ONDAREAREN GAINEKO ZERGA



Ondasun eta eskubideak
- Zorrak
----------------------------
Oinarri ezargarria           

Oinarri ezargarria
- Murrizpena (191.440,00 €)
---------------------------------
Oinarri likidagarria

Oinarri likidagarria x tarifa = Kuota osoa

Kuota osoa
- Soberakina (kuota osoaren muga)
------------------------------------------
Doitutako kuota osoa

Doitutako kuota osoa
- Kenkaria atzerrian ordaindutako zergengatik
- Kuotaren hobaria Ceuta eta Melillan
-----------------------------------------------------
- Kuota diferentziala


 



Zein dago ondarea aitortzera behartuta?
  • Obligazio pertsonalagatik -> Lurralde espainiarrean egoitza duten pertsona fisikoak, honako baldintzak betetzen dituztenean:

    - Ohiko egoitza Gipuzkoan izatea.

    - Oinarri ezargarria 191.440,00 eurotik gorakoa izatea (Zergari buruzko arauei jarraiki kalkulatuta) edo, hori gertatzen ez denean, haien ondasun edo eskubideen balioa, Zergaren arauen arabera kalkulatua hau ere, 663.780,00 eurotik gorakoa izatea. Kontuan hartu behar da ondare garbi osoagatik ordaindu behar dela zerga, ondasunak non dauden kokatuta edo eskubideak non erabili daitezkeen kontuan hartu gabe.

    Gipuzkoan egoiliarra denak beste herrialde batera aldatzen badu bere egoitza, aukera izango du Gipuzkoan obligazio pertsonalagatik tributatzen jarraitzeko, lurralde espainiarrean dituen ondasun eta eskubide guztiak Gipuzkoan kokatuta daudenean edo, bestela, horiek lurralde horretan eta Euskal Autonomia Erkidegoko beste batean edo batzuetan kokatuta egonik, Gipuzkoan kokatutakoen balioa beste lurralde historikoetako bakoitzean kokatutakoen balioa baino handiagoa denean. Aukera hori obligazio pertsonalaren aitorpena lurralde espainiarrean egoiliar izateari uzten dion lehen ekitaldian aurkeztuz egin beharko da, eta erregimen komuneko lurraldean indarrean dagoen legeria aplikatuko da.

  • Obligazio errealagatik -> Lurralde espainiarrean egoitzarik ez duten pertsona fisikoak, lurralde espainiarrean ondasun eta eskubideak dauzkatenean, beti ere bi baldintza hauek betetzen badira:

    - Ondasun eta eskubide horiek Gipuzkoan kokatuta egotea.

    - Gipuzkoan eta Euskal Autonomia Erkidegoko beste lurralde historiko batean edo batzuetan kokatuta badaude, Gipuzkoan kokatutakoen balioa beste lurralde historikoetan kokatuta daudenena baino handiagoa izatea.

    Zentzu horretan, ondasun eta eskubideak "lurralde jakin batean kokatutzat" jotzen dira lurralde horretan kokaturik daudenean, bertan gauzatu daitezkeenean edo bertan bete behar direnean.


 



Zer aitortu behar da?
  • Zergadunaren titularitateko ondasun guztiak, salbuetsita daudenak izan ezik.

  • Sortzapen egunean, hau da, urte bakoitzeko abenduaren 31n, hari egozten zaizkion eduki ekonomikoko eskubide guztiak.

