eskaera, idatzi eta komunikazioei erantsitako agiriek Foru Administrazioak onartutako formatuen araberakoak izan behar dute.

14. artikulua. Eskaerak, idatziak eta komunikazioak baztertzea.

Jarraian aipatu kasuetan aurkeztutako eskaerak, idatziak eta komunikazioak baztertu ahal izango ditu erregistro elektronikoak, eta interesdunari horren berri emango dio, baztertzeko arrazoia azalduta, eta hala balegokio, akatsa zuzentzeko eskatuko dio:

  • a) Foru Administrazioaren eremutik at dauden organo edo erakundeei zuzendutakoak izatea.
  • b) Sistemaren osotasunari edo segurtasunari eragin diezaiekeen kode maltzur edo gailuren bat edukitzea.
  • c) Inprimaki normalizatu eta orokorretan bete beharreko eremu guztiak ez betetzea, edo inprimaki horiek tratatzea galarazten duten hutsuneak edo kongruentzia ezak edukitzea.
  • d) Inprimaki orokorra erabiltzea, 13.3 artikuluan aipatu sarbide gunean zerbitzu, prozedura edo izapide horri lotutako inprimaki espezifikoa eskuragarri dagoenean.
  • e) Eskaera, idatzi edo komunikazioei erantsitako agiriak onartutako formatuen araberakoak ez izatea edo horiei ezarritako mugak ez errespetatzea.

15. artikulua. Aurkeztearen ondorioak.

1. Erregistro elektronikoan eskaera, idatzi eta komunikazioak aurkezteak eta elektronikoak ez diren erregistroetan aurkezteak ondorio berberak dituzte.

2. Ezarritako epeak betetzeari dagokionez, batez ere, ebazpena jakinarazteko gehieneko epeari dagokionez, erregistro elektronikoa 1992ko azaroaren 26ko 30/92 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 42.3.b) artikuluan aipatzen duen izapidetzeko organo eskudunaren erregistroa izango da.

3. Erregistro elektronikoan prozedura bat hasteko eskaera aurkezten denean, prozedura hori bitarteko elektronikoen bidez bideratu eta amaituko da, bere osotasunean elektronikoki bideratu baldin badaiteke. Osorik elektronikoki bideratu ezin bada, bitarteko elektronikoez egingo dira bitarteko horiek erabilita egin daitezkeen izapide guztiak.

4. Edonola ere, interesdunak, eskaera egin osteko edozein unetan eskatu ahal izango du prozedura elektronikoak ez diren bitartekoak erabilita bideratzeko, eta onartuko zaio baldin eta organo eskudunari bitartekoen aldaketa horren berri espresuki ematen badio eta 33. artikuluan aurreikusi moduan prozedura edo izapide horri lotuta bitarteko elektronikoak erabiltzeko obligazioa ezarri ez bada.

5. Interesdunak eskaera, idatzi edo komunikazio bera aurkezten badu bai erregistro elektronikoan baita elektronikoa ez den erregistro batean, bietatik lehenagoko sarrera zenbakia duena bideratuko da bakarrik.

6. Erregistro elektronikoan edozein eskaera, idatzi edo komunikazio aurkezteko inprimaki orokorra eskuragarri jartzeak edota erregistro elektronikotik barrena agiri ofizialak bidaltzeak edo irteteak ez du esan nahi jarduketa horiei lotutako prozedurak zati batean edo osorik bitarteko elektronikoen bidez bideratu daitezkeenik.

16. artikulua. Aurkezte agiria.

1. Erregistro elektronikoak bitarteko elektroniko hortatik bertatik aurkezte agiri bat emango du automatikoki eduki honekin:

  • a) Aurkeztutako eskaera, idatzi edo komunikazioaren kopia, edo horren ordez, inprimaki elektroniko normalizatuan edota inprimaki orokorrean jarritako datuen hitzez hitzeko kopia.
  • b) Aurkezte eguna eta ordua eta erregistroko sarrera zenbakia.
  • c) Hala balegokio, erantsitako agirien zerrenda eta izena.
  • d) 3. atalean aipatzen den egiaztapen kode seguruari buruzko informazioa.
  • e) Honako honi buruzko berariazko oharra: Alegia, aurkezte agiriak ez duela esan nahi aurkeztutakoa behin betiko onartu denik 14. artikuluan aipatzen diren baztertzeko kasuren bat gertatzen denean.

2. Erabiltzaileari ohartarazi behar zaio aurreko atalean aurreikusi aurkezte agiria ez egiteak edo igorpenaren gaineko akats edo hutsune mezuren bat azaltzeak esan nahi duela ez dela ezer jaso erregistro elektronikoan, eta ondorioz, beste une batean edo beste bitarteko batzuen bidez aurkeztu behar duela aurkeztu nahi zuena.

3. Aurkezte agiriaren benetakotasuna eta osotasuna bermatze aldera, egiaztapen kode seguru bat esleituko dio sistemak, aurkezte agiri bakoitzari berea. Kode hori erabilita, interesdunak erregistro elektronikoan aurkeztutako agiriak kontsultatu eta ikusi ahal izango ditu gutxienez 6 hilabetetako epean.

Edonola ere, egiaztapen kode seguru horrek ez ditu bermatzen interesdunak eskaera, idatzi edo komunikazioarekin batera aurkeztu ditzakeen agirien edukiaren benetakotasuna eta osotasuna.

4. Interesdunak aurkezte agiria paperean inprimatu ahal izango du, baita informatikoki gorde ere.

17. artikulua. Epeak zenbatzea.

1. Urteko egun guztietan eta eguneko hogeita lau orduetan aurkez litezke eskaerak, idatziak eta komunikazioak erregistro elektronikoan, eta horretarako, egoitza elektronikoko egun eta ordu ofizialaren arabera jokatuko du.

2. Erregistro elektronikoari aplikatu beharreko egun baliogabeen egutegia, 1992ko azaroaren 26ko 30/92 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 48.7 artikuluan ezarritakoa betetze aldera, urtero Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ebazpenean Gipuzkoarentzat zehazten dena izango da. Erregistro elektronikora sartzeko egoitza elektronikoan egun baliogabeen zerrenda eguneratua egongo da beti.

3. Erregistro elektronikorako balioduna ez den egun batean aurkeztutako eskaera, idatzi eta komunikazioak hurrengo egun balioduneko lehenengo orduan aurkeztu direla ulertuko da. Ondorio horietarako, sarrera idazpenean benetan jaso ziren eguna eta ordua inskribatuko dira, baina hurrengo egun balioduneko zero orduak eta segundo bat izango da sarrera egun eta ordu moduan agertuko dena.

18. artikulua. Zerbitzuaren erabilgarritasuna eta etenaldiak.

1. Mantenimendu tekniko edo operatiboarekin lotutako arrazoiak tartean badira bakarrik, behar den bitartean eten ahal izango da eskaera, idatzi eta komunikazioen jasotzea. Informazio sistemek ahalbidetzen duten neurrian, etenaldiaren berri eman beharko da egoitza elektronikoan, ahal besteko aurrerapenez.

2. Erregistro elektronikoaren funtzionamendua ezustean eteten bada, ahal den guztietan, erabiltzaileak mezu bat ikusiko du, horren berri ematen duena eta etenaldiaren ondorioak adierazten dituena, hala balegokio, espresuki jasoz mugaeguneratzea berehala duten epeak luzatu egiten direla.

3. Hala ahalbidetzen duten prozedura eta izapideetan, beharrezko sistemak ezarriko dira erregistro elektronikoaren zerbitzua eteteak ez dezan ekarri berarekin prozedura eta izapide horiek kudeatzen dituzten aplikazioek eskaerak, idatziak edo komunikazioak ezin jasotzea.

III KAPITULUA
«Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala» ZERBITZU PUBLIKO ELEKTRONIKOA

19. artikulua. Zerbitzuaren erantzule den organoa.

«Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala» zerbitzu publiko elektronikoaren erantzulea bere argitalpena zuzentzea esleitua duen Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusia da.

20. artikulua. Zerbitzua zein baldintzetan ematen den.

1. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren argitalpen elektronikoaren kontsulta edo bertan sartzea unibertsala, doakoa eta etengabea izango da, izaera teknikoko bidezko arrazoi baten ondorioz zerbitzua eteten denean salbu. Zerbitzuan sartzeak dakar bilatzeko eta aldizkariaren edukia ikusteko aukera, baita aurkitutakoa gorde eta inprimatzekoa ere, aldizkari osoa dela edo hori osatzen duten xedapen, egintza edo iragarki bakoitza dela.

2. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren argitalpen elektronikoak aldizkariaren goialdean agertzen den egunean egon behar du eskuragarri egoitza elektronikoan, izaera teknikoko bidezko arrazoi baten ondorioz ezinezkoa denean salbu.

3. Argitalpen elektronikoaren kontsulta toki berean baina aparte jarritako datu base batez osatzen da, doakoa dena, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako xedapenak, egintzak eta iragarkiak bilatu, aurkitu eta inprimatzeko aukera ematen duena.

4. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren argitalpen elektronikoak sinadura elektroniko aurreratua erabiltzen du bere edukiaren benetakotasuna, osotasuna eta aldaezintasuna bermatzeko. Herritarrek galdapen horiek betetzen direla egiaztatu ahal izango dute aplikazio estandarrak edo, hala badagokio, aldizkaria argitaratzen den egoitza elektronikoak eskura jarritako tresna informatikoak erabilita.

5. Edonola ere, argitara daitezen elektronikoki bidalitako jatorrizko agirien benetakotasuna, osotasuna eta aldaezintasuna bermatzeko sinadura elektroniko aitortua erabiliz sinatuko dituzte ahalmena edo baimena dutenek agiri elektroniko horiek.

IV KAPITULUA
BITARTEKO ELEKTRONIKOAK ERABILTZEAN NORTASUNA EGIAZTATZEA ETA AUTENTIFIKATZEA

21. artikulua. Harreman elektronikoetan herritarren nortasuna egiaztatzea.

1. Foru Administrazioarekin dituzten harremanetan identifikatzeko, jarduketa edo prozedura zehatz horretan nortasuna egiaztatzea beharrezkoa denean, sinadura elektroniko aitortua, pasahitza edota sinadura elektronikoko bestelako sistemak erabili ahal izango dituzte pertsona fisikoek eta juridikoek nahiz nortasun juridikorik gabeko entitateek, 2006ko irailaren 12ko 40/06 Foru Dekretuak, foru administrazioaren aurrean egin beharreko jarduketetan nortasuna eta ordezkaritza egiaztatezea arautzekoak (2008ko ekainaren 24ko 61/08 Foru Dekretuak aldatutakoak) aurreikusi baldintzetan. Edonola ere, pertsona fisikoek nortasun agiri nazionalari erantsitako sinadura elektronikoko sistemak erabili ahal izango dituzte.

2. Sinadura elektronikoko sistemak erabili arren, aplikatu beharreko legeriak hala galdatzen badu, agiri edo komunikazio elektronikoan identifikatzeko beharrezkoak diren datuak jarri beharko ditu herritarrak. Halaber jarritako datu pertsonalak erabili ahal izango ditu Foru Administrazioak sinadura egiaztatze aldera.

3. Era berean, harreman elektroniko batean herritarrak eman dituen datu pertsonalak eta harremanetarako datuak herritarren datuen errolda bakarra sortu, osatu eta eguneratzeko erabili ahal izango ditu Foru Administrazioak, baina xede jakin honetarako bakarrik: Inprimakiak betetzerakoan eta, oro har, zerbitzu pertsonalizatuak eskaintzerakoan administrazioaren proaktibitatea bultzatzeko. Edonola ere, aldez aurretik datuen jabearen berariazko baimena eskuratu behar du eta errolda horrek datu pertsonalak babesteko araudiak ezarritako gainerako berme eta baldintzak bete behar ditu.

22. artikulua. Harreman elektronikoetan herritarren jarduketak autentifikatzeko erak.

1. Herritarren jarduketen benetakotasuna eta osotasuna bermatzeko, 21.1 artikuluan aipatu sinadura elektronikoko sistemak erabili ahalko dira oro har.

2. Edonola ere, 21.1 artikulu horrek aipatu pasahitza edota sinadura elektronikoko bestelako sistemak herritarren jarduketa autentifikatzeko erabiltzea ahalbidetze aldera, Foru Administrazioak beharrezko neurriak hartu beharko ditu jarduketa horren osotasuna eta uko ezintasuna bermatzearren.

23. artikulua. Ordezkatzeko moduak.

1. Interesdunen izenean jarduketa elektronikoak egin ahal izateko, beharrezkoa da, dagokionaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Legezko Ordezkarien Erroldan (2006ko irailaren 12ko 40/06 Foru Dekretuan eta 2006ko irailaren 15eko 822/06 Foru Aginduan araututakoan) edo 2006ko irailaren 12ko 40/06 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz departamentuetan sortutako edo sortzen diren Borondatezko Ordezkarien Erroldetan izena ematea.

2. Ordezkaritza ez badago egiaztatuta edo ezin bada ondorioztatu, dagokion moduan egiaztatzea eskatuko da.

3. Oro har, emandako ordezkaritzak ez du balioko ordezkatuari zuzendutako Foru Administrazioaren komunikazio eta jakinarazpenak jasotzeko, nahiz eta interesdunaren izenean egindako jarduketaren ondorioa izan. Hori guztia, 39.4 artikuluan aurreikusitakoaren kaltetan gabe.

24. artikulua. Foru Administrazioko langileek herritarren nortasuna egiaztatzea eta horien jarduketa autentifikatzea.

1. Bitarteko elektronikoak erabiliz edozein eragiketa egin ahal izateko herritarren nortasuna egiaztatzea edo horien jarduketa autentifikatzea eskatzen bada eta ez badute 21 eta 22. artikuluek horreterako aurreikusten dituzten tresnarik, identifikazio edo autentifikazio hori Foru Administrazioaren langileek egin ahal izango dute, horrela jardun ahal izateko gaituak izan direnek, beren sinadura elektronikoko sistema erabiliz. Hori egin nahi duen herritarrak bere burua identifikatu beharko du eta baimena espresuki eman. Baimena idatziz jasoko da, argi geratzeko desadostasunik edo auzirik balego.

2. Harreman elektronikoetan herritarren nortasuna egiaztatzeko eta horien jarduna autentifikatzeko langileak gaitzea departamentu bakoitzari dagokio. Gaitu beharreko langileak herritarrentzako informazio, laguntza eta arreta funtzioak betetzen dituztenak izango dira.

25. artikulua. Sinadura elektronikoa erabiltzeko baldintza gehigarriak.

1. Administrazio prozeduren baitan bitarteko elektronikoz egindako jarduketetan, denbora zigilua edo marka, jarduketaren izaeraren arabera bata ala bestea, eta izenpetzeko erabilitako sinadura elektronikoaren indarraldiaren egiaztapena jaso behar dira.

2. Hala ere, 1. atalean ezarritakoa gorabehera, prozeduraren arau erregulatzaileak bestelako betekizun gehigarriak ezarri ahal izango ditu, betiere prozeduraren bermeak zaintzeko beharrezkotzat jotzen direlako.

3. Harreman elektronikoetan erabilitako sinadura elektroniko aitortuak (nortasun agiri nazional elektronikoa barne) indarrean daudela egiaztatzeko, dagozkien ziurtagirien egoera begiratuko da Online Certificate Status Protocol (OCSP) protokoloaren bidez edo 31. artikuluan ezarritakoaren arabera onartutako beste protokolo bat baliatuz.

