2013ko otsailaren 8ko 1/2013 Foru Araua, Gipuzkoako toki entitateen aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren alorretan finantza tutoretzaren eskumena garatzen duena.

Iraupen bertsioak

   Imprimatu

2013ko otsailaren 8ko 1/2013 Foru Araua, Gipuzkoako toki entitateen aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren alorretan finantza tutoretzaren eskumena garatzen duena.

BOG 12 Otsaila 2013

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «2013ko otsailaren 8ko 1/2013 Foru Araua, Gipuzkoako toki entitateen aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren alorretan finantza tutoretzaren eskumena garatzen duena» eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

HITZAURREA

Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko 2012ko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoak amaierako hirugarren xedapenaren bigarren apartatuan dioenez, bertan jasota dagoena Ekonomia Itunaren Legean xedatutakoa eragotzi gabe aplikatuko da Euskal Autonomia Erkidegoan.

2012ko urriaren 1eko HAP/2105/2012 Aginduak, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko 2012ko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan jasotako informazio obligazioak garatzen dituenak, xedapen gehigarri bakarrean dioenez, agindu horretan jasotakoa 2012ko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren amaierako hirugarren xedapenean jasotakoari jarraituz aplikatuko zaie Nafarroako Foru Erkidegoari eta Euskal Autonomia Erkidegoari, foru araubidetik eratorritako berezitasunak eragotzi gabe.

Ekonomia Itunak, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onartutakoak, 48. artikuluan, aurrekontu egonkortasunaren arloan koordinazioa eta lankidetza ezartzen ditu, besteak beste, Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko finantza harremanen printzipio orokor gisa.

Horiek horrela, Ekonomia Itunaren 62. artikuluak dioenez, aurrekontu egonkortasunaren arloko lankidetza eta koordinazio konpromisoak adostea da, besteak beste, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren funtzioa. Era berean eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko legeriari jarraiki, Herri Finantzen Euskal Kontseiluari dagokio Euskadiko Autonomia Erkidegoko erakunde publikoen aurrekontu egonkortasunerako helburuak adostea, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraiki, Euskadiko Autonomia Erkidegorako har daitezen konpromisoen esparruan.

Gainera, toki entitateen eremuan Estatuak une bakoitzean baliatzen dituen finantza-tutoretzako ahalmenak Euskadiko erakunde eskudunei dagozkie, hala jasotzen baitu Ekonomia Itunak 48. artikuluan. Horrek ez du adierazi nahi, inola ere, Euskadiko toki entitateen autonomia araubide erkidea duten toki entitateena baino txikiagoa izango denik.

Bestetik, Batzar Nagusiei dagokie Gipuzkoako toki entitateen finantza tutoretzaren araubidea foru arau bidez erregulatzea, hala jasotzen baitu 2005eko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 8. eta 9. artikuluetan.

Horretan oinarrituta, foru arau hau onartzen da, Gipuzkoako toki entitateek aurrekontuak prestatu, onartu eta gauzatzean aurrekontu egonkortasunari eta finantza iraunkortasunari buruz garrantzitsuak diren alderdiak garatu eta zehazte aldera.

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru arau honen xedea da finantza tutoretzaren erabilpenaren barruan ezartzea Gipuzkoako toki sektorearen aurrekontu egonkortasunari eta finantza iraunkortasunari, urteaniztasunari, gardentasunari, baliabide publikoen esleipen eta erabileraren efizientziari, erantzukizunari eta erakunde leialtasunari buruzko printzipioak benetan aplikatzeko beharrezkoak diren prozedurak.

2. Foru arau hau aplikatuko zaie:

  • a) Gipuzkoako udal eta mankomunitateei, bai eta nagusiki diru-sarrera komertzialekin finantzatutakoak ez diren zerbitzuak eman edo ondasunak ekoizten dituzten haien menpeko organismo autonomoei eta erakunde publikoei ere.
  • b) Gainerako entitate publiko enpresarialei, merkataritza sozietateei eta Gipuzkoako toki administrazioen menpeko zuzenbide publikoko gainerako erakundeei, ez badaude aurreko apartatuan jasota, bereziki beraiei buruzkoak diren xedapenei dagokienez.

