2011ko apirilaren 5eko 214 zk. Foru Agindua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Nekazaritzako Makineriaren Erregistro Ofizialean makineria inskribatzeko buruz.

Iraupen bertsioak

   Imprimatu

2011ko apirilaren 5eko 214 zk. Foru Agindua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Nekazaritzako Makineriaren Erregistro Ofizialean makineria inskribatzeko buruz.

BOG 15 Apirila 2011

Landa Ingurunearen Garapeneko Departamentuko foru diputatuak 2011ko apirilaren 5ean, ondorengo agindua eman du:

2009ko ekainaren 19ko 1013/2009 Errege Dekretuak, nekazaritza makineria ezaugarritzeari eta erroldatzeari buruzkoak (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 2009ko uztailaren 15ekoa), 1.1 artikuluan ezartzen du xede dituela, bai nekazaritzako makineriaren ezaugarrien araudia ezartzea, bai makineria hori Autonomia Erkidegoetako Nekazaritzako Makineriaren Erregistro ofizialetan (ROMA) inskribatzeko oinarrizko baldintzak arautzea.

Errege Dekretuko III. kapituluan erregistro hauen erregimena arautzen da, zenbait xedapenen bitartez: Egitura, derrigorrez inskribatu beharreko makinak, gutxieneko dokumentazioa, e.a.

Errege Dekretuko II. eranskinak zehazten ditu ROMAn derrigorrez inskribatu behar diren makineria taldeak, aurreko araudian aurreikusitakoei bi puntu hauetan adierazitakoak gehituz: H) tratamendu fitosanitarioak emateko arrastaturiko edo esekitako edozein edukiera eta pisuko makinak; i) ongarriak banatzeko arrastaturiko edo esekitako edozein edukiera eta pisuko makinak. Makina horiek aurretik inskribatu gabe badaude, 2 urteko epea dute gehienez ROMAn inskribatzeko (xedapen iragankor bakarra).

II. eranskineko k) letran eta 12. artikuluko 1.g) eta 2.c) ataletan jasotzen da Autonomia Erkidegoek arautu dezaketela derrigorrezko inskripzioko bestelako makineria ere, nahiz eta estatuko arautegian agertu ez. Orobat, arautegi horretan ezarritakoaz gain, dokumentazio gehigarria ere eska dezakete.

Horregatik eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Ingurunearen Garapeneko Departamentuak ROMAren arduraduna denez Gipuzkoako Lurralde Historikoan, bidezkoa da zenbait xedapen arautzea makineriaren inskripzioari buruz.

Hori guztia kontuan izanik, 1983ko azaroaren 25eko 27/1983 Legeak, Autonomia Erkidego Osorako erakundeen eta bertako lurralde historikoetako foru erakundeen arteko harremanei buruzkoak, 7.b.1) artikuluan xedatutakoari jarraikiz eta 2005eko uztailaren 12ko Foru arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, xedatutakoari jarraikiz,

XEDATZEN DUT

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da, nekazaritza makineria ezaugarritzeari eta erroldatzeari buruzko 2009ko ekainaren 19ko 1013/2009 Errege Dekretuari jarraikiz, arautzea makineriaren inskripzioak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Nekazaritzako Makineriaren Erregistro ofizialean, zeina Landa Ingurunearen Garapeneko departamentuaren menpe baitago.

2. artikulua. Derrigorrez inskribatu beharreko makineria.

2.1. ROMAn inskribatu behar dira nekazaritza jarduerarako erabiliko diren makinak (nekazaritza, abeltzaintza edo baso jarduerak), baldin eta legezko araudia betetzen badute eta 2009ko ekainaren 19ko 1013/2009 Errege Dekretuaren II. Eranskinean a) letratik j) letrara agertzen diren taldeetan sartuta badaude.

2.2. Aurrean adierazitakoaz gain ROMAn ondorengo makineria inskribatuko da:

  • - Tratamendu fitosanitarioetarako eta negutegiko UBV teknika erabiltzen duten ekipoak.
  • - Tratamendu fitosanitarioak egiteko eskuzko ekipo lainoztagailuak egiteko (eskorga).
  • - Tratamendu fitosanitarioak egiteko motordun motxila pneumatikoa (lainoztagailuak).

Ez dira inskribatu behar eskuzko eta presio aurretiko edo atxikiko lainoztatze motxilak.

3. artikulua. Makineria inskribatzeko baldintzak eta modua.

Makina bat ROMAn inskribatuko da ustiategiaren zati nagusia Gipuzkoako Lurralde Historikoan barruan badago; zerbitzu enpresei dagokienez, aldiz, enpresaren helbide soziala lurralde honetan badago. Nekazaritza Makinen Erregistroan inskribatzeko eskaerak eskualdeko nekazaritza bulegoetan (ENB) zein Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Ingurunearen Garapeneko Departamentuan egin daitezke.

Makineriaren inskripzioa 2009ko ekainaren 19ko 1.013/2009 Errege Dekretuak jasotzen duen bezala egingo da, 11. artikuluan aipatzen diren baldintzei eta titularrei dagokienez, eta 12. artikuluan arabera eskatzen den dokumentazioa aurkeztuko da.

4. artikulua. Tramitazioa eta erregistroa.

Landa Ingurunearen Garapeneko Departamentuko Landare Alorreko Unitateak inskribatzeko eskabideak bideratuko ditu. Horrek bidezko egiaztapenak egingo ditu eta, horren ondoren, inskripzio ziurtagiri bat egingo du makina bakoitzerako. Inskripzioa ustiategiaren zati nagusia hartzen duen udalerrian egingo da. Zerbitzu enpresei dagokienez, aldiz, enpresaren helbide soziala duen udalerrian.

Eskatutako agiriak eransten ez dituzten eskabideak baztertu egingo dira. Makinen bajak eta titulartasun aldaketak Eskualdeko nekazaritza bulegoetan (ENB) edota Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Ingurunearen Garapeneko Departamentuan egingo dira, makinen titularrek eskatuta.

Xedapen gehigarri bakarra

Landa Ingurunearen Garapeneko Departamentuak, sektoreko elkarteekin batera, ahalik eta zabalkunderik handiena egingo du eta informazio egokia emango du elkartekideekin artean eta, oro har, sektorean, Gipuzkoako Lurralde Historikoko ROMAn makineria inskribatzeko baldintzei buruz.

Xedapen iragankor bakarra

2009ko ekainaren 19ko 1013/2009 Errege Dekretuaren xedapen iragankor bakarrean xedatzen den inskripzio epea foru agindu honen 2. artikuluaren 2.2. atalean agertzen den makineriari, jada erabiltzen denari, aplikatuko zaio. Era berean makineria honi aplikagarria izango zaio xedapen horretan aurreikusten dena, hots, ezaugarriei buruzko ziurtagiria ordezteko aukera, baldin eta eduki ezean, makinaren titularrak sinatutako aitorpen batekin eta eranskin honetan azaltzen den aitorpenaren ereduari jarraikiz.

Kasu horietan, erosketa faktura edo salerosketa, leasing, renting edo antzeko kontratua falta bada, makinaren balioa titularrak sinatutako aitorpenaren arabera kalkulatuko da.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Amaierako lehenengo xedapena

Landa Ingurunearen Garapeneko Departamentuak banakako identifikaziorako zenbakia esleituko du, eta bastidore zenbakirik ez duten makinetan trokelatu edo grabatu egingo da, modu ezabaezinean, haren xasisean, 2009ko ekainaren 19ko 1013/2009 Errege dekretuaren arabera.

Amaierako bigarren xedapena

Foru agindu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondorengo egunean jarriko da indarrean.