    Hurrengo ondasun eta eskubideak ez dira aitortu behar:

    1. Euskal Ondare Kulturala osatzen duten ondasunak, behar bezala inskribatuta daudenean.
    2. Autonomia Erkidegoen Ondare Historikoa osatzen duten ondasunak, erregistratuak eta kalifikatuak daudenean, eta Espainiako Ondare Historikoa osatzen dutenak.
    3. Museo edo kultur erakundeei gordailuan lagatako arte-gaiak eta zaharkinak, haietan gordailatzen diren bitartean. Baldintzak:
      - Irabazteko asmorik ez izatea.
      - Lagapenaldia hiru urtetik beherakoa ez izatea.
    4. Artistaren artelana bera, egilearen ondarean jarraitzen duen bitartean.
    5. Etxeko ostilamendua, ondoko hauek izan ezik: bitxiak, luxuzko larruak, ibilgailuak, urontziak, aireontziak, arte-gaiak eta zaharkinak.
    6. Pentsio planetan, borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateetan eta aurreikuspen plan aseguratuetan kontsolidatutako eskubideak.
    7. Jabetza intelektualetik eratorritako eskubideak, egilearen ondarean jarraitzen duten bitartean.
    8. Jabetza industrialetik eratorritako eskubideak, enpresa jarduerei loturik ez dauden bitartean.
    9. Zergadun Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergak 13. artikuluan jasotakoaren arabera salbuetsitako baloreak.
    10. Pertsona fisikoek beren jarduera enpresariala aurrera eramateko beharrezkoak dituzten ondasun eta eskubideak, baldin eta jarduera horretan subjektu pasiboa pertsonalki eta zuzenean aritzen bada eta hura badu errenta iturri nagusia. Era berean, entitateetako partaidetzak ere ez dira aitortu behar, Zergaren Foru Arauan ezartzen diren baldintzak betetzen badira.
    11. Zergadunaren ohiko etxebizitza, 200.000,00 euroraino.
    12. Ondasun higiezin hiritarrak, 61.302,00 euroraino.

 



Zein da ondasun eta eskubideen titularra?


Ondare ondasun eta eskubideen titularra zein den zehazteko, kontuan hartuko dira titularitate juridikoari buruz kasu bakoitzean aplikaziozkoak diren arauak, bai eta zergadunek aurkeztu edo Administrazioak aurkitutako frogak ere. Ezkontzako erregimen ekonomikoari buruzko xedapenetan eta legeria zibilean jasotako arauak izango dira titularitate juridikoari buruzko arau horiek.

Gertatzen bada ezkontzako erregimen ekonomikoa arautzen duten xedapenen arabera ondasun edo eskubide bat bi ezkontideena dela, balioa erdibana egotziko zaie, beste partaidetza kuota bat frogatzen ez den bitartean.

Ondasun edo eskubideen titularitatea behar bezala frogatzen ez bada, Zerga Administrazioak erregistro fiskal batean edo izaera publikoko beste batean titular gisa azaltzen dena hartu ahal izango du titulartzat.

Kargak, zorrak eta obligazioak aurreko arau eta irizpideei jarraiki egotziko zaizkie zergadunei.


 



Nola baloratzen dira ondasunak, eskubideak eta zorrak?


Ondasun higiezin hiritar edo landatarrak

Hiru balio hauetatik handiena izango da ondare balioa:

  • Balio katastrala.
  • Administrazioak beste zerga batzuen ondorioetarako egiaztatutako balioa.
  • Prezioa, kontraprestazioa edo eskurapen balioa.

Salbuetsita daude:

  • Ondasun higiezin hiritarrak, 61.302,00 euroraino.
  • Zergadunaren ohiko etxebizitza, 200.000,00 euroraino.


Eraikitzen ari diren ondasun higiezinak

Zergadunak eraikuntza horretan urte bakoitzeko abenduaren 31ra arte inbertitu dituen zenbatekoak eta orubearen ondare balioa hartuko dira ondare baliotzat.

Jabetza horizontala egonez gero, orubearen balioan duen zati proportzionala tituluan finkaturiko portzentajearen arabera zehaztuko da.


Jabetza anitzeko kontratuen edo antzekoen indarrez eskuratutako ondasun higiezinen gaineko eskubideak

  • Ondasun higiezinaren titularitate partziala badakarte -> Ondasun higiezin hiritar edo landatarren apartatuko arauei jarraiki baloratuko dira.