4. Erabilitako pasahitza indarrean dagoela egiaztatzeko, indarrean dauden pasahitzen datu basean bagiratuko da.

5. Denbora-zigilua onartutako protokoloen bitartez egingo da, 31. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

26. artikulua. Harreman elektronikoetan Foru Administrazioaren nortasuna egiaztatzea eta bere eskumenen erabilera autentifikatzea.

Foru Administrazioak identifikatzeko eta autentifikatzeko honako sistema hauek erabiliko ditu:

  • a) 6.5 artikuluan aipatu dispositibo seguruko ziurtagiriak edo horren baliokideak, horien artean, egoitzako ziurtagiria, egoitza elektronikorako.
  • b) Zigilu elektronikoa eta egiaztapen kode segurua, administrazio jarduera automatizaturako.
  • c) Foru Administrazioaren langileentzat honako hauek: Nortasun agiri nazionalari erantsitako sinadura elektronikoko sistemak, xede jakin honetarako onartutako administrazio publikoetako langileen ziurtagirian oinarritutako sinadura elektronikoa edo sinadura elektronikoko beste sistema batzuk, sinatzailea Foru Administrazioko langile gisa identifikatzea ahalbidetzen dutenak eta egindako jarduketen osotasuna eta ukaezintasuna bermatzen dutenak.
  • d) Komunikazio ingurune itxietako datu trukaketa elektronikoa, aldeen artean adosturiko berariazko baldintzetan.
  • e) Administrazio organoaren ziurtagiri elektronikoa.

27. artikulua. Administrazioaren jarduera automatizaturako sinadura elektronikoko sistemak.

1. Jarduera administratibo automatizatuan identifikatzeko eta bere eskumenen erabilera autentifikatzeko, 2007ko ekainaren 22ko 11/07 Legeak, herritarrak zerbitzu publikoetan bitarteko elektronikoz sartzea arautzekoak, 18. artikuluan aipatzen dituen administrazio publikoen zigilu elektronikoa edo egiaztapen kode segurua erabili ahal izango ditu Foru Administrazioak.

2. Aipatu sinadura elektronikoko sistemak egoera hauetan erabili ahal izango dira besteak beste, non hala balegokio errekurtsoak aurkezteko ondorioetarako organo arduraduna zein den zehaztu beharko den:

  • a) Aldez aurreko erabaki, egitate edo egintza baten transkripzio edo kontaketa osoaren edo partzialaren bidez, erabaki, egitate edo egintza horiek komunikatzeko edo adierazteko egindako jardueretan, hala nola, ziurtagiri administratiboak eta ohar soilak.
  • b) Dagokion arau aplikagarrian aurreikusitako betekizunak egiaztatzeko eta, ondoren, hala badagokio, arau horretan aurrez zehaztutako ondorio juridikoa adierazteko jardueretan.
  • c) Erregistro elektronikoak egiten dituen aurkezte agirietan edo agiri elektronikoen kopia kautotuetan.
  • d) Jakinarazpen elektronikoetan.

3. Egiaztapen kode seguruak jarduketa edo agiria organo egilearekin eta, hala badagokio, pertsona sinatzailearekin lotu behar ditu, eta gainera, honako hauek bermatu behar ditu:

  • a) Agiri edo jarduketa bakoitzarentzat sortutako kodea bakarra dela.
  • b) Egoitza elektronikoan sartuta agiri edo jarduketa horren osotasuna egiaztatu daitekeela, eskuragarri egoteko jarritako epean.
  • c) Eskuragarri dagoen epe hori igarota, agiri edo jarduketa horren autentifikazioaren eta osotasunaren konstantzia gelditzen dela, bere artxiboari begira.

4. Egiaztapen kode seguruen erabilerari lotuta honako hauek zehaztu behar dira: Zein jarduera administratibo automatizatuei aplikatuko zaien, noiz arte egongo diren jarduera horiek eskuragarri egoitza elektronikoan eta zein den errekurtsoak jartzeari begira organo arduraduna.

5. Administrazioaren jarduera automatizatuan erabilitako sinadura elektronikoko sistemen zerrenda eta horiek erabili ahal diren egoerena, eta hala badagokio, ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak eta emaileak egoitza elektronikoan jakinaraziko dira.

28. artikulua. Komunikazio ingurune itxietan izandako jarduketen benetakotasuna eta osotasuna.

1. Foru Administrazioaren barruan komunikazio ingurune itxietan datuak elektronikoki trukatze aldera, ingurune itxiaren segurtasuna eta trukatutako datuen babesa bermatzeko beharrezko baldintzak eta bermeak ezarri beharko dira aldez aurretik. Horrenbestez, honako hauek aurreikusi behar dira gutxienez: Baimendutako igorleen eta hartzaileen zerrenda, trukatu beharreko datuen izaera eta ingurune itxi horietan egindako jarduketen benetakotasuna eta osotasuna bermatzeko erabiliko diren bitartekoak.

2. Komunikazio ingurune itxietan Foru Administrazioak beste administrazio publiko batzuekin parte hartzen duenean, aurreko atalean aipatu baldintza eta bermeak parte hartzaileen arteko hitzarmen bidez ezarriko dira, 47. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

29. artikulua. Foru Administrazioko administrazio organoen eta langileen ziurtagiri elektronikoen edukia.

1. Administrazio organoaren ziurtagiriak administrazio organoa eta horren titularra identifikatuko ditu.

2. Foru Administrazioaren zerbitzuko langileen ziurtagiriak pertsona fisikoa identifikatuko du, Gipuzkoako Foru Aldundiari atxikitako langilea dela espresuki jasota eta, hala badagokio, betetzen duen lanpostua ere zehaztuko du.

30. artikulua. Foru Administrazioko administrazio organoen eta langileen ziurtagiri elektronikoak emateko, erabiltzeko eta baliogabetzeko araubidea.

1. Foru Administrazioak egingo ditu bere langileei eta administrazio organoei ziurtagiri elektronikoak emateko beharrezkoak diren aldez aurretiazko identifikatze eta baldintzak betetzen direnaren egiaztatze lanak. Langileak kudeatzeko ardura duen organoak beteko du eginkizun hori, betiere egitura eta funtzionamendu arauetan bestelakorik ezartzen ez bada.

Halaber, Foru Administrazioari dagokio administrazio organoei eta bere langileei emandako ziurtagiriak eten edo baliogabetzea, indarrean dagoen legedian aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen bada ziurtagiriak etetea edo baliogabetzea eragin dezakeena.

2. Ziurtagiri elektronikoetan identifikatutako pertsonek honako betebehar hauek izango dituzte:

  • a) Ziurtagiri elektronikoari lotutako sinadura sortzeko datuak zaintzea.
  • b) Ziurtagiri elektronikoak erabiltzean, horietan azaltzen diren mugak errespetatzea, eta.
  • c) Ziurtagiri elektronikoa etetea edo baliogabetzea eskatzea, betetzen zen lanpostua edo kargua uzteagatik, zerbitzu aktiboan ez jarraitzeagatik, edo indarrean dagoen legedian ziurtagiriak eteteko edo baliogabetzeko aurreikusitako arrazoiren bat gertatzeagatik.

31. artikulua. Ziurtagiri elektronikoak onartzeko araubidea.

1. Foru Administrazioak onartu egingo ditu, Diputatuen Kontseiluaren erabaki bidez, ziurtapen zerbitzuen emaileen ziurtagiri elektroniko aitortuak, baldin eta ziurtapen zerbitzuen emaileak horretarako beharrezkoa den informazioa eta teknologia helarazi badizkio, ikuspegi teknologikotik bideragarria bada eta kosturik eragiten ez badio.

2. Elkarganako aitorpenaren eta elkarrekikotasunaren printzipioei jarraituz, ziurtagiri elektroniko aitortuetan oinarritutakoak ez diren baina beste administrazio publikoetan erabili edo onartu diren sinadura elektronikoko sistemak onartu ahal izango dira.

