Gastu politika
2012ko Aurrekontua Diputatuen Kontseiluak onartutako Aurrekontua Berrorekatzeko Plan Ekonomiko-Finantzarioak definitutako markoaren barruan egin da.
Finantza eta aurrekontu arloan erantzukizunez jokatuko bada, defizita murrizteko bidea egiten jarraitu behar da, 2013ko ekitaldian aurrekontu egonkortasuna lortze aldera.
Etorkizuneko aurrekontuak gastu publikoaren efizientzia handiagoa lortzeko bidean joan beharko lirateke, beste era batera esanda, baliabide finantzario publikoak askatu, diruaren kudeaketa efizienteago bati esker. Hau da, gutxiago eta hobeto gastatu.
Horregatik, zalantzazko egoera honetan, 2012ko Aurrekontua, aurrekontu diziplina eta finantza kudeaketa onaren printzipioen barruan garatu behar da, baliabide erabilgarriei ahalik eta errentagarritasunik handiena ateratzea abiapuntutzat hartuz.
Helburu honekin gastu politikak egungo krisi egoerari aurre egitera daude bideratuta, horrela, hazkunde eta egonkortasun ekonomikoari lagunduz, gastu jasangarriaren marko barruan.
Zentzu horretan, nahitaezkoak ez diren gastu guztiak desagertze aldera aurrekontuko programa eta partidak aztertzean egindako ahalegina jasota dago 2012ko Aurrekontuan.
2012ko Aurrekontuan lehentasuna da Gipuzkoako sektore publikoaren kontuak hipotekatzen ari den azpiegitura handietako egungo inbertsio eredutik lehentasuna gizartea duen eredu batera doan trantsizioa hastea. Hori horrela, eredu berriari jarraituz, bizitza kalitatea hobetu eta lurraldearen ekonomian eragin positiboa duten proiektuak lehenetsi nahi dira.
Foru Aldundiak krisi ekonomikoari aurre egiteko darabilen politikaren bidez, esparru egonkor bat finkatu eta gure eskumenen barruan proiektu berriak garatzeko gutxieneko baldintzak bermatu nahi dira. Jarduera ekonomikorako oinarrizko euskarria izango da sektore publikoa.
Finantza egoera zail hau ez da aitzakia bat izan behar aurrekontu bidezko jardueraren birbanaketa izaerari ez erreparatzeko. Krisi egoerak gizarte gastuaren progresioa dakar, bere kopurua kalkulatzea oso zaila delarik 2012ko ekitaldirako aurrekontu hauek aurkezten diren momentuan.
Arrazoi honengatik, gizarte gastua helburu duten kredituak zabalkor gisa kalifikatu dira, gerta baitaiteke kreditu horien hasierako zuzkidura nahikoa ez izatea egungo egoerak ekitaldian zehar agerrarazi ditzakeen beharrei aurre egiteko. Kreditu horiek aurrekontu beharrizanak ase arte zuzkitzeko borondate politikoa adierazten da.
Lurraldearen ongizatea garatzeko, Gipuzkoako udalen eta Foru Aldundiaren arteko elkarlana beharrezkoa den heinean, aurrekontu hauek lurraldeko tokiko entitateen aldeko diru laguntzak jasotzen dituzte, guztira 84 milioi euro, bai eta Udalak Finantzatzeko Foru Fondoaren %57tik %57,5erako gehikuntza ere.