2013ko martxoaren 5eko 10/2013 FORU DEKRETUA, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Nekazaritza Lurren Funtsa arautzekoa.

Iraupen bertsioak

   Imprimatu

2013ko martxoaren 5eko 10/2013 FORU DEKRETUA, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Nekazaritza Lurren Funtsa arautzekoa.

BOG 18 Martxoa 2013

Bistakoa da azken urteotan Gipuzkoako nekazaritza lurren eta nekazaritza ustiategien kopuruak izan duen beherakada nabarmena. Nekazaritza lurren babesik eza eta lurrari nekazaritzaz kanpoko erabilerak emateko gertatu den artifizializazio prozesua dela eta, are larriagoa bihurtu da berez zailtasun ugari dituen lurrak eskuratzeko arazoa, eta ondorioz, murriztu egin da elikagaiak ekoizteko gaitasuna. Era berean, jarduera baztertuz doa eta lurralde oinarria gutxi eskualdatzen da, eta horrek gero eta zailagoa egiten du hain beharrezkoa den belaunaldi aldaketa, ez baitago ustiategien titularrei diru sarrera nahikoa bermatuko dien behar besteko nekazaritza azalera.

Foru dekretu honen xede nagusia da nekazaritza lurrak babesten laguntzea eta nekazaritzarako erabiliko direla bermatzea, lurrak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Nekazaritza Lurren Funtsean sartuta. Funts horren bidez arazo horri irtenbidea eman nahi zaio, nekazariak sektorean sartzeko neurriak hartuz eta gaur egun dauden ustiategien iraupena bermatuz behar duten nekazaritza lurzorua eskainita; horretarako, lurrak aldi baterako lagatzeko merkatua dinamizatuko da, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Nekazaritza Lurren Funtsean dauden nekazaritzarako finkak interesatuta dauden pertsonen eskura jarriko dira.

2008ko abenduaren 23ko 17/2008 Legeak, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikakoak, 13. artikuluan, lurralde historiko bakoitzean nekazaritza lurren funts bat sortzea aurreikusten du; eta 14. artikuluan xedatzen du funts horiek foru esparrukoak izango direla, eta lurralde historiko bakoitzetik hartutako nekazaritza lurrak eta/edo nekazaritza lurrei lotutako ondasun eta eskubideak sartuko direla bertan.

Nekazaritza lurren funtsen ondasunak eta eskubideak kudeatzeko eta administratzeko, nekazaritza lurren bitartekaritza bulegoak sortuko dira, nekazaritza gaietan eskumena daukan foru departamentuari atxikiak, 17/2008 Legearen 15. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Hori guztia dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskumena du Nekazaritza Lurren Funtsa administratu eta kudeatzeko, 1983ko azaroaren 25eko 27/1983 Legeak 7.b.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, 2008ko abenduaren 23ko 17/2008 Legean ezarritako baldintzetan.

Foru dekretu honek bost kapitulu ditu: Dekretua aplikatzeko xedapen orokorrak; Nekazaritza Lurren Funtsa eta haren kudeaketa; ondasun eta eskubideak Nekazaritza Lurren Funtsean sartzeko araubide juridikoa; Nekazaritza Lurren Funtsean sartutako ondasun eta eskubideen lagapena; eta erakunde arteko lankidetza hitzarmenak eta Prezio eta Balioen Batzorde Teknikoa.

Aurrenekoan, foru dekretuaren xedea eta esparrua zehazten dira.

II. kapituluan Gipuzkoako Nekazaritza Lurren Funtsa zer den azaltzen da; beste pertsona batzuei erabili eta aprobetxa ditzaten lagatzeko bertan sar daitezkeen ondasun eta eskubideak finkatzen dira; eta foru dekretu honetan ezarritako helburuekin nola uztartzen diren zehazten. Era berean, kapitulu honetan Gipuzkoako Nekazaritza Lurren Funtsaren kudeaketa eta administrazioa Gipuzkoako Foru Aldundian nekazaritzako eskumenak dituen departamentuari atxikitzen zaizkio, Nekazaritza Lurren Bitartekaritza Bulegoaren bidez.

III. kapitulua ondasun eta eskubideak Nekazaritza Lurren Funtsean sartzearen araubide juridikoari buruzkoa da; eta bitartekaritza enkargua nola egin zehazten du: Entitate publikoek zein partikularrek beren borondatez landa finken edo haien gaineko eskubideen erabilera eta aprobetxamendua denboraldi jakin baterako lagatzea helburu duen tresna gisa, ondoren beste pertsona batek kudeatu eta administratu ditzan; hori guztia, erabiltzen ez diren nekazaritza lur erabilgarriak mobilizatzeko, horrela, ustiategi berriak martxan jarriz eta dauden ustiategien zabalkuntza sustatuz, lurralde oinarria hobetuta eta handituta.