3. Foru Administrazioak oro har onartutako ziurtagiri elektronikoen zerrenda egoitza elektronikoan argitaratuko da. Zerrenda horretan informazioa emango da erabilitako identifikazio elementuei buruz eta, hala badagokio, onartutako ziurtagiri elektronikoen ezaugarriei buruz, bai eta ziurtagiri emaileei eta ziurtagiri horien bidez egin daitekeen sinadura elektronikoaren berezitasunei buruz ere.

V KAPITULUA
KOMUNIKAZIO ETA JAKINARAZPEN ELEKTRONIKOAK

32. artikulua. Komunikazio elektronikoak, oro har.

Herritarrek beraiek aukeratu ahal izango dute betiere Foru Administrazioarekin dituzten harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzea edo ez erabiltzea, Lege mailako arau batek elektronikoa ez den bitarteko bat erabiltzea ezartzen duenean edo arau horretatik halakorik ondorioztatzen denean izan ezik.

33. artikulua. Harremanak bide elektronikoz izateko obligazioa ezartzea.

3.c) artikuluko azken paragrafoan ezarritako kasu eta baldintzetan, Foru Administrazioak erabaki dezake berekin izan beharreko harremanak bide elektronikoz izateko obligazioa ezartzea. Obligazio hori ezartzen duen foru agindua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta egoitza elektronikoan argitaratuko da, eta honako hauek arautu behar ditu gutxienez:

  • a) Zein komunikazioei aplikatzen zaien, berariaz adierazita obligazio horrek honako hauek ere barne hartzen dituen ala ez: Administrazioaren jakinarazpenak bitarteko elektronikoez egitea edota erregistro elektronikoa erabiltzea.
  • b) Ze bide elektroniko erabili behar den.
  • c) Zein sinadura elektronikoko sistema erabil daitezkeen.
  • d) Eta zein pertsona, talde edo entitate dauden behartuta.
Ikusi 1.011/2010 Foru Agindua [GIPUZKOA], azaroaren 24koa, zerga arloko zenbait tramite bide elektronikoz egiteko obligazioa arautzen duena («G.A.O.» azaroak 29). Ikusi, 6/2011 Foru Agindua [GIPUZKOA], urtarrilaren 28koa, Berrikuntza eta Jakintzaren Gizarteko Departamentuko diru laguntzei buruzko espedienteen hainbat tramite bitarteko elektronikoen bidez egiteko obligazioa arautzen duena («G.A.O.» otsailak 1). Ikusi Diputatu Nagusiaren 1/2011 Foru Dekretua [GIPUZKOA], urtarrilaren 28koa, Diputatu Nagusiaren Kabineteko diru laguntzei buruzko espedienteen hainbat tramite bitarteko elektronikoen bidez egiteko obligazioa arautzen duena («G.A.O.» otsailak 7). Ikusi, 03-131/2011 Foru Agindua [GIPUZKOA], abenduaren 30ekoa, Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuko diru laguntzei buruzko espedienteen hainbat tramite bitarteko elektronikoen bidez egiteko obligazioa arautzen duena. («B.O.G.» 2012eko urtarrilak 16) Ikusi, 102/2013, urtarrilaren 23koa, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuko diru laguntzei buruzko espedienteen hainbat tramite bitarteko elektronikoen bidez egiteko obligazioa arautzen duena («G.A.O.» urtarrilak 29).

34. artikulua. Hasieran aukeratutako komunikatzeko bitartekoa aldatzea.

1. Borondatezkoa denean, herritarrak hasieran egin duen aukera, komunikatzeko bitartekoarena, ez da loteslea herritarrarentzat eta edozein unetan erabaki dezake beste bitarteko bat erabiltzea. Edonola ere, organo eskudunari bitarteko aldaketa horren berri eman behar dio espresuki, eta halakorik egin arte, berariaz adierazitako azken bitartekoa erabiliz egindako komunikazioa baliozkoa izango da.

2. Foru Administrazioak bitarteko elektronikoak erabiliko ditu herritarrekin komunikatzeko, betiere hala eskatu edo onetsi badute berariaz. Eskaera eta onespen hori bitarteko elektronikoen bidez egin edo jaso daitezke.

3. Aurreko ataletan aurreikusitako ondorioetarako, egoitza elektronikoan argitaratuko dira herritarrek kasu bakoitzean erabili ditzakeen bitarteko elektronikoak eta eskubide hori gauzatzeko eredu normalizatu eta espezifiko bat jarriko da eskuragarri. Gainera, edozein prozedura administratibo hasteko eskaeretan eta prozedura administratibo horri lotutako edozein izapidetan aukera eman behar zaio interesdunari hautatzeko eskubidea baliatzeko.

35. artikulua. Komunikazio elektronikoen baliozkotasuna.

Komunikazio elektronikoak baliozkoak izan daitezen, batetik jasota gelditu behar da komunikazio hori bidali eta hartu dela, noiz bidali eta hartu den eta zein den komunikazioaren eduki osoa; eta bestetik, modu fidagarrian identifikatu behar dira bai bidaltzailea eta bai hartzailea.

36. artikulua. Foru Administrazioaren komunikazioak.

Foru Administrazioak bitarteko elektronikoak lehenetsiko ditu barne komunikazioetan baita Batzar Nagusiekin eta beste administrazio publikoekin komunikatzeko ere. Komunikazio horien baldintzak parte hartzaileen artean erabakiko dituzte.

37. artikulua. Bitarteko elektronikoak erabiliz jakinarazpenak egiteko baldintza orokorrak.

1. Jakinarazpenak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira interesdunak bide hori lehentasunezkotzat adierazi edo berariaz haren erabilera baimendu duenean edo, 33. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, hala egiteko obligazioa ezarri denean.

Lehentasun edo baimen hori bitarteko elektronikoen bidez adierazi edo eskatu eta lortu ahal dira.

2. Interesdunak jakinarazpen elektronikoak egiteko zein bide aukeratzen duen adierazi behar du eta bide horrek baliozkoa izan behar du foru dekretu honen arabera. Era berean, jakinarazpena bitarteko elektronikoak erabiliz egiteko emandako baimena edo adierazitako lehentasuna baliogabetu ahal izango du; horretarako, organo eskudunari horren berri eman eta jakinarazpenak jasotzeko beste leku bat adierazi beharko du.

3. Ondorengo kasu honetan interesdunak jakinarazpena elektronikoki egitea onetsi duela ulertuko da: Prozedura jakin baten baitan, horretarako onartutako moduren bat erabilita jakinarazpen elektronikoa egin denean eta interesdunak bere jokabideaz erakutsi duenean ezagutzen dituela jakinarazi den egintza edo ebazpenaren edukia eta izan dezakeen eragina.

38. artikulua. Nola jakinarazi.

1. Jakinarazpena egindakotzat joko da, interesduna, bere sinadura elektronikoa erabilita, jakinarazitako egintzaren edukian sartzen denean.

2. Hala ere, jakinarazitako egintza 39. artikuluan adierazten den moduan interesdunaren esku jartzen denetik hamar egun natural igaro badira interesduna bere edukian sartu gabe, jakinarazpena ez duela hartu nahi ulertuko da. Horrenbestez, izapidea egindakotzat joko da, eta prozedurak aurrera egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak hala adierazita, edukian sartzea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatzen bada.

39. artikulua. Jakinarazpen elektronikoetarako plataforma.

1. Foru Administrazioak egoitza elektronikoan barrena jakinarazpen elektronikoetarako plataformaren bidez egingo ditu bere jakinarazpenak.

Edonola ere, jakinarazpenak egiteko beste bitarteko batzuk ere gaitu ahal izango ditu, hala nola, automatikoki eta hartzailearen borondatetik at sortzen den jaso izanaren adierazpendun posta elektronikoko sistemak, edota beste batzuk, betiere hartzaileak jakinarazpena jaso duenaren konstantzia uzten bada.