2. artikulua. Egiaztapena.

1. Aurrekontuen prestaketa, onarpena eta exekuzioa europar araudiarekin bat datorren aurrekontu egonkortasuneko eta finantza iraunkortasuneko esparru batean egingo dira, eta 2012ko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoak eta foru arau honek jasotakoaren arabera.

2. Tokiko entitate bakoitzerako egiaztatu beharko da esparru horretatik eratorritako helburuak betetzen ote diren, behin haren kontuak bateratu ondoren, finantzaketa ahalmenaren ikuspuntutik, Nazio eta Eskualde Kontuen Sistema Europarrean jasotako definizioari jarraituz.

3. Aurreko 1.2.b) artikuluan aipatutako gainerako entitateei dagokienez, helburu horiek betetzat emango dira behin, banaka hartuta, beren aurrekontuak onartu, gauzatu eta likidatzen dituztenean edo galera eta irabazi kontuak finantza-orekan onartzen dituztenean.

3. artikulua. Toki entitate bakoitzaren aurrekontu egonkortasuneko eta zor publikoko helburuak.

Diputatuen Kontseiluak, Gipuzkoako Finantzetako Lurralde Kontseiluak aldez aurretik txostena eginda, eta Herri Finantzen Euskal Kontseiluak dituen eskumenen kalterik gabe, urtero ezarriko ditu Gipuzkoako toki entitate bakoitzari aplikagarriak zaizkion defizit eta zorpetze mugak, betiere toki administrazio osoarentzat aurrekontu egonkortasunari eta zor publikoari dagokienez bete beharreko helburuak Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan behin adostuta.

4. artikulua. Gastu araua.

1. Gipuzkoako toki entitate bakoitzerako gastu konputagarriaren bariazioa Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan adostutakora doituko da urte bakoitzerako.

2. Dena den, ez bada betetzen aurrekontu egonkortasunari edo zorrari lotutako helburua, gastu publiko konputagarriaren hazkundea plan ekonomiko-finantzarioan jasotako bideari lotuko zaio.

5. artikulua. Zuzentze neurriak.

1. Ez bada betetzen aurrekontu egonkortasuneko helburua, zor publikoko helburua edo gastu araua, plan ekonomiko-finantzario bat egin beharko da, urtebetean helburu horiek edo gastu araua bete ahal izateko.

2. Dena den, zor helburua betetzen ez bada, hori lortzeko epea plan ekonomiko-finantzarioan ezarritako bideari egokituko zaio, eta inoiz ere ez du gaindituko 2020. urteko denbora muga.

3. Bestetik, aurrekontu egonkortasuneko helburuaren ez-betetzea diruzaintzako gerakina erabiltzearen ondorioz gertatzen bada, plan ekonomiko-finantzarioaren ordez, entitateko Udalbatzarrari komunikazio bat helaraziko beharko zaio, zirkunstantzia hori adierazita, Kontuhartzailetzak entitatearen finantza iraunkortasuna aztertu eta ebaluatzeko egiten duen txosten batekin batera.

6. artikulua. Aurreikusitakotik gorako sarreren erabilpena.

1. Aurreikusitakotik gorako sarrera ez-helburudunen bidez ezin izango da gastu berririk finantzatu, eta osorik erabili beharko dira zor bizia murriztu edo zorpetze eragiketa gehiago saihesteko.

2. Dena den, bai diruzaintza beharrengatik edo bai zuhurtasun irizpideengatik, aurreko atalean xedatutakoaren aplikazioa aurrekontuaren likidazioa egin arte geroratu ahal izango da.

7. artikulua. Diruzaintzako gerakinaren erabilpena.