IV. kapituluan Nekazaritza Lurren Funtsean dauden ondasun eta eskubideen erabilera eta aprobetxamendua beste pertsona batzuei lagatzeko prozedura azaltzen da, haien titulartasun motaren eta izaera juridikoaren arabera bereizita. Horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzako landa ondasunak beste pertsona batzuei lagatzeko, baimenaren, emakidaren edo alokairuaren erregimenak erabiliko dira, 1996ko uztailaren 9ko 8/1996 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren ondarearenak, xedatutakora lotuta dagoenez.

Bukatzeko, V. kapituluan, erakundeen artean lankidetzan aritzeko neurriak ezartzen dira, eta Prezioen eta Baloreen Batzorde Teknikoa arautzen da. Batzorde horrek foru dekretu honetan araututako lagapenetan aplikatu daitezkeen gehieneko prezioei buruzko txostena egingo du, Nekazaritza Lurren Funtsaren kudeaketaz eta administrazioaz arduratzen den foru departamentuak onar dezan. Batzorde horren kide izango dira, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariez gain, Gipuzkoako landa garapeneko elkarteetako eta nekazaritzako erakunde profesionaletako ordezkariak.

Azkenean, foru dekretuak amaierako bi xedapen ditu.

Horiek horrela, Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko Departamentuko foru diputatuak proposatuta, Aholkularitza Batzorde Juridikoarekin bat, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT

I KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Nekazaritza Lurren Funtsaren araubide juridikoa finkatzea. Funtsaren zeregin nagusia honakoa da: Nekazaritzako lur erabilgarriak babestea eta gal ez daitezen neurriak hartzea; erabiltzen ez diren nekazaritza lurrak eskaintzea; eta ustiategi berriak martxan jartzea eta dauden ustiategien zabalkuntza sustatzea, lurralde oinarria hobetuz eta handituz.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru dekretu honetan ezarritako xedapenak Gipuzkoako Nekazaritza Lurren Funtsean dauden landa finkek bete beharrekoak izango dira; eta bertan Gipuzkoako Lurralde Historikoko finkak sar daitezke.

II KAPITULUA
NEKAZARITZA LURREN FUNTSA ETA HAREN KUDEAKETA

LEHEN ATALA
Nekazaritza Lurren Funtsa

3. artikulua. Nekazaritza Lurren Funtsa.

1. Gipuzkoako Lurralde Historikoko Nekazaritza Lurren Funtsean foru dekretu honetan zehaztutako xedeekin bat datozen ondasun eta eskubideak sartu ahal izango dira; bertan, lursail horien eskaintzari eta eskariari buruzko datuak zentralizatuko dira, edozein pertsona fisiko edo juridiko publiko zein pribatuk erabili eta aprobetxatu dezan lagatzeko. Horrez gain, tresna bat da hirugarrenekin bitartekari lanak egiteko: Bai finkak Nekazaritza Lurren Funtsean sartzeko eta bai horiek lagatzea lortzeko.

2. Funtsean sartzen diren ondasun eta eskubideek honako xede hauek izan ditzakete:

  • a) Nekazari gazteak finkatzea.
  • b) Nekazaritza ustiategi berriak sortzea.
  • c) Nekazaritza ustiategiak handitzea: Bereziki, azpiegitura publikoak egin ahal izateko desjabetze prozesuak jasan dituztenak.
  • d) Agroaldeak sortzea.

3. Gipuzkoako Lurralde Historikoko Nekazaritza Lurren Funtsak administrazio izaera du eta Gipuzkoako Lurralde Historiko osorako publikoa eta bakarra da.

4. artikulua. Nekazaritza Lurren Funtsaren ondasun eta eskubideak.

Honako hauek sar daitezke Gipuzkoako Lurralde Historikoko Nekazaritza Lurren Funtsean:

  • a) Gipuzkoako Foru Aldundiak Nekazaritza Lurren Funtsean sartzeko eskuratu dituen landa ondasun eta eskubideak; edo Gipuzkoako Lurralde Historikoko ondarean daudenak eta aipatu funtsean sartzen direnak, Gipuzkoako Ondareari buruzko 1996ko uztailaren 9ko 8/1996 Foru Arauan ezarritakoaren arabera.
  • b) Sektore publikoko edozein erakunde edo entitatek -Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginak, 2011ko azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaz onartutakoak, 3. artikuluan ezarritako definizioaren arabera-, lagatzen dituen landa izaerako ondasun eta eskubideak.
  • c) Gipuzkoako Foru Aldundian nekazaritza gaietan eskumena duen departamentuaren bitartekaritza enkarguaren bidez, pertsona pribatuek Nekazaritza Lurren Funtsean sartutako landa finkak.
  • d) Nekazaritza ustiategiko nekazaritza lurrak, ustiategiaren titularrak eskualdatua, titularrak erretiroa aurretiaz hartzeagatik dagozkion diru laguntzak jasotzen dituenean, 2008ko abenduaren 23ko 17/2008 Legeak, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikakoak, 73.b) artikuluan xedatutakoari jarraituz.
  • e) Gipuzkoako Lurralde Historikoko Nekazaritza Lurren Funtsean sartutako nekazaritza lurrak, 2008ko abenduaren 23ko 17/2008 Legeak, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikakoak, 20 eta 21. artikuluetan xedatutakoa betez.