2. Jakinarazpen elektronikoetarako plataformak honako ezaugarri hauek izango ditu:

  • a) Interesduna, sinadura elektronikoaren bidez identifikatu ostean, jakinarazpenean sartu ahal izango da egoitza elektronikoan barrena. Dena den, egoitza elektronikotik Foru Administrazioak egindako jakinarazpen elektronikoetan bakarrik sartu ahal izango da.
  • b) Jarduera administratibo automatizatuarentzat 27. artikuluan aurreikusten denari jarraikiz, administrazioaren sinadura elektronikoaren bidez bermatuko dira jakinarazpen horren benetakotasuna eta osotasuna.
  • c) Jakinarazitako egintza interesdunaren esku zein egunetan eta zer ordutan jarri den egiaztatuko da.
  • d) Halaber, interesduna jakinarazitako egintzaren edukian zein egunetan eta zer ordutan sartu den egiaztatuko da.
  • e) Foru dekretu honetan ezarritakoaren arabera jakinarazpena egitea galarazten duen zerbitzuko edozein etenaldi jasota geratuko da.
  • f) Zerbitzua etenaldirik gabe erabilgarri egongo da eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan.

3. Aurreko ataleko c) eta d) idatz-zatietan aurreikusitakoaren ondorioetarako, jakinarazpen elektronikoetarako plataforma egoitza elektronikoko ordu ofizialarekin sinkronizatuta egongo da; alde horretatik, beharrezko neurriak hartuko dira zerbitzuaren osotasuna ziurtatzeko eta manipulazioak saihesteko.

4. Interesdunari edo bere ordezkariari posta elektronikoz edo beste edozein bide erabiliz ohartarazi ahal izango zaio helbide elektronikoan jakinarazpenak dituela. Nolanahi ere, hori egitea hautazkoa izango da eta informatzea beste helbururik ez du izango; gainera, ohartarazpena egiten ez bada ere, jakinarazpena behar bezala egin dela kontsideratu daiteke.

VI KAPITULUA
ZIURTAGIRI ADMINISTRATIBO ELEKTRONIKOAK ETA DATUEN IGORPENA

40. artikulua. Paperean egindako ziurtagiri administratiboak ordeztea.

Paperean egindako ziurtagiri administratiboen ordez ziurtagiri administratibo elektronikoak egin ahal izango dira edo dagozkion datuak igorri, kapitulu honetan aurreikusitako baldintzetan.

41. artikulua. Ziurtagiri administratiboak bitarteko elektronikoak erabiliz eskatzea.

Ziurtagiri administratiboak egiteko eskatu ahal izango da egoitza elektronikoan.

21. artikuluan aurreikusitako edozein sinadura elektronikoko sistemaren bidez identifikatu ezean, ziurtagiri administratiboa zeini buruz eskatu den, pertsona edo entitate horri bidaliko zaio paperean bere helbidera.

42. artikulua. Ziurtagiri administratibo elektronikoak egitea.

1. Ziurtagiri administratibo elektronikoak ziurtatzen diren datuak eta ziurtagiri hori egiteko eskumena duen aginte, organo edo funtzionarioaren sinadura elektronikoa jasoko ditu. Ziurtagiri administratibo elektronikoak egiteko eskumena duenak sinadura elektroniko aitortua erabili beharko du, oro har, administrazio jarduera automatizatuari buruz 27. artikuluan ezarritakoaren kaltetan gabe.

2. Ziurtagiri administratibo elektronikoek paperean egindakoen ondorio berdinak izango dituzte eta paperean inprimatu ahal izango dira.

43. artikulua. Ziurtagiri administratibo elektronikoak eskatzaileen esku jartzea.

1. Ziurtagiri administratibo elektronikoak egoitza elektronikoan jarriko dira eskatzaileen esku.

2. Ziurtagiri administratibo elektronikoen edukia ikusteko, interesdunak identifikatu beharko dira 21. artikuluan aurreikusitako edozein sinadura elektronikoko sistema erabiliz.

3. Ziurtagiri administratibo elektronikoak interesdunen esku egongo dira egoitza elektronikoan indarrean dauden bitartean edo, bestela, sei hilabeteko epean.

44. artikulua. Ziurtagiri administratiboak prestatu eta egiteko administrazio jarduera automatizatua.

1. 27. artikuluari jarraikiz, prestatu eta egindako ziurtagiri administratiboa administrazio jarduera automatizatu baten emaitza bada, ziurtagiri horren benetakotasuna eta osotasuna egiaztatzeko organo emailearen fitxategietan bitarteko elektronikoen bidez sartzea ahalbidetzen duen elektronikoki sortutako egiaztapen edo balioztapen kode seguru bat erabiltzea nahikoa izango da sinadura elektronikoko sistema gisa.

2. Edonola ere, aurreko atalean aurreikusi ondorioetarako, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuak egin eta ematen duen «datuak egiaztatzeko agiria» administrazio jarduera automatizatutzat jotzen da. Datuak egiaztatzeko agiriak frogatuta uzten du bertan ematen den zerga informazioa bat datorrela Ogasun eta Finantza Departamentuaren datu baseetan egun horretan dagoenarekin, eta informazio hori osoa eta benetakoa dela bermatzeko «balioztapen kodea» erabiltzen du.

45. artikulua. Bitarteko elektronikoen bidez datuak transmititzeko baldintzak eta igorpen horren ondorioak.

1. Foru Administrazioaren barruan nahiz horren eta beste administrazio publiko baten edo batzuen artean, ziurtagiri administratiboak eskatu ordez, administrazio prozedura batean edo administrazio jarduketa batean eskumenak baliatzeko beharrezkoak diren datuak bitarteko elektronikoen bidez transmititu ahal izango dira ondorio guztietarako eta balio eta eraginkortasun osoz, betiere igorpen hori kapitulu honetan ezarritako baldintzetan eta ukanbehar eta bermeekin gauzatzen bada.

2. Espedientea izapidetzen duen organoak datuen titularraren baimena eskuratu behar du, organo emaileari datuok eskatu aurretik. Datuen titularrak baimentzen ez badu eta datuak babesteko legeriaren arabera titularraren baimena beharrezkoa bada, ezin izango du datuak transmititzeko eskatu. Baimen hori bitarteko elektronikoak erabiliz eman, eskuratu eta baliogabetu ahal izango da.

Datuen titularraren baimena behar den kasuetan, titularrak baimenik ematen ez badu, dagokion ziurtagiri administratiboa eskatu eta aurkeztu beharko du.

3. Datuak transmititzeko eskaerak alderdi hauek jaso behar ditu:

  • a) Transmititu beharreko datuak eta horien titularrak.
  • b) Igorpenaren helburua.
  • c) Hartzailearen eskumena, datua eskatzea justifikatzen duena.
  • d) Igorpenaren aldizkakotasuna, hala badagokio.
  • e) Igorpena gauzatzeko era.
  • f) Datuen titularrek horiek transmititzeko aldez aurretik baimena eman dutela jasota uztea, beharrezkoa denean.

4. Informazioaren igorpenaren ondorioak igorpena egiteko ezarri ziren helburuetara mugatuko dira eta, bere kasuan, ordezten den ziurtagiriaren parekoak izango dira. Ondorioz, igorpenak ez du sortuko ez eskubiderik, ez eskubide-itxaropenik, emandako informazioak eragindakoen alde edo interesdunen alde; halaber, igorpenak ez du etengo informazioaren helburu ziren prozeduren ondorioz sortutako eskubide edo betebeharren preskripzioa.

46. artikulua. Datuak transmititzeko baldintzak eta bermeak.

1. Datuen igorpena benetakotasuna, osotasuna, kontserbazioa eta konfidentzialtasuna bermatuz egingo da, foru dekretu honetan ezarritakoarekin bat etorriz.

2. Eskaera jaso eta aurreko artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatu ondoren, eskatutako datuak eman behar dituen foru organoak hamar eguneko epean transmitituko ditu oro har. Eskaeraren bat onartu gabe geratzen bada, espedientea izapidetu duen organoari jakinarazi beharko zaio zergatik ukatu den informazioa, interesdunari akatsa zuzentzeko eskatu diezaion, hala badagokio.