1. Aurrekontu likidazioak gastu orokorretarako diruzaintza gerakin positiboa ekarriz gero, gerakin hori zor bizia murrizteko edo zorpetze eragiketa gehiago saihesteko erabiliko da.

2. Dena den, gastu orokorretarako diruzaintza gerakinik izanez gero, kreditu gerakinen txertaketak finantzatzeko erabili ahal izango da.

3. Gainera, uneko ekitaldirako finkatutako zor helburua betetzen duten entitateek kreditu gehigarriak finantzatzeko erabili ahal izango dute gastu orokorretarako diruzaintza gerakina.

4. Zorraren helburua betetzen ez den entitateetan, zor bizia murrizteko erabiliko den gastu orokorretarako diruzaintza gerakinak bermatu egin beharko du, gutxienez, norbere plan ekonomiko-finantzarioan ezarritako zor murrizketaren bidea bete egingo dela.

8. artikulua. Gardentasun printzipioaren bideratzea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak zainduko du, toki entitateen gaineko finantza tutoretzako eskumena erabiliz, aurrekontu egonkortasuneko eta finantza iraunkortasuneko printzipioak betetzen direla. Hori horrela, Foru Aldundiak, HAP/2105/2012 Aginduaren xedapen gehigarri bakarrari jarraituz gardentasun printzipioa bideratze aldera, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan erabakitako toki entitateen informazioa emango du. Era berean, Foru Aldundiak printzipio horien betetze mailari buruzko txosten bat prestatuko du urtero, eta Batzar Nagusiei helaraziko die.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Udalak Finantzatzeko Foru Fondora itzultzeko dauden saldoak.

Udalak Finantzatzeko Foru Fondoari buruzko 1994ko azaroaren 23ko 15/1994 Foru Arauak 6.4 artikuluan jasotakoari jarraituz geroratu daitezkeen Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldeko saldoak ez dira konputatuko zor publikoko helburua betetzeko edo finantza tutoretza baliatzeko.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Lehena Aldatzea 1989ko uztailaren 5eko 11/1989 Foru Araua, Gipuzkoako Tokiko Ogasunei buruzkoa.

Honela aldatzen da Gipuzkoako Tokiko Ogasunei buruzko 1989ko uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauaren 52. artikulua:

«52. artikulua.

Epe ertain edo luzeko kredituak hitzartzeko eta abalak emateko, oro har, organo eskudunek baimendu beharko dute beren eskumenen eremuaren barruan. Horretarako, kontuan hartu beharko dira defizitari eta zor publikoari lotutako helburuak eta aurrekontu egonkortasunari eta finantza iraunkortasunari buruzko arauditik eratorritako printzipio eta obligazioak. Era berean, erreparatuko zaie eskaera egiten duen toki entitatearen egoera ekonomikoari, amortizazio epeari eta hitzartzekoa den kredituaren mota guztietako baldintzei.».

Bigarrena Arauak emateko ahalmena.

Diputatuen Kontseiluaren Erabakiaz ezarriko dira Gipuzkoako toki entitateek urte bakoitzeko aurrekontuak prestatu, onartu eta gauzatzeko jarraitu beharreko arauak, betiere aurrekontu egonkortasunarí eta finantza iraunkortasunari buruzko arauditik eratorritako defizitari eta zor publikoari lotutako helburuak betetze aldera. Diputatuen Kontseiluaren Erabakia hartu aurretik Gipuzkoako Finantzen Kontseiluak txostena egingo du.

Halaber, Diputatuen Kontseiluaren Erabakiaz ezarriko dira kasu bakoitzean gastu araua Gipuzkoako toki entitateen finantzaketaren berezitasunei aplikatzeko beharrezkoak diren jarraibideak. Diputatuen Kontseiluaren Erabakia hartu aurretik Gipuzkoako Finantzen Kontseiluak txostena egingo du.

Hirugarrena Indarrean sartzea.

Foru arau hau Gipuzkoako ALDIZKARI OFIZIALEAN argitaratzen den egun berean sartuko da indarrean.