5. artikulua. Ondasun eta eskubideak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Nekazaritza Lurren Funtsean sartzearen xedea.

Ondasun eta eskubide horiek Gipuzkoako Lurralde Historikoko Nekazaritza Lurren Funtsean sartzeak honako helburu hauetako bat lortzeko lagungarri izan behar du:

  • a) Nekazaritza ustiategien jarraipena segurtatzea, elikagaiak ekoizteko eta landa ingurunearen garapen ekonomikorako oinarrizko tresna gisa, nekazaritza jardueratik ahalik eta jende gehien bizi ahal izatea sustatuz.
  • b) Sustatzea, alde batetik, gazteak nekazaritza sektorean sartzea eta elkarteak sortzeko ekimenekin bat egitea; eta, bestetik, nekazaritza sektorean lanpostuak sortzea.
  • c) Sustatzea, alde batetik, emakumeek nekazaritza sektorean egiten duten lanaren aitorpena; bestetik, gizonezkoen baldintza beretan sektorean jarraitzea eta garatzea; eta, azkenik, elkarteak sortzeko ekimenekin bat egitea.
  • d) Ustiategien egituraren dimentsionamendua bultzatzea eta zaintzea, ustiategien bideragarritasun ekonomikoarentzat lagungarri izan dadin.
  • e) Dibertsifikazioa, ingurumenaren aldetik iraunkorra den nekazaritza eta trantsizio agroekologikoa sustatzea, horrela, nekazaritza ustiategien bideragarritasun ekonomikoa areagotzeko.
  • f) Nekazaritzarako erabil daitezkeen lurrek duten balioa agerian jartzeko esku hartzea.
  • g) Nekazaritzarako lur erabilgarrien galera gelditzea edo berreskuratzea.
  • h) Ustiategien lurralde oinarria hobetzea eta zabaltzea.
  • i) Nekazaritzarako erabilgarriak diren lurrak oso utzita, eta sute, izurrite eta gaitz fitosanitarioak izateko zein inguruko lurrei kalteak eragiteko arrisku egoeran egon ez daitezen neurriak hartzea.
  • j) Desjabetze prozesuen ondorioz gertatzen den nekazaritzarako lur erabilgarrien murrizketari aurre egiteko neurriak hartzea.

BIGARREN ATALA
-Nekazaritza Lurren Funtsaren kudeaketa

6. artikulua. Adskripzioa eta kudeaketa.

1. Gipuzkoako Foru Aldundian nekazaritza gaietan eskumena duen departamentuari atxikitzen zaio Gipuzkoako Lurralde Historikoko Nekazaritza Lurren Funtsa: Departamentu horren esku baitaude Gipuzkoako Foru Aldundiaren nekazaritza sustapen eta antolaketaren eskumenak. Beraz, departamentu hori arduratuko da, Nekazaritza Lurren Bitartekaritza Bulegoaren bidez, funtsa osatzen duten ondasun eta eskubide publiko edo pribatuak kudeatu eta administratzeaz, erabilera eta aprobetxamendua hirugarren batzuei emateko.

2. Aldian-aldian Gipuzkoako Foru Aldundiko ondasun gaietan eskumena duen departamentuari Nekazaritza Lurren Funtsean sartutako ondasun eta eskubideen berri eta egindako lagapenen berri eman beharko zaio.

7. artikulua. Gipuzkoako Lurralde Historikoko Nekazaritza Lurren Bitartekaritza Bulegoa.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Nekazaritza Lurren Funtsean dauden ondasun eta eskubideak kudeatu eta administratzeko, honako zeregin hauek dagozkio Nekazaritza Lurren Bitartekaritza Bulegoari:

  • a) Nekazaritza Lurren Funtsean sartutako ondasun eta eskubideak kudeatzea.
  • b) Alokairu zerbitzua eskaintzea: Landa finken eta ustiategien titularrak jarduera aurrez uzten duenean, finka edo ustiategia beste inori utzi gabe.
  • c) Landa finkak borondatez eta nahitaez trukatzeko erraztasunak ematea, 2008ko abenduaren 23ko 17/2008 Legeak, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikakoak, 17. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
  • d) Gutxiegi erabilitakotzat jotako lursailen erabileraren jarraipena egitea, eta aldi baterako lagapenean Nekazaritza Lurren Funtsean sartutako lursailak kudeatzea, 2008ko abenduaren 23ko 17/2008 Legeak, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikakoak, 20 eta 21. artikuluetan ezarritakoa betez.