  • Ondasun higiezinaren titularitate partzialik ez badakarte -> Egiaztagirien edo bestelako titulu ordezkagarrien eskurapen prezioaren arabera baloratuko dira. Abenduaren 15eko 42/1998 Legeak, erabilera turistikoko ondasun higiezinak txandaka aprobetxatzeko eskubideei eta zerga arauei buruzkoak, jasotzen dituen eskubideak modu berean baloratuko dira, haien izaera edozein dela ere.


1985eko maiatzaren 9a baino lehen egindako kontratuen indarrez errentan emandako ondasun higiezinak

Sortutako errenta 100eko 4an kapitalizatzetik ateratzen denaren arabera baloratuko dira, beti ere hala kalkulatutako balioa ondasun higiezinak baloratzeko arauetatik aterako litzatekeena baino txikiagoa bada.

Jarduera enpresarial eta profesionalak

  • Merkataritza Kodeari egokitutako kontabilitatea eramaten denean -> Pertsona fisikoen ondasun eta eskubideak, enpresa edo lanbide jarduerei loturik badaude, beren kontabilitatetik ateratzen den balioaren arabera konputatuko dira, ondasunen aktiboaren eta pasibo exijigarriaren arteko aldearen arabera alegia. Jarduera ekonomikoari loturiko ondasun higiezinak badaude, bereizita baloratuko dira aurreko puntuko arauen arabera, non eta ondasun horiek aktibo zirkulatzailearen parte ez diren eta jarduera enpresarialen helburu bakarra ondasun higiezinak eraikitzea edo sustatzea ez den.

  • Merkataritza Kodeari egokitutako kontabilitatea eramaten ez denean -> Kasu honetan, ondasun eta eskubideak baloratzeko, Ondarearen gaineko Zergaren gainerako arauak erabiliko dira.

Kontu korronte edo aurrezki kontuen gordailuak, agerian edo epeka

Balio hauetatik handiena kontuan hartuz konputatuko dira:

  • Urte bakoitzeko abenduaren 31n duten saldoa.

  • Urteko laugarren hiruhilekoan duten batez besteko saldoa. Kalkulu hori egiteko, ondarean dauden ondasun eta eskubideak eskuratzeko edo zorrak kitatu nahiz murrizteko ateratako fondoak konputatu gabe utziko dira.

Kapital propioak hirugarrenei laga izana adierazten duten baloreak, merkatu antolatuetan negoziatuak

Urteko laugarren hiruhilekoan izan duten batez besteko negoziazio balioaren arabera konputatuko dira.


Kapital propioak hirugarrenei laga izana adierazten duten gainerako baloreak

Merkatu antolatuetan negoziatzen ez diren balore hauek beren nominalaren arabera konputatuko dira, amortizazio edo itzulketa primak barne hartuz, hala badagokio.


Edozein motatako entitateen fondo propioetan parte hartzea adierazten duten baloreak, merkatu antolatuetan negoziatuak


Urteko laugarren hiruhilekoan izan duten batez besteko negoziazio balioaren arabera konputatuko dira.

Inbertsio kolektiboko erakundeen akzioak eta partaidetzak apartatu honetatik kanpo geratzen dira.


Edozein motatako entitateen fondoetan parte hartzea adierazten duten gainerako baloreak

Balore hauek, merkatu antolatuetan negoziatzen ez direnean, honela konputatuko dira:

  • Entitatearen azken balantzea gainbegiratu eta egiaztatu bada eta auditoretzaren txostena aldekoa izan bada, balore hauek balantze horretatik ateratzen den balio teorikoaren arabera konputatuko dira.

  • Auditoretzarik egin ez bada edo auditoretzaren txostena aldekoa gertatu ez bada, ondoko balio hauetatik handiena hartuko da kontuan:

    - Balio nominala.
    - Onartutako azken balantzearen balio teorikoa.
    - Urte bakoitzeko abenduaren 31 baino lehen itxitako hiru ekitaldi sozialetako mozkinen batez bestekoa %20an kapitalizatzetik ateratzen den balioa.