3. Datuak ematen dituen foru organoak transmititutako datuen frogagiria gordeko du, honako hauek jasota: Igorpenaren helburua, igorpena egin den denbora, igorpenaren identifikazio-zenbakia eta datuak eskatu eta eman dituzten organoen identifikazioa.

4. Nolanahi ere, espedientean jaso egingo da transmititutako datuen eskaera egin dela eta datuak hartu direla. Halaber, beharrezko bitartekoak jarriko dira fiskalizazioa eta kontrola egiten duten organoek datu horietan sartu eta beren jatorria eta benetakotasuna egiaztatzeko aukera izan dezaten.

47. artikulua. Foru Administrazioaren eta beste administrazio publikoen artean datuak transmititzea.

1. Foru Administrazioaren eta beste administrazio publikoen arteko datuen eskualdaketari kapitulu honetan, administrazio elektronikoaren eremuan elkarreragingarritasuna arautzen duen araudian, igorpen hori aurreikusten duen arauan eta, hala badagokio, sinatutako lankidetza hitzarmenean ezarritakoa aplikatuko zaio.

2. Bitarteko elektronikoak erabiliz egiten diren datu igorpenak bideratzeko ohiko tresna lankidetza hitzarmena izango da, batez ere datu igorpen hori aldizka edota jarraian egin behar bada, eta datu horiek interesdun ugariri buruzkoak badira edota datu horiek askori eragiten badiete.

Lankidetza hitzarmenak 45.3 artikuluan adierazitako alderdiak jaso behar ditu eta beste hauek ere bai: Informazioa ematen duen administrazio publikoan informazioa emateko baimendutako pertsonen kudeaketaz arduratzen den organoa eta informazioa jasotzen duen administrazio publikoan, informazioa jasotzeko baimendutako pertsonen kudeaketaz arduratzen dena; hitzarmenaren iraupena eta, hala badagokio, berritzeko edo luzatzeko baldintzak.

Administrazio publiko batekin hitzarmena sinatzen denean, haren menpeko administrazio organoek bakarrik erabili ahal izango dituzte jasotako datu guztiak. Hala ere, berariaz aurreikusita badago, datuen azken jasotzailea administrazio publiko horren menpeko organismo nahiz erakunde bat izan ahalko da, datuak zertarako ematen diren funtzio horiek egin edo prozedura horiek bideratu behar dituena bada.

3. Artikulu honetan arautu datuen igorpena egiteko, datu horiek eskatzen eta jasotzen dituzten administrazio publikoek erabilitako sistemen arteko bateragarritasun teknikoa bermatu behar da, eta igorpenaren benetakotasuna, osotasuna, ez ukatzea, segurtasuna eta konfidentzialtasuna bermatzeko dagozkion neurriak hartu behar dira.

48. artikulua. Datuen igorpena arautzen duten printzipioak.

Bitarteko elektronikoak erabiliz egindako datuen igorpenak printzipio hauek bete behar ditu:

  • a) Administrazio publikoen esku dauden datu eta agiriak ez aurkezteko herritarren eskubidea benetan gauzatzeko balio izatea. Hori horrela, hartzaileak ez die interesdunei eskatuko igorpenaren xede den informazioari buruz emaileak egindako ziurtagiri edo agiriak aurkez ditzaten.
  • b) Emandako datuak hartzailearen funtzio eta eskumenak betetzeko egokiak izatea.
  • c) Datuak ematea arrazoitzen duten helburuetarako garrantzitsuak eta baliagarria izatea.
  • d) Proportzionaltasuna egotea, zein datu ematen diren eta horiek zertarako eskatu diren.
  • e) Datuak transmititu eta horietan sartzeko bideak seguruak izatea.
  • f) Eraginkortasuna lortu eta kostuak murriztea.
  • g) Informazioa jasotzea justifikatzen duten helburuei zorrotz lotzea datuak, informazio hori inoiz ere erabili gabe interesdunaren edo ukitutako pertsonaren kalterako.
  • h) Emandako datuak besterenezinak izaki, jasotzaileak ezin lagatzea, hitzarmenetan berariaz zehaztutako kasuetan, ukitutako pertsonak baimena ematen duenean edo legezko baimena dagoenean izan ezik.
  • i) Informazio hartzaileak datuak geroago tratatzea debekatzea, eragindako pertsonak baimena ematen duenean edo legezko baimena dagoenean izan ezik.
  • j) Datu pertsonalak babesteko araudia zorrotz betetzea.
  • k) Elkarreragingarritasuna: Bai oro har, hau da, informazio sistemek eta, ondorioz, horietan oinarritzen diren prozedurek, datuak partekatu eta informazioa eta ezagutzak trukatzeko duten gaitasuna; baita antolaketari, semantikari, teknikari eta denborari dagozkien alderdietan ere.

VII KAPITULUA
AGIRI ETA KOPIA ELEKTRONIKOAK

49. artikulua. Kontsulta elektronikoa eta agiri elektronikoetan sartzea.

1. Administrazioak prozeduren tramitazio egoeraren berri emango die interesdunei egoitza elektronikoan. Hala egingo du prozedurak bitarteko elektronikoak erabiliz izapidetutakoak izan ala ez izan.

2. Interesdunek amaitu gabeko administrazio prozeduren parte diren agiri elektronikoetara sartzeko eskubidea 5.1.b) artikuluan ezarritako moduan gauzatuko dute.

Horretarako, interesdunak 21. artikuluan aurreikusi sinadura elektronikoko sistemaren bat erabilita identifikatu beharko dira.

3. Amaitutako administrazio prozeduren parte diren agiri elektronikoetara sartzeko eskubidea indarrean den araudiari jarraikiz gauzatuko da.

50. artikulua. Agiri elektronikoa.

1. Baliozkoak izateko honako baldintza hauek bete behar dituzte agiri elektronikoek:

  • a) Edozein motako informazioa edukitzea.
  • b) Informazio hori euskarri elektronikoan gordeta egotea, formatu zehatz baten arabera eta bereizita identifikatu eta tratatzeko moduan.
  • c) Bereiztu ahal izateko identifikazio datuak edukitzea, espediente elektroniko batean sartzearen kaltetan gabe.

2. Aurreko atalean aipatu baldintzak betetzeaz gain, agiri administratibo elektronikoek 1992ko azaroaren 26ko 30/92 Legeak aurreikusi baliozkotasun baldintzak bete behar dituzte eta elektronikoki sinatuta egon behar dute foru dekretu honen 26-29 artikuluetan ezarritakoaren arabera. Halaber, agiri administratibo elektronikoek denbora erreferentzia bat jasoko dute, hau da, «denbora marka» bat ala «denbora zigilu» bat.

«Denbora markatzat» honako hau jotzen da: Bitarteko elektronikoen bidez agiri elektroniko bati data eta, hala balegokio, ordua esleitzea; eta erabiliko da agiriaren izaerak edo aplikatzeko araudiak «denbora zigilua» erabiltzea galdatzen ez duen bitartean.

«Denbora zigilua», berriz, zera da: Bitarteko elektronikoen bidez eta ziurtapen zerbitzu emaile bat tarteko, agiri elektroniko bati data eta ordua esleitzea, ziurtapen zerbitzu emaile horrek ziurtatzen duelarik agiriaren denbora markaren zehaztasuna eta osotasuna.

3. Artikulu honetako 1. eta 2. ataletan ezarritakoaren kaltetan gabe, espediente elektroniko batean sar daitezkeen agiri elektronikoek metadatu batzuei lotuta egon behar dute, hartara dagokien testuinguruan kokatu ahal izateko, alegia, dagokien prozedura administratiboaren, funtzioaren eta organoaren edo erakundearen eremuan.

Gainera, agirien sinadurari buruzko informazioari eta horien denbora erreferentziari ere lotuta egon behar dute.