8. artikulua. Nekazaritza Lurren Funtsaren ondasun eta eskubideen publizitatea.

Gipuzkoako Foru Aldundian nekazaritza gaietan eskumena duen departamentuak, Nekazaritza Lurren Bitartekaritza Bulegoaren zereginak bere eginez, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Nekazaritza Lurren Funtsean dauden lursailen erregistro bat izan dezake etengabe eguneratua eta publikoa, eta bertan honako datu hauek gutxienez jasota: Finkaren identifikazioa; titulartasun publikoa edo pribatua duen; egungo xedea; eta, lagapenik izan bada, lagapenaren titularraren datuak. Hori guztia, betiere, datu pertsonalak babesteko legeriak ezarritakoa betez.

III KAPITULUA
ONDASUN ETA ESKUBIDEAK NEKAZARITZA LURREN FUNTSEAN SARTZEKO ARAUBIDE JURIDIKOA

LEHEN ATALA
Bitartekari lanak

9. artikulua. Gipuzkoako Foru Aldundian nekazaritza gaietan eskumena duen departamentuari bitartekari izateko eskaera egitea.

1. Herri erakundeek, ondareari buruzko araudia betez, zein herritarrek eska diezaiokete Gipuzkoako Foru Aldundian nekazaritza gaietan eskumena duen departamentuari, departamentuak berariaz aldez aurretik onartu ondoren, bitartekari lanak egiteko Gipuzkoako Lurralde Historikoan kokatutako landa finken titular diren edo finken eskubide bat duten hirugarren batzuekin, aipatu finken erabilera eta aprobetxamendua lagatzeko.

2. Bitartekari enkargua egiteak berekin dakar finka bera edo finkaren gaineko eskubidea Gipuzkoako Lurralde Historikoko Nekazaritza Lurren Funtsean sartzea, bai eta Gipuzkoako Foru Aldundian nekazaritza gaietan eskumena duen departamentua baimentzea, bost urtez, beste bost urteko epeaz luzatzeko aukera izanda, erabilera eta aprobetxamendua hirugarren batzuei lagatzeko kudeaketa egiteko. Dena dela, epe hori gutxienez hamar urtekoa izango da, landa finken eta ustiategien titularrak aurre-erretiroko laguntzak jaso behar dituenean, 2008ko abenduaren 23ko 17/2008 Legeak, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikakoak, 73.b) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Bitartekaritza eskaera Gipuzkoako Foru Aldundian nekazaritza gaietan eskumena duen departamentuaren eta finkaren edo eskubidearen titularraren artean formalizatu beharko da zuzenbidean onartutako edozein negozio juridiko erabilita, eta departamentuak emandako eredu normalizatuei jarraituz. Bertan ezarriko dira alde bakoitzak bete beharreko baldintzak, eskubideak eta betebeharrak; eta negozio juridikoa hausteko arrazoiak eta ondorioak.

4. Gipuzkoako Foru Aldundian nekazaritza gaietan eskumena duen departamentuak egokitzat jotzen dituen agiri guztiak eska diezazkioke landa finkaren edo haren gaineko eskubidearen titularrari benetan hala dela egiaztatzeko.

10. artikulua. Bitartekaritza enkarguaren ondorioak.

1. Landa finka edo haren gaineko eskubidea Gipuzkoako Lurralde Historikoko Nekazaritza Lurren Funtsean sartzea finkaren titularraren eskubide eta betebeharren kalterik gabe ulertuko da, hau da: Titularrak finka ustiatzen jarraitu ahal izango du, lurra lantzen eta egokitzat jotzen dituen gainerako hobekuntzak eta jarduerak egiten; eta ez du salbuetsiko artapen eta mantentze lanak egitetik, harik eta finka beste batzuei laga arte.

2. Finka Gipuzkoako Lurralde Historikoko Nekazaritza Lurren Funtsean sartzeko bitartekaritza eskaera egiten duen pertsona fisiko edo juridikoak ezingo du errentaren prezioa ezarri; Gipuzkoako Foru Aldundian nekazaritza gaietan eskumena duen departamentuak urte horretarako ezarritako balioak errespetatu beharko ditu, betiere ez badago adostasunik jabearen eta lagapen hartzailearen artean prezio baxuagoa ezartzeko.

3. Gipuzkoako Lurralde Historikoko Nekazaritza Lurren Funtsean sartutako landa lurraren ezaugarriei bereziki eragiten dien edozein jarduera Gipuzkoako Foru Aldundian nekazaritza gaietan eskumena duen departamentuari jakinarazi beharko zaio behar diren agiriak aurkeztuta, egutegiko hogeita hamar eguneko aurrerapenarekin, jakinaren gainean egon dadin, halabeharrak edo aurreikusi ezineko beste gorabehera batzuk gertatzen direnean salbu; horrelakoetan, gertatu ondoren lehenbailehen jakinarazi beharko dira.