Inbertsio kolektiboko erakundeen kapital sozialean edo ondare fondoan dauden akzio eta partaidetzak abenduaren 31ko likidazio balioaren arabera konputatuko dira. Balantzean sartutako aktiboak berariazko legerian jasotako arauei jarraiki baloratuko dira, eta hirugarrenekiko obligazioak kenkaridunak izango dira.

Bazkide edo elkartekideek kooperatiben kapital sozialean dituzten partaidetzak derrigorrezko edo borondatezko ekarpenen zenbateko osoaren arabera baloratuko dira. Aipatu zenbateko osoa onartutako azken balantzetik aterako da, eta hala badagokio, itzuli gabeko galera sozialak kendu egingo dira.

Horretarako, entitateek ziurtagiriak banatu beharko dizkiete bazkide, elkartekide edo partaideei, balorazioak bertan azalduz.


Bizi aseguruak eta aldi baterako edo biziarteko errentak

Bizi aseguruak urte bakoitzeko abenduaren 31n duten erreskate balioaren arabera konputatuko dira.

Kapital bat dirutan edo ondasun higikor nahiz higiezinetan ematearen ondorioz eratzen diren aldi baterako edo biziarteko errentak urte bakoitzeko abenduaren 31n duten kapitalizazio balioaren arabera konputatuko dira. Horretarako, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan pentsioak eratzeko ezarrita dauden arau berberak aplikatuko dira.


Bitxiak, luxuzko larruak, ibilgailuak, urontziak eta aireontziak

Urte bakoitzeko abenduaren 31n merkatuan duten balioaren arabera konputatuko dira.

Merkatuko balioa zehazteko, zergadunek ibilgailu erabilien balorazio taulak erabili ahal izango dituzte. Taula horiek Foru Aldundiak onartzen ditu Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren eta Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergaren ondorioetarako. Urte bakoitzeko abenduaren 31n indarrean daudenak hartuko dira.


Arte-gaiak eta zaharkinak

Urte bakoitzeko abenduaren 31n merkatuan duten balioaren arabera konputatuko dira.


Eskubide errealak

Gozamenezko eta jabetza soileko eskubide errealak Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan emandako irizpideei jarraiki baloratuko dira.


Administrazio emakidak

Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan emandako irizpideei jarraiki baloratuko dira.


Jabetza intelektual eta industrialetik eratorritako eskubideak

Zergadunak hirugarrenengandik eskuratu dituenean, beren eskurapen balioaren arabera konputatuko dira.


Kontratuzko aukerak

Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan ezarritakoari jarraiki baloratuko dira.


Eduki ekonomikoa duten gainerako ondasun eta eskubideak


Aurreko apartatuetan aipatu ez diren ondasun eta eskubideak urte bakoitzeko abenduaren 31n merkatuan duten prezioaren arabera baloratuko dira.


Zorrak

Urte bakoitzeko abenduaren 31n duten balio nominalaren arabera baloratuko dira zorrak. Zergadunak bere gain hartu behar dituenek baino ez dute kenkarirako eskubiderik emango, behar bezala justifikatuta badaude beti ere.

Zenbateko abalatuak ez dira kenkaridunak izango, harik eta, zordun nagusiaren aurkako eskubidea erabili ondoren, honek ordaindu ez eta abal emailea zorra ordaintzera behartuta egon arte. Obligazio solidarioaren kasuan, kopuru abalatuen kenkaria ezin izango da egin abalistaren aurkako eskubidea gauzatu arte.

Ondasun bat erostean geroratzen den prezioa bermatzeko hipoteka ere ez da kenkariduna izango. Kenkaria egin ahal izango da, halere, prezio geroratuagatik edo zor bermatuagatik.

Salbuetsitako ondasun edo eskubideak erosteko hartutako zorrek ez dute inoiz kenkarirako eskubiderik emango. Salbuespena partziala bada, zorren zati proportzionala izango da kenkariduna, hala dagokionean.