51. artikulua. Agiri elektronikoen kopia elektronikoa.

Jatorrizko formatua gordeta zein gorde gabe bitarteko elektronikoz egindako agiri elektronikoen kopiak kopia kautotzat hartuko dira, betiere jatorrizko agiri elektronikoa Foru Administrazioaren esku badago eta sinadura elektronikoaren eta, hala badagokio, denbora-zigiluaren informazioak kopia jatorrizko agiriarekin bat datorrela egiaztatzea ahalbidetzen badu.

52. artikulua. Paper formatuko jatorrizko agirien kopia elektronikoa.

Foru Administrazioak jatorriz paper formatuan emandako agirien kopiak, bitarteko elektronikoak erabiliz Foru Administrazioak berak egindakoak, kopia kautotzat hartuko dira, baldin eta foru dekretu honetan administrazio jarduerarako aurreikusi sinadura elektronikoko sistemaren bat gehitzen dien ziurtatutako digitalizazio prozesuren bat aplikatuta lortutako kopiak badira.

53. artikulua. Paper formatuko jatorrizko agirien konpultsa elektronikoa.

1. Herritarrek aurkeztutako paper formatuko agirien irudi elektronikoak lortu ahal izango ditu Foru Administrazioak ziurtatutako digitalizazio prozesuen bidez eta horiek erkatutako edo konpultsatutako kopiak izango dira. Konpultsatzeko funtzioa esleituta duenak elektronikoki sinatu behar ditu hala lortutako irudi-agiriok foru dekretu honetan administrazio jarduerarako aurreikusi sinadura elektronikoko sistemen bidez.

2. Elektronikoki konpultsatutako agiriek jatorrizkoen balio berdina izango dute dagokien prozeduran.

3. Elektronikoki konpultsatu ondoren, jatorrizko agiriak interesdunei edo aurkeztu zituztenei itzuliko zaizkie, prozeduran gorde behar direnean izan ezik.

54. artikulua. Agiri elektronikoen paperezko kopia.

Bitarteko elektronikoz emandako eta elektronikoki sinatutako administrazio agirien paperezko kopiak kopia kautotzat hartuko dira, baldin eta elektronikoki sortutako kode seguru inprimatu bat edo bestelako egiaztapen sistemaren bat badute, Foru Administrazioaren fitxategi elektronikoetan sartuz benetakoak direla frogatzea ahalbidetzen dutenak.

55. artikulua. Agirien artxibo elektronikoa.

Bere administrazio prozeduren garapenean jaso, sortu eta kudeatu dituen jatorrizko agiri elektronikoak formatu elektronikoan gordeko ditu Foru Administrazioak agirion bizi zikloan zehar beren kontserbazioa bermatze aldera. Agiria sortzeko erabili zen formatua bera edo hori berriz sortzeko beharrezkoa den informazioaren identitatea eta osotasuna ziurtatzen duen beste bat izan daiteke.

Agiriak gordetzeko bitarteko edo euskarriek gordetako agirien osotasuna, benetakotasuna, konfidentzialtasuna, kalitatea, babesa eta kontserbazioa bermatzeko segurtasun neurriak eduki beharko dituzte eta bitarteko edo euskarri horien erabiltzaileen identifikazioa eta horietarako sarbideen kontrola ere ziurtatu beharko da, baita datu pertsonalen babesari buruzko legeriak ezarritako bermeak betetzen direla ere.

VIII KAPITULUA
ESKAERA EREDU NORMALIZATUAK ETA AGIRIAK AURKEZTEKO FORMATUAK

56. artikulua. Eskaera eredu normalizatuak.

1. Dagokion prozedura arautzeko eskumena duen organoak onartuko du horri dagokion eskaera eredu normalizatua, eta onartutako eskaera eredu horiek herritarren eskura jarriko dira egoitza elektronikoan, beren tramitazio elektronikora sartzeko guneetan.

2. Eskaera eredu normalizatuek emakumeak eta gizonak ikusarazten dituen hizkuntza erabiliko dute, eta Foru Administrazioarekiko harremanetarako hizkuntza eta hala dagokionean interesdunaren sexuaren aldagaia, estatistikak egite aldera, jasotzeaz gain, atal hauek izango dituzte nahitaez:

  • a) Jakinarazpenei dagokienez, atal bat jasoko da interesdunak jakinarazpenak egiteko lehenesten duen bitartekoa edo bitartekoak adierazi ditzan, bai eta, hala behar denean, jakinarazpena bitarteko elektronikoz egiteko baimena eman dezan foru dekretu honetan jasotako moduan.
  • b) Tratamendu automatizatua izango duten eredu normalizatuko datu pertsonalei dagokienez, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak 5. artikuluan aurreikusten dituen oharrak behar bezala nabarmenduta agertuko dira.
  • c) Datuen igorpenari dagokionez, eta 45.2 artikuluan jasotakoari jarraikiz, atal bat sartuko da interesdunek baimena eman dezaten, baimen hori beharrezkoa denean, bitarteko elektronikoz beren datuak igortzeko organo eskatzaileari.

3. Eskaeren normalizazioa lagungarria izango da bertan dauden datuak behar bezala transmititzeko, foru dekretu honen bigarren tituluko VI. kapituluan ezarritakoa alde batera utzi gabe.

57. artikulua. Agiriak aurkezteko formatuak.

1. Eskaera eredu normalizatuekin batera hala behar denean aurkezten diren agiri elektronikoak dagokion prozedura arautzeko eskumena duen organoak onartuko dituen formatuei egokituko zaizkie. Formatuak onartzeaz gain, tamaina eta bestelako ezaugarriak ere mugatu ahal izango ditu, agiriak aplikazio informatikoekin teknikoki bateragarriak direla ziurtatzeko.

2. Aurreko paragrafoan aipatutako agirien formatuak eta mugak egoitza elektronikoan emango dira argitara.

HIRUGARREN TITULUA
ANTOLAKETA ETA EGITEKOAK

58. artikulua. Administrazio elektronikoaren gaian eskumenak eta egitekoak banatzea.

Gipuzkoako Foru Aldundian, honako hauek dira administrazio elektronikoaren gaian eskumenak eta egitekoak dituzten organoak:

  • a) Administrazio elektronikoa ezartzeko jarduerak zuzentzea eta koordinatzea esleitua duen Lehendakaritzako eta Foru Administrazioko Departamentua.
  • b) Administrazio Elektronikoaren Batzorde Teknikoa, 60. artikuluan sortzen dena.
  • c) Foru departamentuak.

59. artikulua. Lehendakaritzako eta Foru Administrazioko Departamentuaren eskumenak eta egitekoak.

Bere egitura organiko eta funtzionalari buruzko foru dekretuak egotzitakoez gain, aipatu departamentuak egiteko hauek izango ditu:

  • a) Gipuzkoako Foru Aldundiaren Administrazio Elektronikoari buruzko plana prestatu, koordinatu eta haren jarraipena egitea.
  • b) Administrazio elektronikoko plataformak, korporatiboak edo departamentu guztientzat direnak, nahiz erabakitzen diren izapide eta zerbitzu elektronikoak ezartzeko proiektuak sustatzea.
  • c) Zerbitzu elektroniko bat ezarri aurretik zerbitzu hori arrazionalizatu eta hobetzeko egin beharreko azterketa eta sinplifikatzea egiteko metodologia ezartzea, baita horretarako normalizazio baldintzak ere.
  • d) Egoitza elektronikoa eta zerbitzu korporatiboak eta tramitazio elektronikoaren euskarri diren plataforma korporatiboak kudeatu eta administratzea.
  • e) Foru Administrazioaren jarduketetan sinadura elektronikoaren erabilera sustatzea.
  • f) Administrazio publikoen arteko elkarreragingarritasuna bultzatzea, eta ildo horretatik bitarteko elektronikoen bidez datu eta agirietan sartu eta horiek eskuratzeko lankidetza hitzarmenak sustatzea.
  • g) Bitarteko elektronikoen bidez Foru Administrazioko beste organo batzuetatik edota beste administrazio publiko batzuetatik lor daitezkeen datu eta agiri elektronikoen katalogoa kudeatzea, hala benetan gauzatu ahal dadin herritarrek duten eskubidea prozedura jakin batean administrazioak berak eskura ditzakeen datu eta agiri horiek ez aurkezteko.