BIGARREN ATALA
Bitartekaritza enkarguari uko egitea eta enkargua baliogabetzea

11. artikulua. Gipuzkoako Foru Aldundiak bitartekaritza enkarguari uko egitea.

Gipuzkoako Foru Aldundian nekazaritza gaietan eskumena duen departamentuak aukera izango du bitartekaritza enkargua ez onartzeko edo onartutakoari uko egiteko, behar bezala frogatutako arrazoiak direla eta. Erabaki horren berri finkaren titularrari edota finkaren gaineko eskubidearen titularrari eman beharko dio eta, horrela, finka Gipuzkoako Lurralde Historikoko Nekazaritza Lurren Funtsetik kanpo geldituko da. Edonola ere, enkargua ez onartzeko edo enkarguari uko egiteko aukera izango du honako kasu hauetan:

  • a) Finka ez denean landa finka; edo osorik edo zati batean landa finka izateari uzten dionean.
  • b) Aplikatu beharreko sektoreko araudiak -bereziki, hirigintza araudiak, ingurumenekoak, eta urari, mendiei edo suteei buruzkoak- ez duenean onartzen, edo osorik edo partzialki mugatzen duenean landa finkaren erabilera eta aprobetxamendu xedea.
  • c) Finkaren edo haren gaineko eskubidearen titularrak ez duenean agiri bidez behar bezala egiaztatzen bera dela finkaren jabea; edo finkaren edo haren gaineko eskubidearen titulartasunari buruzko agirietan ez denean ageri pertsona hori dela titularra; edo hala agertuta ere titulartasunak ez dituenean behar diren berme juridiko guztiak.
  • d) Auzitan dauden landa finkak edo eskubideak direnean.
  • e) Ikusten denean finkaren jabari osoari eragiten dioten ekintzak, izatezko egoerak, eskubideak, zamak, eta zergak daudela, bereziki, honako hauek: Instalazioak edo eraikinak, titularrarenak edo beste batenak, finkaren erabilerarekin zein aprobetxamenduarekin zerikusia dutenak zein ez dutenak; zaborra, material deposituak, kontrolatu gabeko zabortegiak, lur edo agregakinen erauzketak, aztarnategi arkeologikoak, edo Gipuzkoako Lurralde Historikoko kultur ondarea osatzen duten ondasun aitortuak, katalogatuak edo inbentariatuak.
  • f) Arrazoi teknikoak daudenean, lursail horren nekazaritza erabilera eta aprobetxamendu xedea eragozten dutenak edo osorik edo erabat mugatzen dutenak, besteak beste, lursailaren malda, sakonera falta, urpetzea, etab.

12. artikulua. Finkaren titularrak bitartekaritza enkargua baliogabetzea.

1. Landa finkaren edo haren gainerako eskubidearen titularrak edozein unetan, betiere hirugarren bati esleitua izan baino lehen, baliogabetu dezake bitartekaritza enkargua, eta horren berri eman beharko dio Gipuzkoako Foru Aldundiko nekazaritza eskumenak dituen departamentuari; halakorik gertatuz gero, landa finka Gipuzkoako Lurralde Historikoko Nekazaritza Lurren Funtsetik kanpo geldituko da.

2. Bitartekaritza enkargua baliogabetuko balitz beste pertsona batzuei landa finkaren edo eskubidearen erabilera eta aprobetxamendua esleitu baino lehen, jabeari egotzi dakizkiokeen arrazoiak direla eta baliogabetu ere, orduan Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako kudeaketa gastuak ordaindu beharko lituzke jabeak.

IV KAPITULUA
NEKAZARITZA LURREN FUNTSEAN SARTUTAKO ONDASUN ETA ESKUBIDEEN LAGAPENA

13. artikulua. Esleipen erregimenak.

1. Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Nekazaritza Lurren Funtsean dauden finken eta eskubideen erabilera eta aprobetxamendua esleitu ahal izango ditu ondoren aipatzen diren erregimenen bidez, finkaren titulartasunaren arabera, eta betiere foru dekretu honetan ezarritako mugak betez:

  • a) Ente publikoen titulartasuneko ondasunak eta eskubideak beste pertsona batzuei laga ahal izango zaizkie denbora jakin baterako erabili eta aprobetxatzeko bakarrik, baimen, emakida edo alokairu araubidean, ondasunen izaera juridikoaren arabera. Foru jabari publikoko ondasunen kasuan, esleipena egingo da Ondarearen Foru Arauak 56. artikuluan eta hurrengoetan jasotako xedapenen eta foru dekretu honetan jasotako hautapen irizpideen arabera.
  • b) Titulartasun pribatuko landa ondasun eta eskubideak alokairu araubidean laga ahal izango zaizkie hirugarren pertsona batzuei, aldi jakin batean erabiltzeko eta aprobetxatzeko, eragotzi gabe zuzenbidean onargarri den beste formularen bat baliatzea.