 



Nola kalkulatzen da oinarri likidagarria?

Oinarri likidagarria kalkulatzeko, oinarri ezargarriari 191.440,00 euro kendu behar zaizkio minimo salbuetsi gisa. Zergadunek zerga ordaintzeko obligazio erreala dutenean, minimo hori ez da aplikatuko.

Oinarri ezargarria - 191.440,00 euro = Oinarri likidagarria


 



Nola kalkulatzen da kuota osoa?

Kuota osoa kalkulatzeko, ondoko eskala aplikatu behar zaio oinarri likidagarriari:

Oinarri likidagarria (Gehienez,eurotan)

Kuota osoa (eurotan)

Oinarri likidagarriaren gainerakoa
(Gehienez, eurotan)

Tasa
(%)

0 0 181.290,00 0,20
181.290,00 362,58 181.290,00 0,30
362.580,00 906,45 362.580,00 0,50
725.160,00 2.719,35 725.159,00 0,90
1.450.319,00 9.245,78 1.450.318,00 1,30
2.900.637,00 28.099,92 2.900.635,00 1,70
5.801.272,00 77.410,71 5.801.270,00 2,10
11.602.542,00 199.237,38 Hortik aurrera 2,50

 



Kuota osoaren muga - soberakina - doitutako kuota osoa

Zerga ordaintzeko obligazio pertsonala duten zergadunentzat muga hau ezarri da: Ondarearen gaineko Zergaren kuota osoak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren oinarri ezargarri orokorrari dagokion kuotaren zatiarekin batera, ezin du azken Zerga horren oinarri ezargarri orokorraren %60 gainditu.

Horretarako:

  • Beren izaera edo helburua dela-eta ondare elementuak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Arauak zergapetzen dituen etekinak sortzeko gai ez direnean, Ondarearen gaineko Zergan dagokien zatia ez da kontuan hartuko.

  • Bi kuoten baturak aurreko muga gainditzen badu, Ondarearen gaineko Zergaren kuota aipatu mugaraino murriztuko da. Murrizpen hori ez da %80koa baino handiagoa izango.

Familia unitate bateko kideek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan baterako aitorpena egitea aukeratu dutenean, zerga honen kuota osoak eta Ondarearen gaineko Zergarenak batera duten muga zein den kalkulatzeko, familia unitateko kideek azken zerga honetan sortutako kuota osoak metatuko dira. Murrizpena egin behar bada, berau zergadunen artean hainbanatuko da hauetako bakoitzak Ondarearen gaineko Zergan duen kuota osoaren arabera..


 



Kenkaria atzerrian ordaindutako zergengatik eta kuotaren hobaria Ceuta eta Melillan

Zergak ordaintzeko obligazio pertsonala dagoenean, zergaren kuotatik ondorengo bi zenbateko hauetatik txikiena kenduko da, ondasunak lurralde espainiarretik kanpo egoteagatik edo eskubideak handik kanpo erabiltzeagatik:

- Zergan konputatutako ondare elementuen gainean karga pertsonal modura atzerrian benetan ordaindu den zenbatekoa.

- Zergaren batez besteko tasa efektiboa atzerrian zergapetutako oinarri likidagarriaren zatiari aplikatuz atera den emaitza:

Kuota osoa

Batez besteko karga tasa =

--------------------

x 100

Oinarri likidagarria


Oinarri ezargarrian konputatu diren eduki ekonomiko ondasun eta eskubideen artean Ceuta eta Melillan nahiz haien dependentzietan helbideratuta dauden eta xede soziala bertan duten entitate juridikoen kapital sozialaren baloreak ageri badira, edo establezimenduak leku horietan modu iraunkorrean kokatuta badaude, ondasun eta eskubide horiei proportzionalki dagokien kuotaren zatian %75eko hobaria aplikatuko da..