60. artikulua. Administrazio Elektronikoaren Batzorde Teknikoa.

1. Administrazio Elektronikoaren Batzorde Teknikoa sortzen da, xede duena Gipuzkoako Foru Aldundian administrazio elektronikoa garatzeak dauzkan alderdi teknikoak, administratiboak, antolaketa mailakoak nahiz juridikoak behar bezala koordinatzea, beti ere, administrazio elektronikoaren gai honetan eskumena duen departamentuaren egitekoen kaltetan gabe. Aipatu bulegoak funtzio hauek izango ditu:

  • a) Gipuzkoako Foru Aldundiaren Administrazio Elektronikoari buruzko plana garatzea bideratze aldera, guztientzako jarduera lerroak erabakitzea eta plan horren hedapena gainbegiratzea.
  • b) Erabakitzen diren izapide eta zerbitzu elektronikoak ezartzeko proiektuen jarraipena egitea.
  • c) Elektronikoki izapidetzen diren zerbitzu korporatiboei lotutako plataforma teknologikoak eta formatuak proposatzea.
  • d) Zerbitzu elektroniko bat ezarri aurretik zerbitzu hori arrazionalizatu eta hobetzeko egin beharreko azterketa eta sinplifikatzea egiteko metodologia proposatzea, bai eskatu beharreko baldintza eta agiriei dagokienez, bai barne kudeaketako prozesuei dagokienez.
  • e) Inprimaki elektroniko normalizatuek bete beharreko baldintza teknikoak zehaztea.
  • f) Administrazio elektronikoari lotutako foru araudia proposatzea.
  • g) Herritarrak nahiz Foru Administrazioko organo zein langileak identifikatu eta autentifikatzeko sistema gisa erabiliko diren ziurtagiri elektronikoen onarpena proposatzea.
  • h) Beren eskumenen eremuan administrazio elektronikoa hedatzen eta ezartzen foru departamentuen koordinazioa, lankidetza eta parte hartzea indartzea, horretarako departamentu bakoitzean sortzen den batzordearen bitartez.

2. Honako hauek osatuko dute Administrazio Elektronikoaren Batzorde Teknikoa: Administrazio elektronikoa ezartzeko jarduerak zuzentzea eta koordinatzea esleitua duen Foru Administrazioaren Modernizazioko zuzendari nagusiak, batzordeburua izango denak; zuzendaritza nagusi horretako bi ordezkarik, Araubide Juridikoko Zuzendaritza Nagusiko ordezkari batek eta IZFE, SAko bi ordezkarik.

Halaber, bere interesekoak edo eskumenekoak direlako, departamentu bati bakarrik edo batzuei bakarrik edo bereziki eragiten dieten gaiei buruzko batzorde teknikoaren bileretan, parte hartu ahal izango dute eragiten dien departamentuko ordezkariek ere.

Edonola ere, Batzorde Teknikoa osatzerakoan emakumeen eta gizonen presentzia edo ordezkaritza orekatua bermatu beharko da.

61. artikulua. Foru departamentuen eskumenak eta egitekoak.

Bere eskumenen eremuan foru departamentu bakoitzak honako egiteko hauek izango ditu, besteak beste:

  • a) Egoitza elektronikoan jarrita dauzkan informazio, izapide eta zerbitzuen osotasuna eta egiazkotasuna zaintzea eta horiek eguneratzea, horren guztiaren erantzule baita 2007ko ekainaren 22ko 11/07 Legeak, herritarrak zerbitzu publikoetan bitarteko elektronikoz sartzea arautzekoak, 10. artikuluan ezarritako moduan.
  • b) Departamentuaren zerbitzu eta tramitazioetan bitarteko elektronikoak erabil daitezen bultzatzea, eta bere sistemak administrazio elektronikoko zerbitzu eta plataforma korporatiboetan txerta daitezen sustatzea.
  • c) Hala balegokio, bere eskumeneko prozeduretan harremanak bide elektronikoz izateko obligazioa ezartzea beren gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik, beren lanbideagatik edo behar bezala egiaztatutako beste arrazoi batengatik, beharrezko bitarteko teknologikoak eskura dituzten pertsona juridikoei edo pertsona fisikoen taldeei.
  • d) Onartutako sinadura elektronikoko sistemen artean bere eskumeneko prozedura eta jarduketetan erabili daitezkeenak erabakitzea.
  • e) Bere prozeduren tramitazioan eskatzen dituzten agiri eta datuak, Foru Administrazioaren beste organo batzuen edota beste administrazio edo erakunde publiko batzuen eskuetan daudenak, identifikatzea, informazioa trukatzeko hitzarmenak sustatze aldera.
  • f) Bere departamentuko organo eta langileei ziurtagiri elektronikoak eman, erabili eta baliogabetzea sustatzea.
  • g) Hala balegokio, harreman elektronikoetan herritarren nortasuna egiaztatuko duten eta horien jarduna autentifikatuko duten bere departamentuko langileak gaitzea.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria Uliazpi Fundazioa foru erakunde autonomoa.

Dauzkan baliabide material eta teknikoen arabera bere eskumeneko zerbitzu, prozedura eta jarduketetan bitarteko eletronikoen erabilera ezarri ahala aplikatuko da dekretu honetan aurreikusitakoa Uliazpi Fundazioa foru erakunde autonomoaren jardun esparruan.

Bigarren xedapen gehigarria Sektore Publikoko kontratuei buruzko legeria.

Foru dekretu honetan ezarritakoa ulertu behar da Sektore Publikoko kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legeak eta hori garatzeko eman daitekeen araudiak kontratatzailearen profilari, kontratazio plataformari eta kontratazio publikoko prozeduretan bitarteko elektronikoak erabiltzeari buruz jasotako arau berezien kaltetan gabe.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indargabeturik geratzen da maiatzaren 11ko 41/2004 Foru Dekretua, herritarren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko Internet bidezko harremanak arautzen dituena, baita maila bereko edo apalagoko xedapenak foru dekretu honetan xedatutakoarekin kontraesanean edo bertan xedatutakoaren aurka dauden heinean.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Amaierako lehen xedapena Administrazio elektronikoa pixkanaka ezartzea.

Foru dekretu hau indarrean jartzen den egunetik berehala aplikatzekoa izango da egoitza elektronikoari, erregistro elektronikoari eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizial eta iragarki taula elektronikoei buruz bertan arautzen dena. Horrenbestez, foru dekretu hau indarrean jartzen den egunaren zero orduak eta segundo batean jarriko da martxan Gipuzkoako Foru Aldundiaren erregistro elektronikoa.

Foru Administrazioaren zerbitzu, prozedura eta tramiteei buruzko informazioa eskuragarri jartzeari, komunikazio eta jakinarazpen elektronikoei, ziurtagiri administratibo elektronikoei, eta espedientearen kontsulta elektronikoari eta artxibo elektronikoari buruzko xedapenak zerbitzu horiek egoitza elektronikoan sartu ahala aplikatuko dira.

Amaierako bigarren xedapena Garapena.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritzako eta Foru Administrazioko foru diputatuari foru dekretu honetan ezarritakoa garatu eta betearazteko behar diren xedapenak emateko, bertan aurreikusten diren berariazko egiteko esleipenen kaltetan gabe.

Amaierako hirugarren xedapena Indarrean jartzea.

Foru dekretu hau 2010eko urriaren 29an jarriko da indarrean, amaierako lehen xedapenean ezarritakoaren kaltetan gabe.