2. Lagatako ondasun zein eskubideak foru dekretu honen 5. artikuluan deskribatutako xedeetara lotuta geldituko dira, eta lagapen titulua indargabetzeko arrazoi izango da finkarentzat hitzartutako xedea eta erabilera ez betetzea.

14. artikulua. Hirugarren batzuen titulartasuneko landa ondasunen eta eskubideen esleipena.

1. Nekazaritza Lurren Funtseko lurren edo eskubideen esleipen hartzaileak prozedura honetan xedatutakoari jarraituz aukeratuko dira:

  • a) Nekazaritza Lurren Bitartekaritza Bulegoak deialdi publikoak egingo ditu Nekazaritza Lurren Funtsean dauden finken edo eskubideen esleipen eskaerak aurkezteko.
  • b) Esleipen eskaerekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:
    • - Nortasun agiria.
    • - Helbidea eta harremanetarako beste datu batzuk.
    • - Lagatzea eskatzen den finka edo eskubidea.
    • - Txostena, finkari edo eskubideari eman nahi zaion erabilera azaltzen duena, lagapena zenbat denborarako eskatzen den zehaztuta.
    • - Artikulu honen 4. puntuan adierazitako datuen frogagiriak.
  • c) Eskaerak, gehienez ere, bi hilabeteko epean ebatziko dira, aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

2. Esleipena aurkeztu den eskaera bakarrari egin bazaio, beste inor aurkeztu ez delako, lagapena bost urtekoa izango da gehienez ere. Epemuga hori ez zaie ezarriko beren ustiategietan NLU bat lortzeko nahikoa lur oinarri ez duten nekazariei.

3. Finka bat hartzeko eskaera bat baino gehiago baldin badago, irizpide hauek aplikatu ondoren puntuaziorik altuena lortzen duena izango da lagapen hartzailea:

  • a) Nekazari profesionalak izatea: 35 puntu.
  • b) Azpiegitura publikoak egiteagatik lurzorua galdu duten eta horren ondorioz jarraipena arriskuan duten ustiategiak izatea: 20 puntu.
  • c) Lehenengo instalaziorako laguntzak jaso dituzten nekazari gazteak izatea: 15 puntu.
  • d) Lehenengo instalaziokoak ez diren nekazari gazteak izatea: 10 puntu.
  • e) Nekazaritza ustiategi berria sortzea, nekazaritza jardueraren arabera dagokion Gizarte Segurantzako erregimenean alta emateko konpromisoarekin: 35 puntu.
  • f) Emakumeak titular edo titularkide diren ustiategiak izatea: 10 puntu.
  • g) Lursailak lehendik dagoen ustiategi baten ondoan egotea: 5 puntu.
  • h) Eskatutako lursaila ustiategia dagoen edo ustiategia jarriko den udalerri berean egotea: 10 puntu.
  • i) Nekazaritza ustiategi ez profesionalak izatea: 15 puntu.
  • j) Ingurumen konpromisoak hartzea edo hartuko dituela hitz ematea, 2008ko uztailaren 29ko 66/2008 Foru Dekretuak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko nekazaritza ustiategietako lehiakortasuna eta ingurumen iraunkortasuna hobetzeko laguntzak ezartzen dituenak, ezarritakoari jarraiki: 5 puntu.
  • k) Nekazaritza ustiategi elkartuak sortu edo handitzea: 5 puntu.
  • l) Nekazaritza ekologikoa ekoizten duten ustiategiak izatea: 15 puntu.
  • m) Lehendik lurzati-esleipenak jasoak ez izatea: 20 puntu.
  • n) Ekoizpena dibertsifikatuta duten ustiategiak: 15 puntu.

4. Bi eskatzailek edo gehiagok puntuazio bera lortuz gero, lehentasuna izango dute aurkeztutako proiektuaren bideragarritasunerako ezinbestekoak diren lursailak dituzten eskaerek. Hala ere, berdinketak jarraitzen badu, esleipena ustiategi berri bat sortu nahi duen pertsonari emango zaio; eta, azkenik, nekazari gazteenari.

5. Aparteko kasuetan, eta espedientean behar bezala justifikatutako interes orokorreko proiektuen kasuan, finka zuzenean esleitu ahal izango zaie, aldi baterako, Gipuzkoako Lurralde Historikoko landa garapeneko elkarteei.

6. Erabilera eta aprobetxamendua lagatzeko kontratua sinatuko dute landa finka edo haren gaineko eskubidearen titularrak, Gipuzkoako Foru Aldundian nekazaritza gaietan eskumena duen departamentuak eta finka edo haren gaineko eskubidearen erabilera eta aprobetxamendua esleitzen zaion pertsonak, gutxienez honako datu hauek zehaztuta:

  • a) Lagapenaren xedea eta deskribapena.
  • b) Lagapenaren iraupena: Hogeita hamar urte baino gutxiagokoa eta bost urte baino gehiagokoa.
  • c) Lagapena arautuko duten baldintzak, arauak eta zehaztapenak; eta, bereziki, aldeen eskubideak eta betebeharrak, eta lagapena indargabetzeko arrazoiak.
  • d) Prezioa: Gipuzkoako Foru Aldundian nekazaritza gaietan eskumena duen departamentuak finkatuko du, urte horretarako ezarritako balioak kontuan izanda; non eta ez dagoen adostasunik ondasunaren edo eskubidearen titularraren eta esleipendun edo lagapen hartzailearen artean prezio baxuagoa jartzeko.
  • e) Prezioaren hiru hilekoren adinako fidantza jartzea.

7. Hirugarrenei finka bost urtetik gorako aldi baterako lagatzeko, edo hamar urte baino gehiagorako lagatzaileak erretiroa aurrez hartu duen finken edo ustiategien kasuan, kontratu luzapenak edo berritzeak barne, finkaren titularraren berariazko baimena beharko da, eragotzi gabe foru titulartasuneko ondasunei eta eskubideei buruz Ondarearen Foru Arauak xedatzen duena.

8. Lagapena agiri publiko baten bidez gauzatu daiteke, aldeetako batek hala eskatuz gero; eta haren kontura joango dira agiria egitearen gastuak eta jabetza erregistroan inskribatzearenak, inskribatu behar izanez gero.

9. Onuradunak oinarrizko egokitze lanak egin ditzake lagatako finketan, besteak beste, sarbideak, sasi garbiketak, itxiturak, eta ur hartuneak, betiere, Gipuzkoako Foru Aldundian nekazaritza gaietan eskumena duen departamentuari jakinarazi eta horren baimena eskuratu ondoren.

15. artikulua. Finkaren titularraren bermeak.

1. Gipuzkoako Foru Aldundian nekazaritza gaietan eskumena duen departamentuak landa finkaren titularrak finka hirugarrenei esleitzeagatik alokairu gisa dagokion kopurua jasoko duela bermatuko du, lagapen kontratuan ezarritakoarekin bat etorriz; eta esleipendunak alokairua ordaintzeko betebeharra betetzen ez badu ere, finkaren titularrak alokairua jasoko duela bermatuko du, baldin eta ez bada kontratua hausten, eta betiere kontratuan ezarritako fidantzaren mugaraino.

2. Lagapena bukatu ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundian nekazaritza gaietan eskumena duen departamentuak finkaren titularrari itzuliko dio finka, betiere ez bada beste xedapen bat ezartzen, bi aldeen hitzartzeko askatasunari jarraituz. Finka jaso zuen egoera berean itzuli beharko du, salbu eta galdutakoa edo denborak edo halabeharrak hondatu duena; eta finkak laga zen xede, erabilera eta aprobetxamendu edo ustiapenerako balio dezan, beharrezkoak diren obrak, konponketak eta inbertsioak eginda.

16. artikulua. Lagapenaren onuradunak finka jabetzan hartzearen ondorioak.

Lagapena indarrean dagoen bitartean onuraduna finkaren jabe bihurtzen bada, edozein titulu dela eta, bertan behera geldituko da Gipuzkoako Foru Aldundian nekazaritza gaietan eskumena duen departamentuarekin duen kontratua, eta finka erreskatatu egingo du titular berriak.

17. artikulua. Lagapenak indargabetzea: Arrazoiak eta prozedura.

1. Gipuzkoako Foru Aldundian nekazaritza gaietan eskumena duen departamentuak lagapenak indargabetu egin ahal izango ditu, aldez aurretik kontraesaneko espedientea tramitatuta eta lagapenaren onuradunari entzunaldia emanda. Espedientean egiaztatu beharko da negozio juridiko horri dagokion araudian aurreikusten den indargabetze kausaren bat dagoela, eta betiere kontratua indargabetzeko kausa izango da finkarentzat kontratuan ezarritako xedea ez betetzea.

2. Lagapena indargabetzen duen ebazpenean likidazioa egingo da, berariaz eta xehatuta baloratuz lagapenaren onuradunak egindako hobekuntza baliagarriak eta irauten dutenak. Horiek ordaindu egingo dira, finkan egon daitezkeen kalte eta galeren balioa kenduta. Halaber, ebazpenean zehaztuko da finka gehienez ere zer eperen barruan utzi behar duen onuradunak. Epea ezin izango da bi hilabetekoa baino luzeagoa izan, eta jakinarazpena jaso eta biharamunean hasiko da kontatzen, baldin eta ez badago uztarik jasotzeko; eta uzta jaso eta biharamunean, halakorik badago.

18. artikulua. Subrogazioa.

1. Gipuzkoako Lurralde Historikoko Foru Aldundiko Nekazaritza Lurren Funtsean sartutako landa finken gaineko erabilera eta aprobetxamendu eskubideak banaezinak dira.

2. Lagapen hartzailearen heriotza, aldi baterako ezintasuna edo ezintasun iraunkorra, erretiroa edo nekazaritza jarduera uztea dela eta, lagapen kontratuan subrogatzeko eskubidea izango dute, ondoren ezartzen den hurrenkeran, honako pertsona hauek, betiere nekazaritza badute jarduera profesionala:

  • a) Legez banandu gabeko ezkontidea, izatezko bikotekidea edo lagapen hartzailearekin bizi zen pertsona, ezkontideen artekoa bezalako harreman afektiboa duena, azken kasu honetan betiere 2003ko maiatzaren 7ko 2/2003 Legeak, izatezko bikoteak arautzekoak, ezarritako baldintzak betetzen badira.
  • b) Ustiategian dedikazio zuzena eta pertsonala duten seme-alabak eta ondorengoak; bat baino gehiago badira, lagapen-hartzaileak izendatutako pertsona, edo bestela, seme-alabek eta ondorengoek elkarren artean gehiengoz aukeratutakoa, eta halakorik ezean, zaharrena.

3. Subrogazioa egiteko epea sei hilekoa izango da, gertaera eragilearen unetik hasita; eta epe horretan lagapena subrogatzen zaion pertsonak ordaindu beharko du errenta.

19. artikulua. Titulartasun aldaketak.

Finka Gipuzkoako Lurralde Historikoko Nekazaritza Lurren Funtsean dagoen bitartean, Funtsean sartutako finkaren jabari edo titulartasun aldaketak egin daitezke, betiere hirugarrenei kontratua subrogatzea badakarte.

V KAPITULUA
LANKIDETZA HITZARMENAK ETA PREZIOEN ETA BALIOEN BATZORDE TEKNIKOA

20. artikulua. Lankidetza hitzarmenak.

Gipuzkoako Foru Aldundian nekazaritza gaietan eskumena duen departamentuak lankidetza hitzarmenak sina ditzake hainbat eragile publiko zein pribaturekin, foru dekretu honen helburuak lortzeko lagungarri badira.

21. artikulua. Prezioen eta Balioen Batzorde Teknikoa.

1. Foru dekretu honen 14.6.d) artikuluan xedatutako ondorioetarako, Prezioen eta Balioen Batzorde Teknikoa sortzen da, Gipuzkoako Foru Aldundian nekazaritza gaietan eskumena duen departamentuari atxikia, eta jarraian aipatu kideak eta funtzioak izango dituena.

2. Honako hauek izango dira Prezioen eta Balioen Batzorde Teknikoko kide:

  • a) Lehendakaria: Gipuzkoako Foru Aldundian nekazaritza gaietan eskumena duen zuzendari nagusia.
  • b) Ogasun gaietan eskumena duen departamentuak izendatutako batzordekide bat.
  • c) Gipuzkoako Lurralde Historikoko landa garapeneko elkarteek izendatutako batzordekide bat.
  • d) Nekazaritzako erakunde profesionalek izendatutako bi batzordekide: Erakunde bakoitzak bat.
  • e) Gipuzkoako Foru Aldundian nekazaritza gaietan eskumena duen departamentuak izendatutako bi batzordekide.
  • f) Idazkaria: Gipuzkoako Foru Aldundian nekazaritza gaietan eskumena duen departamentuko funtzionario bat, hitza baina boto eskubiderik gabe.

3. Prezioen eta Balioen Batzorde Teknikoak txosten bat egingo du urtero, nahitaezkoa eta loteslea, Gipuzkoako Foru Aldundian nekazaritza gaietan eskumena duen departamentuak ezar dezan Gipuzkoako Lurralde Historikoko Nekazaritza Lurren Funtsean dauden ondasun edo eskubideak lagatzeagatik aplikatu beharreko gehieneko prezioa, eremu geografikoka zehaztuko dena, produktibitatea, kokapena, eraketa geofisikoa eta teknikoki egokitzat jotzen diren beste parametro batzuen arabera.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Amaierako lehen xedapena Ahalmentzea.

Ahalmena ematen zaio Gipuzkoako Foru Aldundian nekazaritza gaietan eskumena duen departamentuko foru diputatuari foru dekretu hau gauzatu eta burutzeko behar diren xedapen eta egintzak erabaki ditzan.

Amaierako bigarren xedapena Indarrean jartzea.

Foru dekretu hau Gipuzkoako ALDIZKARI OFIZIALEAN argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.